Kontzeptua

Hizkuntzaren aldakortasuna

Hizkuntza aldakorra da. Edozein hiztunek daki bere hizkuntza ez dela uniformea, ez hizkuntza-komunitatean, ez hizkera-komunitatean, ez bere jardunean. Ezagun da hizkuntza ez dela beti berdin erabiltzen. Ahoskera, intonazioa, lexikoa eta egitura sintaktikoak aldatu egiten dira hiztunen ahotan. Gramatiketan eta hiztegietan biltzen diren egiturak eta lexikoa aukeratu eta moldatu egiten dira hitz egitean.

Hizkuntza-komunitatea: soziolinguistikaren aztergai den unitate soziala da. Autore batetik bestera, terminoaren adiera aldatu egiten den arren, oro har, esan daiteke hizkuntza bera erabiltzen duten hiztunek osatzen dutela hizkuntza-komunitatea.

Esan daiteke, beraz, hizkuntzak, bizirik dauden neurrian, ez direla estatikoak: ekintza da hizkuntza, ez emaitza bukatua (Iñaki Camino, 2009). Historian zehar (diakronian) aldatu egiten dira nabarmen, baina hiztun garaikideek ere ez dute berdin hitz egiten; beraz, sinkronian ere ikus daiteke aldagarritasuna. Shakespeare, Cervantes, Etxepareren lana irakurrita, berehala konturatuko gara orduko ingelesa, gaztelania eta euskara ez zirela gaur egungoak bezalakoak, hainbat aldaketa fonetiko-fonologiko, morfosintaktiko eta lexiko gertatu dira hizkuntza horietan azken ia bostehun urteetan. Batzuk arrazoi linguistikoek sortutakoak (fonemen neutralizazioak: gaztelaniaz /b/ eta /v/ fonemena, bizkaieraz /s/ eta /z/-rena), eta beste batzuk arrazoi ekonomiko-sozialengatik gertatutakoak (besteak beste, zientzia- eta teknologia-aurrerapena dela eta, hainbat hitz zaharkituta geratu dira eta beste hainbat sortu, egokitu, mailegatu...).

Sinkronian ematen diren aldaketak ere nabarmenak dira: gazteek eta zaharrek ezberdin hitz egiten dute; gainera, oso arraroa izango litzateke aitona-amonek neska-mutilen aldaeran aritzea, eta alderantziz; familia- edo lagun-giroan eta lanean erregistro ezberdinak erabiltzen dira; eraikuntzako langileek eta abokatuek ere ez dute berdin hitz egiten... Hau da, hizkuntza-maila ezberdinak izaten dira sinkronian: familiarra, zaindua, teknikoa, kultua, herrikoa, gizarte-talde jakinetakoa, hainbat azpitaldetakoa (argot-mota ezberdinak). Horrez gain, aldaera geografikoak daude: dialektoak, azpidialektoak...

Aldaera: aldagai multzo batean aldaki jakin batzuk hautatuz sortzen den hizkuntzaren erabilera sailkagarria, nolabaiteko sistema osatzen duena.

Bestalde, hizkuntza gehienak bestelako hizkuntzekin daude kontaktuan, eta ukipen-egoeran dauden hizkuntzek, ezinbestean, elkarren eragina jasoko dute bai fonologian, bai morfosintaxian, bai lexikoan. Gaur egun, ingelesa mundu-mailako komunikazio-hizkuntza nagusia da. Zientzia-arloan argitaratzen denaren ehuneko handi bat ingelesez dago. Informatika eta Interneten garapenaren ondorioz, ingelesa oinarri duen hiztegi berezitu oso bat garatu da edozein hizkuntzatan. Beraz, ingelesaren eragina ia mundu osoko hizkuntzetan nabarmena da, neurri handi batean lexikoan baino ez bada ere.

Euskal Herrian, hizkuntza-ukipenak izaten dituen ondorioen oso adibide argia daukagu. Frantsesa eta espainolaren ezaugarriak barneratu egin dira euskararen maila linguistiko guztietan. Bestalde, neurri txikiagoan bada ere, berton hitz egiten den gaztelanian euskararen hainbat zantzu aurki daitezke (Hoy también no ha venido, eran para venir a las siete, caer ha hecho y romper la pierna, si lo sabría ya te diría...).

