Kontzeptua

Ideologia politikoak: amaiera ala berpizkundea?

K. Marx-ek esaten zuen, ziklo historiko eta gizarte bakoitzean ideologia menperatzaile edo nagusia, klase sozial menperatzailearena zela. Hala ere, idatzi zuen ere kapitalismoan baldintza eta kondizio objektibo berdinetan eta elkarrekin bizitzeagatik, proletalgo industrialak, iraultza sozialista burutzera deitutako klase sozialak, bere klase kontzientzi berezkoa sortzen zuela, hau da sozialismoa, beste ideologia desberdin bat, burgeseriarekiko. Honetaz gain, F.Engels-en esaldi bat gogoratuko dugu: Gizakiek, bere historia lantzen dute, eurek soil-soilik, baina iraganetik datozen baldintzei lotuta eta oraingoan aurkitzen dituztenekin baita ere". Egia bada kapitalismoak egoera larri batetan faxismoa edo frankismoa bultza ditzakeela non superideologizazio bat ematen den, egoera orekatu eta arruntago batean klase menperatzaileak ere, bere saioak egiten ditu bere kontrako kritika ideologikoak barnera eta neutralizatzeko, "consensus" eta gehiengoaren onarpenaren bila, eta horrela egitura ekonomikoan zein araudi, moral edo lerro kulturaletan aldaketak onartzen dira. Zerbait galdu, dena ez galtzearren.

Bide honetatik J. Habermas, H. Marcuse, R. Milliband eta N. Poulantzas bezalako marxistek kapitalismoaren iraupena eta langileen saio iraultzaileen ezintasuna azaltzeko, lan indarren integrazio ideologikoaren irudia erabili dute. Aldiz, N.Abercrombie, B.S.Turner eta S. Hill-ek diotenez (La tesis de la ideologìa dominante, 1987) feudalismoan eta kapitalismo primitiboan ideologia menperatzaile koherente bat zegoen, klase nagusien kohesioa sortzen duena, baina klase meneratuetan inongo eraginik ez duena. Kapitalismo berantiarrean ordea, ideologia menderatzailea ez dago hain definitua, klase dominatzaileak ez daude hain integratuak eta klase meneratuak barneratuago daude, transmisio tresna eraginkorragoak (hezkuntza, masa komunikabideak...) existitzen direlako, baina kapitalismo berantiarraren egonkortasuna ezin daiteke, euren ustez, balore edo ideologiaren integrazioarengatik esplikatu, soilik. Ezinbestekoa dugu gehiago sakontzea. Eztabaida ideologiko hau luzea da, alienazio edo bestelakatzearen kontzeptuari loturikoa jaio zen eta oraindik darraio.

Bestalde autore batzuen aburuz, XIX mendeko ideologiak oso apasionatuak ziren, mobilizazio eta matxinadak ugarituz, erlijioarekin lehia zabalduz eta totalitarismoetara helduz. Baina ezker eta eskuin tentsio ideologiko odoltsua garaia igaroz eta mendebaldeko gizarteko kontzentzua II. Mundu Gerra lortuz gero, D.Bell, K. Popper, S.Lipset, E.Shils, R. Aron eta beste autore garaikideek ideologien beherakada ezagutu dugula baieztatuko dute, eta ez utopiaren etorrerarekin. Euren aburuz, ezkerreko bide iraultzaileak bukatu dira gizarte aldaketarako. Eta agian autore hauei ahaztu zaie, horrek ezker berri baten sorrera nabarmenduko du.

Tesi honen arabera ideologiek gizarte errealitate konplexuak sinplifikatu eta distortsionatu egiten dute eta kabitzerik izango dute "kontinente azpigaratu eta atzeratuetan" baina ez mendebaldeko marko politikoan. Hau da, ez dira indartsuak izango politikaren paradigma ireki eta berrietan, non pluraltasuna, tolerantzia eta arrazionalitatea balore gorenak diren.

Ideologien funtzioa bukaturik teknikaren arora heldu garela dioskue autore hauek. Ideologiaz harago, erabaki politikoek eraginkortasuna bilatu behar dute, eta hori kudeaketa eta administralgoaren arabera neurtzen da. Irizpide tekniko, zientifiko, burokratikoak nagusitzen dira, ideologiak antza aparte utzirik, baina euren kritikoren ustez, ideologiarik gabeko ideologia berri honek herri-kapitalismoa eta klase ertainen gorakada ekarriko du, M.Thatcher eta R. Reaganen gobernuen bultzadaz. Pasa den mendeko 80. hamarkadan ideologien bukaerarekin produktubideen jabegoaz eztabaidatze eta borrokatzeari ezagutzaren gizartea eta teknologia berrien aurrerapena kontrajartzen zaio, hots, eszisioaren eta antagonismoaren ordez berriztapena.

Teoria hau geroago F.Fukuyamak berrindartu zuen. Izan ere, nahiz eta arrakasta handia izan neokontserbadurismo eta neoliberalismoaren denboretan, kritikak jaso ditu "statu quo" kapitalista eta teknokraziaren aldekoa izateagatik. Halaber, gerra hotzaren garaiko tresna ideologikotzat jo egin zaio eta gainera eztabaida politikoa aldatu nahi bazuen ere, bere kritikatzailearen ustez arradikalizazio faktore berriak sortu dira eta ideologia berriak ere, mendebaldean zein "Hirugarren Mundua" delakoan, ezker berriaren emaitza ideologikoak alegia.

Egia bada ere, XX. Mendearen bukaeran eta batez ere Sobietar Batasuna eta bere inguruko errepublika sozialista burokratikoaren desagerpenarekin lehia ideologiak leundu egin direla eta egonkortasun ideologiko batean bizi izan garela, mendebaldeko demokrazia kapitalista liberaletan batipat, bestalde ezin da ukatu indarkeriaren ideologiak, arrazismoak, gizarte mugimendu berriek eta erlijio zein nazionalismoaren berpizkundeak ideologiaren bukaerari kontrapuntua jartzen zaiela. Horrek U. Beck-en ustez politikotasunaren itzulera. Ez dago mendebalderik, ekialderik gabe eta bere ustez gerra hotza deituriko fenomenoa, politikaren abolizioa ekarri zuen, Yalta eta Postdamen onartutako egoera bipolarraren jarraipena. Beck-en aburuz, XX. mendeko ideologia eta eragile politiko tradizionalak zaharkiturik geratu ziren, eragile berriak sortzen ari dira arazo politiko berriei eta zaharrei eusteko (krisi ekologikoa, gizarte teknologikoa, patriarkargoa, xenofobia edota eskubide sexualak.