Historian zehar hizkuntzek maila guztietako unitateetan izaten dituzten eraldaketei deritze aldaketa linguistiko. Horiek ez dira hizkuntzan ematen den aldagarritasunarekin nahastu behar. Azken horretan gertatzen diren aldaketak, ikusi dugunez, sinkronikoak dira, eta soziolinguistikaren ikergai, beraz. Haiek, ordea, diakronian gertatzen dira, hortaz, hizkuntzalaritza historikoak aztertzen ditu.
Oro har, bi eragile nagusik ekartzen dute hizkuntza-aldaketa: bata, kanpotik datorrena, mailegua; bestea, hizkuntzaren barruan sortzen dena, analogia. Eragile horien ondorioz, aldaketa linguistikoa arlo fonetikoan, morfosintaktikoan eta lexikoan gauzatu izan da.
XIX. mendeko linguistikan zegoen ikuspegi biologikoa (hizkuntzak jaio, garatu eta hil egiten dira jasaten dituzten aldaketak direla eta) gaindituta, XX. mendeko soziolinguistikak bestelako azterketa egin zuen, batez ere, Labov eta bere jarraitzaileei esker.
Kapitulu honetan ikusi denez, hiztunen idiolektoa aldakorra da, baita hiztun taldeen soziolektoa ere. Aldaerak, besteak beste, eragile sozialek abiatzen dituzte nolabaiteko erregulartasunez, eta beraien analisi kuantitatiboa ere egin daiteke.
Labovek hizkuntzaren aldagarritasuna ez ezik, hizkuntza-aldaketa ere aztertu du. Bere teoriak dioenez, aldaketa linguistikoa, oro har, gizartearen erdi-mailako taldeetan sortzen da eta, talde horien barruan, gizartean garrantzia duten pertsonak dira berriztatzaileak; horiek, bai talde barruan, bai taldetik kanpora, interakzio-indize altua daukate; eta emakumezkoen eragina azpimarratzen da zeregin horretan. Talde etnikoen eragina, ordea, gizartean integraturik ez daudenez, eta hori dela eta, besteek dituzten eskubide eta pribilegioak ez dauzkatenez, ez da esanguratsua aldaketa linguistikoan.
Aldaketa linguistikoa arrazoi estralinguistikoek eragindakoa izan daiteke, hiztunen egoera soziolinguistikoan ematen diren elkar eraginak sortutakoa; adibidez, beste hizkuntza bat hitz egiten dutenekiko harremanak, aldagai demografikoak eta horien eragin kulturalak eta abar. Hizkuntza-ukipenaren kasuan, eragina bi modutara zabal daiteke. Batetik, baliteke hiztunak bigarren hizkuntza ikastean bere ama-hizkuntzaren ezaugarriak txertatzea. Bestetik, ikasten ari diren hizkuntza berrian maila eskasa daukatenez, hiperzuzenketara jo dezakete, eta hori ere aldaketaren eragile da.
Hizkuntzak kontaktuan daudenean, komunitate elebidunetan, adibidez, edo arrazoi teknologikoak, erlijiosoak edo kulturalak direla medio hizkuntzan mailegu-kopuru handia sartzen denean, aldaketa gertatzeko aukera handiagoa egoten da.
Bestalde, hizkuntzaren barne-arrazoiak izan daitezke aldaketaren eragile eta, goian aipatu denez, hizkuntzaren maila guztiei eragiten diete. Maila fonetiko-fonologikoan artikulaziorako erraztasunari lotutako aldaketak gertatzen dira (asimilazioa, disimilazioa, epentesia). Dena dela, salbuespenak ere badaude. Adibidez, II. Mundu Gerraren ostean, New Yorkeko hiztunek ordura arte euren hizkeran arrunta zen /r/-ren elipsia egin beharrean, /r/ inplosiboa ahoskatzen hasi ziren (in Almeida, 2003).
Maila morfosintaktikoan ematen diren aldaketak, askotan, anbiguotasun estrukturala saihestu nahiak eta zenbait unitateren gramatikalizazioak eragindakoak dira. Analogiaren eragina ere handia da, zeren eta hizkuntza-sisteman egon ohi den erregulartasunaren ondorioz, hainbat forma irregular ordezkatu egiten dira orokorragoak diren formekin. Ordezkatze-prozesu horretan, maiztasunak garrantzi handia dauka aldaketa gertatzeko: forma berrien maiztasuna zenbat eta handiagoa izan, orduan eta aukera handiagoa dago aldaketa gertatzeko.
