Ideologiak eztabaida-gune berezia izan dira beti. Eta hori termino politiko hau erabiltzen hasi zenetik. Bere asmatzailea, Destut de Tracy filosofo-psikologo frantsesa eta bere obra "Ideologiaren osagaiak" (Parise, 1801) Napoleon enperadoreak ateo eta antzutasunez beterikotzat kritikatu zituenetik hain zuzen. XXI. mendeko gizartean ideologiaren gaineko eztabaidak ez dira baketsuak.
Etimologikoki ideologia hitzak "ideien zientzia" esan nahi du baina XIX. mendearen hasieran beste esangura bat hartu zuen, hots, pentsamolde espekulatibo, abstraktu eta irudikorra. Bere kontzeptuaz eztabaida amaiezinak ezagutu ditugu, baina akordio edo oinarri minimoa bilatzeko nahiez, esan dezakegu ideologia sinismen sistemaren osagarri nuklearra dela, non dinamismoa, proselitismoa eta filosofia politiko zein teoria politikoei erreferentziak topatzen ditugun. Hots, ideologiak azken batean armategi elaboratuak dira, balore politiko zehatzekin, besteak sinistarazteko.
Gaur egun, eta batez ere Bigarren Mundu Gerran manifestatu ziren tirandura ideologikoengatik, ideologia hitz negatiboa, ezkorra, etiketa moduan erabiltzen da maiz, bere eduki analitikoa galdu duelarik, alegia. Egun, ideologiaren sinonimoak dogmatikoa eta doktrinarioa lirateke. Baina errealitate hori ukatu gabe, autore anitzen helburuetariko bat ideologiaren kontzeptuan sakontzea litzateke. Adibidez, Barbara Goodwin irakasle angloxajoniarrak halaxe dio: Ideologia da:
"giza-bizitza eta ezagutzari buruzko kontsideraziotan oinarrituriko doktrina bat, gizartea eta botere politikoaren erakuntza ideal edo logikoa lortzeko asmoz."
(El uso de las Ideas Políticas, Península, 1988).
Pedro Ibarra Güell irakaskidearen ustez ideologia da:
"talde sozial edo klase batek asmatu edo sorturiko egitasmo, balorapen eta emanaldi multzo bat, elkarren artean egokituak eta taldearen interesen (oraingoak edo potentzialak) defentsan".
Beste autore batzuentzat ideologiak dira mundu sozialaren islapen, emanaldi edo errepresentazioak, proiektu koherente bat izateko joeraz.
Zentzu politikoan ideologia errepresentazio edo kontzepzio sozial interesatu bat da eta horrexegatik historia txarra, abstraktua, artifiziala eta derrigortua moduan tratatzen ohi da. Bere ondoan mentalitate edo pentsaera arrunta, ohikoa edo egunerokoa topatzen dugu. Sexuaz, maitasunaz, heriotzaz, dibertsioaz, kirolaz edo kulturaz egiten dena eta aldiz hori da historia ona suertatzen omen da, tradizioetan edo elkartasunean, ohitura kolektiboak, inertziak eta eguneroko bizitzan oinarrituta dagoelarik. Horrela Cristobal Colón eta bere marinelak, Erromako Zesar eta bere azken gudaria pentsaera eta balio berdinekin agertzen dira.
Baina ez dugu ahaztu behar ideologiek gizataldeei betidanik bere inguruko errealitatea onartzeko edo eraldatzeko baliagarriak izan zaizkien kodeak eta baloreak beterikoak daudela. Modu honetan ulerturik ideologiek ideal-tipoak adierazi lituzkete, koherentzia, partidismoa zein intelejibilitatearekin. Gure arlo zientifikoan, Zientzia Politikoaren ikasketetan ideologia garaikideen ausnarketa sistematikoa eta analisi konparatua egiten da, ikusmira politologiko batekin. Hau da, ideologiak aztertzen dira ideosistemak legez konpreniturik, bere errepresentazio kolektiboak eta ekintzarako diskurtsoekin, alegia.
Zientzia Politikoaren ikuspuntutik ideologiak kultura politikoak (portaera politiko egonkorraren sistema) baino globaltasun, sakontasun eta egonkortasun gutxiagokoak dira baina aldiz mentalitateak baino kohesio gehiagokoak, gaineratuko dugu.
