Kontzeptua

Gipuzkoako Foru Aldundia: Hezkuntza-Politika

Eskolaren esparruan, Gipuzkoako Foru Aldundiak erdietsitako lorpenik handiena landa-eskolen sorkuntza izan zen, landa-eremuetako analfabetismoa eskolatzearekin ebazteko asmoz, eta neskatoen eta mutikoen prestakuntza beren gaitasun linguistikoetara egokitzeko ahalegina eginez. Proiektu hori izan zen landa-eremuan alfabetizazioa areagotzearen errudun. Gainera, biztanle mota hori euskaraz alfabetatzeko esperientzia ahalbidetu zuen, ordura arte ezagutzen ez zena. Gipuzkoako landa-eskolak diru-laguntzetan oinarritutako politika batekin abiatu ziren. Gerora, ordea, eraikuntzen proiektu bilakatu zen, Foru Aldundian politika karlista bat babestuz. Proiektu horri arreta handia eskaini zitzaion bi arrazoi nagusiren eraginez: lehenik eta behin, sakabanatutako baserrietan eskolak ematen zituzten maisu, maistra eta mikeleteei zuzendutako diru-laguntzen politikarengatik eta, bigarrenik, 1930. urtetik aurrera proiektu horren babesean 100 eskola eraiki nahi zirelako. Azkenean, ordea, proiektuaren babespean 21 eskola probintzial eraiki ziren eta, horrez gain, behar ziren irakasleak mantendu eta eskola-ikuskapena finkatu zen.

Landa-eremuetako irakaskuntzaren egoerari eta ingurune horretako analfabetismoari buruzko kezka etengabea izan zen 1913-1930 bitartean, eta Foru Aldundiaren Sustapen Batzordeak hainbat txosten egin zituen. Horrela, 1926an diru-laguntzak onartzeko oinarri batzuk ezarri ziren, besteak beste, baldintza hauek finkatuz:

  1. Diru-laguntzak soilik landa-eskoletara edo auzunera bideratzen dira.
  2. Diru-laguntza maisu edo enkargatu kopurua areagotzeko erabiliko da.
  3. Foru Aldundiak bere babesa ematen jarraituko du gainontzeko entitateek hari babesa ematen jarraitzen duten bitartean.
  4. Ikuskapenean eskolak bere helburua betetzen ez duela ondorioztatzen bada, Foru Aldundiak diru-laguntza kendu ahal izango du.

Beste proposamen baten ondotik, 1927an, hezkuntza arloko errealitatea ezagututa, Foru Aldundiak arazo hori ebazteko ardura beregain hartu zuen, izan ere, errealitate horren arabera "Gipuzkoan 236 landa-auzunetako 18.000 hau daude eta horietatik soilik 120 auzunek dituzte eskolak eta, horien artean, 40 oso egoera txarrean daude". Azkenik, 1930ean, Foru Aldundiak probintziako landa-eskolen proiektua garatu zuen, horretarako eratutako araudi bateko irizpideei jarraiki. Bertan, eskolen eraikuntza, Foru Aldundiaren eta udalen ekarpen ekonomikoa, eskolan horien ikuskapena edota irakaskuntzan erabiliko zen hizkuntza arautzen ziren. Halaber, eskola horietarako maisu eta maistrak hautatzeko oposizioak deitu ziren, eskolak ikuskatzeko pertsona kontratatzeaz gain. Gerra zibilaren ondotik eta 1937an kontzertua baliogabetu ostean, proiektua bertan behera geratu zen. Hala, 1938ko apirilaren 18tik aurrera eskolak Estatuaren mende zeuden eta eskola nazional bilakatu ziren.

Landa-eskoletara bideratutako diru-laguntzen politika horrekin batera, gogoan izan behar da probintziako eta Donostiako Arte eta Lanbide eskolei ere babes ekonomikoa ematen zitzaiela. Horrek agerian uzten du Foru Aldundiak lurraldearen garapen ekonomikoari so zuen kezka.