Maila semantikoko aldaketek hitz baten esanahian gertatutako aldaketek ekartzen dituzte, haren esanahia murriztu edo zabaldu egiten denean; metonimia eta metaforarekin lotura daukaten fenomenoak dira. Maila lexikoko aldaketak, batetik, errealitatea adierazteko forma bat beste batek ordezkatzen duenean gertatzen dira; eta, bestetik, kontzeptu berriak edo berezituak adierazteko beste hizkuntza bateko hitzak mailegatzen direnean.
Aldagarritasunaren teorian, ez da onartzen sinkronia eta diakroniaren arteko muga zorrotza. Horrek esan nahi du hizkuntza-aldaketa ikuspuntu sinkronikotik ere azter daitekeela. Izan ere, aldaketa guztiek aldagarritasunean dute iturburu eta, aldagai linguistikoak eta sozialak zein diren eta zenbaterainoko eragina duten, aldagarritasunak aldaketa ekarriko du edo hizkuntza bere horretan geratuko da (Weinreich; Labov; Herzog, 1968, in Almeida, 2003).
Aldaketa denbora errealean aztertzeko, diakronian puntu bi aukeratu eta alderatu egin behar dira. Linguistika historikoan idatzizko dokumentuak baliatzen dira, hizkuntzan gertatutako prozesuen lekuko baitira. Metodo hau, ordea, ez da guztiz fidagarria; izan ere, dauden testuetan eskribauaren hizkeraren ezaugarri diatopikoek (dialektoa) eta diastratikoek (gizarte-maila) eragindako aldaketak zein diren zehaztea ere ez da lan erraza izaten.
Testurik izan ezean, aldaketa gertatu den edo bidean dagoen, eta beraren nolakotasuna zehazteko, azterketa sinkronikoa egin behar da, belaunaldi ezberdinen jardunean hizkuntza-forma jakinen jokabideari erreparatuz.
Ikuspuntu horretatik, hizkuntza-aldaketa ez da denbora errealean aztertzen, denbora erlatibo edo itxurazko denboran deritzonean baizik. Adibidez, gazteen hizkeran maiztasun handiz ematen den aldaera linguistikoa garai bereko hiztun adinduagoengan gutxituz badoa, aldaketa berriztatzailea bidean dagoela esan daiteke. Era berean, nagusien artean maiztasun handiz entzuten den aldaera, bestelako hiztunek zenbat eta gazteagoa izan orduan eta gutxiago erabiltzen badute, forma hori erregresio prozesuan dagoela eta litekeena galtzea dela ondoriozta daiteke.
Dena dela, belaunaldi ezberdinetan aldaerek ematen dituzten datuen fidagarritasuna norainokoa den ez dago argi. Hori dela eta, bestelako informazioa kontuan izan dute ikertzaileek; aldaeren gizarte-estratifikazioa, adibidez.
Aldaketa dialekto batetik bestera gertatzen da
Labovek (in Almeida, 2003) New Yorken hizkeran r-ren aldagarritasunari buruzko lanean, aldakien distribuzio soziala aztertu zuen, baina hizkera-estilo ezberdinak kontuan izanda, hau da, aldagai diastratikoak eta diafasikoak erabiliz. Bertan, erdi- eta behe- mailako gizarte taldeetan hiperzuzenketarako joera ikusten da, aldaketarako hastapena izan litekeena. Estilo ez-formaletan, bat-bateko elkarrizketan adibidez, erdi- eta behe- mailako hiztunek goi-mailakoek baino aldaki prestigiodun gutxiago erabiltzen dituzte. Estilo formaletan (hitz solteen irakurketa), ordea, hiperzuzenketara jotzen dute eta azken horiek baino maiztasun handiagoz erabiltzen dituzte prestigiodun aldakiak.
Autore honen ustez, hizkuntza-aldaketak, dituzten bereizgarri psikosozialak zein diren, bi motatakoak izan daitezke (1986/1982; b972/1983; 1991, ibid.): behetik gorakoak eta goitik beherakoak. Bai batzuk, bai besteak azpitalde batean hizkuntza-forma jakin bat orokortzen denean hasten dira; horregatik, hasieran, identitate markatzat har daitezke. Forma horiek, azpitalde horretako ondorengo belaunaldien erabileraren bidez, gero eta erabilera-esparru zabalagoa izango dute eta, horrela, beste gizarte-taldeetara hedatu. Hori gertatuz gero, aldaki horien esanahi soziala ere aldatzen joango da eta aldaketa gauzatuko da, beraz. Baina prozesu hori guztia modu inkontzientean gertatuko da. Horrela gertatutako aldaketei behetik gorako aldaketa deritze. Horrelako aldaketak herriko hizkeran sortutakoak dira, ez dira modu kontzientean gertatzen eta edozein gizarte-mailatan gerta daitezke.
