Kontzeptua

Hizkuntzaren aldakortasuna

Lehenengo eta behin, aldagai, aldaki eta aldaera kontzeptuak zehaztu egin behar dira. Jakina denez, hizkuntzak aukera ezberdinak eskaintzen ditu gauza bera esateko; hori gertatzen da elementu jakin baten ordez beste bat erabiliz gero, horrek esanahia aldatzen ez duenean. Aldagaia emaitza ezberdinak eman ditzakeen balioa da. Soziala ala linguistikoa izan daiteke; adibidez, sexua edo adina gizarte-aldagaiak dira; linguistikoen artean, honako hauek egon daitezke: maila lexikoan, berba/hitza; maila fonetiko-fonologikoan, bokal arteko /r/-a; maila sintaktikoan, esaldiaren ordena. Aldakia aldagaiak ematen dituen emaitzetako bakoitza da: emakumezkoa, gaztea, berba, [r]-ren galera, Subjektu-Aditza-Objektu zuzena (SVO) hurrenkera sintaktikoa. Aldaera aldagai batzuetan aldaki jakin batzuk hautatuz sortzen den hizkuntzaren erabilera da.

Aldagaia: emaitza ezberdinak eman ditzakeen balioa da. Soziala ala linguistikoa izan daiteke; adibidez, sexua edo adina gizarte-aldagaiak dira; linguistikoen artean: maila lexikoan, berba/hitza; maila fonetiko-fonologikoan, bokal arteko /r/-a; maila sintaktikoan, esaldiaren ordena.

Aldakia: aldagaiak izaten dituen emaitzetako bakoitza da. Aldagai sozialak generoa eta adina badira, aldakiak emakumezkoa eta gaztea izan daitezke, adibidez. Aldagai linguistikoa, maila lexikoan, berba/hitza bada, berba izan daiteke aldakia; maila fonetiko-fonologikoan, aldagaia bokal arteko /r/-a bada, [r]-ren galera izan daiteke aldakia...

Aldagai linguistikoak aztertzean, hizkuntzaren osagai guztiak izan daitezke behaketarako gai, baina badira aldagai bat aztergai interesgarri bihurtzen duten ezaugarriak. Maiztasuna, sistema itxietan txertaturik egotea eta estratifikazio sozial eta estilo ezberdinetan aldi berean duen hedadura dira, Morenoren ustez, esanguratsuenak. Ikergaiak, ezaugarri horietatik zenbat eta gehiago bete, orduan eta esanguratsuagoa eta baliagarriagoa izango da ikertzailearentzat (Moreno Fernández, 1998).

Aldagai fonetiko-fonologikoak

Hauxe da alderdirik ikertuena; izan ere, goian aipatutako ezaugarriak (sistema itxia, maiztasuna...) bete egiten ditu. Bestalde, fonemak ahoskatzeko modu ezberdinek, oro har, ez dute arlo semantikoan, esanahian, inolako aldaketarik eragiten. Dena dela, ahoskera alderdi deigarria da edozein hiztunentzat eta, ondorioz, ezaugarri jakin bat edo batzuk dituen hizkera entzunda, berehala igarriko da ezberdintasunak esanguratsuak direla hizkuntzaren alderdi sozialean. Fonema jakin baten ebaketa ezberdinak berehala ematen digu hiztunari buruzko informazio ugari.

Alderdi hau, gainera, ez da zaila aztertzen; izan ere, erraz demostra daiteke fonemen alternantziek, gehienetan, ez dutela esanahi-aldaketarik ekartzen, eta, ondorioz, aldagarritasunaren azterketarako elementu aproposa da. Horrez gain, aldaera bakoitza gertatzea ahalbidetzen duten aldagai sozialei lotzeko ere ez da zailtasun berezirik izaten.

Dena dela, azterketan neurtuko diren fonemak zehaztea zaila izaten da. Fonema baten aldakiak infinituak izan daitezke; batzuetan, faktore erregularrek sortutakoak (testuingurua, aldaera geografikoa...); beste batzuetan, eragile aldakorrek eragindakoak (komunikazio-egoera edo hiztunaren ezaugarri fisikoak, adibidez). Azken horien eragina aztertzaileak neurtu beharko du. Gainera, bai batzuk bai besteak aldi berean gerta daitezke, hau da, batzuetan, eragile linguistikoek sozialekin batera eragiten dute aldaera. Horregatik, aztertuko diren aldagai fonetikoek baldintza jakin batzuk betetzen dituzten soinu guztiak barnebildu behar dituzte. Adibidez, aurrerago aipatzen den Bill Haddican-en lana dugu, euskararen /r/-ren galera aztertzen duena (Haddican, 2005).

Aldaki fonetikoak eragiten dituzten faktore linguistikoak hiru taldetan sailka daitezke. López Morales-ek (1993) honela banatzen ditu:

  1. Aztergai den fonemaren kokapenak eragiten dituen faktoreak, hau da, kate fonikoan fonemaren posizioa zein den: silaba hasieran/amaieran, barruko silaban, hitz hasiera/amaieran... Adibidez, erdialdeko euskaran, bokalen arteko [r]-ak [0] ematen du, baina ez hitz amaieran.
  2. Testuinguruak sortutakoak, hau da, aldakiaren aurrean zein atzean zer elementu dauden: kontsonante/bokal aurrean edo atzean, pausa atzean doan... [t] + [b] elkartzean, [p] ematen dute (bat-batean>[bapatean]).
  3. Eragile funtzionalak, hots, aldaera zein kategoria gramatikaletan sartzen den: funtzioa, morfema-mota... Mendebaldeko eusakaran, behar berba, aditz funtzioa egiten badu, laburtu egiten da ([eininbisu]), baina izena bada, ez ([bearra/biarra dekot]).

Aldagai morfologikoak

Alderdi honetan ere, faktore linguistikoek eta sozialek eragiten dute, bai bakoitzak bere aldetik, bai elkarrekin. Goian aipatu denez, aztergairik egokiena maiztasun handia daukana, zorrotz egituratutako sistema batekoa dena eta distribuzio soziala zein diafasikoa (estilistikoa) duena da. Baldintza horiek guztiak esanahi gramatikala duten morfemek betetzen dituzte ondoen; horiexek dira aldaki fonetiko-fonologikoekin antzekotasun handiena dutenak, ikertzen errazenak, beraz. Esanahi lexikoa duten morfemekin, ordea, zailtasun handiagoa sortzen da, aipatutako baldintza horiek ez baitituzte hain zorrotz betetzen.

Euskaraz, deklinabidearekin eta aditzarekin loturiko aldakiak dira adierazgarrienak. Bizkaieraren aldaera batzuetan, adibidez, soziatiboan -gaz atzizkia erabiltzen da (nigaz, umeagaz, zuokaz...); aditz laguntzailean eutsi erroa nor-nori-nork formetan (deust, deutsut, deuskuzu, deutset...) eta abar. Aipagarria da Pedro Irizarrek L.L. Bonaparteren sailkapenean oinarrituta egin zuen aditz laguntzailearen sailkapena (Irizar, 1981).

Aldagai sintaktikoak

Aldaki sintaktiko bik esanahi berbera duten frogatzea ere ez da erraza. Beatriz Lavanderak, 70eko hamarkadan (1977, 1978, 1979, 1982, 1984, in Almeida, 2003) plazaratutako hainbat artikulutan, zalantzak agertzen ditu aldagarritasunaren analisia arlo fonetiko-fonologikotik kanpo ere erabil daitekeen, ondo antolatutako esanahiaren teoriarik ez baitago. Egin egin daitekeela dio, baina horretarako irizpideak ezberdinak izan behar dira; lehenengo eta behin, aldaki sintaktikoen arteko sinonimia frogatu egin behar da beraien azterketari ekin aurretik. Adibidez, Nork egin du lan hori? eta Lan hori nork egina da? esanahi pragmatikoari dagokionez guztiz berdinak diren, hau da, aldagai berbereko aldaki bi diren frogatzeko teoria beharko litzateke, gero aldagarritasunaren teoria aplikatu ahal izateko. Hori dela eta, autoreak baliokidetasun semantikoaren irizpidea baino, funtzio- parekotasunarena erabiltzea proposatzen du, hau da, aztergai diren aldakiek komunikazio-helburu berdina duten ala ez ikusi beharko litzateke. Dena dela, D. Sankoff-ek eta Silva-Corvalán-ek (1988 eta 1988: 100, in Almeida, 2003) diotenez, bi hizkuntza-unitatek esanahi bera izan ez arren, dauzkaten desberdintasunak diskurtsoan neutraliza daitezke; beraz, soziolekto eta testuinguru jakin batean edo hizkuntza-ekintza batean baliokidetasun erreferentzial, sintaktiko eta pragmatikorik balute, nahikoa litzateke aldagai bereko aldakitzat hartzeko eta aztertzeko.

Antzematen da, beraz, aldagarritasun sintaktikoa eta fonologikoa ezberdinak direla, baina zertan? Silva-Corvalanek (1988: 98, in Moreno Fernández, 1998) bien arteko aldea hurrengo arrazoietan datzala dio: hizkuntzan aldagarritasun sintaktikoa ez da fonologikoa bezainbeste gertatzen, maiztasun txikiagoa du, beraz; horrexegatik da, hain zuzen, kuantifikatzen zailagoa; baita erabileran aldakien lekukotasunak aurkitzeko zailtasunengatik ere; aldaki sintaktikoak gertatzen diren testuinguruak ere ez dira erraz aurkitzen eta zehazten; eta, azkenik, aldagai sintaktikoak aztertzean, baliteke aldakiek esanahi berdin-berdina ez izatea, eta kasu horretan, benetako aldakiak dira? Horretaz guztiaz gain, aldakortasun sintaktikoak estratifikazio sozialarekin uztartzeko zailtasunak ere badaude; eta, gainera, estilo kontuei loturik egon ohi dira, hau da, aldagarritasun diafasikoarekin.

Horrexegatik, hain zuzen, bariazionismoak askoz gutxiago aztertu ditu aldagai sintaktikoak. Euskaraz, adibidez, Tipo hori da super majoa eta Mutil hori oso jatorra da aldakiak, semantikoki parekotzat jo badaitezke ere, pragmatikoki ezberdinak dira.

Aldagai lexikoak

Aldagai lexikoak, sarritan, aldagai estralinguistikoak edo maileguak izaten dira. Aldagai sintaktikoekin gertatzen den bezala, aldagai lexikoak aztertzean ere lehenengo zailtasuna hitz bi baliokideak diren ala ez frogatzea izaten da. Sinonimorik egon dagoen ala ez erabakitzeko eztabaida sarritan sortu izan da hizkuntzalarien artean. Gerta daiteke, eta gertatu egiten da, esanahi lexiko berbera duten bi esapidek, hau da, errealitate berbera adierazten duten bi hitz edo hitz multzok, esanahi pragmatiko ezberdina izatea.

Euskaraz, adibidez, amodioa egin eta larrua jo esapideen mamia berdina dela esan daiteke, hau da, errealitate berberari egiten diote erreferentzia. Baina erabileran ere berdinak dira? Bata zein bestea erabiliko luke edozein hiztunek edozein testuingurutan? Seguruenik, ez. Hizkuntza-unitateak multzo handi bitan sailka daitezke: esanahi erreferentziala baino ez daukatenak eta ñabardura soziokulturalak ere badituztenak. Horri begira, euskal hiztun askok goian aipatutako esapideetan, lehenengoa eufemismotzat (ñabardura ezatseginak, gordinak... dituen termino "itsusia" ordezkatzeko erabiltzen den hitza) hartuko lukete eta bigarrena disfemismotzat (ñabardura peioratiboa duen terminoa, mespretxuzkoa ez bada ere); hirugarren forma bat ere badago, harreman sexualak izan, neutroa dela esan daitekeena.

Hona hemen beste adibide bat, Almeidak (1994, 2000) egindako ikerketa batetik hartutakoa. Galdera honakoa izan zen: Nola deritzo bikotelaguna ez den batekin harremanak izateari? (¿Qué nombre se le da al hecho de mantener relaciones fuera del matrimonio?). Eta erantzunak: adarrak jarri, engainatu, infidela izan (poner los cuernos, engañar, ser infiel). Kasu honetan, lehenengoa eufemismotzat, bigarrena disfemismotzat eta hirugarrena forma neutrotzat hartu zituzten aipatutako ikerketan parte hartu zuten lekukoek. Iritzi horiek gero, gizartean, nola daude sailkaturik? Las Palmas Kanaria Handikoan egindako beste ikerketa lexiko baten emaitzak (Vidal eta Diaz Peralta, 1996, in Almeida, 2003), sexu eta adinaren aldagaiei begira, honako hauek izan ziren: gizonen artean, gazteek erabiltzen dituzte gehien eufemismoak; horren arrazoia baliteke gazteek jaso duten heziketa-maila altuagoa izatea. Nagusien artean, ordea, bai gizonek bai emakumeek berdintsu erabiltzen dituzte. Disfemismoei begira, berriz, nagusiek erabiltzen dituzte gehien; baliteke gazteek gizarte- eta lan-arloan sartu ahala, unitate horien erabilera murrizten joatea. Bestalde, emakumezkoen artean, zenbat eta gazteagoak izan, orduan eta disfemismo gutxiago erabiltzen dituzte. Emaitza horiek frogatzen dute aldaerek lotura handia daukatela adin eta sexuaren aldagaiekin. Arlo lexikoan, beraz, baliteke esanahiari begira aldagai baten hainbat aldaki aurkitzea, baina horrek ez du esan nahi maila pragmatikoan ere sinonimo bezala funtziona dezaketenik. Izan ere, esanahi bera duten bi hitz, sintagma edo esapidetan ñabardurak aurki daitezke, eta horrek baliorik gabe utziko luke aldakortasuna helburu duen edozein ikerketa.

