Kontzeptua

Hauteskundeen eta alderdien sistemaren bilakaera Euskal Herrian

Bederatzi hauteskundeak aintzat hartuta (3. grafikoa) abstentzioa %33,1ekoa da batez beste; abstentzio handiena 1994an6 eman zen %40,3 batekin eta txikiena 2001ean %21 batekin. Esparru nazionalistari behatuz, hauteskunde guztietan batez beste botoen %38,7 jasotzen duela ikus daiteke. Portzentaje handiena 1986an eskuratu zuen botoen %46,7 jasota eta txikiena, aldiz, 1994an botoen %32,8 batekin. Esparru ez nazionalistari begiratzen badiogu, bederatzi hauteskunde horietan batez beste botoen %23,2 eskuratu ohi duela ikus daiteke. Emaitza onena 2001ean erdietsi zuen, orduan hautesleen %31,9ak egin zuen haren alde eta, emaitza eskasena berriz 1980an jaso zuen botoen %16,2 batekin. Azkenik, esparru federalista 1994an sortu zen (EB sortzearekin batera), horrenbestez, bost hauteskundeetako emaitzekin egin ahal da esparru horretako batez bestekoa. Orotara hautesleen %3,8k egin dute aukera horren alde bost deialdi horietan eta 1994an jaso zuen boto gehien (%5,3), urte txarrena aldiz 2009koa izan zen (%2,0).

3. grafikoa
Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeen bilakaera, abstentzioa, boto nazionalistak, federalistak eta estatalistak ehunekotan neurtzen dituena, hautesle-erroldaren arabera

3. grafikoa

Iturria: berezko sorkuntza Eusko Jaurlaritzako datuan abiapuntutzat hartuta

Denboran zeharreko interpretazio orokor bat egin ostean, esparru nazionalistaren eta ez nazionalistaren artean hauteskundeetan dagoen distantzia gero eta txikiagoa dela ondoriozta daiteke (4. grafikoa). Azken bederatzi hauteskundeetan %15,5ekoa da batez beste dagoen distantzia, jasotako botoak (ehunekotan) aintzat hartuta. Lehenengo bi deialdietan distantzia antzekoa da, hain zuzen, %21-22 ingurukoa. Lehen deialdian, berritasunak eraginda, abstentzioa oso handia izan zela ikus daiteke. Bigarren hauteskundeetan, ordea, partaidetzak gora egin zuen. Baina 1986koa da datu adierazgarriena. Urte horretan, EAJ barneko hausturaren ostean, hauteskunde horietan lehian ziren alderdi nazionalistek beren tokiak eta jarrerak zehaztu zituzten (EAJ, HB, EA eta EE); hori dela eta, hautesle nazionalisten zehaztu behar horrek bultzatuta partaidetza handiko ziklo bat abiatu zen eta, espero zitekeen moduan, esparru horretan inoiz lortutako emaitza onena ukan zen eta, era berean, ordukoa da lehian diren bi esparruen artean dagoen distantziarik handiena (%25,9). Nazionalisten gehiengo erabateko hori eserlekuen banaketa ere islatzen da (5. grafikoa), izan ere, nazionalistek 52 diputatu lortu zituzten eta estatuko indarrek 23 baino ez. Hurrengo urtean, udal-hauteskundeetan eta foru-hauteskundeetan, joera hori berretsi egin zen eta nazionalistek emaitza paregabeak erdietsi zituzten berriz ere. Baina une horretatik aurrera joera aldatu egin zen. Aldaketa etengabekoa izan zen, erabatekoa baino gehiago. 1990. urtean estatuko alderdiek distantzia murrizten hasi ziren esparru nazionalistarekiko eta 2009ko hauteskundeetan ere joera hori nabaritu da.

4. grafikoa
Esparru nazionalistaren eta ez nazionalistaren arteko hauteskundeetako distantziaren bilakaera ehunekotan

4. grafikoa

Iturria: berezko sorkuntza

1990eko hauteskundeetan abstentzioa oso handia izan zen eta esparru ez nazionalistak 1984ko hauteskundeetako panorama berreskuratu zuen, gero, 1994ko hauteskunde autonomikoetan eta 1995eko foru-hauteskundeetan kolpe itzela eman zuen. Azken bi hauteskunde horiek inflexio puntutzat har daitezke, izan ere, dagoeneko esparru nazionalistak ez ditu esparru ez nazionalistak jasotzen dituen botoak bikoizten. Arrazoiak asko izan badaitezke ere, horietako bat Euskadiko Ezkerra alderdi nazionalista modura desagertu izana da. Hala, espero zitekeen moduan, nazionalismoak astindu handi samarra hartu zuen kuantitatiboki nahiz kualitatiboki, are gehiago euskal panoramako alderdien sisteman EB alderdia agertu eta EE alderdiak harako joera hartu zuenean. Alderdi sortu berri hori estatuko alderdia zen, EE alderdiak defendatu zituen planteamenduen antzekoak plazaratzen zituena. Dena den, EB hauteskunde-indarra esparru nazionalistan barneratuta ere, 5. grafikoan gertatzen den moduan, argi eta garbi ikus daiteke autodeterminazio-eskubidea eskatzen duten indarrek ordura arteko emaitza eskasenak eskuratu zituztela eta eserlekuetan ere nabaritu zen beherakada hori, 47 eserlekurekin geratu zirelarik.