Etengabeko aldaketa hizkuntza-ekintzaren berezko ezaugarria da. Hizkuntzalaritza tradizionaleko ikertzaile batzuek pentsatu izan dute aldaketak ausazkoak direla; beste batzuk, ordea, aldaketen arrazoia bilatzen ahalegindu dira hainbat eragile aipatuz: igorlearen gizarte-ezaugarriak (emakunezkoa/gizonezkoa, gaztea/zaharra...); hartzailearenak (ezaguna/ez ezaguna, estatus altuago/baxuagokoa...); hizkuntza-ekintza gertatzen den esparrua (etxea, lantokia, aisialdirako lekua...); mintzagaia, helburua eta abar. Isabaert-ek (1977, in Camino 2009) dioenez, hizkuntza ez da mekanismo guztiz perfektua, zirrikituz beterikoa baizik, eta horrexek zabaltzen die bidea aldaketei. Galdera nagusiak bi dira: zergatik aldatzen dira hizkuntzak? Nola gertatzen dira aldaketa horiek?

Hizkuntzetan indar kontrajarri bi aritzen dira, bata zentripeto dei dezakeguna eta bestea zentrifugoa. Lehenengoak batasuna eta egonkortasuna bultzatzen ditu, eta, oro har, komunikatzen eta elkarri ulertzen jarraitu beharrak elikatzen du; bigarrenak, berriz, aldakortasuna sortzen du, eta kapitulu honetan azalduko dira fenomeno horren zenbait arrazoi. Indar bakoitzak norainoko eragina duen, hizkuntzak bere horretan luzaroan iraungo du edo aldaketa-prozesu arina jasango du.

Aldaerak deskribatu, aldagarritasuna eragiten duten faktoreak zeintzuk diren zehaztu, euren eragina norainokoa den neurtu, gizarte-talde bakoitzari zer aldagai dagokion ikusi..., hori guztia da ikergai soziolinguistikaren adarra den bariazionismoan edo aldakortasunean.

William Labov-ek, diziplina honen aitzindariak, eta bere jarraitzaileek egindako ikerketa soziolinguistikoetan hainbat bereizgarri identifika daitezke. Tracy D. Terrell-ek (1983, in Maitena Etxebarria, 2002) honela sailkatu ditu:

  1. Gune jakin bateko bereizgarri guztiak kontuan izan beharrean (dialektologia tradizionalean egiten den bezala), garrantzi teorikoa duten ondo mugatutako fenomenoak aztertzen dira.
  2. Corpuserako datuak biltzeko, elkarrizketa askeen grabazioa erabiltzen da.
  3. Gizarte-parametro jakin batzuei begira aukeratzen da hiztun-lagina.
  4. Aztertutako fenomenoen analisi eta estudio kuantitatiboak egiten dira.

Labov-ek, Weinreich-ek eta Herzog-ek (1968, in Humberto López Morales, 1993) planteatu zuten hizkuntzak egitura heterogeneoak direla, baina heterogeneotasun hori modu ordenatuan gertatzen dela, hau da, hizkuntzaren barruko eta kanpoko aldagaien ko-bariazioak definitzen du hiztunak erabiltzen duen mintzamoldea edo aldaera. Labovek egindako lehenengo ikerketetan, eta geroagokoetan ere bai, frogatuta dago tesi hori. New Yorkeko ingelesa aztertu zuenean (Labov, 1966a, ibid.), bertako gaitasun soziolinguistikoa definitzen dituzten aldagaiak, batetik, gizarte- eta ekonomia-maila eta, bestetik, adina direla frogatu zuen: goi-mailako hiztunek /r/ fonema ahoskatu egiten dute kontsonante aurrean eta hitz- amaieran; behe-mailakoek, ordea, /r/ ahoskatu ez eta aurreko bokala luzatu egiten dute. Lan horretan, /th/ segmentu fonikoaren aldaerak ere ikertu zituen, soziolekto barruko lau estilotan (bat-batekoa, zaindua, testu-irakurmena eta hitz solteen irakurmena); emaitzek frogatu zuten, berriro ere, maila sozialak eta ekonomikoak eragin handia daukatela bertako hiztunek erabiltzen dituzten aldaeretan: maila altukoek bat-bateko estiloan aldaki frikaria nahiago dute; baxukoek, ordea, herskariak eta afrikatuak. Manuel Alvarrek horrela irudikatu zuen hizkuntza-aldagarritasuna.

Aldaera linguistikoen arteko harremanak azaltzen dituen piramidea. Manual de dialectología hispánica. El Español de España (Manuel Alvar, 2007: 39).