Aldaketa sortzen duen taldea estatus altukoa ez bada, ordea, baliteke taldekideek, bitarteko instituzionalek (eskola, hedabideak...) duten eraginaren ondorioz, sortutako forma berriak baztertzea. Jokabide hau goitik beherako aldaketaren hasiera izango litzateke; izan ere, aldatutako formak zuzentzeko eta, horrela, estatus handiagoa dutenen prestigiodun aldaerara hurbiltzeko ahalegina da. Horrelako aldaketek, askotan, prestigio handiko formen gizarteratzea ekartzen dute. Aldaketa-mota hau goi-mailakoek zabaltzen dute modu kontzientean; batzuetan maileguak izaten dira, eta askotan, lehenengo eta behin, estilo formaletan ematen dira eta geroago zabaltzen dira herriko hizkerara. Dena dela, betiere ez dira hedatzen.
Puntu honetara helduta, hizkuntza-aldaketan eragiten duten faktore garrantzitsu bat azaltzea komeni da: prestigioa.
- Prestigioa
Prestigioa, hizkuntza-aldaketan, eragile estralinguistikoa da, hau da, forma jakin bat ez da berez prestigiodun edo prestigio gabea, nork, non eta zertarako erabiltzen duen baizik. Bestalde, gerta daiteke hiztun baten ustez prestigiodun forma dena beste batek horrela ez sentitzea. Hau da, forma edo erabilera baten aurrean, hiztunek jarrera ezberdinak har ditzakete.
Argotak, adibidez, euren hiztun-taldeetan izan ezik, gizarte-prestigio handirik izan ohi ez duten hizkuntza-aldaerak dira. Batez ere, talde marjinalek eta zenbait lanbide artistiko dutenek erabiltzen dituzte taldekideen arteko komunikazioan. Hainbat argot-mota daude, eta elkarri eragiten diotenez, ezaugarri esklusiboak eta besteekin konpartitutakoak dituzte. Argota eta lagunarteko hizkera nahas badaitezke ere, ez dira berdinak: azken horiek izaera informala duten adierazpenak dira, baina, haiek ez bezala, ez dira marjinalak, erabilera arruntekoak baizik. Bestalde, argot jakin bateko terminoak orokortzen direnean, argot izateari uzten diote.
Nola lortzen edo galtzen dute, baina, forma linguistikoek prestigioa? Oro har, gizarte-maila altuan edo botere-guneetan erabiltzen badira, prestigio handia lortuko dute; eta alderantziz, behe-mailako hiztunek erabiliz gero, galdu egingo dute. Dena dela, goian ikusi dugunez, salbuespenak ere badaude.
Aldaketak gizarte-sarean du abiapuntua
Gizarte-sareen teorian oinarriturik, J. Milroyk (1980, ibid.) hizkuntza-aldaketari buruzko bestelako teoria bat garatzen du, hiru ardatz nagusi dituena:
- Hizkuntza-ekintza, salbuespenak salbuespen, testuinguru sozialean gertatzen da.
- Hizkuntza-aldaera baten deskribapena egiteko, komunitatean indarrean dauden hainbat irizpide eta erabaki sozial oso kontuan izan behar dira.
- Aldaketa bat gertatzekotan, horren kontrako indarrak (hizkuntza-leialtasuna, gizarte-sarea, talde-identitatea...) dauden eremuan gertatuko da.
Autore honek ere uste du aldaketa aldagarritasunean hasten dela. Bere lanetan aldagarritasunaren arauak eta hizkuntza-komunitatearenak aztertzen eta azaltzen ditu. Aldaketa hizkuntza-komunitate bateko arauetan dagoen adostasunean dago; horrek adierazten du talde horretako hiztunen artean nolabaiteko akordioak daudela.
