Kontzeptua

Hizkuntzaren aldakortasuna

Maitena Etxebarriak (1985) Sociolingüística urbana, el habla de Bilbao izeneko lanean, Bilbon, espainolez /d/ foneman gertatzen den aldagarritasun fonologikoaren eragile linguistiko eta estralinguistikoak aztertu ditu, Laboven metodo kuantitatiboa erabiliz. Horretarako, hiztunen diskurtsoan gertatzen diren fonema horren aldaerei eta horiekiko jarrerei antzemateko galdeketa prestatu eta inkestak egin dira.

Kontuan izandako aldagai linguistikoak estatus gramatikala, testuinguru fonikoa eta hitz-mota izan dira; eta sozialak, estralinguistikoak, beraz, sexua, adina (hiru belaunaldi), maila soziokulturala, ikasketa-maila, ama-hizkuntza eta elebiduntasuna. Aldaki guztiak islatzeko, lau aldagai erabili dira (horzkari frikatiboa, horzkari erlaxatua, ia bokal bihurtutako trantsizioa eta fonemaren elipsia [0]). Lanaren azken helburua emaitzak hirietako espainolaren beste aldaerei buruz egindako ikerketa kuantitatibokoen emaitzekin alderatzea da.

Ikerketa lan honetan, 3.422 kasutan aztertu da /d/ fonema horzkariaren bokalen arteko gauzatzea. Abiapuntuko hipotesia zen erabileran gertatzen den aldagarritasuna ez dela ausazkoa, aldagai libreak balira bezala, baizik eta baldintza linguistiko eta soziolinguistikoek eragindakoa. Emaitzek hipotesia egiaztatu egiten dute: aldagarritasuna arau-multzo jakin bat betetzearen ondorio da; arauon aplikazio maiztasunaren eta zenbait eragile linguistiko eta sozialen artean harreman estua dago.

Ikerketa-proiektu honetan azterketa geolinguistiko eta soziolinguistikoa egiten da Hego Euskal Herriko helduen eta gazteen hizkeren arteko desberdintasun fonologiko, morfologiko, sintaktiko eta lexikoak ikertzeko, 75 herritan egiten den galdesortaren emaitzak baliatuz.

Euskararen atlas sozio-geolinguistikoa proiekturako ikerketa bikoitza egiten ari dira; hizkera ikuspuntu soziolinguistikotik (adina faktore soziolinguistikoak eragindako desberdintasunak) eta geolinguistikotik (espazioa kontuan hartuta, hizkerak dituen berezitasunak) aztertzea baitu helburu. Belaunaldi ezberdinen aldaerak aztertuz, batuak edo estandarrak sortu zenetik hona, ohiko mintzaeran nolako eta zenbaterainoko eragina izan duen neurtu nahi da.

Batua erabiltzen hasi zenetik hona hizkera tradizionalekin harremanetan egon da. Indar bateratzaile faltagatik, batetik, eta hiztunen arteko harreman eskasengatik, bestetik, euskalkiak nahiko modu librean garatzen joan dira mendeetan. Egoera horrek hizkuntzaren aldagarritasun geolinguistikoa aztertzeko tartea ematen du. Batua, ordea, indar bateratzaile boteretsua da, eta berrogei urteotan eragin handia izan du hizkera tradizionaletan.

Hizkuntzaren aldagarritasun hori aztertzeko, adina eta faktore geografikoaren eragina zenbaterainokoa den ikusteko, bi belaunalditako hiztunek eguneroko bizitzan duten hizkuntza-egoera aztertu da. Nagusiek estandarrarekin izan duten harremana ez da handia; gazteek, berriz, jaiotzetik izan dute harremana batuarekin. Lan honen hipotesia: euskara batuaren eragina uste baino handiagoa da, eta azkarragoa gainera.

