Kontzeptua

Ideologia politikoak: amaiera ala berpizkundea?

Zeintzuk dira ideologiek jokatzen duten funtzioak? Zertarako balio dute? Zergatik sortzen dira leku eta une historiko batzuetan batzuk eta besteetan beste batzuk? Galdera hauei erantzunak bilatzeak ideologien funtsa eta garapena ezagutzara eramaten gaitu. Nola sortzen diren, zergatik ospe eta historia txarreko gaiak bihurtu diren, zertan oinarritzen diren bere amaiera plazaratzen dutenak, zergatik ideologiei politikaren distortsioa leporatzen zaien eta proposamen horien atzetik dauden kausak eta jatorriak.

Arestian aipatu dugunez ideologia zentzu txarreko kontzeptua bihurtu da, dogmatismo eta adoktrinamenduaren sinonimo, geroago ikusiko dugunez, normalean "ismo" atzizkia eramaten duten hitzak gizarte post-modernoetan gaitzesten diren antzera.

Bestalde, ezin dugu ahaztu ideologia sozial bat dagoela, morala, ekonomia, kultura, eguneroko bizimodua eta politikaz arduratzen dena eta bestalde ideologia politikoa, arlo mugatua, gizartetik kanpoko Estatuari bere zereginak zuzentzen zaiena.

Azken hauek funtzio desberdinak betetzen dituzte: Funtzio transformatzaile edota orekatzailea zein finkatzailea, egonkortasunaren eragilea.

Hots, ideologia batek bere aurrean dagoen ordenua defenditzeko laguntza osoa eman lezake, sistema politiko hori justuena, naturalena eta arrazoidun bezala deskribatuz, hots, bere ikusmira legitimatzaile edo apologetikoa lantzen dute.

Bigarren lerro batetik ideologia erabili daiteke dagoen ordena kritikatzeko, sistema sozial zehatz hura errefusatzen denean. Zentzu honetan ideologiaren dimentsio eraldatzaile hau aldaketaren motore bezala kontsidera daiteke.

XVIII. mendean, korronte filosofiko materialistak gure burumuinari ideiak zerizkiola defendatzen zuen, gure gibelak bilis botatzen duen antzera. Hona arte problemarik ez. Baina materialistek esaten zuten burumuin jenialek idei jenial eta apartak ekoizten zituztela eta hori zela medio gizon argitsu batzuen burumuinei esker, aurrerakuntza eta iraultzak erakutsi nahi zituzten, adibidez, Frantses Iraultza.

Argi dago burumuinak sistema nerbioso osoaren kontrola duela eta ideiak edukitzea lortzen duela baita. Baina honek ez du erakusten ideia batzuk sortzen direla eta ez besteak. Zergatik ideia eta balio konkretu batzuk? Ideiak ez dira hutsean ematen. Hau da, doktrina eta ideologia politikoak ez dira jaiotzen perretxikoen modura. Egoera ekonomiko sozial eta kultural bakoitzak pentsamolde bat mugatzen du. Eta harreman orokor oso baten barnean ematen da.

Gizakiak gizartean bizi garenez, gizartetik gatoz eta gizartera goaz gure manifestapen guztiekin. Gizarte berdinean eta egoera desberdinen aurrean, ideologia desberdinak aurkitzen ditugu. Hau da, bizi izaten den bezala pentsatzen da edo Marx-ek zioenez, izate sozialak kontzientzia mugatzen du.

Mila adibide ipini daitezke honetaz. Sozialismoa al da Marx-en ideien ondorioa? Erantzuna erreza da, ez. Marx jaio baino lehen, eseniotarren eremutik Ingalaterrako levellers eta diggers-en errebolta eta erroformetatiz igaroz eta Babeuf eta Pariseko "Berdinen konspirazioa"-ra arte, historian zehar esperientzia eta filosofia ugari sozialismoaren ametsetan ibili dira, asko eta asko. Baina sozialismoa aurrera ateratzeko klase sozial edo sujeto politiko berri bat beharrezkoa zen. Horrexegaitik sozialismoa Europan sortzen da eta ez Asian, iraultza industrialaren ondorioz, proletalgoa, klase berri bat alegia, horretarako deituta zegoelarik. Dena den gaur egun, egon badaude proletario industrialak ez diren beste sektore eta klase sozialak sozialismoaren errebindikazioa eginten dutena, lurrik gabeko nekazariak eta indigenak kasu, Ameriketan eta Afrikan edota Asian. Beraz ideologiak ez dira gorputz geldoak, dinamikoak baizik.

Beste adibide gertuago bat, euskal nazionalismoaren sorrera litzateke. Dudarik gabe Sabino Aranarekin XIX. mendearen bukaeran Bizkaian hasten da. Baina zergaitik Sabinok hainbeste eragin eta ohiartzun izan zuen Bilbo inguruan? Gure ustez Foruen edo Lege Zaharren abolizioak eta Bizkaiko industrializazioak, euskal gizarte tradizionalaren krisia ekarri zuten, eta bide batez etorkin edo "maketo" masa izugarri handi bat ere hemengo meatztegi eta fabriketara. Horrela bakarrik uler daiteke Aranak topatu zuen giro hartzailea ideologia nazionalista "bizkaitarrari" eusteko. Arana baino lehen beste autore eta idazle abertzaleak egon ziren baina berak daroa zalantzarik gabe euskal nazionalismoaren aitatasuna, bere sasoi eta eremu politikoan eman baitziren baldintza egokiak bere diskurtso eta praktika jeltzalea erantzun eta jarraipen masibo bat izateko.