Kontzeptua

Hauteskundeen eta alderdien sistemaren bilakaera Euskal Herrian

Zaila da herrialdearen hegoaldeko hauteskundeen egoera islatzea. Agian alderdien arteko indar-korrelazioak ebaluatzeko hauteskunde aproposenak Frantziako Asanblea Nazionalerako hauteskundeak dira, betiere, lehen itzulia aintzat hartuta, izan ere, bigarren itzulian estilo anglosaxoiarekin zerikusi gehiago duen gehiengozko sistemaren norgehiagoka bat ematen da. Gainerako hauteskundeetan egoera berezi baten ondorioz sortutako berezitasunak nabarmendu behar dira, izan ere, administrazioaren antolaketa, hauteskunde-sistema eta urteetan zehar alderdiko egituran garrantzia handia izan duen tokiko handikien boterea elkarren ondoan izan dira.

Frantziako Asanblea Nazionalerako hauteskundeetan, lehen itzulian alderdiek garrantzia gehiago dute eta eskuineko indarrek ia nagusitasun osoa ageri dute Lapurdi, Behe Nafarroa eta Zuberoa barneratzen dituzten barrutietan.

1958tik (V. errepublikako lehen hauteskundeak) 1981era Frantziako euskal lurraldeak Pirinio Atlantikoetako Departamenduaren hirugarren eta laugarren barrutietan barneratzen ziren. Bost urtean behin egiten ziren hauteskunde horietan beti joera zentrista eta eskuindarra zuten alderdiek1 irabazten zuten aipatu barrutietan, 1962-1967 bitarteko legealdia salbuetsita, azken horretan Henri Grenet gailendu baitzen laugarren barrutian, erradikalen eta joera zentrista eta ezkertiarra zuten diputatuen arteko koaliziotik aurkeztu zen hautagaia; halaber, 1981. urteko hauteskundeak ere salbuespen izan ziren, izan ere, orduko hartan Alderdi Sozialistako hautagaia, Jean-Pierre Destrade izan zen laugarren barrutian nagusitu zena.

1. taula
Frantziako legegintzarako hauteskundeetan Iparraldeko barrutietan izandako eserleku banaketa
195819621967196819731978198119881993199720022007
Iturria: berezko sorkuntza
Zentro-eskuina212222133233
Zentro-ezkerra010000100100

1986koak izan ziren itzuli bakarrera jokatu ziren hauteskunde bakarrak eta zenbaketa proportzionala izan zen Pirinio Atlantikoetako barruti guztietan (departamendu horretan barneratzen ziren Biarno eta Iparralde). Euskal lurraldeei dagokienez, De Gaulle eskuindarraren garaipena argi eta garbia izan zen. 1988tik aurrera distrituak berrantolatu egin ziren; horren ondorioz, Iparraldeko lurraldeak Pirinio Atlantikoetako Departamenduko IV., V. eta VI. barrutietan barneratzen ziren. Ordutik 2007ko hauteskundeetara joera zentrista eta eskuindarra zuten alderdien garaipenez jositako bolada bat izan zen (De Gaulleren aldekoen edo De Gaulleren aldeko eta UDFko2 zentristen arteko koalizioen hautagaitza izanik). 1997. urtea izan zen salbuespena, izan ere, orduko hartan bosgarren barrutian Nicole Pery hautagai sozialistak ukan zuen garaipena.

1. grafikoa
Boto kopuruaren bilakaera joera ezkertiarra, eskuindarra eta nazionalista bereiziz (lehen itzuliko datuak)

1. grafikoa

Iturria: berezko sorkuntza datu hauek aintzat hartuta: Frantziako Barne Arazoetarako Ministerioa, Vrignon (2004) eta Berria egunkaria.