5. grafikoa
Autodeterminazio-eskubidearen aldeko eta kontrako indar politikoek Eusko Legebiltzarrean dituzten eserlekuen bilakaera

5. grafikoa

Iturria: berezko sorkuntza

1998ko otsailean sozialistek EAJ eta EA alderdiekin gobernatzeko zuten koalizioa utzi zuten, eta urte horren amaieran izandako hauteskundeetan muturretara zentrifugatutako joera bat sumatzen da. EH (ezker abertzalea) eta PP izan ziren etekin handiena atera zuten indarrak. Orokorrean, estatalisten igoera inoizko handiena izan zen. Dena den, orduko horretan euskal nazionalismoak ere gora egin zuen, partaidetza igo den aldiro gertatu den moduan; hori dela eta, bere atzeratze erlatiboa moteldu egin zen nabarmen. Mantsotze hori are handiagoa izan zen 2001ean. Deialdi hartan arerioen politikak goia jo zuen boterea lortzeko borrokan, horregatik Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetan izandako partaidetza handiena ukan zen.

2005eko partaidetzan nolabaiteko barealdia sumatu zen nahiz eta oraindik partaidetza adierazgarria izan. Hauteskunde horietan esparru nazionalistaren eta ez nazionalistaren artean gero eta distantzia txikiagoa zegoela berretsi zen, gainera, nazionalisten aliatu gisa agertzen ziren federalistek garrantzia galdu zuten nabarmen. Horren ondorioz, 5. grafikoan autodeterminazioaren aldeko diputatu kopurua murrizteko joera antzematen da, 2009ko hauteskundeetan, azkenean, egoera aldatu den arte. Azkeneko deialdian autodeterminazioaren aurkako aukerak hiru eserleku gehiago baitaratu zituen. Egoera berri hori azaltzeko hiru faktore aipatu behar dira: alde batetik, boto nazionalistaren eta ez nazionalistaren arteko distantzia murriztu egin da berriz ere (%6,7 nazionalisten alde); diferentzia horretako zati bat eserlekuen banaketarako zenbatzen ez den boto baliogabea da; eta, azkenik, Arabaren gehiegizko ordezkaritzak boto estatalistari egiten dio mesede.

Bukatzeko, hauteskundeetako bilakaerari buruzko azterketa amaitzeko ezker-eskuin ardatzean hauteskundeetan nabari den joera aipatuko dut (6. grafikoa). Gobernatzeko itunen politikan bigarren maila batean dagoen dimentsioa da hori.

6. grafikoa
Ezkerreko eta eskuineko alderdiek Eusko Legebiltzarrean dituzten eserlekuen banaketari dagokion bilakaera

6. grafikoa

Iturria: berezko sorkuntza

EAJ zatitu eta haren barnean joera zentrista eta ezkertiarra duen alderdi bat sortu arte, gehiengoa eskuineko aukeren eskuetan zegoen. Hain justu haustura hori gertatu zen urtean, 1986an, ezkerreko joera zuten alderdiek inoizko emaitza onenak erdietsi zituzten 54 diputatu eskuratuta. Dena den, 1990eko hauteskundeetan gertatu bezala, gehiengo argia erdietsi arren, ez zen ezkerreko koaliziorik egin. Horrek agerian uzten du dimentsio horrek bigarren mailako garrantzia duela . 1994an eskuineko alderdiek ezkerrekoek baino diputatu bat gehiago lortu zuten, izan ere, Unidad Alavesa eta PP alderdiak gora egin zuten, esparru ez nazionalistaren barnean sozialistek izandako beherakadaren kaltean. Joera hori berretsi egin zen 1998an. Eta 2001ean, PSE alderdiaren beherakadaz gain, ezker abertzaleak ere astindua hartu zuen. Horrek panorama berri bat ekarri zuen, zentro eta eskuinaren aldeko alderdien onuran. 2005ean PSE alderdiak eta ezker abertzaleak susperraldia izan zuten; hori dela eta, hamabost urtez diputatu kontserbadorez osatutako gehiengoa izan ostean, ezkerreko joera zuten diputatuek gehiengoa berreskuratu zuten Eusko Legebiltzarrean. Azkenik, 2009an eskuineko indarra nagusitu zen ostera, ezker abertzaleko hautagaitzen ilegalizazioa lagun.

6Gatazka-ardatz bakoitzaren garrantzia modu errazean antolatzen da koalizio politiko bat eratzerakoan, ardatz nazionalistaren gertutasunean edo ardatz klasikoaren gertutasunean zein irizpide erabiltzen den kontuan izanik. Metodologiari buruzko informazio gehiagorako: Lijphart, A., Las democracias contemporáneas. Ariel, Bartzelona, 143-164. or.