Bestalde, hizkuntzaren alderdi honetako aldagarritasuna aztertzeko erabiltzen diren metodoak ere ez dira oso emankorrak izaten. Materialak lortzeko egiten diren elkarrizketak ezin dira gehiegi luzatu; horregatik, zaila da aldagarritasunaren lekuko askorik aurkitzea. Zailtasunak zailtasun, eta ikerketarako dauden bestelako metodoekin konparatuta, galdeketa izaten da informazio beharrezkoa lortzeko modurik eragingarriena, are gehiago galdeketarekin batera hizkera-komunitatearen behaketa zuzena egiten bada eta dauzkan gizarte-egitura, kultura, ekonomia eta abar ere aztertuz gero. Moreno Fernándezek (1998) ere uste du aldagarritasun lexikoaren ikerketari ekiteko modurik onena inkesta dela; gainera, geografia linguistikoan ere oso erabilia izan da luzaroan, eta ondo frogatu da emaitzak izan badituela.

Ikusten denez, aldaki lexikoak jasotzea ez da erraza. Sarritan, solasaldien grabaketetan lekukoak ez du ikertzaileak bilatzen duen informazioa ematen. Horrelakoetan, inkesta bidezko datu-bilketa izaten da erabiliena, eta bilatutako aldakien inguruko galdeketa zuzena egiten da informazio jakina lortzeko.

Baina sistema horrek mugak edo akatsak ere baditu, lortzen den materiala ez baita benetako testuinguru batetik modu naturalean jasotzen; beraz, lekukoak, hizkuntza-egoera horretan behaturik sentitzen denez, eta horrek bere jardunean eragina daukanez, normalean erabiltzen ez dituen aldaerak eman ditzake. Egoera horri Labovek Ikertzailearen paradoxa deitu zion, eta honela definitu:

"soziolinguistikaren helburua komunitate batean erabiltzen den hizkera ikertzea da. Hizkera hori hiztunak sistematikoki behaturik sentitzen ez direnean erabiltzen duena da, baina hizkuntza bat zuzeneko behaketaren bitartez baino ezin da aztertu."

Ikusten denez, soziolinguistikaren helburua hizkuntza bere testuinguruan aztertzea da; inkestak, ordea, gaitasun hori mugatu egiten du. Hori dela eta, ikerketarako egoerarik egokiena, hiztunak aztertua izaten ari dela ez dakienean gertatzen da. Bestela, lekukoak bere jarduera molda dezake, bere ustez azterketan espero dena esaten ahalegintzeko.

Ikertzailearen paradoxa: William Labov-ek erabili zuen terminoa da. Soziolinguistikaren helburua komunitate batean erabiltzen den hizkera ikertzea da. Hizkera hori hiztunak sistematikoki behaturik sentitzen ez direnean erabiltzen duena da, baina hizkuntza bat zuzeneko behaketaren bitartez baino ezin da aztertu.

Eta, azterketa lexikoa, zertarako? Bada, hiztunek forma lexiko ezberdinak nola erabiltzen dituzten antzemateko eta azaltzeko; noiz forma bat eta ez bestea, norekin, zertarako..., hau da, hizkuntza-ekintza zein testuingurutan gertatzen den kontuan izanda, nola jokatzen den aztertu eta, hizkuntza/gizarte binomio horretan, zer arau dauden argitzen saiatzeko. Moreno Fernándezek (1998: 29) horrela azaltzen du: baldintza linguistiko eta estralinguistiko jakinetan alternantzian agertzen diren forma lexikoen erabilera azaltzen ahalegintzen da; forma horiek izenak, aditzak edo adjektiboak izaten dira. Baliteke komunitate berberean elkartu diren jatorri geografiko ezberdineko unitateak izatea; forma kultoak eta herrikoak; estilo formal/ez-formalekoak; tabuak eta eufemismoak... Eta horrekin batera, gizarte-talde ezberdinen berezko lexikoa identifikatzen ahalegintzen da: gazteen hizkera, lanbide ezberdinetakoa, ghettoetako lexikoa eta abar.

Soziolinguistikak, beraz, elementu horien hautaketan aldaera sozial eta estilistikoak antzematea du helburu. Aldaera batzuk kultutzat hartuko dira, beste batzuk herri-hizkeratzat (Horrek ez dauka zentzunik eta Horrek, pulamenturik bapez); batzuek estilo formala erakutsiko dute eta beste batzuek ez-formala (Hain da zaila, non ezin baitut egin eta Gatxa gero! Ezin yot in).

Bestalde, hitz batzuk tabu kontsideratuko dira; hau gertatzen da gizartean eragin berezia duten gaiei loturiko hitzak zenbait testuingurutan aipatzeari egoki irizten ez zaionean. Normalean heriotzarekin, sexuarekin, gai eskatologikoekin eta abarrekin loturikoak izaten dira. Horiek saihesteko, eufemismoak erabiltzen dira. Berauek hitz bakarrak ala perifrasiak izan daitezke: karramarroa (minbizia), seko geratu (hil), popa (ipurdia)...

Zenbait hitz gazte-hizkeratzat hartuko dira eta beste batzuk lanbide jakin bateko jergaren adierazgarriak izan daitezke; adibidez, ikasleak esango du: Penko piloa egon da, eta irakasleak: Ez-gainditu kopuru handia egon da.

Batzuetan bi aldakiren arteko ezberdintasunak lexikoak ala fonetikoak diren bereiztea ere zaila izaten da, hitz baten aldaki fonetikoa askotan iharturik edo fosilizaturik geratzen baita, maila lexikora pasatuz: esan/erran; ireki/idegi/idi...

Ikusten denez, lexikoan ere hizkuntzaren aldagarritasuna ageri-agerikoa da. Ikerketek ematen dituzten datuen bitartez, anabasa horretan ere nolabaiteko ordena jar daiteke.

Aldagarritasuna diskurtsoan

Azken urteotan diskurtso eta hizketaldiari buruzko ikerketan asko aurreratu da, eta, horrekin batera, arlo horietan ematen den aldagarritasuna ere aztertzen hasi da. Dena dela, zaila da aldagarritasun lexiko eta morfosintaktikoaren mugak non amaitzen diren eta diskurtsoarenak non hasten diren jakitea. Beraz, lehenengo eta behin, diskurtsoaren ezaugarri edo bereizgarriak zehaztu egin behar dira, aztertuko direnak aukeratu, eta gero, zer funtzio betetzen duten zehaztu.

Adibide bat Barbara Horvarth-en lana (1985, in Almeida, 2003) izan daiteke. Lan horretan, ikertzaileak Sidney-ko ingelesean adierazpen-perpausetan ematen den tonu-aldaketa aztertzen du: normalean, beheranzko prosodia izaten zuten, baina duela hamarkada batzuetatik hona, goranzko tonuan ahoskatzen dira. Ikerketan, aldagai linguistiko bi aztertu ziren: testu-mota (deskriptiboak, narratiboak, azalpenezkoak...) eta hitz egiteko txandaren luzapena (hitz bakarrekoa, gehiagokoa, hitz bat eta elipsia...). Testu deskriptiboak, nola? galdera eginez lortu ziren; iritzizkoak, zer uste duzu X-ez?; azalpenezkoak, zergatik...?; faktikoak zer?; eta narratiboak, esadazu... Aldagai sozialak adina, sexua, maila sozioekonomikoa eta etnia izan ziren. Ikerketaren ondorioak, honako hauek: datu linguistikoei begira, esan daiteke tonuaren igoera elkarreraginerako egiten dela; kortesia adierazten du. Era berean, esan liteke hiztunak tonu-igotzearen errekurtsoa entzuleak ulertzen diola ziurtatzeko erabiltzen duela; izan ere, tonu-igoera, batez ere, entzulearentzat informazioa denbora guztian berria den testuetan gertatzen da, hots, narrazioetan eta deskripzioetan (testu osoa ulertuko da baldin eta testuaren zati ezberdinak ulertzen badira). Eta hirugarren interpretazio bat izan liteke igorleak, prosodia igoeraren bitartez, bere jardunean jarraitu ahal duen konfirmatzeko eskatzen diola hartzaileari.

Hizkuntzan eragiten duten aldagai sozialak zeintzuk diren aztertzeko, tokian tokikoak aukeratzea oso garrantzitsua da; izan ere, leku batetik bestera asko aldatzen da beraien eragina. Gizarte-antolaketan, aldagai bakoitzak garrantzi ezberdina hartzen du, arrazoi erlijioso, kultural edo politikoen arabera. Adinaren aldagaiak, adibidez, ez du berdin eragiten gizarte guztietan. Gizarte nomadetan, artapen handiagoa behar duten zaharrak oztopo dira beste kideentzat; horregatik abandonaturik edota heriotza errituala egitera beharturik izan daitezke. Gizarte sedentarioetan, ordea, nagusiek estatus handia izan dezakete eta, ekonomian edo kulturan, rol garrantzitsua bete: jakintsuak izan ohi dira, umeak zaindu ditzakete... Adibideotan oso jokabide ezberdinak ikusten dira; beraz, estatus, prestigio, botere sozial aldagaiak zehaztean, kontuan izan beharko da balio horiek kultura bakoitzean nola dauden antolaturik, izaera unibertsala edo partikularra duten zehaztu ahal izateko.

Ikusten denez, hizkuntzetan eragiten duten arrazoi sozialek ez dituzte leku guztietan ondorio berberak izaten. Aitzitik, toki batean garrantzitsua den aldagaiak ez du zertan beste batean eraginik izan. Gizartearen egituraketa moduek, beraz, zerikusi handia dute ikerketa soziolinguistikoa egiteko aldagaien hautaketan.

Gizarte konplexuek gizarte-estratifikazio handiagoa izan ohi dute eta, horrek, aldakortasun linguistiko handiagoa dakar; zenbat eta rol gehiago egon, orduan eta hizkuntza-errepertorio handiagoa beharko da, eta alderantziz. Gaztelaniaz edo frantsesez hitz egiten duten gizabanakoak munduko hainbat lekutan banatuta daude. Hizkera-komunitate bat baino gehiago betetzen dituzten arren, esan daiteke hizkuntza-komunitatea badirela. Kasu horretan, balizko komunitate horien konplexutasun maila altua da. Antilletan, Quebecen, Algerian eta Frantzian, kasu, guztiz gizarte-antolaketa ezberdina dago; hori dela eta, tokian tokiko harremanak eta rolak ere askotarikoak dira; eta horrek guztiak hizkuntza-aldaera kopuru handi-handia egotea eragiten du. Euskararen kasuan, ordea, kontrakoa gertatzen da: normalizatua ez dagoenez, aldakortasun sozial eta estilistiko gutxi dago.

Dena dela, gizarte txikiagoetan ere badago aldakortasun linguistikoa. Adibidez, tribu nomadak (Joshua A. Fishman, in Rotaetxe 1990) hizkuntza-komunitate txikiak dira; bertako kideek lexiko murriztua eta kopuru txikia daukate, taldeko kide gehienek bizipen eta erantzukizun berdinak baitituzte. Hala ere, alderdi pragmatikotik begiratuta, horrelako komunitateetan ere, badaude bete beharreko arauak: menpekoek ez dute buruzagiak bezala hitz egiten; gurasoak eta seme-alabak, umeak eta nagusiak, gizonezkoak eta emakumezkoak ere ezberdin aritzen dira. Horrez gain, uneoro, zein rol betetzen duten (laguna, familiakoa, etsaia...) horrela jokatuko dute hizkuntza erabiltzean.

Fishmanen ustez, komunitate txikietan ez ezik, modernoago eta handiagoetan ere gertatzen da errepertorio-murriztapena gaur egun (ibid.). Ondorioz, murriztapen hori ez da gertatzen taldearen tamainagatik, baizik eta zenbait gizartek estratifikazio txikiagoa dutelako. Hizkuntza asko biltzen diren herrialdeetan, Indian adibidez, gizarte-funtzioa zein den, hizkuntza baten aldaera erabiliko dute: etxean bat, eskolan beste bat, administrazioan beste bat...; komunitate modernoak, ordea, hizkuntza berberaren aldaera ezberdinak baino ez ditu erabiltzen; horregatik, errepertorioa mugatuagoa izango da. Dena dela, azken urteetan gauzak arin aldatu dira, hainbat lekutako pobreziagatik eta bizi-baldintza eskasengatik gizabanakoek emigratu egiten dute; bestalde, globalizazioaren ondorioz ere gizabanakoa gehiago mugitzen da munduan zehar. Hori dela eta, gero eta zailagoa da hizkuntza-komunitate elebakarrak aurkitzea. Beraz, Fishmanen azken uste hori ezin da ontzat eman gaur egungo egoera deskribatzeko.

Goian aipatutako guztia kontuan izanik, edozein azterketa soziolinguistikori ekin baino lehen, oso komenigarria da tokian tokiko nolabaiteko azterketa soziologikoa egitea, aztergai den komunitatean esanguratsuak izan daitezkeen faktoreak aurreikusteko.