Euskararen ikerketa geolinguistikoa (aldaera diatopikoa), Bonaparteren garaitik hona, oso garatuta dago eta Euskaltzaindia egiten ari den Euskararen Herri Hizkeren Atlasa dugu horren lekuko. Ikerketa soziolinguistikoa (adinak, maila sozialak, ikasketek eta bestelako faktore soziolinguistikoek eragindako aldaera diastratikoak aztertzen dituena), ordea, ez dago hain landua.

Ikerketaren marko teorikoa parametro soziolinguistiko eta geolinguistikoetan oinarritutakoa da. Euskal Herri osoko aldaera geografikoak biltzen ditu proiektuak. Hiztunak baserri giroan hazitakoak dira, tradizioarekiko lotura galdu ez duen hizkera aztertu nahi baita; baina, era berean, eredu estandarra ere ezagutzen dute, beharra dela eta, kultura hiritarra ere ezagutzen dutelako.

Aldaera diastratikoak aztertzeko erabiliko den aldagaia adina da: gizon helduak (45-50 urte) eta gizon gazteak (20-25 urte). Aldaera diafasikoak aztertzeko, berriemaileei familian eta lagunartean duten erregistroa ikertu nahi dela esango zaie, baina inkesta-moldea formala denez, baldintzatu egingo du hiztunen jarduna, eta erregistro jasoagoa erabiliko duten ustea dute ikertzaileek. Gogoratu behatzailearen paradoxa (ikus Aldagai lexikoak puntua).

Ikerketarako hizkuntzaren alor fonologiko, morfologiko, sintaktiko eta lexikoa landuko dira, hau da, hizkuntza bere osotasunean, baina alorren arteko interferentziarik ez da egongo datu-bilketan. Horrela, emaitzetan, batetik, arlo guztietako aldagarritasuna zertan den ikusiko da; eta, bestetik, zein alorretan dagoen aldagarritasun handiena, eta berau hizkera desberdinetan orekatua den jakin.

Ikerketaren emaitzek hizkeren sailkapena egiteko aukera ematen dute (ezaugarri arrotz gehien zeinek duen eta bereak zeinek gordetzen dituen ondoen). Bestalde, belaunaldien arteko ezberdintasunak zein eta zenbaterainokoak diren ere erakutsiko dute. Eta azkenik, estandarraren eraginaren nolakotasuna (berdintze-joera bizia/eramangarria) ere argi ikusiko da.

Ikerketa-ildo honek hainbat aukera ematen ditu: hizkeren arteko berdintze-joerak zertan diren zehaztu; fenomeno horren indarra eta abiadura neurtu; eta etorkizunerako proiekzioa egiteko tresnak eman. Gainera, corpusaren planifikaziorako ere lagungarri izango dira emaitzak.

Hainbat helburu lortu nahi dira: aldaera geografikoetan, soziolinguistikoetan eta aldaeren arteko berdintzearen faktoreetan sakontzea; ahozko hizkera dialektal eta hizkera ezberdinen datu transkribatuen datu-basea sortzea.

Lan honen helburua, gazteen hizkeraren gaineko zenbait ohar eginez, horri buruzko hausnarketa eta eztabaida proposatzea da. Izan ere, seguruenik, gazteen bat-bateko euskararen ezaugarriak hizkuntzaren aldakortasunak eta identitateak eragindakoak dira, eta ez, behin eta berriro esaten den moduan, erabiltzen duten erregistro eskasak eragindakoak; beraz, gazteen aldaera aztertzeko orduan, jokabide arau-emaile hutsak baztertu egin behar dira eta jarrera soziolinguistikoei eutsi.

Identitatearen eta aldakortasunaren arteko lotura handia da. Gizarte-talde ezberdinek berezko aldaera dute (soziolektoa), gizabanakoek bezala (idiolektoa). Horien bidez, talde-nortasuna eta norbanakoarena adierazten dira. Gazteek, beraz, zaharrek ez bezala egingo dute; beraien hizkeren artean ere, aldaerak egongo dira. Identitatea, beraz, aldakortasunaren eragile esanguratsua da. Gazteen talde-nortasunak bideratzen du beren hizkera.