7. irudia

Hona hemen Labovek Philadelphian hizkuntza-aldaketa eta aldakortasunari buruzko lanetatik ateratako ondorio nagusiak (in Larraitz Garmendia, 2001):

  1. Hizkuntza-aldaketak erdi-mailako gizarte taldeetatik sortzen dira.
  2. Horren barruan, berritzaileak estatus handieneko pertsonak izaten dira.
  3. Berritzaileek gizarte-elkarreraginean dentsitate mailarik handiena dute.
  4. Hizkuntza-aldaketa gehienetan emakumeak gizonen aurretik doaz.
  5. Sartzen diren etnia-talde berriek eskubide eta pribilegioak lortzen hasten direnean hartuko dute parte hizkuntza-aldaketan.

Puntu honetara helduta, komenigarria da hizkuntza, dialekto, soziolekto, idiolekto bezalako terminoei buruzko zehaztapen edo definizio batzuk argitzea, labur bada ere.

Hizkuntza sistema birtuala da, kontzeptu teorikoa, abstraktua. Saussure-ren, Pragako eskolaren eta Amerikako estrukturalisten ikuspuntutik, hizkuntza elkarri lotuta dauden zeinuen sistema da; bertako elementuek (soinuek, hitzek...) ez daukate berezko esanahirik, baizik eta sisteman daukaten oposizio- eta ekibalentzia-harremanek ematen diete.

Dialektos forma grekoak Grezia osoan erabiltzen ziren sistema ezberdinak aipatzeko erabiltzen zen. Bakoitza literatura-genero jakin bateko sistema zen (jonikoa, genero historikoan; dorikoa, kantu koralean...). Dialektos Greziako herrialde bakoitzeko hizkuntzatzat hartzen ziren eta eremu horretako dialektoak (gaur egungo zentzuan) barnebiltzen zituzten.

Dialektoa berezko sistema lexiko, morfosintaktiko eta fonetikoa daukan aldaera da eta hizkuntza baino eremu geografiko mugatuagoan erabiltzen da. Sistema horrek eta eremu horretako hizkuntza estandarrarenak jatorri berbera dute, baina batzuetan ez du lortzen honek daukan estatus soziokulturala. Dialektoak, beraz, aldaera geografiko edo diatopikoak dira.

Prestigioa aipatzen da auzi honetan, zenbait eremutan hizkuntzak izaten baitu dialektoak baino prestigio handiagoa. Hiztun kopuru handia duten eta geografian sakabanatuak dauden hizkuntzen kasuan (ingelesa, portugesa, gaztelania), ordea, eragile honen ondorioak ez daude hain argi. Hizkuntza-komunitate horietan estandarra hizkuntza-aldaera bat baino gehiago da. Adibidez: BBCn erabiltzen den aldaera da Ingalaterran estandarra, baina ez New Yorken.

Dialektoak muga geografiko edo politikoek zehaztutako eremuetan zabaltzen dira. Aldaera geografikoaren erabilera, dena dela, ez da berdina hiztun guztiengan, hizkuntza gizartearen barneko egituraren isla ere baita; beraz, bereizgarri sozialek ezkutatu egin ditzakete ezaugarri dialektalak. Bestalde, gizabanakoa bizilekuz aldatzen bada, berarekin daraman hizkera ingurune berri horretako molde edo hizkuntza-aldaerara egokitzen da, neurri handi edo txikiagoan; etorkinek komunitateak sortzen badituzte, jatorrizko hizkuntza beraien entitateari eusten dion gizarte-lotura bihurtzen da eta, kasu horretan, dialektoak trinkoago eta luzaroago iraungo du. Harreman-sarea hain dentsoa ez denean, eta etorkina gizarte berrian integratu ahala, ezaugarri dialektalak ere ezabatuz joango dira.

Aldaera diatopikoa: dialektoa. Dialektoa berezko sistema lexiko, morfosintaktiko eta fonetikoa daukan aldaera da eta hizkuntza baino eremu geografiko mugatuagoan erabiltzen da.

Gizabanakoak intuitiboki egiten duen gizartearen sailkapena, neurri handi batean, hiztunen arteko ezberdintasun linguistikoetan oinarritzen da: hiztuna, zer aldaera erabiltzen duen, halako taldekidea dela esaten da.