Arestian esan dugunez, hiztunak, hitz egiten duenean, nahitaez, beraren izaera sozialari buruzko informazioa ematen du, erabiltzen duen hizkeraren bereizgarriek hainbat datu ematen baitituzte. Batzuk erraz identifika daitezke; izan ere, ez dira norbanakoarenak (idiolektoak) izaten, baizik eta talde jakin batenak. Beraz, nolabaiteko esanahi sinbolikoa hartzen dute. Hori dela eta, modu kontziente edo inkontzientean, identitate soziala indartzeko erabiltzen dira. Almeidak (2003) bi taldetan sailkatzen ditu adierazgarri sozial horiek: batetik, talde baten ezaugarri esklusiboak (talde horrek baino ez ditu erabiltzen) edo preferentzialak (talde batek baino gehiagok erabili arren, modu ezberdinean egiten dute, hau da, erabilera-arau ezberdinei jarraituz); eta, bestetik, igorle eta hartzaileari loturiko bereizgarriak (adina, estatus soziala eta abar).

Aldagai sozialak, bestalde, ez dira banan-banan gertatzen. Hiztuna izan daiteke emakumezko gaztea eta lorazaina, emakumezko gaztea eta ingeniaria, gizonezko nagusia eta irakaslea, gizonezko gaztea eta eraikuntzako langilea...; beraz, kategoria sozialak ez dira kohesionaturiko entitateak, ez dira uniformeak.

Zailtasunak zailtasun, ikerketetan gehien erabiltzen diren aldagaiak sexua, adina, heziketa-maila, maila soziokulturala eta etnia izaten dira.

Sexua/generoa

Gizabanakoen jokabideetan aurki daitezkeen ezberdintasunik sakon, sistematiko, iraunkor eta unibertsalenak generoaren inguruan antolatzen dira (Almeida, 2003). Gizakiaren alderdi guztiak, arrazionala eta emozionala, kulturala eta soziala, banakakoa eta kolektiboa..., generoari egotzi dakizkiokeen ezberdintasunei begira antolaturik daude. Horregatik, gizabanakoen identitate soziala garatzeko, generoa kategoriarik garrantzitsuena den iritzia dago. Emakumezkoak eta gizonezkoak berdinak/ezberdinak diren, zergatik, horrek zer eragin duen gizartearen egunerokotasunean... hori guztia eztabaidagai izan da urte luzeetan, eta emandako azalpenetan, ikuspuntu biologiko, kognitibo, kultural eta politikoak izan dira nagusi. Horrekin batera, azken urteotan, ezberdintasunei antzeman eta horiek azaltzeko metodoen fidagarritasuna kolokan jarriz, iritzi horiek erlatibizatzeko pentsamolde berria hasi da zabaltzen.

Gizonezkoen eta emakumezkoen gizarte-jokabideak aztertzean (berdinak/ezberdinak diren eta zertan), askotan sexu eta genero kontzeptuak sinonimotzat hartu izan dira; baina zenbait autoreren ustez, ez dira guztiz baliokideak.

McConnell-Ginet-ek eta Eckert-ek (1988 eta 1989, ibid.) diote komenigarria litzatekeela sexu berba gizakien berezitasun biologikoak aipatzeko erabiltzea, eta genero ezaugarri soziokulturalei erreferentzia egiteko. Hau da, sexua kategoria naturala da eta generoa konbentzionala, ikasitakoa. Chambers-ek (ibid.) ezberdindu egiten ditu generoak eragindako aldagarritasuna (ezberdintasun linguistikoaren azalpena komunitatean bizi duten egoera sozial ezberdinean aurki daiteke) eta sexuak eragindakoa, bestelako arrazoiek eragiten dutena (frogatuta dago txikitatik emakumezkoek hizkuntzaren hainbat arlotan, adibidez jariotasunean, sintaxian, hiztegian, ulermenean, gaitasun handiagoa dutela). Autorearen ustez, baliteke azken honek emakumearen burmuinaren antolaketa globalean izatea jatorria; gizonezkoen burmuinean, ordea, funtzioak fokatuago edo lateralizatuago daude.

Dena dela, beti ez dira hain erraz ezberdintzen alderdi biologikoa eta kulturala, antropologiatik (Buxó Rey 1978/1988, in Almeida 2003) hartutako hurrengo adibide honetan ikus daitekeenez: zenbait gizartetan, emankor ez den emakumeak gizonezkoen estatus sozioekonomikoa har dezake (aita izan daiteke; abereak eta emaztegaia erosteko beste diru lortuz gero, emakumezko batekin edo gehiagorekin ezkon daiteke; berauek, lagunek edo auzokideek ernaldurik, seme-alabarik izanez gero, hura izango da umeen aita legala eta hauek aita bezala tratatuko dute; etxearen ardura hartuko du; seme-alaben ezkontzak antolatuko ditu...). Rol horri uko eginez gero, ordea, hainbat modutan arbuiatua izango da (neskazahar deituko diote, sorgintzat hartuko dute; azken finean, gizartetik at geratuko da). Autorearen planteamendua laburbilduz, bariazionismoan genero aldagaia kontuan hartzen bada, zaila izango da unibertsalak aurkitzea gizonezko eta emakumezkoen gizarte-jokabideetan; batetik, gizarte-mota asko daudelako (eta, ezagun denez, horietan batzuen eta besteen rolak aldatu egiten dira); eta, bestetik, gizonezkoen eta emakumezkoen ohiko aktibitate ekonomiko, sozial eta kulturalak zeintzuk diren zehaztu egin beharko liratekeelako. Kasu horretan, oso aldakorrak diren datuak eta horien interpretazioak konparatu egin beharko lirateke, eta hori ez da zeregin erraza.

Dialektologian ere sexuen arteko hizkeren ezberdintasunaren inguruko kezkak ezagunak izan dira. Inkestak eta egiteko, emakumeak lekuko onak izan daitezkeen ala ez eztabaidatu izan da ikertzaileen artean. Dena dela, Euskal Herriko Atlas Linguistikoan bertan, gizonezkoen testigantzak baino ez dira hartzen. Ikertzaile batzuek inkestetarako egokiagoak direla uste izan dute; beste batzuek forma arkaikoak hobeto batzen dituztela; aldi berean, emakumeek berrikuntzak gehiagotan erabiltzen dituztela ere esan izan da. Moreno Fernándezen ustez, egindako ikerketetan erabilitako datuak ez dira oso objektiboak eta erregularrak izan; horregatik, ez da frogatu emakumezkoa ez kontserbatzaileagoa ez berritzaileagoa denik.

Horri dagokionez, Manuel Alvar-ek (1956, in Moreno Fernández 1998) Andaluziako herri batean egindako ikerketa batean ondorioztatu zuen arkaismoa edo berrikuntza, emakumeetan, sexuarekin baino bizimoduarekin duela zerikusi handiagoa: gizonezkoek, egiten duten lanagatik, mugikortasun handiagoa dute; hori dela eta, euren hizkera gaztelaniaren normatik hurbilago dago. Emakumeek, ordea, ez daukate beste aldaera bateko hiztunekin kontaktu handirik, eta hortik datorkie kontserbatzaileagoak izatea. Ikusten denez, ezaugarri horrek zerikusi handiagoa du mugikortasunari eta harreman-sareei loturiko aldagaiekin edo lantzen den gaiarekin, sexu/generoarekin baino. Eta, gainera, ondorioak ezin dira estrapolatu, ez baitira unibertsalak. Izan ere, hainbat lekutan, gaur egun emakumezkoen egoera soziala eta gizonezkoena ez dira hain ezberdinak.

Hiztun talde bakoitzean aldagai honek duen garrantzia ezberdina izanik ere, eta ikerketa batzuetan sexuak beste eragile batzuek baino garrantzi handiagoa hartzen duela argi geratu arren, ikerketa gehienetan adinaren ala ikasketa-mailaren garrantzia handiagoa izan ohi da, hau da, neska gazte baten hizkerak gazte ezaugarri gehiago izan ohi ditu emakume ezaugarriak baino.

Esan daiteke, beraz, emakumezkoen hizkera eta gizonezkoena desberdinak direla edozein hizkuntza-komunitatetan? Hots, egia unibertsala da hiztunaren sexuak benetan eragiten duela hitz egiteko moduan? Goian esan denez, ikerketari ekin baino lehenago, datu fidagarriak lortzekotan, aztertuko den eremuko gizarte-antolaketa behatu egin behar da, eta, gero, gizarte ezberdinetan egindako ikerketen emaitzekin alderatu.

Hala eta guztiz ere, badaude genero eta hizkuntza-aldaeraren arteko lotura frogatzen dituzten zenbait datu, munduan zehar hainbat komunitatetan egindako ikerketetatik ateratakoak (Almeida, 2003). Adibidez, emakumezkoek, diskurtsoa antolatzean, gizonezkoek baino gehiagotan erabiltzen dituzte izena edo aditza indartzen dituzten adjektibo edo adizlagunak (guztiz, zeharo, erabat, batere...); gauza bera gertatzen da betegarriekin, hau da, isiluneetan erabiltzen diren hitz edo formulekin (badakizu..., horixe ba..., zera esan behar nizun...); kortesia adierazteko asmoz, zeharkako eskaerak ere gehiagotan erabiltzen dituzte gizonezkoek baino (Hurbil zintezke, mesedez? Lagunduko zenidake? eta horrelakoak esango dituzte, Etorri! eta Lagundu! baino); baita aparta eta liluragarri bezalako esanahi jakinik gabeko adjektiboak ere.

Baina nola antzematen dira gizartean sexolektoak? Cadizeko Unibertsitateko irakaslea den M. Angeles Calero Fernándezek (Calero Fernández, 2007) egindako ikerketa lanaren emaitzetatik, honako ondorio hauek atera ziren. Emakumezkoak eta gizonezkoak kontziente dira euren hizkuntza-aldaerak dituen ezaugarri/bereizgarriez; baina ez, neurri berean, behintzat, bestearen soziolektoak dituenaz. Zergatik? Jaso duten heziketa psikologikoaren ondorioz (curriculum oculto egilearen hitzetan). Hau da, txikitatik, eskola mistoa aspaldikoa izan arren, sexu bakoitzak hainbat sinesmen, jarrera, jokabide ezberdin (baina euren izaeraren identifikatzaile) garatu ditu beste taldea benetan ezagutu gabe, hau da, elkarri buruzko ideiak sexu-estereotipo eta topikoaren barruan noraino dauden egiaztatu gabe. Gizonezkoen idiolektoaren berezitasunak benetakoak direla uste duten emakumezkoek bete-betean sinesten dute horrela dela. Unibertsitarioek, ordea, ez hainbeste, goi-estratuetan mugitzen baitira eta gizonezkoen idiolektoaren berezitasunak (zakarkeria, aginte zuzenak, ondo hitz egiteko ardurarik eza, emakumezkoen hizkuntza-jarduna moztea...) leundu (garbitu) egiten dira. Beraz, isilpeko prestigioa (Trudgill, 1974, ibid.) behe-mailako gizabanakoen artean ematen da gehiago; horregatik, Lehen Hezkuntza baino ez duten emakumezkoek adostasun handiagoa erakusten dute maskulinolektoari egozten zaizkion bereizgarriekin. Gogora dezagun hemen ikerketa soziolinguistiko gehienek frogatzen dutela emakumezkoak kontzienteago direla hizkuntza-erabileren gizarte-balorazioaz ez ezik, kolektibo bakoitza definitzen duten bereizgarriez ere. Zeharkako proposizioak ez dira benetan femeninotzat hartzen, ezta proposizio zuzenak maskulinotzat ere. Dena dela, emakumeak konturatzen dira eurek inoiz gutxitan adierazten dituztela desioak modu zabal batean, baizik eta disimuluan edota zeharka.

Euskal Herrian, Iruñerrian egindako azterketa bateko emaitzek (Orreaga Ibarra; J.K. Lopez, Euskonews, 2009) frogatzen dutenez, gazteen artean ere badago ezberdintasunik (batez ere kalifikazioak egiterako orduan) sexu/genero aldagaiari dagokionez: Mutil batek praka batzuk erosten baditu, eta nolakoak diren galdetuz gero, ia inoiz ez du "politak" hitza erabiliko. "Oso ondo daude nire galtzak" normalagoa litzateke. Biraoen aldetik ere desberdinak dira...

Adina

Urteak joan, urteak etorri, gizabanakoa aldatzen doa ezinbestean. Etengabeko aldaketa hori, itxuran ez ezik, izaeran eta jokabidean ere nabaria da. Jokabide horien artean, ingurukoekin komunikatzeko modua ere badago, eta arlo horretan bizitzan zehar gertatzen diren aldaketak ageri-agerikoak dira. Umetan ez da nerabezaroan edo gaztetan bezala hitz egiten. Zahartzaroan ere aldeak ikusten dira gazte-garaiarekin konparatuz gero.

Beste aldagaiak ez bezala, adina konstantea da. Gizartean gertatutako aldaketa soziokultural edo politikoek sexuen edo gizarte-mailen arteko harremanak alda ditzakete, ezberdintasunak handitu ala estutu. Adin-tarteak, ordea, beti izango dira berdinak.

Hiztunak oso kontuan hartzen du adina bizitzaren alor ezberdinetan, baita hizkuntzari dagokionean ere. Beraz, aldakortasunaren azterketetan aldagai garrantzitsua da, gizakiak bizi dituen egoera kognitibo ezberdinei eta gizarte-rolei loturiko ezaugarriak adierazten baititu. Moreno Fernándezen ustez (1998), eragile sozialen artean, hiztunen adinak zehazten ditu argien eta indartsuen komunitate jakin bateko hizkuntza-erabilera ezberdinak; hau da, adinak, sexuak edo gizarte-mailak baino gehiago baldintzatzen du aldagarritasun linguistikoa.

