Ez da baketsua ere ideologien arteko mugak eta parekotasunetan aritzea, baina irakurleari zor diogu gutxienik egin daitezken sailkapen desberdinen kategoriak azaltzea. Alde batetik, makroideologiak ditugu, hots, ideosistema matrizeak kontsideratzen dituguna, euren baitan sortzen diren ekarpen teorikoak eta ideia edo leit-motiv nagusiekin. Azalpen teorikoaz aparte, makroideologietan koherentzia, iraupena, intentsitatea eta hedapena dira erreferentzia nabarmenak.
Frantses iraultzatik hona hainbat makroidelogia aipatu ditzakegu (liberalismoa, kontserbadurismoa, nazionalismoa, sozialismoa, komunismoa, anarkismoa eta faxismoa...) gero bakoitzak bere konkrezio nazional edo nazioartean ere unean uneko gertakizun historikoen eskutik, hedatze edo krisi eta sakabanatze fenomenoak ezagutuko dituztenak. Makroideologia hauen arteko mugak ere ez dira argiak, ez sozialismo, komunismo eta anarkismoaren artekoak ezkerretik ezta liberalismo eta kontserbadurismoaren artekoak adibidez eskumatik.

Makroideologia hauen ondoan beste ideologiak agertzen dira, batzutan pertsonai karismatiko baten bultzadaz, beste batzuk mugimendu eta ideia erlijiosoekin loturikoak, islamismoa kasu, beste batzuk bortxa edo biolentziaren erabilerarekin, beste batzuk gizarte mugimendu berriei loturikoak, pakezaletasuna edo antimilitarismoa, ekologismoa eta feminismoa. Beraz osagai ideologiko ugari ditugu gero une historiko bakoitzean edo esparru geografiko desberdinetan, mikroideologia berezietan zehaztuak ahal izateko, hau da, tokian tokiko eta okasio diferenteetan gauzatu diren adibide ideologiko eta berebiziko esperientzia praktikoak, bere ugaritasunean eta kontraesanekin.