Funtsean, ideologiak dira gizataldeek beste taldeen diskurtsoen aurka eraikitzen dituztenak, non talde horiek bere nortasun kolektiboaz jantzirik eta bere gogo, antsia eta munduaren ulerkuntza adieraziz, helburu eta estrategiak politikoak markatzen dituzten. Noizean behin, alternatiba ideologiko horiek ere beste taldeekiko gatazkan edo norgehiagokan ezarriko dira, nola ez.
Egia bada ere, ideologia politikoek bere jite eta dinamismo propioa, berezkoa eta autonomoa dutela, gizartearen kultura politikoaren eta identitate prozesuaren parte bat direla, ezin dugu ukatu. Gauzak horrela ikusirik, ideologien sorkuntzan eta ugaltze dinamiketan nortasun politikoen eraikuntza prozesuak kontutan hartu behar dira sozializazio (barne) eta akulturazioen (kanpo) bideak ibiliz. Hots, ideologia politiko garaikideak (liberalismoa, kontserbadurismoa, sozialismoa, komunismoa, anarkismoa, faxismoa...) aztertzerakoan, soziologia politikoak ematen dizkigun analisi baliabide horiek tresna erabilgarriak izango dira.
Hasiera batean, gizakia eta giza-taldeen jarduera eta jarrera politikoak aztertzerakoan faktore ebaluatiboak, kognitiboak eta afektiboak kontutan hartu behar dira eta bigarrenez kultura politikoaren ildotik jarraituz, agente politikoen errepresentazioak, ezagupenak eta baloreak ere. Horren ondorioz iritziak (berbak) eta portaerak (konduktak) etorriko dira, interesak eta ekintzekin batera.
Prozesu identitarioaren ezaugarriak ideologien alorrean funtsezkoak dira, nortasun politikoa grabitate gunea izaki eta bere muturretan azaltzen zaizkion erreferentzi seinaleak xurgatuz edo errefuxatuz. Izan ere, pareen arteko dikotomia horretantxe, identitate politikoak berdina eta diferentearen artean, iraunkorra eta dinamikoa, batasuna eta multidimentsioaren tirabiran, gauzatzen dira. Besteen ezagutza eta besteekiko lehia eta oposizioan, gizaki eta taldearen arteko artikulazioan, nortasun politikoen ekoizpen prozesua ematen da. Eta Alberto Melucci-k (L'invenzione dil presente, 1989), zioenez, nortasun politikoek dauzkaten helburu edo funtzioak, jarduera kolektiboentzako parametro kognitiboak irekitzea, partaideen arteko harremanak piztea eta euren arteko emozioak sortzea, dira, hain zuzen.
Horrela nortasun prozesuaren dinamikan, edo hobeto prozesuaren bukaeran, gu-besteak bikotearen arteko harreman interaktiboak blokeatzen direnean eta elkarreragiketa geldirik, estereotipoak (orientabide kognitibotik) eta etsaiak (afektibitatearen patologiak) irudikatzen dira.
Bide honetatik abiaturik ere, nortasun kultural, politiko eta etnikoen arteko banaketa egitea ez dago soberan. Horrek lagunduko digu ideologien funtzionamendua hobeto ulertzeko. Eta modu horretan kontrastatu beharra dugu, nola lehengo nortasun motan kultur zehatz bati adskripzio kontzentzuala eta ez gatazkatsua ematen den, aldiz bigarrengoan identitate eta ideologia politikoen arteko lehia konfliktiboarekin egiten dugun topo eta hirugarrengo kategorian identitate etnikoek eskatzen dituzten epe luze eta osagarri objektiboekin aurkitzen garen.
Ikus daitekeenez, bide politologikotik, ez gara teoria edo pentsaera politikoetan gelditzen, portaera eta ekintzetara ere hurbiltzen baikara ere. Hau da, garaiko gizartearen baitan mantentzen diren diskurtso ideologikoen azterketa egiteaz gain, Iraultza Industrialetik hona egindako ekarpen ideologikoak aztertzearekin batera, emandako mobilizazio, mugimendu eta eraldaketa sozio-politikoak bere kabitzen dira. Liberalismoaren hastapenetik ideologien bukaeraren aldarrikapena izan arte azken bi mendetan modernitatearen produkzio ideologikoa oso fruitukorra izan baita. Emaitzak liberalismoan, sozialismoan, populismoan, anarkismoan, komunismoan, nazionalismoan, faxismoan eta euren une berezien mikroideologien edo tokian tokiko manifestapen zehatzekin aurki daitezke.