Dena dela, Eckertek (1997, in Camino 2009) dioenez, parametro hau aldakortasuna neurtzeko erabiltzen denean, adinaren estatus biologikoa baino, daukan gizarte-estatusa da esanguratsua. Hau da, adinaren ondorioz eskuratutako esperientzia eta gizarte-maila.

Adinak, berez, beste aldagai batzuen ezaugarriak barnebiltzen ditu. Mendebaldeko gizarteetan, Euskal Herrian, adibidez, gazteek ikasketa-maila altuagoa izan ohi dute, ondorioz, eredu estandarrarekin harreman hurbilagoa izaten dute eta horrek isla izango du beraien hizkeran.

Zenbait autorek hizkuntza-aldien sailkapena egin dute. Hona hemen Labovek (1964,1972/1983, in Almeida 2003), New Yorkeko datuak jasota, egindakoa:

  1. Oinarrizko gramatika eskuratzea, ume-umetan.
  2. Etxeko edo herriko hizkuntza eskuratzea, 5-12 urte bitartean.
  3. Pertzepzio sozialaren eskurapena, 14-15 urte bitartean.
  4. Aldaera estilistikoez ohartzea, gutxi gorabehera 14 urtetik aurrera.
  5. Estandarraren erabilera egokiagoak, helduaroaren hasieran.
  6. Hizkuntzaren erregistro eta errekurtso guztien eskurapena, heziketa-maila handia eta hizkuntzarekiko ardura berezia duten pertsonek lortzen dutena.

Gaur egun, ordea, hainbat komunitatetan ez da guztiz egia umeek hizkuntzaren oinarriak gurasoengandik ikasten dituzten baieztapena. Batetik, umeak askoz lehenago joaten dira haurtzaindegietara, eta horrela ez bada, guraso biek etxetik kanpo lan eginez gero, beste norbaitek hartzen du umearen ardura; beraz, ezin daiteke esan gaur egun gurasoen eragina adin horretan hain erabakigarria denik. Izan ere, ikerketek bestelako datuak ematen dituzte. Kerswill-ek (1996, in Almeida 2003), Britainia Handiko herri batean (Milton Keynes) egindako ikerketa batean, umeen hizkera ez dela gurasoena bezalakoa ondorioztatu zuen. Kanarietako datuek diotenez (Almeida 2003), guraso batzuen lana dela eta, umeak zaindari karibetarren ardurapean geratzen dira, eta berauen hizkeraren antzeko aldaera egiten dute.

Chambers-ek (in Moreno Fernández, 1998) proposatzen duen sailkapenean, soziolektoak bereganatzeko, hiztunetan hiru ikastaldi bereizten dira:

  1. Haurtzaroa: hizkuntza familia eta lagunen bitartez ikasten den garaia.
  2. Nerabezaroa: hiztun garaikideekin sare-harremana handitu egiten denean eta, nagusiengandik aldentzeko eta identitatea markatzeko, argot edo jerga erabiltzen denean.
  3. Helduaroa: hiztunak, batetik, estandarra gehiago erabiltzen du, eta, bestetik, nahi edo xede sozialei begira aldaera soziolinguistiko jakin bat aukeratzen du.

Esanahi sozialarekiko sentsibilizazio edo kontzientzia linguistikoari dagokionez, autore honek (Chambers 1955, in Almeida 2003) beste batzuekin batera uste du nerabezaroa baino lehenago gertatzen dela eta, kasu batzuetan, umeen eta nerabeen artean aldagai sozialari eta genero-aldagaiari ere antzeman zaiela.

Hiztunen adinaren sailkapenak eta horretarako arrazoiek garrantzi handia hartzen dute ikerketa-lanak diseinatzean; izan ere, zenbat urtetik gorako hiztuna izango litzateke lekuko egokia? Oro har, 14 urte baino gehiago izaten dituzte ikergai diren gizabanakoek. Bestalde, zenbat adin-talde komeni da ikertzea soziolinguistika-lan batean? Betiko moduan, helburuak zein diren, halako jokabidea hartu beharko du ikertzaileak; dena dela, oro har, gutxienez hiru eta gehienez lau baino ez dira izaten. Gehiago izanez gero, seguruenik talde biren arteko berdintasunak handiak izango lirateke, ez esanguratsuak, beraz, eta, gainera, analisia oztopatu edo zaildu egingo luke horrek.

Adinari begirako azterketetako emaitzek esango digute umeen eta gazteen hizkeren arteko ezberdintasunak zein diren, zer hizkuntza-ezaugarri ematen den gehiago nagusietan eta ez hainbeste edo batere ez gazteetan..., baita aldaera gehienak lexikoan, fraseologian eta diskurtsoan gertatuko direla ere. Horrez gain, hizkuntza-aldaketari buruzko informazioa ere eman dezakete aipatutako emaitzek. Adibidez, zaharren artean oso hedatuta dagoen forma jakin bat gazteen artean ia ez dela ematen ikusten bada, esan daiteke erregresio prozesuan dagoela, eta, horren ordez, beste forma bat zabalduko da, seguruenik gazteek bultzatuta. Dena dela, beti ez da horrela izaten. Gerta daiteke berrikuntza muturrean dagoen taldetik etorri beharrean, erdian dagoenak bultzatua izatea. Edota nagusietan oso arruntak diren formak erdiko taldean gutxituz joatea, eta berriro ere gazteen artean berpiztea. Kasu horretan, ez da erraza jakiten datuek benetako aldaera baten berri ematen duten ala gertatuko den hizkuntza-aldaketaren zantzuak diren.

Laburbiltzeko, esan daiteke gizabanakoek bizi dituzten aro ezberdinak erabilitako hizkuntza-aldaeran islatu egiten direla, eta, alderantziz, beraien hizkera garai horietako nolabaiteko etiketa dela. Hazi ahala garatzen dira hizkuntza-gaitasuna lehenengo, eta kontzientzia linguistikoa geroago, ingurukoekin izaten diren harremanetan: umetan, gurasoekin; ondoren, inguruko familia eta lagunekin; aurrerago, partaide den multzo zabalagoarekin; gero, hizkuntzaren bestelako erabilera esparruekin (hedabideak, literatura, telebista); ondoren, lan-harreman eta arlo profesionalekin. Azken fasean, esperientzia guztien batura egin eta bere estiloa egokitzeko moduan dago hiztuna.

Hiztunen jardunean adinak duen eraginaren ondorioz, ezaugarri bereziak dituzten adin-hizkerak bereiz daitezke: umeen hizkera, gazteen hizkera, helduen hizkera, zaharren hizkera. Azken hau da azterketa dialektologikoetan euskaraz gehien aztertu dena.

- Haur-hizkera

Haur-hizkera aipatzen dugunean, errepikapen eta fonema-jokoz betetako aldaera etortzen da gogora, belarrirako goxoa, alaia, dibertigarria dena eta hiztegi berezitua duena.

Lan honetan, haur-hizkera umeek bizitzaren hasierako tarte horretan erabiltzen dutenari deituko diogu; ez, ordea, nagusiek beraiekin hitz egitean erabiltzen duten aldaerari, puntu honetan adinaren aldagaia azaltzen baita, ez egoera komunikatiboaren testuinguruari lotutakoak.

Baina haur-hizkera izendapenaren azpian, zer dago? Zer adierazi nahi da aipatzen denean? Bada, batetik, umeak, bizitzaren lehenengo urteetan, hizkuntzaz jabetzeko prozesuaren lehenengo pausoan egiten duen hizkera; eta, bestetik, haurrekin hitz egitean zenbait nagusik erabiltzen duten aldaera, bai hizkuntza irakasteko bitarteko gisa (hainbat ez dago ados puntu honekin, hizkuntza ondo ikasteko horrelakorik ez dela behar, are gehiago, kalterako ere izan daitekeela uste baitute), bai hurbiltasuna edo goxotasuna adierazteko.

Asko dira euskaraz umeen hizkera, baita umeekin erabiltzen den hizkera ere, aztertu dituzten lanak; adibidez, J.J. Zubirik Hizpide aldizkarian (49. alea), EHUko Itziar Idiazabalek zuzentzen duen ikerketa taldeak jasotako datuak erabiliz, Haur-hizkeraren erabileraz izenarekin plazaratutako lana (hemen ere bertako adibideak erabiliko dira). Bertan, haurrak egiten duen hizkeraren berezitasun batzuk aipatzen dira: maila fonetikoan, sinpleagoa izaten da, egitura fonikoa errazteko asmoz, kontsonante multzoak desagertu egiten dira (p(l)aza, p(r)akak,...), beste batzuk ezabatu edo ordezkatu (sa[r])tu, sa[l]tatu; ekarri>ekali, ikusi>ikuxi); morfosintaxian ez ohi da oso zuzena (ordena, komunztadura...); erabiltzen dituzten nozio semantikoak sinpleagoak edo orokorragoak izaten dira... Dena dela, lanaren helburua, batez ere, umeekin jardutean erabili ohi den hizkera (haur-hizketa) aztertzea da, beraren forma eta erabilerari buruzko berezitasunak (hiztegi berezia, doinu-aldaketa, zenbait soinuren ahoskatze ezberdinak...) plazaratzeko asmoz.

Haur-hizkeraren bereizgarriak orokorrak izan daitezkeen iritzi zabala dago (Snow eta Feguson, 1977; Rondal, 1990; Serra eta beste, 2000, in Zubiri, 2002): ondo ahoskatutako fonetika, tonua markatuxeagoa, erritmoa moteltsuagoa; gramatikalki ondo eraikitako morfosintaxia, baina sinpleagoa; hiztegi murriztua eta berezia; eta praktikan, azpisistema hau ez da egonkorra, haurraren gaitasuna garatu ahala, nagusiaren jardunaren maila ere igotzen baitoa.

Euskaraz, horiez gain, bestelako berezitasun batzuk ere baditu aldaera berezi honek (Zubiri, 2002): maila fonetikoan, hainbat fonemaren bustidura egiten da, batez ere kontsonante txistukarietan, baina baita bestelako kontsonanteetan ere, eta edozein hitz kategoriatan: su>xu, zer>xer, isats>ixatx, ederra>edderra, aita>aitta/aitte..., polita>pollita... Morfosintaxiaren mailan, batez ere hiru fenomeno gertatzen dira: aditz laguntzailea ezabatu ohi da, sistema konplexua baita, baina horrek ez du oztopatzen ulermena: Nik ekarri eta zuk eman; Etorri, nik (zuri) emango yogur...; artikulurik gabeko hitzak erabiltzen dira: Non da pitxitxi (*pitxitxia)? (katua); Hartu brun-brun (*brun-bruna); eta sintagmak azpimarratzeko (galdegaia indartzeko) errepikatu egiten dira esaldiaren hasieran eta amaieran: Amona etorri da amona? Zer egin du Egoitzek zer? Maila lexikoan, izen askok onomatopeia itxura hartzen dute (mu, miau, be-be, brun-brun) eta beste asko hizkera horretakoak baino ez dira (kaka 'zikina, txarra', nini 'haur', mama 'ura, edaria', papa 'ogia', txitxi 'haragia', pitxitxi 'katua', toto/ttotto 'txakurra', punpa 'erori'...).

Haur-hizkera umeak oraindik hitz egiten ez duenean hasten da erabiltzen eta, hiztun berriaren garapen psikolinguistikoa zein den, 4-5 urte izan arte ere luza daiteke. Helduek erabiltzen dute, baina, lehen aipatu den bezala, ez denek, hizkuntza bereganatze-prozesuan laguntza baino oztopo gerta daitekeela uste baita. Bestalde, aipatutako ezaugarriak ez dira sistematikoki agertzen, adibidez, ez dira kontsonante guztiak bustitzen uneoro. Azkenik, esan behar da aldaera hau ez dela edonon erabiltzen, baizik eta etxe-giroan, batez ere.

- Gazte-hizkera

Gazteek txarto hitz egiten duten uste zabala dago gaur egun. Uste baino, kezka ere bada hainbat arlotan, hezkuntzarenean, kasu. Askotan entzuten da gazteek hizkuntza pobrea dutela, hiztegi murriztua erabiltzen dutela, modu arduragabean hitz egiten dutela... Horixe baita nagusiek (gurasoek, irakasleek) beraiengandik jasotzen duten irudia. Dena dela, euren artean komunikatzeko ez daukate inolako arazorik, ondo ulertzen dute elkar darabilten jerga horretan; beraz, informazioa trukatzeko eta elkarrekiko harremanei eusteko balio badie, benetan esan daiteke hain hizkera pobretua dela? Adierazkortasunerako errekurtso falta dutela?

Gazteek, janzkera eta orrazkerarekin bezala, hizkerarekin ere euren pentsamoldeak eta jarrerak adierazten dituzte; gainera, horrela, euren arteko harremana estutu egiten dute; beraz, euren soziolektoan hitz egiten dute. Ezin daiteke esan leku guztietan berdina denik, baina baditu berezitasun nahiko orokor batzuk: estandarretik bereizteko arauak apurtzen dituzte eta talde-izaera indartzen duten elementuak erabiltzen dituzte; gainera, berrikuntza asko beraiek bultzatutakoak dira. Aurreko eta ondorengo adin-taldean daudenengandik bereizteko joerak esamolde, hiztegi eta diskurtso bereiziak izatea ekartzen du.