Botoen bilakaera orokorrari dagokionez, lehen grafiko horretan hiru bloke politikoen (hor barneratu ditugu hautagaitza guztiak) bilakaera ikus daiteke, salbuespen batekin, Frantziako gutxiengo musulmanaren alderdia hain zuzen, Parti des évidences concrètes (PEC). Alderdi hori 2007ko hauteskundeetan laugarren barrutian aurkeztu zen eta 39 boto eskuratu zituen. Gainerakoan, aukera zentristak edo ohiko gatazkatik (Ezkerra vs. Eskuina) at dauden aukerak barne, bi joera nagusitan banatu ahal izan dira. UDF, MoDem eta horien aurreko aukera politikoetako hautagaitza zentristak joera eskuindarreko boto gisa zenbatu dira, hala ziurtatu baitute haietako hautesleek (joera zentristarik gabeko bigarren itzulian zentro-eskuindarraren alde egin baitute orokorrean) eta alderdietako koalizioek (hauteskunde aurrekoak, bigarren itzulikoak eta hauteskunde ondorengoak). Halaber, eskuineko joera horretan barneratu dira Chasse, pêche, nature et traditions (CPNT) alderdiak jasotako botoak, hau da, Ehiza, Arrantza, Natura eta Tradizioen alderdia, Frantziako nekazaritza ordezkatzen duen hautagaitza-elkarte tematikoa eta izaera tradizionalista eta kontserbadorea duena.

Askoz errazagoa da ezkerreko joera duten alderdiak barneratzea, izan ere, ez baitago kuantitatiboki eta kualitatiboki aukera politikotzat jo daitekeen beste alderdirik. Badira izaera ekologista edota humanista duten hautagaitzak eta ezkerrekotzat identifikatzeari uko egiten diotenak; dena den, hautagaitza horiek hauteskundeei so garrantzia urrikoak dira eta ezkerreko joera horretan barneratu dira ohiko ezkerraren elementu ideologiko postmaterialistak dituztelako eta normalean Berdeen alderditik gertu kokatzen diren hautesleek eta, orokorrean, joera zentrista eta ezkertiarra duten hautesleek aukeratzen dituztelako.

Azkenik, abertzaleen blokea, Euskal Herriari dagokion salbuespen gisa, aparte utzi da ezker eta eskuinaren arteko lehia horretan botoak birbanatzerakoan, nahiz eta hauteskunde-aukera bakoitzak horri dagokion jarrera bat duen. Orokorrean nahikoa erraza da aukera abertzaleak bereizi eta hartako botoak zenbatzea. 2007ko hauteskundeetan PNB alderdiak (Iparraldeko Euskal Alderdi Jeltzalea) joera zentristako UDF-MoDem alderdietako hautagaitza askorekin kolaboratu zuen, hori dela eta, ezinezkoa da jeltzaleek hautagaitza horri emandako babesa zenbatekoa den zehaztea; horrenbestez, boto guztiak eskuineko joerako gisa zenbatu dira.

2. grafikoa
Boto kopuruaren bilakaera (ehunekotan emanda) joera ezkertiarra, eskuindarra eta nazionalista bereiziz (lehen itzuliko datuak)

2. grafikoa

Iturria: berezko sorkuntza datu hauek aintzat hartuta: Frantziako Barne Arazoetarako Ministerioa, Vrignon (2004) eta Berria egunkaria.

Hala hautagaitzei emandako boto kopurua (1. grafikoa) nola portzentajeak (2. grafiko) aintzat hartuta izandako hauteskundeen bilakaeran erreparatuz gero, eskuineko joera duen hauteskunde-esparruaren nagusitasuna ikus daiteke argi eta garbi. Boto kopuruan izandako aldaketa logikoa da, hauteskunde bakoitzean izandako abstentzioa eta Iparraldearen erroldan izandako igoera aintzat hartzen baditugu. Hori dela eta, interesgarria da boto erlatiboan erreparatzea (2. grafikoa). Hala, eskuinak hauteskunde guztietan botoen %50 baino gehiago eskuratzen dituela ikus daiteke. Portzentaje baxuena 1997an ukan zuen botoen %51,4 jasota eta altuena, berriz, 1958an botoen %76,9 jasota. Batez bestekoa, %61,38an kokatzen da. Eskuineko alderdiei dagokienez, aipagarria da erreferentzia nagusia beti De Gaulleren aldekoak izan direla, beti gutxienez botoen bi herenak jaso izan baitituzte bloke horren barnean.