Gazteen ahozko hizkera aztertzen da lanean, ez erabiltzen duten erregistro formala. Aldaera horri leporatzen zaion pobrezia (erdal kutsua dauka, etxekoa eta batua nahasten dira...) aldagarritasunaren argitan azaltzen da: gizartean, aldaketa, ezberdin izatea, ez da begi onez ikusten, ideologia linguistiko garbizalea handia baita, bai Euskal Herrian, bai mendebaldeko gizarte gehienetan.

Erdararen eragina gehiegizkotzat jotzen da; hainbatek hurrengo pausoa hizkuntzaren heriotza izan litekeela uste dute. Amorrorturen ustez, ordea, konplikatuagoa da kontua. Hizkuntza-fenomenoak gaitzetsi baino lehen, batetik, hiztunen gaitasun-mailari erreparatu behar zaio, eta bestetik, aldaketaren jatorriari, intralinguistikoa izan baitaiteke (eta kasu honetan baliteke joera unibertsala izatea) ala beste hizkuntza batek eragindakoa. Bestalde, aldaketaren gradualtasuna izan behar da kontuan. Ezin da esan, beraz, gazteen hizkera guztiz erdararen menpe dagoenik, lagunarteko erregistroan interferentzia maila nabaria bada ere, egoera formaletan, idatzian adibidez, ez baita hain handia.

Autoreak dioenez, hizkuntzak talde-identitatean eta norbanakoarenean indarrik izanez gero, hiztunek eutsi egingo diote. Beraz, gazte euskaldunentzat euskarak garrantzia badauka erabili egingo dute lagun arteko harremanetan, eta, horrela izanez gero, code-switchinga, maileguak eta transferentziak bigarren mailara pasatzen dira.

Ikusten denez, jarrera arau-emaileak arintzea gomendatzen da lanean, baina ez maila guztietan. Erregistro formaletan, hiztunak berez zaintzen ditu arauak; intimoetan, ordea, taldekideek bezala hitz egiten du identitatea agertzeko.

Artikulu honek Aspects of language variation and change in contemporary Basque doktorego-tesia du oinarri (William F. Haddican, 2005), eta autoreak Oiartzunen egindako elkarrizketa soziolinguistikoen bitartez lortutako datuen azterketa kuantitatiboa plazaratzen du. Helburua hizkuntza-plangintzari begira hartutako neurriek bertako euskaran zenbaterainoko eragina izan duten aztertzea da.

Lan honetarako datuak autoreak berak batu zituen 2001ean elkarrizketak eginez. Metodo horrek, seguruenik, elkarrizketatuak aukeratzen duen forma baldintzatzen du. Batetik, testuinguruaren formaltasunak bultzatzen ditu hiztunak forma estandarrak erabiltzera; gazteek, heziketa batuaz egin izanaren eta hedabideen eraginaren ondorioz, forma estandarrak erabiltzen dituzte, eta nagusiek, Oiartzungo hizkera baino, gipuzkera estandarra erabiltzen dute. Bestetik, elkarrizketagilea komunitateko partaide ez izateak ere hizkera zaintzea dakar. Jokabide horri aurre egiteko eta herriko formen erabilera bultzatzeko, ikertzaileak bertako formak erabili zituen, lekukoek beraren jardunean erregistro ezaguna entzutean, erregistro informalagoa erabil zezaten. Horri begira ere, lekukoak binaka harturik izan ziren elkarrizketatuak, edo komunitateko beste partaide baten aurrean egin zen elkarrizketa.

