Kontzeptua

Gipuzkoako Foru Aldundia: Hezkuntza-Politika

Errestaurazioaz geroztik eta II. errepublikara bitartean, Foru Aldundiak euskararen defentsara bideratutako proiektu eta jarduerak diruz laguntzeko kezka zuela ikus daiteke. Bestalde, kultura-elkarteek Foru Aldundiei irakaskuntzan euskara txertatzea eskatzen zieten. Horren adibide da 1895ean Euskal Lore Jokoen Elkarteak egindakoa, Gipuzkoan, aparteko oihartzunik izan ez bazuen ere. Halaber, administrazioa bertako langilea kontratatzeko (mikeleteak, medikua, notarioak, etab.) euskara ezagutzearen baldintza txertatzen hasi zela ikus daiteke. Era berean, kaleetako errotulazioan, bandoetan eta zirkularretan euskara erabiltzeko eskatu zen. Modu berean, Foru Aldundiek euskarazko testuak diruz laguntzeko politika bat gauzatu zuten, lehiaketa bidez eta instituzio, elkarte eta liburutegiak liburuz hornituz; gainera, liburuak euskaraz nahiz gaztelaniaz baitaratzen zituen. Horrela Donostiako Udalak Euskal Deklamazioaren eskola bat sortu zuen, bide publikoetan euskarazko errotuluak jarri ziren eta bando eta zirkularretan euskara erabiltzen hasi ziren. Aldarrikapen horiek euskal kultura-elkarteek sustatu zituzten, esate baterako, Euskal Esnaleak.

Egoera hori hizkuntza berreskuratzeko testuinguru batean kokatzen da. Aldez aurretik zenbait jarduera burutu ziren ildo horretatik eta, era berean, aipagarria da Donostiako Lore Jokoen Elkartearen sorrera, hainbat Lore Joko ospatu ostean. Horrela, Foru Aldundiak babestutako entitate pribatu baten eta Donostiako Udalaren arteko lankidetza abiatu ziren. Batzordeak, 1882an, eskaera hori Foru Aldundian eta Donostiako Udalean aurkezteko egin zuen memorian helburu hauek aipatzen dira: "zuen eskura dauden baliabide guztiak baliatuz euskal hizkuntzaren iraupena eta zabalkundea bultzatzea eta bere literatura bereziaren hedapena akuilatzea". Dena den, probintziako eta udalerriko korporazioek bestelako alderdi batzuek babesteko interesa zuten, literaturaren arlotik haratago.

Lore Jokoak antolatzeaz gain, Elkartea euskararen erabilera eta zabalkundearen defentsa gizarte-bizitza eta hezkuntza arloko beste esparru batzuetara eramaten ahalegindu zen. Horrela, 1898an Elkarte horrek Foru Aldundiari eskatu zion behar ziren kudeaketak egiteko, Bizkaia, Araba eta Nafarroako Aldundiekin batera, Sustapen Ministerioari eskaera hau helarazteko: "euskara oraindik bizirik mantentzen duten herrietako eskola publikoetan hutsik geratu diren plazak, bi sexuei dagozkienak, betetzeko premia dagoenean, horiek betetzeko asmoz aurkezten diren maisu eta maistrei hizkuntza horren ezagutza eskatzea, ezinbesteko baldintza gisa".

1894. urtera arte Lore Jokoak Donostian ospatzen ziren eta izaera literario eta artistikoa zuten. Haatik, 1896. urtetik aurrera egoera hori aldatu egin zen eta Lore Jokoak Euskal Festak izeneko jaialdien barnean hasi ziren ospatzen, Gipuzkoako herri ezberdinetan ospatu ere. Foru Aldundiak abeltzaintzako eskualdeko erakusketak sustatu nahi zituen eta hori izan zen aldaketaren arrazoia. Hala ere, helburu horrekin batera, probintziako Batzordea festak hauspotzen saiatu zen, literatura-lehiaketak barneratuz. Foru Aldundiak probintzia mailako nekazaritza- eta abeltzaintza-lehiaketa horiek zein urte eta herritan ospatuko ziren erabaki zuen. Hala, 1896-1913 bitarteko datak finkatu zituen. Hauek dira 1896. urtetik aurrera lehiaketak ospatzeko hautatu ziren herriak, urteen hurrenkeran adierazita: Arrasate, Oiartzun, Zestoa, Zumarraga, Zumaia, Azpeitia, Oñati, Irun, Ordizia, Bergara, Donostia, Elgoibar, Eibar, Hernani, Azkoitia, Segura, Zarautz eta Tolosa.