Euskararen kasuan, bizi den egoera soziolinguistikoa dela eta, kezka handiagoa dago; izan ere, gazteen hizkeran, Hego Euskal Herrian, gaztelaniaren presentzia gero eta zabalagoa da; era berean, Iparraldean areagotzen den presentzia frantsesarena da. Dena dela, ez da harritzekoa interferentzia eta code-switching kasuak gero eta gehiago izatea, komunitate berean bizi diren hizkuntza guztietan gauza bera gertatzen baita. Gazte euskaldunen kasuan, ordea, baliteke euskararen estrukturetan baino erdarazkoetan aurkitzea adierazkortasun maila handiagoa. Edonola ere, joera hori gazteengan ez ezik nagusiengan ere ematen da; beraz, ezin esan haien soziolektoaren bereizgarria denik.

Hizkera-mota hau ere oso aztertua izan da azken aldian Euskal Herrian. Horra hor, adibidez, Kike Amonarrizen lana (Amonarriz, 2008). Bertan, gazte euskaldunen ezaugarri soziolinguistikoak aipatzen ditu autoreak: oro har, adierazkortasun-arazoak izaten dituzte; horregatik, erdarara jotzen dute behar dituzten errekurtsoen bila, euskaraz ez dauzkatelako, egon daudenak erabiltzen ez direlako edo beste hizkuntzetakoei indartsuago deritzelako. Hori guztia dela eta, euskaraz berrikuntza gutxi sortzen dituzte. Jarraian bai gazte-hizkeren (bat baino gehiago baitira), bai sortzen ari diren hizkera gazteen berezitasun orokorrak zerrendatzen ditu. Gazte-hizkera transgresiboa da, arauak apurtu eta botere-hizkuntzarengandik urrundu nahi baitute hiztunek; horretarako batua, euskalkia, erdara, dena batera erabiliko dute, ahoz ez ezik, idatziz ere bai. Jokabide horretatik sortzen diren aldaerek, bestalde, honako ezaugarri hauek agertzen dituzte: erdararen interferentzia-maila ezberdinak, euskaraz ari direnean batua eta euskalkia nahastea, tokian tokiko forma berriak edota zaharrak baina beste balio batekin erabilitakoak, euskalkien arteko interferentziak, akastun erregistroa ere onartuta dago; bestalde, adierazkortasuna lortzeko, gaztelaniara eta frantsesera jotzen dute, baita euskalkietara ere, baina askoz ere gutxiagotan. Horrek guztiak euskarazko argot berririk sortzea eragotzi egiten du.

Ahozkoan ez ezik, maila idatzian ere erabiltzen dute euren hizkera, batez ere teknologiaren garapenak ekarritako komunikazio-bide berrietan, posta elektronikoan, telefono-mezuak idaztean..., eta kasu horietan, idatzitakoa ulergarria izanez gero, ez dago araurik: ahalik eta pultsazio gutxieneko mezuak idazten dira, bokalik gabekoak, h-rik gabekoak, ahoskatzen den bezala idatzitakoak, nabarmendu nahi dutena maiuskulaz...

Iruñerrian egindako lanaren ondorioak (Ibarra eta Lopez, 2009) goian aipatutakoen oso antzerakoak dira: estilo nahasia eta arduragabea, molde ezberdinak aldi berean eta, esanahia puzteko, super guay, mega-fashion eta antzerakoak erabiltzea, erdarazko lexikoa baina euskal fonetikara egokitua (flipatu, mogolloi, putada, belarria jan, kutre, mobida, sobratua dago...) eta, jakina, erdaraz/euskaraz sortutako esapideak.

Soziolinguistika Klusterrak 2007-2009. urteen artean, Gazteen hizkuntza-erabilera, perspektiba eta prospektiba proiektua garatu du. Erabileran eragiten duten faktoreen artean, gazte-hizkeraren beraren ezaugarriek garrantzia dutela ondorioztatu zen proiektuaren bukaerako txostenean (Soziolinguistika Klusterra eta beste, 2009).

- Helduen eta zaharren hizkera

Helduaroan esan daiteke hizkera nolabait egonkortu egiten dela. Batetik, lan-merkatuaren eraginak estandarra erabiltzera bultzatzen du hiztuna; bestetik, harreman-sarean tokian tokiko aldaera (bernakularra) erabiltzen dute. Garai honetako berezitasun handiena estandarraren arauak errespetatzea izaten da.

Caminok dioenez (1992), herri txikietako emakumea, gizarte-mugikortasunik ez duenez, gordetzaileago agertzen da gizona baino; hirietan, ordea, estandarrerako joera du, eta horren barruan prestigiodun formak erabiliko ditu. Dena dela, arestian aipatu bezala, tokian tokiko gizartearen ezaugarriak ezin dira ahaztu.

Zaharren hizkeraren bereizgarria izaera gordetzailea izaten da. Baina horrek ez du esan nahi betiere berritasunen kontra agertzen dutenik euren burua. Izan ere, euren gizarte-sarean adin ezberdinetako hiztunekin aritzen dira; beraz, berrikuntzak ere txertatu egingo dituzte euren jardunean.

Klase soziala

Ikertzaileen artean ez dago adostasunik aldagai hau izendatzeko orduan. Batzuek, adibidez López Moralesek (1993), terminoak dituen ñabardura ideologikoengatik, baztertu egin dute eta, beraren ordez, maila edo estratu terminoak erabili ohi dituzte. Manuel Alvarrek 1972an argitaratutako liburuak ere Niveles Socioculturales en el habla de las Palmas de Gran Canaria du izenburu; lan hau Espainiako soziolinguistikan aitzindaria izan zen. Beste batzuek, ordea, ikerketetan aldagai honi buruzko datuek gizabanakoen maila soziokulturalari erreferentzia egiten diotela onartuta, nahiago dute klase sozial terminoa erabili, Almeidak 2003an argitaratutako lanean, kasu. Horren ustez, termino-aldaketa horrek ikuspuntua ere aldatzen du, gizarte-antolaketan taldeen artean ematen diren harremanak modu ezberdinean nabarmentzen baitira.

Klase sozialak oso aztertuak izan dira soziolinguistika ikerketetan. Dena dela, ez da erraza kontzeptua definitzea. Marxismoaren kapitalista/langile dikotomia zaharretik (ekonomiari begira egindako sailkapena) hasi; klase, estatus eta boterean oinarritutako Weber-en sailkapenarekin jarraitu (lau talde: jabeak, administrariak, merkatariak eta langileak); eta gaur egungo Ipar Amerikako soziolinguistikaraino. Azterketa hori, gizarte-klaseen sailkapena egiteko, heziketa, irabaziak eta lanbidean oinarritzen da.

Gizartean klaseak, estratuak edo mailak egon badaudela gauza jakina da. Gizabanakoak dauzkan errekurtso ekonomikoak, heziketa edota lanbidea zein diren, halako estatusa izango du komunitatean. Soziolinguistikaren zeregina, arlo honetan ere, aberastasun kultural eta ekonomiko horren eragina hizkuntzak nola islatzen duen azaltzea da; hau da, maila jakin bateko gizabanakoen hizkera eta beste maila batekoena berdina/ezberdina da? Zertan? Zergatik? Jokabide horiek unibertsalak dira ala tokian tokikoak?

Puntu honetara helduta, ezinbestekoa da Laboven lanaren garrantzia aipatzea. Bera da oinarri teorikoak, teknikak, eta, azken finean, lan-metodoa ezarri zituena. Ikertzaileak nabarmendu zuen aldaera sozialek eta estilistikoek aldagarritasunean duten garrantzia, eta hiztunaren maila sozioekonomikoarekin eta diskurtsoaren formaltasun-mailarekin duten lotura azpimarratu ere bai. Izan ere, esanahi linguistikoa eta gizarte-esanahia ondo ezberdindu behar dira.

Gizartean dauden talde ezberdinen balioek eta arauek elkarri nola eragiten dioten, gizartean nolako harremanak sortzen dituzten aztertzean, batzuek aurkaketa moduan interpretatu dute; beste batzuek, berriz, lankidetasun moduan (Almeida, 2003). Marxismoak lehenengo ikuspuntua hartzen du: ekoizpen-baliabideak dituztenek boterea ere badaukate eta horrek taldeen arteko gatazka edo borroka sortzen du. Funtzionalismoaren ikuspuntutik, ordea, estratifikazioa gizartearen berezko fenomenotzat hartzen da, orokorra baita. Dena dela, kohesioa ere badago, zeren eta adostasuna bai baitago balio estandarrak edo menperatzaileak onartzeko; bestela esanda, tesia estatusean eta adostasunean oinarritzen da gehiago, boterean eta gatazkan baino. Azken horrek du indar handien gizarte-maila aldagaiak hizkuntzan sortzen duen aldagarritasuna aztertzean (Labov 1966/1982, Guy 1988, Williams 1992, in Almeida 2003).

Baina zertan datza aipatutako irizpide-adostasun hori? Gizarte jakin bateko kideek, gizarte-maila edozein izanda ere, daukaten gaitasun soziolinguistikoari esker, badakite prestigiodun aldaerak (estatus sozial handienekoak) eta prestigiorik gabekoak zein diren. Aldaerek, zein taldek erabiltzen dituen, konnotazio positibo edo negatiboa izango dute. Estilo-aldaeretan, hau da, bariazio diafasikoan ere ikusten da jakintza inplizitu hori; izan ere, hiztun guztiek prestigiodun aldaerak erabili ohi dituzte estilo formaletan.

Kontzientzia linguistiko horrek jokabide ezberdinak sortzen ditu: behe- edo erdi-mailako taldeko partaideek gizartean gora egin nahi badute, prestigiodun-aldaerak erabiliko dituzte goi-mailakoekin identifikatu nahian. Joera hau muturrera eramanez gero, hau da, estratifikazio-eskalan beherago dauden hiztunek goi-mailakoek beren jardunean agertzen dituzten berezitasunak gehiegi erabiliz gero, hiperzuzenketa izeneko fenomenoa ager daiteke, eta horrek hizkuntza erabiltzean ziurtasunik eza adieraziko luke (Almeida, 2003).

Dena dela, egia da aldaera estandarra, batez ere, heziketaren bidez lortzen dela, eta gizarte-maila sozioekonomiko baxuko hiztunek, oro har, heziketa-maila handia lortzeko aukera gutxiago izan ohi dutenez (errekurtso edota motibaziorik eza dela eta), zaila izaten dute aipatutako mugak gainditzea.

Ikerketetan, klase sozialaren aldagaia talde-kopuru ezberdinetan banatu izan da; bitan banatzetik (klase altua eta baxua) bost taldetan banatzeraino heldu da: baxua, ertain-baxua, ertaina, ertain-altua eta altua. Mailaketa hori egiteko, normalean bestelako aldagai batzuk hartzen dira kontuan, hala-nola, ikasketa-maila, lanbidea, familiako diru-sarrerak. Horretarako, beste aldagaiekin bezala, aurretik tokian tokiko azterketa egin behar da. Izan ere, antolaketa politikoak, ekonomikoak edota sozialak asko aldatzen dira gizartea zein den. Beraz, lehen esan dugunez, eredu sozial bakoitzean aldagai ezberdinek hartzen duten garrantzia ere ez da beti bera izaten; hori dela eta, ikerketa diastratikoa egitean, aldagai horien eragina zein den jakitea funtsezkoa izango da. Zeregin horrek ematen dituen arazoak direla eta, sarritan instrukzio-maila, diru-sarrerak edota lanbidea bezalako aldagaiak modu independentean aztertu izan dira.

Labovek, New Yorkeko ingelesaren azterketa soziolinguistikoa egin zuenean (in Moreno Fernández, 1998), hiri horretako gizarte-taldeen inguruan J. Michael-ek (1962, ibid.) proposatutako mailaketa erabili zuen. Honek, ikasketak, lanbidea eta diru-sarrerak kontuan hartuta, eta aldagai bakoitzari 0-3 puntu arteko balioa emanik, 0tik 9 puntura arteko sailkapena proposatu zuen. Horrela, hiztunak lau kategoriatan geratzen dira banaturik: behe-klasea (0-1 puntu), langileak (2-5), klase ertain-baxua (6-8) eta klase ertain-altua (9).

Beste autore batzuek bestelako aldagaiak ere kontuan hartu izan dituzte estratifikazioa modu zehatzagoan egin ahal izateko. Trudgill-ek, adibidez, Erresuma Batuan egindako ikerketan (ibid.), sei adierazle erabili zituen (lanbidea, ikasketa-maila, soldata, etxebizitza-mota, bizilekua eta aitaren lanbidea). Aldagai hauen aldea handiagoa den heinean, estratu edo maila bateko aldaera ere beste estratuetakoek erabiltzen duten hizkeratik aldendu egingo da. Estratifikazioa hizkuntza-aldaketen bultzatzailea izango da. López Moralesek (ibid.), hiru parametro erabiliz (heziketa-maila, lanbidea eta soldata), lau maila ezberdintzen ditu: behe-maila, erdi-baxua, erdi-maila eta erdi-altua.