Bestalde, ezkerrak jasotzen duen boto kopurua askoz urriagoa da. Hori 1968an ikus daiteke argiro, urte horretan jaso baitzuen boto gutxien %22,5 eskuratuta. 1981. urtea izan zen urte oparoena ezkerrarentzat botoen %46,2 jasota eta batez bestekoa %34,69an kokatzen da. Edozein modutan ere, hauteskunde-esparru horrek aldakortasun handia izan du, bai barnealdetik (alderdien arteko banaketa) eta bai kanpoaldetik ere (eskuinarekin alderatuta, garrantzia erlatiboari dagokionez). 1981. urtera arte aniztasuna eta buruzagitzarik eza izan dira ezkerraren ezaugarri nagusiak. XXI. mendeko laurogeiko hamarkadara arte botoak arras sakabanatuak ziren nahikoa ezberdinak ziren aukera politikoetan (komunistak, sozialdemokratak eta erradikalak). Gerora Frantziako sozialistek hartu zuten buruzagitza hori (eskuinean De Gaulleren aldekoek zuten nagusitasunaren parekoa erdietsiz) eta, horren ondorioz hauteskundeetako gutxieneko portzentajea %29ra areagotu zen ezkerrean (1993 eta 2007). Ondoren, XXI. mendeko laurogeita hamarreko hamarkadan ezkerrean beste panorama bat zabaldu zen, lau muturren arteko lehia ageri zelarik: sozialistak erreferentzia nagusi modura, komunistak, berdeak eta muturreko ezkerreko alderdiak. Dena den, bigarren itzulian banaketa hori arindu egiten da, izan ere, bigarren itzuli horretan hautesleek gertueneko joeren arabera ematen dute botoa.

2. taula
2007ko legegintzarako hauteskundeak: lehen itzuliko emaitzak
AlderdiakBoto kopuruaHautagaitzari
botoak (%)
UMP5778143,78
UDF-MoDem1755213,29
FN25911,96
CPNT21401,62
EH BAI106768,08
PSF2852521,61
PCF41223,12
VERTS33682,55
LCR26922,03
BESTEAK25251,91

Azkenik, azken esparrua daukagu, abertzalea. Abertzaleek goraldia izan zuten 1967an. Orduan Enbata hautagaitzak botoen %4,63 jaso zuen, nahiz eta 1968ko hauteskundeetan ezin izan zion kopuru horri eutsi eta %1,58ra jaitsi zen portzentajea. Langa hori gainditu egin zen 1978tik aurrera EHAS alderdiak (Euskal Herriko Alderdi Sozialista) lortutako %3,59ari esker. Dena den, oraindik portzentaje apala zen eta laurogeiko hamarkadaren amaierara arte ez zen benetako igoerarik gertatu, Abertzaleen Batasuna (AB) koalizioa osatu zen arte. Abertzaleek 1988an ukan zuten jauzi garrantzitsua, izan ere, MUA hautagaitzak botoen %5,67 eskuratu zuen; hauteskunde-indar horrek portzentaje hori mantendu zuen 1993ra arte dagoeneko AB izenpean eta 1997an igoera nabarmena ukan zuen. Orduko hartan, AB koalizioak botoen %6,45 eskuratu zuen eta EA-EAJ koalizioak %2,87, hau da, botoen %9,3 abertzaleak izan ziren. 2002an abertzaleek botoen %7,35 jaso zuten eta, azkenik, 2007an Euskal Herria Bai (AB, Batasuna, EA) hautagaitzarekin botoen %8,3 ukan zuten. Datu horrek hauteskunde-esparru abertzale txikia sendotzen du, zenbaitetan, hauteskundeen bigarren itzulian erabakigarria dena.

1Garaipen guztiak De Gaulleren aldeko eskuinak ukan zituen, 1958. urtekoak izan ezik. Urte hartan III. barrutian Errecart kristau-demokratak irabazi zuen.

22007. urtean zentro eta eskuineko aukerak lortutako bi diputatuetako bat IV. barrutian Jean Lassalle zentristak izandako garaipenetik eratortzen da (François Bayrouk sortutako MoDem alderdikoa).