Aldaera linguistikoak estandar eta ez-estandarrak izaten dira. Azken horiek, inoiz jarrera negatiboa eragiten dute erabiltzen ez dituztenen artean; horrelakoetan, pentsa daiteke gizarte-maila baxu edo heziketa ezaren ondorioa dela aldaera ez-estandarra erabiltzea. Aldaera ez-estandarrak, beraz, sozialki markatutako elementuak ditu. Dena dela, erabiltzen den eremuan gehiengoaren hizkera izanez gero, baliteke ezkutuko prestigioa ere izatea. Bestalde, egoera desegokian estandarra erabiltzeak ere entzulearen gaitzespena ekar dezake.

Soziolektoa edo dialekto soziala, beraz, gizarte-talde jakin baten aldaera linguistikoa da. Aldaera diastratikoaren barruan ematen den fenomenoa da, hiztunaren ezaugarri sozialen araberako aldaki multzoa baita. Soziolekto terminoaren barruan, lanbide jakin bati dagokion aldaera zein gizarte-mailari dagozkion aldaerak barnebiltzen dira. Soziolektoak, beraz, hainbat eragilek sortzen dituzte: gizarte-klaseak, heziketak, lanbideak, adinak, jatorriak... Gizarte-mailaketa argi eta zehatza dagoen herrialdeetan, soziolektoak hiztunaren klase soziala definitzen du, eta hori baliteke integrazio sozialerako oztopo izatea.

Aldaera diastratikoa: soziolektoa edo dialekto soziala. Gizarte-talde jakin baten aldaera linguistikoa da; hiztunaren ezaugarri sozialen araberako aldaki multzoa. Soziolekto terminoaren barruan, lanbide jakin bati dagokion aldaera zein gizarte-mailari dagozkion aldaerak barnebiltzen dira. Soziolektoak, beraz, hainbat eragilek sortzen dituzte: gizarte-klaseak, heziketak, lanbideak, adinak, jatorriak... Gizarte-mailaketa argi eta zehatza dagoen herrialdeetan, soziolektoak hiztunaren klase soziala definitzen du.

Idiolektoa norbanakoen aldaera da, hiztun bakoitzaren hizkera. Hau ere ez da estatikoa, hiztunaren esperientziek, bizipenek, beharrizanek... eragingo baitiote; beraz, aldatuz eta garatuz joango da. Aldaketa, baina, ez da hiztunak hala erabakita gertatuko, elkarrekiko komunikazioa lortuko bada, nolabaiteko adostasun pragmatikoa egon behar da hiztunen artean; beraz, hizkera-komunitatean, idiolekto batetik bestera ezin da alde handirik egon; hori komunikagarritasunaren printzipioaren kontrakoa litzateke.

Hiztunak, bestalde, inguruan entzuten duena errepikatzeko joera dauka. Horregatik dio Caminok (2009): Edozein unetan, lekuko baten mintzoa, hainbat mintzalagunengandik bildu diren ohituren bilduma berezi edo unikoa da.

Idiolektoa garatzen eta aldatzen doan hizkera da. Gizabanakoen idiolektoen arteko aldaketak ere sexuak, talde etnikoak, ikasketa-mailak, gizarte-klaseak eragingo dituzte. Hiztunak bizi duen momentu historikoa, bere egoera sozial edota ekonomikoak eragindako bizimoduaren aldaketa, harreman sarearen nolakotasuna... Horrek guztiak eragingo du hiztun bakoitzak daukan hitz egiteko modu errepikaezina.

Hizkuntza batean, beraz, hiztun beste idiolekto daude. Hiztunik ez daukan hizkuntzarik ez dagoenez, eta idiolektoek aniztasun eta aldagarritasun handia daukatenez, esan genezake hizkuntza, dialektoak eta soziolektoak idiolekto (hiztun) kopuru jakin batean ematen diren ezaugarrien abstrakzioak direla.

Idiolektoa: idiolektoa norbanakoen aldaera da, hiztun bakoitzaren hizkera. Ez da estatikoa, hiztunaren esperientziek, bizipenek, beharrizanek... eragingo baitiote; beraz, aldatuz eta garatuz joango da. Hiztun beste idiolekto dago.

Estandarra hizkuntzaren beste aldaera bat da. Tokian tokiko soziolektoaren erregistro altuena izaten da eta Ferguson-ek (1959, in López Morales, 1993) honela definitu zuen:

  • Aldaera estandarra funtzio formaletan erabiltzen da.
  • Prestigio handia dauka.
  • Literaturan erabiltzen da.
  • Ikasi egiten da (ez da inoren ama-hizkuntza).
  • Estandarizatua dago.
  • Ez da aldakorra.
  • Gramatika landua dauka.
  • Hiztegi aberatsa dauka arlo kultural eta teknikoan.
  • Oro har, ama-hizkuntzaren fonologia dauka.

