Kontzeptua

Gipuzkoako Foru Aldundia: Hezkuntza-Politika

Hezkuntzaren arloko ekintza politika motak deskribatzen hasi aurretik, aurrekontu-politikan erreparatzea komeni da, izan ere, esleipen ekonomikoko prozesuetan oinarrituta Foru Aldundiek hainbat eskuduntza baitaratu zituztela erakusten du politika horrek. Eskuduntza horiek, zenbaitetan, berezko proiektuak gauzatzeko baitaratzen ziren eta beste zenbaitetan Estatuak irakaskuntzaren alorrean utzitako gabeziak betetzeko baliatzen ziren. Bereziki nabarmentzekoa da esleitutako aurrekontuaren zatiari dagokiona, Estatuko legediak ezarritako betebehar ekonomikoari buruzkoa, "Estatuari itzultzeko" gisa agertzen dena eta hezkuntzako institutuak, irakasleen eskola eta ikuskaritza baitaratzen dituena. 1926. urtean Kontzertua berraztertu zen eta, horrez gain, Primo de Riveraren Diktadurak hainbat eskumen baitaratu zituen. Horren ondorioz, 1925. urtean gastu horiek desagertu egin ziren, izan ere, probintzia mailako estatutua aldarrikatu zen, besteak beste, eskola arrunten betebehar ekonomikoen arduratik salbuetsita geratzea eragin zuena.

Probintziak 1923ko irailaren 13tik 1929ko martxoaren 31ra aurrera egin zuela erakuste aldera, Gipuzkoako Gobernadore Zibilak, Enrique Chaconek, egindako memorian, jardun-eremu guztiak zehazten dira, Instrukzio publikoarena barne. Bizkaiko bere adiskideak egin bezala, eskola-eraikinetan Estatuak egindako ekintza hutsala islatzen zen bertan, 1919-1923 bitartean Estatuak eskola nazional bakarra ere eraiki ez zuela eta diruz lagundu ez zuela adieraziz. Aitzitik, Diktadura ezarri zeneko "ditxosozko" dataren ondotik, Estatuak Beasain, Hernani, Zumaia, Leaburu, Elduain, Irun eta Idiazabaleko eskola nazionalak (graduatuak nahiz unitarioak) finantzatu zituen tokian tokiko udalaren laguntzarekin. Horrez gain, beste zenbait eraikitze-prozesuan ziren. Haatik, Estatuaren ekintza horren txalotu hori aski murriztua geratzen da, izan ere, memorian "Estatuaren diru-laguntzarik jaso gabe" udalek finantzatutako hainbat udal eskola (13) eta landa-eskola (11) aipatzen dira.

Lehen mailako irakaskuntzari dagokionez, 1916az geroztik beste kapitulu bat agertzen da Foru Aldundiaren aurrekontuan, "lehen irakaskuntzara bideratutako zerbitzuengatik Estatuari ordaintzekoa, 1912ko abenduaren 30eko legearen arabera". Euskal Herriko Foru Aldundiak eta Estatuak negoziazioan aritu ziren euskal probintzietan irakaskuntza maila horretako gastuen finantzaketa aplikatzeko, Estatuak 1901eko aurrekontu orokorrean adostua eta, ordura arte, aplikatu ez zena. Negoziazio horien ondorioa da azken esleipen hori. Horrenbestez, bere garaian "1912ko adostasun" izendatu zena, finean Estatuaren finantzaketa-printzipioa itundutako probintzien ezaugarrietara egokitzea zen, batez ere, irakasleen soldataren igoerari zegokionean, izan ere, Kontzertu Ekonomikoa indarrean zegoenez, Foru Aldundiek ez zituzten baitaratzen Estatuak xedatutako igoera horiek.

Frankismoan zehar oso urriak izan ziren bi lurralde horientzat kontzertua berreskuratzeko eskaerak. Hala, hirurogeita hamarreko hamarkadaren hasierara arte ez ziren agertu 1937ko dekretua bertan behera uzteko asmoak. Azkenik, 1978ko Konstituzioari, 1979ko Autonomia Estatutuari, 1981eko Kontzertu Ekonomikoari eta 1983ko Lurralde Historikoen Legeari esker, nolabaiteko harremanak bideratu ziren Foru Aldundien, Estatuaren eta erkidegoko gobernu berriaren artean.