Ikusten denez, aldeak alde, oinarrian oso antzerakoak dira klase, estratu edo maila sozialak eragiten dituen aldaerak aztertzean, mailaketa egiteko erabiltzen diren parametroak (batez ere, heziketa, lanbidea eta soldatarekin dute zerikusirik), baita gizarte-mailak ezartzeko orduan ere (lau, oro har). Dimentsio anitzeko eredu honek tradizio handia dauka soziolinguistikan; izan ere, 60ko hamarkadatik hona erabili izan da. Horrek, ordea, ez du esan nahi arazorik gabeko eredua denik. Batetik, kontuan hartzen diren adierazle guztien garrantzia edo pisua ez da berbera izaten; konponbidea, bakoitzari haztapen ezberdina ematea litzateke. Bestetik, komunitate guztiek ez daukate eraketa berdina; horregatik, batean pisu handia duen adierazlea baliteke beste batean hain garrantzitsua ez izatea. Hori dela eta, bestelako bideak urratu izan dira, adibidez, gizarte-klasearen adierazleak, osotasun baten zatitzat baino, aldaera independente bezala hartzea. Horrela, analisiek esango dute norainoko garrantzia duen bakoitzak (Moreno Fernández, 1988).

Arazoak arazo, ezagun da gizartean benetako estratifikazioa dagoela: hiztun baten jardunak, kontzienteki egoera komunikatiboak bultzatuta aldatzen ez badu behintzat, "salatu" egingo du zein mailatakoa den. Oro har, esan daiteke gizartean zenbat eta maila altuagokoa izan, orduan eta aldaera arautuagoa edo estandarragoa erabiltzen dela, eta alderantziz; eta talde batetik bestera zenbat eta distantzia handiagoa egon, hainbat eta ezberdintasun nabariagoei antzemango zaiela. Egon badago nolabaiteko paralelotasuna hiztunak daukan gizarte-hierarkiaren eta bere hizkeran agertzen diren zenbait aldagairen frekuentziaren artean (Labov 2001, in Almeida 2003). Dena dela, tartean dauden taldeek hurbilen daukaten taldearen berezitasunak edo ezaugarriak ere berenganatzen dituzte; kasu horretan lotura ez da hain agerikoa izango, jakina.

Bestalde, aldaera diastratikoak aldaera diatopiko edo geografikoi lotu izan dira. Gizarte anglosaxoian, Trudgillek dioenez (1974, in Moreno Fernández 1998), estratifikazio baxuko aldaeretan aldagai geografikoetako ezaugarriak gordetzen dira; maila altuko estratuetako hizkeretan, ordea, aldaera estandarraren ezaugarriak nabariagoak dira.

Horrek ere azalpen logikoa izan lezake: hiriguneetan eta inguruetan hizkera ezberdinak batzen dira, egoera ekonomikoa hobea izan ohi da, askoz ere errekurtso gehiago dago, bai heziketa-maila altua lortzeko, bai bizipen ezberdinak izateko, bai beste estratu batekoekin elkarreraginean aritzeko. Horrek erregistro-kopurua handitzeko aukera ematen du, horien artean, estandarra. Herri txikiak, ordea, gizarte itxiagoak dira; bertan, aipatutako aukerak ez dira hain eskuragarriak; beraz, batetik, tokian tokiko erregistroari tinko heltzen zaio, eta, bestetik, gizartean gora egiteko egokiera gutxi egoten da.

Ondorio hori, ordea, ez da unibertsala, hizkuntza-komunitate guztietan ez baita joera berbera ikusten. Moreno Fernándezek aipatzen duenez, mundu hispanikoan ez da gauza bera gertatzen; hau da, gizartean gora egiteak ez dakar berarekin, eta ezinbestean, hiztunak bere jatorrizko aldaeraren bereizgarriak desagerraraztea edo baztertzea. Izan ere, estatus handia izan arren, nahiko erraz antzeman dakioke gizabanakoari nongoa den.

Jokabide horrek prestigioaren hautematearekin du zerikusi handia, hau da, gizabanakoaren ustez prestigiodun formak zein diren horiekiko jarrera bat edo bestea agertuko du. Baina, egia esan, prestigioa eta klasea oso loturik agertzen diren kontzeptuak dira. Hori dela eta, oro har, prestigioduntzat hartzen diren formak estatus edo botere sozial handia duten taldeetan agertzen dira; eta alderantziz, maila altuko taldeetan erabiltzen diren formek prestigio handia hartzen dute hiztunaren gogoan.

Gizarte-estratifikazioaren azterketak jarraian azalduko diren hiru kontzeptu berriak plazaratu ditu. Honako hauek dira: gizarte-sarea, hizkuntza-merkatua eta bizimodua. Goian aipatutako pentsamolde marxistan oinarritutako ereduetan (gizataldeen arteko harremana borroka bezala ulertuta) erabiltzen dira, eta gizabanakoek produkzio-sisteman duten lekua, taldeen ideologia eta komunitaterako aspektu garrantzitsuetan erabakitzeko daukaten boterea adierazle esanguratsuak dira.

· Gizarte-sarea

Soziolinguistikan gizarte-sarearen kontzeptua Lesley Milroyk zabaldu zuen lehendabizi; honela definitzen du (in Moreno Fernández, 1998): Gizarte-sarea gizabanakoen arteko harreman zuzenen bilbapen edo egitura da eta ondasun eta zerbitzuak trukatzeko, betebeharrak ezartzeko eta kideei dagozkien eskubideak onartzeko eragile moduan funtzionatzen du.

Almeidaren ustez, eredua eragingarria da; izan ere, ez du aztertzen gizabanakoaren jokabidea gizarte-talde jakin bateko entitate bezala, errealitate soziokulturaletik kanpo, baizik eta harreman-sare baten barruan eta komunitatean bestelako posizioak dituzten gizabanakoekin izaten dituen kontaktuei begira. Sarean parte hartzen dutenak elkarri lotuta daude arrazoi ezberdinengatik. Gainera, eredu honek abantailak ditu gizarte-mota jakin bat behatzeko. Nekazaritzatik bizi diren herrietan, etorkinek osatutako auzoetan, adibidez, estratifikazioa ez da hain handia, eta horrelako kasuetan, gizarte-sarearen kontzeptua klasearena baino baliagarriagoa izan daiteke hizkuntza eta gizartearen arteko harremana aztertzean.

Sare sozialez aritzean, beraz, elkarrekiko harremanak dituzten norbanakoen taldeei egiten zaie erreferentzia. Sare sozialak izaera eta dentsitate ezberdinekoak izan daitezke. Dentsitatea neurtzeko, gizabanakoak dituen harreman-kopurua eta sarean posible diren harreman guztien kopurua erkatu egiten dira eta, horrela, dentsitate-indizea lortzen da. Zenbat eta harreman gehiago taldekideen artean, orduan eta dentsitate-maila altuagoko sarea sortuko da; eta alderantziz, harreman-kopurua txikia bada, dentsitate baxuko sarea eratuko da.

Bestalde, multiplizitate-indizea ere neurtzen da, hiztunen arteko harremanen izaerari begira. Harremanak aldi berean lotura-mota ezberdinetakoak direnean, hau da, hiztunak auzokideak ez ezik, lankideak eta lagunak ere badira, ugaritasun edo multiplizitate altuko sareak izango dira. Lotura modu bakarrekoa denean (lankidea adibidez), ostera, multiplizitate-indizea baxua izango da. Eta, beti bezala, honi dagokionez ere, gizartea nolakoa den, lotura-motak ezberdinak izango dira.

Azterketa soziolinguistikoa egiteko, indize horiek aldagai linguistikoekin erkatzen dira. Horrela, hiztun bakoitzari indize bat esleitzen zaio, beraren sare-mota zein den eta bertako kideekiko harremanen izaera eta kopurua zein diren kontuan izanda.

Dentsitate- eta multiplizitate-indizeak erabiliz, gizabanakoa komunitatearen balio-sisteman nola integratzen den ikertu nahi da (Almeida). Sarearen eskalan balio handiagoa dutenek, hau da, harreman-kopuru altua eta gizarte-dimentsio ezberdinetako loturak dituztenek, oro har, balio tradizionalei eutsi eta berrikuntzari uko egiten diote. Eta komunitatean harreman gutxi eta besteekiko lotura sinpleak dituztenek, berriz, arauak alde batera utzi eta bestelako balio-sistema beregana dezakete. Azken finean, sareak bai onurak, bai eskubideak, bai betebeharrak ekartzen dizkio gizabanakoari; beraz, arauaren presioa, sarean zenbat eta murgilduago egon, handiagoa izango da, eta berrikuntzena, berriz, txikiagoa.

Gal-ek (1979, in Almeida 2003) Austriako Oberwart herria aztertu zuen. Bertan, batetik, hungariera hitz egiten da, sistema tradizionalaren balioei lotuta dagoena; bestetik, hezkuntza alemana lan eta ondasunei lotutakoa. Hori dela eta, guraso elebidunen seme-alabak, lan-arloan estatus handia nahi izanez gero, elebakar bihurtzen dira. Bestalde, alemanean elebakarrak diren emakumezkoen artean joera bi ikusten dira: nekazariekin ezkondu eta aita-amaginarreben etxean bizi behar badira, hungariera ikasten dute bertako emakumezkoekiko solidaritate eta errespetua adierazteko; baina lurrari lotuta ez dauden langileekin ezkonduz gero, alemanari eusten diote.

Aurreko adibidetik zera ondoriozta daiteke: hainbat hizkera-komunitatetan herri-hizkera eta langile-klasea oso loturik daude. Oro har, herritarrek eusten diote kultura tradizionalari; ulertzekoa da, beraz, hizkuntza-arloan ere berdin jokatzea. Bestalde, gizarte-maila honetan, dentsitate handiko hizkuntza-sareak sortzen direla ere ikusi dugu. Horrenbestez, harreman estuak izatea, herriko hizkera erabiltzea eta langile-klasekoa izatea elkarrekin ematen diren gertaerak dira, hau da, sare-mota, hizkuntza-aldaera eta gizarte-maila elkarrekin nahiko erlazionaturik agertzen dira. Zergatik, baina?

Autore batzuen ustez, helburua gizarte solidarioagoa lortzea litzateke; izan ere, gizabanakoen arteko lotura estuak lausotzea eta gizartean gora egin nahia bat etorri ohi dira. Bestela esanda, gizarte-maila altua lortzeak harreman-sarea ahultzea dakar. Beste batzuek, ordea, lotura estuak eta solidaritatea biziraupen ekonomikorako egokitzapen-estrategia moduan uler daitezkeela diote.

Teoria biak egiaztatzeko datu enpirikoak egon badaude ere, Almeidak bigarrenaren alde egiten du, batez ere, Fontanak (1994 in Almeida, 2003) egindako interpretazioan oinarrituta. Hauxe da: nazio-estatuen sorrera (XVI. mendetik aurrera) eta, batez ere, kapitalismoaren garapenaren ondorioz, gizarte-talde politiko-ekonomiko boteretsuek, garapen ekonomikoa eta aurrerapena aitzakia hartuta, herritarren bizimodua (artisauak, langileak, nekazariak..) suntsitzeko edota asimilatzeko hainbat mekanismo eta ekintza jarri zituzten martxan. Autoreak dioenez, Europan, ordura arteko bizimodu eta kultura tradizionalak elkarlanean, lehengaien ustiatze arrazionalean, familia-loturari eustean, teknika gizabanakoaren zerbitzuan zegoelako ustean... oinarritzen zen. Hori guztia, ordea, talde boteretsuen helburuetarako oztopo zen. Ildo horretatik jarraituz atera daitekeen ondorioa zera da: langileen artean herriko hizkera erabiltzeak dakartzan betebeharrak talde boteretsuek komunitatean beren balio eta bizimodua ezarri nahiaren kontrako erresistentzia moduan uler daitezke.

Sare sozialen ereduak eta gizarte-klasearenak ez dute zertan aurkakoak izan, autore batzuek horrela ikusi izan badute ere. L. Miroy (1992, ibid.) lehenengoaren alde agertzen da, batez ere, izaera unibertsalagoa duelako (gizabanako oro, komunitatean harremanak dauzkatenez, sare baten barruan daude; baina gizarte guztiak ez daude klase ezberdinetan antolaturik), eta bai herrietan, bai hirietan sortzen diren gizarte-antolaketa modu ezberdinak aztertzeko ere erabili daitekeelako. Labovek (2001, ibid.), ordea, auzo txikietarako gizarte-sareen ereduak abantailak dituela uste du, baina komunitate handietarako ez deritzo batere eragingarri.

Beste autore batzuek (Milroy 1992, Requena Santos; Ávila Muñoz 2002, ibid.) eredu biak elkarren osagarri izan daitezkeela uste dute. Izan ere, sarearen periferian dauden gizabanakoak, hau da, herriko normaren presiopean ez daudenak, erdi- edo goi-klasekoak izaten dira, eta harreman-sarean dauzkaten loturak ez dira hain trinkoak.

Lan honetan askotan aipatu denez, gizartean eredu anitz aurki daitezke; beraz, ez da erraza denak ongi aztertuko duen eredu bakarra edo unibertsala lortzea. Bestalde, soziolinguistikaren helburua hizkuntza eta gizartearen arteko loturak eta berorien egituraketa nolakoak diren argitzea bada, tokian tokiko egoeraren berezitasunei egokituta funtzionatzen badute eta emaitza fidagarriak lortzen laguntzen badute, zergatik ez erabili eskuragarri dauden metodo eta baliabide guztiak?

Asmo horrekin, gizarte-sare kontzeptua aplikatua izan da gurean ere, egoera mikrosozial batzuetan (lan-giroa, lagun-koadrila...), euskara/gaztelaniaren erabilera aztergai zuen ikerlan batean (Martínez de Luna eta beste, 1998).

Gizarte-sarea: azterketa sozialaren unitateetako bat da. Soziolinguistikan gizarte-sarearen kontzeptua Lesley Milroyk zabaldu zuen lehendabizi. Honela definitzen du: gizarte-sarea gizabanakoen arteko harreman zuzenen egitura da eta ondasun eta zerbitzuak trukatzeko, betebeharrak ezartzeko eta kideei dagozkien eskubideak onartzeko eragile moduan funtzionatzen du.