Bestalde, helburua herriko hizkeraz gehiago jakitea zela eta galderak eguneroko bizitzari buruzkoak izango zirela esan zitzaien: umeak, herriko bizimodua eta tradizioak, norberaren bizipenak, helburuak, hizkuntza eta ingurune biografikoa. Hiru adin-talde egin ziren: zaharrak (60-87), nagusiak (41-51) eta gazteak (20-25); eta hiru aldagai aztertu: baino (batuaz baina), izan eta egon aditzetako -tu atzizkia (partizipio marka) eta -ik amaieradun formek hartzen duten -an atzizkia (adizlagunak: bakarrikan; partitiboak: dirurikan; ablatiboak: hemendikan; motibatiboak: zergatikan).

Ikerketak hiru ondorio nagusi eman ditu. Lehenengoa, datuetan denbora erlatibo edo itxurazkoan batueraren aldeko aldaketa prozesu indartsu dagoela ikusten da; aztertutako aldagai lexikoan eta morfologikoetan, forma ez-estandarrak, hau da, herrikoak, maiztasun handiagoz agertzen dira nagusiengan gazteengan baino; izan ere, azken horiek forma estandarrak gehiagotan erabiltzen dituzte. Bigarrena, belaunaldien arteko ezberdintasunak, batuaren sarrerak baino, bestelako arrazoiek eragindakoak dira: euskararen erabilera-esparrua murriztu izana eta beste euskalkietako hiztunekin harreman-kopurua handitu izana. Hirugarrena, /b/, /d/, /g/ eta /r/ fonemen galera. Horrek sexu-aldagaiari begirako distribuzioa erakusten du; gizonezkoek emakumezkoek baino maiztasun handiagoz egiten dute galera.

Lan honetan, Imanol Esnaolak Euskal Herri osoan, eremu soziolinguistiko ezberdinetako gazteak aztertu ditu elkarrizketa bidez, gazteek erabiltzen duten aldaeraren ezaugarriak aztertzeko asmoz. Belaunaldi horretako partaideengan hizkuntza estandarrak (batuak) izandako eragina ere aztertu du. Ateratako ondorioen artean, esanguratsuena erdararen presentzia izan da; izan ere, horixe da gazteen hizkeraren elementu azpimarragarrienetakoa. Bi hizkuntzen arteko formula hibridoak erabiltzen dituzte, batez ere, esaldi mailako hizkuntza-atal esanguradunetan. Esnaolaren ustez, gazte hauen diskurtsoari "gazte" kutsua ematen dioten elementuak erdal jatorrikoak dira nagusiki.

Bestalde, hiztun bakoitzaren ibilbide linguistikoak eragin zuzena du bere errepertorioan. Etxean erabiltzen den hizkuntza eta hiztun gazteek egiten duten erabilera funtzionala erabakigarriak dira euren aldaera definitzean.

NORANTZ proiektuaren helburua Ipar Euskal Herriko euskaldunen hizkera berriak aztertzeko behaketarako tresna sortzea da. Horretarako, euskal hiztunen tipologien arabera soziolekto ezberdinak kontuan hartuz, egungo hiztunek erabiltzen dituzten egitura gramatikalen eta fonetikoen datu-basea sortu nahi dute, horrela, gaur egun bidean dauden aldaketak ikusi eta ondorengoak aurreikusi ahal izateko.

Lekukoak aukeratzeko hurrengo eragile soziolinguistikoak izan dira kontuan: adina (hiru talde: 30 urtekoak, 40-50 urte bitartekoak eta 60 urte baino gehiagokoak); ama-hizkuntza euskara duten ala ez; ikasketarik duten; eremua (hiria, hirixka eta baserria); eta sexua/generoa.

Erabiliko duten metodologiaren nondik norakoak honakoak dira: guztira, 51 hiztun elkarrizketatuko dituzte (27 gazte, 12 heldu eta 12 adindu); bakoitzak 600 item inguruko galdetegia erantzun eta hamar bat minutuko elkarrizketa (libre edo gidatua) egingo du. Galdetegia egiteak duen helburu bat da hemendik urte batzuetara galdeketa errepikatu eta emaitzak konparatu ahal izatea.