Dena dela, hedadura handiko hizkuntzek, eta txikiagoek ere bai, estandar forma bat baino gehiago dute. Edozein hizkuntza araututan irakurtzen duenak badaki estandarrak lexikoan, fraseologian eta gramatikan, neurri txikiagoan, desberdinak direla; are gehiago nabaritzen da ahozkoan, hizkera bakoitzaren berezitasun fonologiko eta prosodikoak (azentua, intonazioa, fonemaren tentsioaren iraupena) agerian geratzen direnean. Karmele Rotaetxek dioenez (Rotaetxe, 1990), estandarra balio sinbolikoa duen beste aldaera bat da eta gradu-eskala batean kodifika daiteke; gradu altuena, norma izango litzateke, eta baxuena, estandar deritzona.

Aldakortasuna eta beraren arrazoi sozialak ondo barneratuta daude hiztunen pertzepzio soziolinguistikoan. Solaskidearen hizkerak berari buruzko informazioa ematen digu. Adibidez, h-ren aspirazioak, det aditz laguntzaileak, esamolde batek edo erdaratik hartutako egitura sintaktiko batek hiztuna lapurtar edo baxenafarra, gipuzkoarra, gaztea edo euskaldun berria dela adieraz dezakete, hurrenez hurren. Hiztun-komunitate bateko kideek, beraz, ondo ezagutzen dituzte hizkeren eta gizarte-mailako faktoreen arteko loturak, hots, gaitasun soziolinguistikoa dute.

Hizkera-komunitate jakin batean, komunikatzeko, idatzi gabeko hainbat konbentzio daude, bertako partaideek ondo ezagutu behar dituztenak: elkarreraginerako komunikazio-arau linguistikoak, kulturalak eta sozialak. Euskaraz, adibidez, pertsona nagusiei hika ez hitz egitea, egoera formaletan biraorik ez botatzea, gauzak mesedez eskatzea...; azken hau, ingelesez nahitaezkoa ei da. Gizabanakoek duten ezagutza orokor horri gaitasun soziolinguistikoa deritzo.

Humberto López Moralesek honela definitzen du: gaitasun soziolinguistikoa arau multzo batek osatzen du; horretan, arauak bideratzen dituzten eragile linguistikoak ez ezik, hizkuntzatik kanpoko eragileak ere badaude, eta horiek, arauak betetze/ez betetzea, aldatzea bultzatzen dute. Batetik, arauak baldintzatzen dituzten elementu estrukturalak daude; bestetik, izaera soziala, geografikoa edo etnografikoa dutenak, arauei ñabardurak jartzen dizkietenak. Hiztunak jakin ohi du noiz erabili bata ala bestea; erabakia kontzientzia linguistikoak motibaturik dago, eta azken hau, testuinguru komunikatiboak bultzaturik. Hizkuntza-ekintza oro gaitasun soziolinguistikoaren isla da beti (López Morales, 2004: 49).

Gaitasun soziolinguistikoa: hizkera-komunitate jakin batean, komunikatzeko, idatzi gabeko hainbat konbentzio daude, bertako partaideek ondo ezagutu behar dituztenak: elkarreraginerako komunikazio-arau linguistikoak, kulturalak, sozialak. Gizabanakoek duten ezagutza orokor hori da gaitasun soziolinguistikoa.

Arestian aipatu dugunez, hiztunek euren burua talde batean edo bestean kokatzen dute, baita beste hiztunak ere. Hizkeraren bitartez, euren nortasuna adierazten dute. Ezberdina izan nahi izateak aldakortasunean eragiten du. Talde jakin batekoek soziolekto horretako berezitasunak izango dituzte euren hizkeran eta, era berean, beste talde baten soziolektoa definitzen duten bereizgarriak ez dituzte erabiliko; horrela, gizartean kokatzen dira, eta inguruko hiztunak ere bai.

Taldeko partaideek hizkera-komunitatea osatzen dute. Komunitatearen barruan erabilera-arauak daude eta, adibidez, egoera jakinetan "egokia" eta "desegokia" zer den finkatuta egoten da.

Hizkera-komunitatea: gutxienez hizkuntza bat partekatzen duten hiztunen multzoa da. Hiztunek, hizkeraren bitartez, euren burua talde batean edo bestean kokatzen dute, euren nortasuna adierazten dute. Komunitatearen barruan erabilera-arauak daude. Nahiko heterogeneoak izaten dira. Hiztun bera komunitate bat baino gehiagoko partaide izan daiteke eta, ondorioz, aldaera ezberdinak erabili une bakoitzean.