- Hizkuntza-merkatua

Hizkuntza-merkatu kontzeptua hiztunak produkzio-sisteman duen egoerari loturik dago. Hiztunek duten gaitasun ekonomikoa edozein izanda ere, gizartean duten funtzioaren araberakoa izango da euren jarduera linguistikoa. Lanbide jakin batzuetan diharduten hiztunak erabilera estandarretik hurbilago egongo dira euren lanak horrela eskatuta. Maila sozioekonomiko bera duten beste hiztun batzuek, ordea, ez dute "formaltasun" horren beharrik izango eta, ondorioz, ez dute hain aldaera formala erabiliko.

Bourdieuk (1985, in Almeida, 2003) hizkuntza-merkatuaren funtsa eta gizartean betetzen duen funtzioa azaltzen ditu. Merkatu linguistikoa sortzeko baldintza egokiak estatua sortzean ematen dira, hizkuntza ofiziala ere sortu behar baita. Hizkuntza ofizialak, hau da, irakasleek, legegizonek, gramatikariek... zabalduko duten aldaerak kontrolatu eta batu egingo du merkatua. Hizkuntza ofizialaren erabilera merkatuaren bidez hedatu ahala, erabiltzen dutenentzat dauzkan onura material eta sinbolikoaren ideia ere zabalduko da; aberastasun linguistikoaren nolabaiteko sinboloa izango da.

Sankoff-ek eta Laberg-ek (1978, in Almeida, 2003) seinalatu zutenez, goian aipatutako klase- kontzeptuak ez du beti balio izaten zenbait hizkuntza-ezberdintasun azaltzeko. Izan ere, aktoreek, irakasleek, hoteletako harreragileek..., gizarte-maila ezberdinetakoak izan arren, aldaera estandarra erabili ohi dute. Zergatik? Bada, egin behar duten lanarengatik. Gizabanako horiek, hizkuntza-merkatuaren erdian egongo lirateke; bestelako lanbideak dituzten hiztunak, hau da, estandarretik aldentzen direnak, berriz, periferian. Merkatu linguistikoari begira, beraz, hiztunak daukan lanbidea aldaera estandarrean duen gaitasunari dago lotuta.

Estandarrak gizabanakoen bizitza sozioekonomikoan zenbaterainoko garrantzia duen zehazteko, ikertzaileok epaile-taldea aukeratu, lekukoen historial sozioekonomikoa eta berauen egoera familiarrari buruzko datuak eman, eta gizabanako horiek hizkuntza-merkatuan zuten lekua modu sinplean (0 bazterreko egoeran daudenentzat, 1 erdikoentzat eta bitarteko balioak beste guztientzat) ebaluatzeko eskatu zieten. Gero, printzipio horiek Montrealen aplikatu, eta hona hemen emaitzak: merkatuaren erdigunean daudenek forma arautuak gehiago erabiltzen dituzte (zenbait aditzekin être laguntzailea eta ez avoir; ce que forma qu'est-ce que barik, on zehaztugabeko izenordea ils erabili beharrean...).

Labovek ere (1996/1982, ibid.) New Yorken erabili zuen metodo hau, baita frogatu ere Macy's izeneko dendako saltzaileek /r/-ren aldaera prestigioduna erabiltzen dutela publikoaren aurrean hartzen duten garrantzia zein den: sailburuek erabiltzen dute gehien, biltegiko langileek gutxien, eta saltzaileak tartean daude.

Merkatu linguistikoaren nozioak aldeko eta kontrakoak ditu: alde egoteko arrazoiak ikusi berri ditugu; kontrakoek eredu horretan estandarrari ematen zaion gehiegizko garrantzia azpimarratzen dute. Horrez gain, arazoak sortu ohi dira hiztunak hizkuntza-merkatuarekiko duen lotura zehazterakoan, ez baita erraza modu zientifikoan egiteko irizpideak ezartzea.

- Bizimodua

Sare sozialen azterketaren bidez, gizarteko talde jakin batzuen inguruko informazioa lortzen da, ez gizarte osoarena. Lotura zuzena dute sare sozialek bizimoduarekin. Hain zuzen ere, horixe da aldakortasunaren beste ikerketa-eremu bat. Bizimoduaren kontzeptua T. Hojrup-ek aurkeztu du. Antropologo marxistak gizartea hiru taldetan banatuta ikusten du; talde bakoitzak berezko bereizgarri sozial eta ekonomikoak ditu eta, horrekin batera, bizimodu ezberdinak ere bai. James Milroy-k garatu du (in Moreno Fernández, 1998 eta in Almeida, 2003) izaera estrukturala duen aipatutako eredu teorikoa (talde baten bereizgarriak besteetan ematen direnei begira zehazten dira).

Teoria horrek, gizarte-sare txikiak egitura edo talde sozial handiagoekin erlazionatzen ditu. Talde horiek barne-antolaketa duten egiturak dira eta barrurako zein kanporako harreman-moduak ezarrita dituzte. Lanbideari, familiari eta beste kideekiko harremanei ematen zaie garrantzia. Aipatutako autoreek hiru bizimodu-mota bereizten dituzte mendebaldeko komunitate industrializatuetan:

  1. Lehen sektorean aritzen direnek euren artean elkarlanean oinarritutako harremanak izaten dituzte. Oro har, familiak daraman lan autonomoa dute; beraz, aisialdi eskasa. Talde honek dituen sareak dentsitate- eta multiplizitate-indize altukoak dira eta familia dute ezaugarri ideologiko nagusi.
  2. Langileak kontrolatzen ez duen ekoizpen-sistemetan gertatzen da. Soldatapeko langileek osatzen dute, eta familia eta lana bereizirik daude. Lan-arloan mugikortasuna izan dezakete. Soldata eta lanean ematen ez den denbora aisialdirako erabiltzen dira. Auzokoekin eta lagunekin solidaritate-sarea izaten dute. Hemen, aisialdia da ezaugarria. Lanarekiko konpromiso-maila baxua badute ere, elkarren artean harreman estuak izan ditzakete, soldata hobea lortzeko asmoz sindikatuak sortzen dituztenean, adibidez.
  3. Gaitasun handiko langileak. Enpresan boterea irabaztea dute helburu; horrela, nagusien kontrolpetik atera eta eurek bestelako langileen gaineko kontrola lortzea espero dute. Hori dela eta, lanarekiko konpromiso handia izaten dute, oso konpetitiboak dira, aisialdia ez dute disfrutatzen lanean egoten baitira... Lanean mugikortasun sozial eta geografiko handia izaten dutenez, lotura ahulak izaten dituzte. Ikusten denez, lana da talde hau bereizten duen balio ideologikoa.

Bestelako sailkapenik egitea badago, betiere, aztertutako komunitatean talde ezberdinak egonez gero. Izan ere, taldeen arteko harremanak eta taldeei lotutako kultura-jokabidea ez dira berdinak izango komunitate guztietan. Jadanik hainbatetan azpimarratu denez, tokian tokiko berezitasunak, gizarte-egitura eta abar oso kontuan izan behar dira analisi soziolinguistikoari ekin baino lehenago.

Ikerketa soziolinguistikoetan orain arte aipatutako aldagaiak izan dira ikertuenak. Hala ere, badira bestelako aldagaiak duten garrantzia txikiagoa delako edo beste aldagai batzuen baitan ikertuak izan direlako leku txikiagoa izan dutenak.

Ikasketa-maila

Gizabanakoaren ikasketa-mailak lotura zuzena du erabiltzen duen hizkerarekin. Ezagun da zenbat eta ikasketa-maila altuagoa izan, orduan eta gehiago errespetatzen direla arauzko formak edota gero eta gehiagotan erabiltzen direla prestigiodun hitzak edo egiturak. Dena dela, bestelako aldagaiekin, lanbidearekin, gizarte-mailarekin eta abarrekin ere harreman estua dauka. Sarritan, harreman-sareen ezaugarriekin eta bizimodu-motarekin lotura nabaria izaten du, baita bidaiatzeko edota kanpoko komunitateekin harremanak izateko aukerarekin ere.

Oro har, heziketa, lanbide, klase, estatus eta boterearen arteko harreman estua egoten da: zenbat eta heziketa hobea, hobeto ordaindutako lanbidea eskura daiteke, eta, horrekin batera, estatus altuagoa, beraz, botere-ahalmen handiagoa.

Aldagai hau neurtzeko, eskuratutako tituluak, eskolan emandako urteak, alfabetizazio-maila eta abar balia daitezke. Neurgailuak, beste aldagai batzuekin gertatzen den bezala, aztertuko den gizarte-ereduari egokitu beharko zaizkio. Hala ere, horrek arazoak sor ditzake azterketa kontrastiboak egiteko orduan, askotan komunitate ezberdinetako heziketa-sisteman baliokidetzak topatzea ez baita erraza izaten. Beraz, aldagai honi dagokionez ere, ezin da unibertsalik ezarri; baina mailaketa zorrotza erabili barik eta orokortu daitezkeen erreferentziak (ikasten emandako urteak, kasu) erabiliz gero, errazagoa da komunitate ezberdinak alderatzean berdintasunak aurkitzea.

Gure inguruan, normalean, honako mailaketa erabiltzen da: ikasketarik gabea, Lehen Hezkuntza burutua, Bigarren Hezkuntza burutua, Lanbide Heziketa burutua, diplomatua, lizentziatua, doktorea.

Goian esan denez, ikasketa-mailak hiztunak erabiltzen duen kodearekin harreman zuzena du. Horrela, ikasketa-maila baxua duen hiztuna kode murriztuan edo mugatuan arituko da seguruenik. Ikasketa-maila altua duenak, ordea, kode landuagorako sarbidea izango du.

Horri dagokionez, Basil Bernstein-ek defizitaren teoria garatu zuen. Autoreak (1975/1988, 1993/1996, 1996/1998, in Almeida 2003) Britainia Handian, 50eko hamarkadaren amaiera eta 60koaren hasierako langileen seme-alabek eskolan zergatik ez zuten arrakasta izaten aztertu nahi zuen. Horretarako ume horien jarduna eta erdi-mailakoena alderatu zituen eta ezberdintasun handiak aurkitu ere bai. Autoreak dioenez, horren arrazoia hizkuntza-gaitasunean ematen da, batzuek eta besteek esanahia eraikitzeko modu ezberdinak eta, beraz, esperientzia antolatzeko printzipio ezberdinak baitituzte. Behe-mailako ikasleek kode murriztua deitutakoa erabiltzen dute; erdi-mailakoek, kode landua. Kode bien jatorria klaseen arteko harremanetan aurkitu behar da, zeren eta horietan sortu, errepikatu eta egiaztatzen baitira komunikazio-modu ezberdinak: bata menperatzailea eta bestea menpekoa. Horrek ondorio linguistiko, psikologiko eta sozialak izango ditu hiztunarengan.

Hona hemen kode landuak eta murriztuak dituzten ezaugarriak (in Moreno Fernández, 1998):

3. taula
Kode landuen eta kode murriztuen ezaugarriak (in Moreno Fernández, 1998)
Kode landuaKode murriztua
Ordena gramatikal egokiaGramatika sinplea. Amaitu gabeko esaldiak eta egitura sintaktiko errazak
Lokailuen eta menpeko esaldien erabilera egokiaLokailuen erabilera erraz eta errepikakorra
Logikotasuna eta denbora-espazioa zehazteko baliabide ugari eta egokiakInterjekzioen erabilera ugaria
Lehen mailako izenordeen erabilera ugariaIzenordeen erabilera ugaria
Adjektibo eta aditz laguntzaile egoki eta aberatsen erabileraAdjektibo eta adizlagunen erabilera murriztua
Informazioaren antolaketa egokiaDiskurtsoan zehar gaiari eusteko zailtasunak
Antolaketa kontzeptual konplexuei egokitutako hizkuntzaren erabileraEnuntziazio kategorikoak
Hiztegi zabala eta erabilera egokia (sinonimoak...)Hiztegi murritza
Zenbait adieraren azalpen esplizituaAdieren transmisio inplizitua

Ikusten denez, kode murriztua baino ez daukan hiztunak bai gramatikan, bai lexikoan, bai pragmatikan gaitasun eskasagoa izango du; kode landua ere badaukanak errekurtso sintaktikoen erabilera handiagoa egingo du, baita sinbolismo-maila altuagoa adierazi ere.

Kode landua ez menperatzeak ondorio larriak ekar ditzake, adibidez, maila sozioekonomiko baxuko ikasleen eskolaratzean. Izan ere, eskola-porrotarekin lotura dauka. Kode murriztua baino erabiltzen ez duen ikasleak, eskolan kode landua erabiltzen denez, zailtasunak izango ditu hainbat kontzeptu bereganatzeko eta, oro har, bere ikas-prozesua behar bezala burutzeko.

Langile-klasekoen artean kode murriztua da nagusi; izan ere, hiztun guztiek eskuratzen dute modu naturalean eta aparteko ahaleginik egin gabe. Bestalde, euren diskurtsoa oso lotuta dago testuinguruaren oinarri materialari, eta honen laguntzaz baino ezin da azaldu. Erdi-mailakoek, ordea, biak erabiliko dituzte eta ondo ezberdinduko dute zein testuingurutan erabili ere. Hauen diskurtsoa ez da testuinguruaren menpeko, independentea baizik. Horrek pentsarazten du langileen seme-alabak ez liratekeela gai izango hainbat esperientzia hizkuntzaren laguntzaz antolatzeko, ezta pentsamendu logiko edo abstraktuak ere. Hori dela eta, ulertu ere ez lituzkete egingo, eta horrek azalduko luke umeon eskola-porrotaren ugaritasuna (Bernstein, in Almeida, 2003).

