Kontzeptua

Eskolatzea Gipuzkoan: XIX. eta XX. mendeak

Europa garaikidean ematen diren eskolatze-prozesuak konplexuak dira, izan ere, orokorrean, eskoletara joateko derrigortasuna ezartzen saiatzen diren hezkuntza-politiken ondorio dira, herritarrei alfabetizazioa eman eta herritartasun-estatutua finkatzeko asmoz. Politika hori, batez ere, gizonei zuzendua zegoen eta hezkuntzaren ontasunei buruz Frantziako Iraultzarekin hazitako postulatuen ondorioa zen. Horrenbestez, prozesu horiek hezkuntza-sistema nazionalen sorrerarekin estu lotuta zeuden. Sistema horretan eskola haurrak nazionalizatzeko barruti funtsezko bilakatzen da, hizkuntza, uniformetasuna, derrigortasuna eta zentralizazio administratiboa oinarrizko ardatz dituen politikari atxikitako irakaskuntza-sistema inposatuz.

Euskal Herriak ez zion nazionalizazio-prozesu horri ihes egin, eta eskoletan gaztelaniakuntza eta frantsestea inposatu ziren. Ildo horretatik, 1833ko Guizot Legea (Frantzian) eta 1857ko Moyano Legea (Espainian) aipatutako hezkuntza-sistema horren ezarpenaren bi adibide dira, izan ere, politika zentralizatzailea bultzatzen dute, ezaugarri demografikoen arabera, eskola mota jakin batzuk sortzeko premia azpimarratuz. Gipuzkoako egoera ezagutzeko, XIX. mendearen erdialdetik XX. mendeko erdialdera dauden estatistikak hartuko ditugu. Horrez gain, eskolen egoera nabarmenduko dugu, hezkuntzako ikuskatzailetza-txostenak eta Irakaskuntzako Batzorde Probintzialak aintzat hartuz. Halaber, adierazgarri da eskola publikoak nahiz pribatuak ditugula mintzagai, eta orokorrean, irakaskuntza gaztelaniaz ematen zutenak.