Bestalde, sare sozialaren ikuspuntutik, berrikuntza eta aldaketa ezberdintzen ditu. Berrikuntza hiztunak egiten du, eta baliteke gero hizkuntza-sistemari eragitea. Aldaketak, ordea, beti dauka eragina sisteman. Puntu honetan autorea ez dator bat linguistika kuantitatiboarekin, deskribatzen dituen aldagarritasun-motak hizkuntza-sisteman txertaturik baitaude eta arau erregularrei jarraituz gertatzen baitira. Bere ustez, komunitate bateko hiztunen artean sortzen diren harreman estuak indar kontserbatzaile izan daitezke eta, horrela, aldaketa-prozesua moteldu; lotura ahulek, ordea, herriko hizkeraren arauei heltzeko aukera murriztu egiten dute, batetik, eta, bestetik, aldaketa bultzatzen duten kanpoko presioen aurrean jartzen dituzte hiztunak.
Aldaketa erregistro-aldakortasunean hasten da
Finegan eta Biber-en teorian (Edward Finegan; Douglas Biber, 1994), ordea, aldagarritasunaren eragile nagusia erregistro-aldaketa da. Beren lanean, aurreko hiru hamarkadetan soziolinguistika kuantitatiboak aztertutako aldagarritasuna, hiru motatakoa izan dela diote: testuinguru linguistiko ezberdini lotutakoa; hiztunaren bereizgarri sozial edo demografikoari lotutakoa; eta erabilera-egoerari lotutakoa. Eurek, berriz, uste dute aldagarritasun soziolinguistikoa azalduko duen teoria egokiak gizarte-dialektoen, hau da, soziolektoen eta erregistroen aldagarritasunaren artean dagoen harreman sistematikoa azaldu behar duela.
Hori dela eta, erregistro-aldakortasunaren eta gizarte-dialektoen zenbait eredu sistematiko deskribatzen dituzte, aldaera linguistiko askoren oinarrian erregistro-aldaketa dagoela argudiatuz. Horretarako, bi baieztapen egiten dituzte. Batetik, hiztun bakar batek hizkuntza-forma ezberdinak erabiltzen ditu egoera komunikatiboa zein den; bestetik, hizkuntza bera duten hiztun ezberdinek gauza berberak esaten dituzte, baina modu ezberdinetan. Aldagarritasun hau sistematikoa da, hiztunek ahoskera, morfologia, lexikoa eta gramatika aukeratzen baitituzte linguistikoak ez diren hainbat eragileri begira: hiztunaren helburua, igorle eta hartzailearen arteko harremana, hizketa-gaia, hizkuntza-ekintza zein egoeratan ematen den, hizketaren abiadura... Horrek guztiak eragiten dituen ahoskerak, forma lexikoek eta gramatikalek estiloa osatzen dute. Estiloa, beraz, hizkuntza erabiltzeko modu berezi eta berezkoa dela esan daiteke.
Horri begira, zenbait egoera komunikatibo ezberdinak dira hiztunek aldaera zaindua egiteko daukaten aukera zein den. Adibidez, publikoan egiten diren diskurtsoetan, mezua planifikatu eta errebisatzeko aukera handiagoa dago, lagunen arteko elkarrizketetan baino. Horrek, argitasuna lortzeko baldintza hobeak eskaintzen ditu eta, beraz, hizkuntza-ezaugarri landuak sortzeko aukerak ere bai.
Laburbilduz, aldagarritasuna azaltzeko proposatzen duten ikuspegi soziolinguistikoak honako hauek adierazi eta azaldu behar ditu:
- Egoera linguistiko edo testuinguru ezberdinetan ematen den aldagarritasun sistematikoaren eredua edo patroia.
- Gizarte-taldeetan ematen den aldagarritasun sistematikoaren patroia.
- Eredu bion artean dagoen paralelotasuna.
Bestela esanda, erregistroak eragiten duen aldagarritasuna eta soziolektoetan antzematen dena bat datozela erakutsi nahi dute. Euren ustez, erregistro-aldaerak sistematikoki gertatzen dira betetzen dituzten funtzioek eragindakoak direlako; hots, eragile funtzionala daukatelako. Gizarte-dialektoen aldagarritasuna aztertzean ere, aldagai berberetarako aldaera sistematikoak ematen dira, zeren eta gizarte-talde ezberdinetako hiztunek eta idazleek ahozko eta idatzizko erregistroak eskuratzeko aukera ezberdinak baitituzte. Beraz, erregistro-aldagarritasuna eragiten duten eredu funtzionalek, elementu berberetan ematen den dialekto sozialen aldagarritasuna ere eragiten dute.