Hainbat autore saiatu dira hizkera-komunitate kontzeptua definitzen ikuspuntu ezberdinetatik. Adibidez, Leonard Bloomfield-ek (1933: 42, in López Morales) ikuspuntu linguistiko hutsa erabili zuen: hizkuntzaren bitartez erlazionatzen den jende taldea. Baina definizio honek ez du balio soziolinguistikarako.

Francisco Moreno Fernándezen ustez (Moreno Fernández, 1998: 19), komunitate hauek nahiko heterogeneoak izaten dira. Hiztun bera komunitate bat baino gehiagoko partaide izan daiteke eta, ondorioz, aldaera ezberdinak erabili une bakoitzean. Horregatik, sarritan zaila izaten da mintzamolde bakoitzaren mugak ezartzea. Autoreak honela definitzen ditu:

"hizkera-komunitatea gutxienez hizkuntza bat partekatzen duten hiztun multzoa da, baina, horrez gain, arau eta balore soziolinguistiko multzoa ere badaukate: hizkuntza-jokabide berberak, erabilera-arau berberak, hizkuntza-ekintza sozialki ebaluatzeko irizpide berbera, eredu soziolinguistiko berberak".

Manuel Almeidak (2003: 107) ere aipatzen ditu hizkera-komunitateen heterogeneotasuna eta horrek dakartzan definizio-arazoak, balio unibertsala duten irizpideak zehaztu behar baitira hiztun-talde bat komunitate berbereko partaidea den ala ez erabakitzeko.

Homogeneotasun ezak hainbat iturri izan ditzake. Baliteke komunitate berean erlijioa, kultura, pentsamolde politikoa direla eta, talde ezberdinak egotea; talde horien barruan ere ezberdintasunak egoten dira (adina, sexua, gizarte-maila...); bestalde, gaur egungo bizimoduak eraginda, komunitateak ere ez dira estatikoak.

Caminok (2009) Le Page-ren Erreferentzia Taldearen Teoria azaltzen du: norbanakoaren hizkuntza-jokaera partaide den taldearen hizkeraren isla da; izan ere, hizkuntza-ekintza, gizartean, identitate-ekintza ere bada.

Aldaerak, beraz, talde ezberdinen adierazgarriak dira. Hizkeren eta taldeen lotura psikologikoen ondorioz, komunitateko kideek baloratu egiten dituzte. Sarritan estereotipoak sortzen dira: zonalde batekoek txarto hitz egiten dute, norbaitek halako lekutakoa ematen du, hitz bat modakoa da edo bestea zaharkitua dago... Horren ondorioz, prestigiodun aldaerak sortzen dira. Soziolektoen kasuan, normalean, gizarteko goi-mailako hiztunek erabiltzen dituzten aldaerak izaten dira prestigiodunak.

Hizkuntzaren erabilera ezberdinduak egoera geografikoaren edo gizarte-taldearen araberakoak izan daitezke, orain arte ikusitakoaren arabera. Lehenengoa, aldaera diatopikoa edo geolinguistikoa, dialektologiari dagokio; aldaera diastratikoa edo soziala, aldiz, soziolinguistikari.

Baina, era berean, hiztun batek ez du hizkera bera erabiltzen lagunarteko egoera ez-formaletan edo formaletan; ezta eskolako patioan, unibertsitateko bulego batean, amari dirua eskatzean edo lagunekin parranda bat gogoratzean ere. Zergatik? Bada, egoera komunikatiboak ere (hartzailea, igorlea, helburua, kanala...) eragin zuzena izaten duelako hitz egiteko moduan. Azken horri aldaera diafasikoa edo estilo-aldaera deritzo.

Aldaera diafasikoa: hizkuntza-ekintza jakin batean, testuingurua kontuan izanda (igorlea, hartzailea, helburua, erabilera-esparrua) erabiltzen den hizkera.

Hori guztia aldaera libretzat hartzeak hizkuntzaren inguruko edozein teoria hankamotz uzten du. Lehen esan dugunez, aldaerak deskribatu egin behar dira, zer eragilek sortu dituzten eta zer-nolako eragina izan duten zehaztu, aldaera jakin bat zein gizarte-taldek erabiltzen duen ikertu, zer testuingurutan gertatzen den... Horretaz guztiaz arduratzen da bariazionismoa.