Kode bien iturburua, autorearen ustez, hiztunaren familia-motari, familia horren lanbideari eta, azken finean, umeari esanahiak sortzeko eskaintzen zaizkion aukera ezberdinei lotuta dago. Batetik, familia tradizionalean, kide bakoitzaren rola ondo bereizita dago; baina, aldi berean, euren arteko loturak estuak dira. Horrelako rol-sistema itxietan, umeak egokiera gutxi dauka adierazten dituen esanahiak aukeratzeko. Familia-mota hau, batez ere, langileen artean garatzen da.

Bestetik, rolak lausotuago definiturik dituen familia-mota dago, zeinetan kideen arteko harremanak modu konplexuagoan gertatzen diren. Testuinguru horretan, rol-sistema irekia ematen denez, hartzen diren erabakiak ez dira estatusaren eragilearen ondorio, baizik eta gizabanakoaren gaitasun psikologikoarena; gainera, kideek lan-harremanen sare konplexu batean hartzen dute parte. Giro horretan umeak esanahia erabakitzeko gaitasuna garatzen du.

Bernsteinen tesiak jarraitzaile asko baditu ere, kontrako iritzi asko ere sortu ditu. Dena dela, puntu honetan interesgarria dena baino ez da aipatuko: soziolinguista askoren ustez, kode murriztua ez da hizkuntzaren erabilera murriztua, beste erabilera-mota bat baizik.

Lanbidea

Lanbidea eta gizarte-klasea guztiz loturik agertzen diren eragileak dira. Nolako lana betetzen den, halako estatusa hartzen da gizartean, oro har. Aldagarritasunari dagokionez ere, frogatuta dago hiztunaren lanbideak eragin zuzena duela bere jardun linguistikoan. Ondo baloratutako lanbidea duten hiztunek prestigiodun aldaerak erabili ohi dituzte.

Beste edozein aldagairekin egiten den bezala, lanbidearena ikertzeko orduan ere, gizarte-azterketa egin behar da; izan ere, lanbide-motak definitu eta mailakatzean komunitate bateko errealitatea ondo islatzen dela ziurtatu behar da. Bestalde, azterketa konparatiboa egin ahal izateko, bestelako komunitateetan ere ezarritako mailaketa aplika daitekeen ikusi behar da, eta horrela ondorioak unibertsalak diren ala ez erabaki.

Ikerketa soziologiko batzuetan zazpi talde bereizten dira, eta horiexek izaten dira kontuan azterketa soziolinguistikoetan ere. Honako hauek dira: kualifikatu gabeko langileak, kualifikatutakoak, enplegatuak, enpresari autonomoak, erdi-mailako enpresariak, lanbide liberalak eta goi-mailako zuzendari eta enpresariak (Samper, in Moreno Fernández).

Bestelako mailaketak ere egin daitezke. Bentivoglio-k eta Sedano-k (ibid.), bost kategoria hauek ezberdintzen dituzte:

  1. Kinkilari eta saltzaile ibiltariak, kualifikatu gabeko langile hiritarrak, laborariak, etxeko zerbitzua, kualifikatu gabeko zerbitzuak.
  2. Merkatari txikiak, idazkari eta bulegariak, kualifikatutako langileak, artisauak, mekanikoak, saltzaileak, laguntzaile teknikoak, poliziak, soldaduak.
  3. Unibertsitateko profesionalak, lehen eta bigarren hezkuntzako irakasleak, enpresari eta ekoizle txikiak, erdi-mailako arduradunak, teknikoak, ikuskatzaileak.
  4. Jardun libreko unibertsitateko profesionalak, arlo publiko eta pribatuko erdi-mailako gerenteak, graduaziodun militarrak, maila ertaineko enpresari eta ekoizleak, unibertsitateko irakasleak.
  5. Goi-mailako funtzionarioak (botere betearazle, legegile eta judiziala), armadako goi-mailako ofizialak, enpresari handiak, arlo publiko eta pribatuko maila altuko exekutiboak, ondasun handidunak.

Ikerketen emaitzetan, aldagai honi dagokionez, oro har, prestigiodun lanbidea duten hiztunek aldaera prestigiodunak erabiltzen dituztela ikusten da, eta alderantziz. Emaitzok, berriro ere, goian aipatutakoa frogatzen dute. Lanbide, heziketa-maila, estatusa eta hizkuntza-aldaeraren arteko harremana zuzena da.

Bestalde, lanbidearen aldagaiak eragiten duen aldagarritasuna hizkuntzaren maila guztietan antzeman badaiteke ere, lexikoan ematen da gehien. Horren adibide dira euskal dialektologian egindako zenbait lan. Koldo Zuazoren lana (Zuazo, 2005), Eneko Barrutiarena (Barrutia, 1996) eta Mikel Etxabururen arrantzaleen hizkerari buruzko tesia (2006), kasu.

Etnia

Gizabanakoaren hizkuntza-jokabidea azaltzeko, etniaren aldagaia esanguratsua izan daiteke hainbatetan. Adibide argia ijitoen hizkera da; munduan zehar sakabanatutako talde etniko horrek, tokian tokiko hizkuntza bereganatu arren, berezko hizkera sortzen du bere jatorrizko hizkuntzaren ezaugarriak txertatuz. Gaur egun, ordea, talde etniko ezberdinez osatutako gizarteak gero eta gehiago dira; horregatik, aldagarritasuna ezin da beti azaldu parametro horri begira.

Dena dela, eta horregatik hain zuzen, oso aldagai garrantzitsua izan daiteke, zeren eta talde etnikoen arteko harremanak hainbat aldaera linguistikoren iturburu izaten baitira. Adibidez, etorkinek bizileku hartzen duten herriaren hizkuntza bereganatzen badute ere, euren ama-hizkuntzaren transferentzia linguistikoak egiten dituzte; hiztunen kultura-mailak eragina izango du interferentzia-kopuruan, eta zenbat eta luzaroago egon aukeratutako herrialdean, orduan eta ama-hizkuntzaren presentzia txikiagoa espero liteke. Baina jatorri bereko etorkinak elkarrengana hurbilduz gero, prozesua ez da arina izango, euren arteko komunikazioan ama-hizkuntza erabiliko baitute.

Etnia kontzeptua definitzeko, Hutchinson eta Smith-ek (1966, in Almeida 2003) aipatutako bereizgarriak lagungarriak dira. Talde etniko batek honelako ezaugarriak izan behar ditu:

  • Komunitatearen esentzia identifikatu eta adierazten duen izen arrunta.
  • Etniari, familia handi-handia balitz bezala, ahaidetasun fisikoaren zentzua ematen dion mitoa, kideek denboran eta espazioan jatorri berbera izan zuten lekuko.
  • Berezko memoria historikoa.
  • Elementu kultural bat edo gehiago konpartitzea: erlijioa, kultura...
  • Aberriarekiko lotura, fisikoa izan ez arren (diaspora).
  • Taldekideen arteko solidaritate-zentzua.

Egindako hainbat ikerketaren emaitzek etnia-eragilearen garrantzia utzi dute agerian. Giles-ek (1979, ibid.) hiztun beltzen ingelesean hainbat berezitasun aipatzen ditu: [r]-ren galera far bezalako hitzetan; thing, this eta antzeko hitzetan, [t] eta [d]-ren erabilera; orainaldian aditz kopulatiboaren elipsia (she [is a] big girl); singularreko hirugarren pertsonaren markaren galera (she hate[s] him) eta abar.

Hala ere, arraza berez ez da hizkuntza-aldaeren sortzaile. Horren lekuko, egoerari buruz López Moralesek egin zuen lana (in Moreno Fernández, 1998). Autoreak dioenez, Karibe hispaniarrean, gizarte-baldintza berberetan bizi diren hiztunen artean ez dago hizkuntza-aldaerarik beltz eta zurien artean. Arraza batekoa izateak ez dakar ezinbestean aldaera jakin bat erabiltzea. Bestelako eragile esanguratsuagoak daude gizabanakoen jarduna determinatzen dutenak: maila soziokulturala, etorkin heldu-berriak izatea eta abar.

Gure inguruan ikusten denak ere baieztatzen du teoria, baina alderantzizko bidea eginda. Ijitoek, adibidez, aldaera berezia erabiltzen dute. Bestalde, hainbatek ez du kultura-maila handirik lortzerik izan eta batzuek gizartean integratzeko arazoak dituzte; horregatik, botererik ere ez daukate, ezta errekurtso handirik ere. Estatus edota heziketa-maila handiagoa lortzen dutenek, aldiz, agerpen publikoetan erregistro estandarra erabiltzen dute, hori lortzeko baliabideak izan baitituzte. Bizi-baldintza hobeek, beraz, etniak eragiten dituen berezitasunak lausotu edo ezabatu egiten dituzte.

Historian atzera begira jarriz gero (ikuspuntu diakronikotik), ordea, Iberiar Penintsulan, adibidez, kontrako baieztapena egiteko argudioak aurki daitezke. Izan ere, etniak eta horrekin batera datorren erlijio ezberdinak ukipen-egoeran bizitzeak hainbat ondorio izan ditu. Mozárabe izeneko aldaeraren sorrera, kasu, Penintsulako lur musulmanetan bizi ziren Erdi Aroko kristauek erabiltzen zutena. Horrelako kasuetan, hizkuntza identitate-markatzaile izaten da; horregatik, izaera etniko edo erlijiosoa adierazteko eutsi nahi izaten zaio.

Laburbilduz, etnia eragilearen ondorio linguistikoak garrantzi handiagokoak edo gutxiagokoak izango dira, honakoen arabera: hiztunen bizi-baldintzak, bizi diren gizartean lortzen duten integrazio-maila, taldearen kohesioa edota bizitasun etnolinguistikoa.

Jatorria

Historian zehar, gizabanakoek emigratu izan dute herri txikietatik gune handietara, bizimodu berriaren edo hobearen bila. Aurrera atera ahal izanez gero, bertara familiakoak, lagunak, ezagunak ere bildu izan dira helburu berberarekin. Horren ondorioz, jatorri bereko hiztun-multzoak sortu izan dira hirietan. Normalean, herri bereko gizabanakoak, emigratzean, gune berberean kontzentratu izan dira. Horrela sortu ziren New Yorkeko auzo txinatarra, garai bateko Gasteizko auzo judutarra eta beste hainbat lekutako jatorri ezberdineko jendeak osatutako komunitateak.

Hiztun-talde horiek, neurri handiago edo txikiagoan, jatorrizko komunitatearen hizkuntza-bereizgarriak eraman dituzte bizileku berrira. Bertan, euren aldaerari eutsiko diote taldea nolakoa den. Euren arteko harreman-sarea dentsoa izanez gero, gizarte berrian integratu ezean, gizarte horretan gora egiteko aukerarik izan ezean..., hizkuntza berria ikasi arren, haien hizkeraren bereizgarriek luzaroan iraungo dute. Eta alderantziz, euren harreman-sarea arina bada, gizarte berrian integratzen badira edota estatus altuagoa lortzeko aukera izanez gero, jatorrizko hizkuntzaren bereizgarriak galduz joango dira desagertzeraino, belaunaldi berriek ez baitituzte gurasoen aldaeraren ezaugarriak gordeko, seguruenik.

Aldagai hau erabiltzen den ikerketetan, gizabanakoak hirira heldu direneko adinari begira mailakatzen dira. López Moralesek Puerto Ricoko San Juanen (1983, in Almeida, 2003) egindako ikerketetan, honelako mailak ezarri zituen: a) hiriburuan sortu edo bertara 6 urte izan baino lehenago heldutakoak, b) 6-12 urterekin heldutakoak, c) 13-20 urterekin heldutakoak, d) 20 urte baino gehiagorekin heldutakoak. Honelakoak aztertu zituen: /s/-tik datorren aspirazioaren galera, /r/-ren lateralizazioa, /d/-ren galera eta /rr/-ren belarizazioa. Emaitzetan ikusi zen lehenengo biak hirian bertan sortutakoak zirela eta beste biak herrietatik ekarritakoak.

Lehen aipatu denez, jatorri bereko etorkinek elkarrengana biltzeko joera izaten dute. Horregatik, jatorriak aldagarritasunean daukan eragina aztertzeko, auzoetako hizkera aztertzea lagungarria izan daiteke. Moya Corralek (2000, ibid.) Granadan egindako auzoen azterketaren emaitzak honako hauek dira: badaude ahaidetasun eta adiskidetasun lotura handia ematen den auzo tradizionalak, horietan gizarte-harreman estuak sortzen dira eta, aldi berean, hizkuntza-aldaera bernakularrari eusten zaio, hau da, herriko bertako hizkuntza erabiltzen dute. Bestalde, auzo berriak daude, 50eko hamarkadako immigrazioak sortutakoak; bertan, gizarte-harreman ahulagoak sortzen dira eta, ondorioz, estandarraren ezaugarriak gailendu egiten dira. Adibidez, seseo izeneko fenomenoa eta /c/-ren aldaki frikatiboa auzo tradizionaletan berrietan baino gehiago gordetzen dira (seseoa % 77 vs. % 26; /c/ frikatiboa % 36 vs. % 10).