Kontzeptua

Hauteskundeen eta alderdien sistemaren bilakaera Euskal Herrian

Nafarroako esparru politiko eta ideologikoen artean lau bereiz daitezke, abstentzioaz gain. Lehia hiru esparrutan ematen da: sozialista, Nafarroako eskuina eta euskal nazionalista. Azkenik, hemen IUN ere ageri da, sailkatzen zaila dena, nazionalisten eta sozialisten arteko trantsizio modura.

7. grafikoa
Nafarroako Parlamenturako hauteskundeen bilakaera, abstentzioa, boto nazionalistak, federalistak, sozialistak eta ez nazionalistak ehunekotan neurtzen dituena hautesle-erroldaren arabera

7. grafikoa

Iturria: berezko sorkuntza

8. grafikoa
Autodeterminazio-eskubidearen aldeko eta kontrako indar politikoek Nafarroako Parlamentuan dituzten eserlekuen bilakaera

8. grafikoa

Iturria: berezko sorkuntza

9. grafikoa
Ezkerreko eta eskuineko alderdiek Nafarroako Parlamentuan dituzten eserlekuen banaketari dagokion bilakaera

9. grafikoa

Iturria: berezko sorkuntza

Denboran zeharreko behaketa eginez (7. grafikoa), zazpi deialdietan izandako abstentzioa batez beste %29,8koa dela ikus daiteke, Eusko Legebiltzarrekoa baino askoz txikiagoa beraz eta, batez ere, gorabehera askoz gutxiago dituena. 1999an neurtu zen abstentzio handiena (%33,7), txikiena berriz 2007an erregistratu zen (%24,6). Esparruen gaineko azterketari helduz, Nafarroako eskuinak batez beste botoen %30,2 jasotzen duela ikus daiteke, portzentaje txikiena 1991n (%24,4) eta handiena 1995ean (%33,7) zenbatzen dituelarik. Sozialistek batez beste botoen %17,7 jaso dute, emaitza onena 1983an jaso zutelarik (%24,9) eta eskasena aldiz 1999an (%13,3). Euskal nazionalismoaren esparruak batez beste botoen %16,0 jaso du, kopuru handiena 2007an ukan zuten (%20,2) eta eskasena aldiz 1995ean (%11,3). Azkenik, IUN alderdiarekin sortutako esparru federalistari dagokionez, azken bost hauteskundeetan batez beste botoen %4,4 erdietsi du, emaitza onena 1995ean izan zuten (%6,3) eta eskasena 1991n (%2,6).

Interpretazio orokorra eginez, lehen deialdian ageri ziren hiru esparruek lehia orekatua zutela ikus daiteke, bereziki sozialisten eta Nafarroako eskuinaren artean parekotasuna oso handia zen. Baina 1987an, partaidetzak gora egin zuen eta Euskadiko bilakaerari dagokion azterketan ikusi dugunez, garai oparoak ziren euskal nazionalistentzat. Giro horretan Nafarroako eskuinak gorakada nabarmena izan zuen eta botoen %30.5 jaso zuen eta, euskal nazionalistek ere gora egin zuten itxura batean sozialisten kaltean, azken bi esparru politiko horiek botoen %19 jaso zutelarik. Egoera horretan, hauteskunde horietan nazionalistek gora jo zuten Nafarroako Parlamentuan 12 diputatu eskuratuta, 2007ko hauteskundeak iritsi artean emaitza onenak lortuz.

1991n ordea, abstentzioa handia izan zen eta UPN inguruan batutako eskuinaren eta PSN alderdiaren arteko lehia izan zen hauteskunde horietako ezaugarria. Badirudi, azken horrek nazionalisten boto erabilgarria erdietsi zuela, horri esker, Nafarroako eskuinaren pare izatera iritsi zirelarik. Horri IUN alderdiak parlamenturako jauzia egin zuela gaineratzen badiogu, euskal nazionalisten beherakada adierazgarria azal daiteke, 1995ean are handiagoa dena federalistak igotzearen eraginez. Halaber, sozialistek estatu mailan garai txarrak bizi zituzten eta Nafarroan ere beherakada itzela izan zuten Nafarroako eskuinaren inguruan sortutako alderdi zentrista (CDN) baten onuran. Fenomeno berri horrek Nafarroako esparru eskuindarraren igoera nabarmena ekarri zuen. Funtsean 1999an indartzen dena. Bitartean, PSN alderdiak atzerakadarekin jarraitzen zuen ustelkeriaren itzalak ilunduta; modu horretan, boto nazionalistak gora egin zuen apur bat eta lehen aldiz sozialisten esparrua gainditu zuen. Abstentzioak gora egin zuen baina horrek ez zuen ekidin nazionalisten gorakada, izan ere, ETAk tregua eman eta Euskal Herritarrok alderdia sortu zen, nazionalistei bultzada emanez. Era berean, indar aurrerakoiek gora egin zuten (9. grafikoa) ia eskuina gainditu zutelarik eserleku kopuruan, bakoitzak 25 eserleku eskuratu baitzituen.

2003an Nafarroako eskuinak gora egin zuen apur bat eta nazionalistak eta federalistak nabarmen igo ziren. Baina behin betiko aldaketa 2007an etorri zen. Partaidetza asko igo zen eta nazionalismoak nabarmen egin zuen gora. Esparru hori bigarren lekuan mantendu zen Nafarroako eskuinaren atzetik eta IUN alderditik etorritako boto erabilgarria jaso zuen, horri esker, emaitza ikusgarriak lortu zituen botoen %20 baino gehiago eta 12 diputatu lortuta. Gainera tartean ezker abertzalearen ilegalizazioa gertatu ez balitz 14 izango lirateke, nazionalistek inoiz lortu gabeko emaitza.

Autodeterminazioaren aldeko eta aurkako parlamentarien bilakaerari dagokionez (8. grafikoa), orokorrean ez da aldaketa handirik egon, hala, zazpi legealdi horietan eskuinaren aldekoek hamabi parlamentari lortu zituzten batez beste eta aurkakoek 38. Dena den, aurkezten ditugun datuetan xehetasun txiki bat egin behar da, izan ere, azken hauteskundeetan ezker abertzalea legezko botoa izan balitz, aurkakoek 36 parlamentari eskuratuko zituzketen eta aldekoek 16, modu horretan, denboran zeharreko datu onena erdietsiz.

Laburbilduz, zera esan daiteke, Nafarroako hauteskundeen bilakaeran ez dagoela Euskadikoan bezalako joera argirik. Joerak etengabe aldatzen dira 1991ra arte, baina une horretatik aurrera nazionalistek egun ere mantentzen den gorakada ziklo bat hasi zuten eta, horri esker, Nafarroako eskuinaren atzetik bigarren hauteskunde-esparru moduan indartzea lortu du. Lehen esparru horrek ere gorakada izan du, nahiz eta gorabehera txiki batzuekin izan. Azkenik, sozialistak beherako joera etengabe batean murgilduta ageri dira, baina azken bi hauteskundeetan joera hori aldatzea lortu dute susperraldi txiki bati esker.