Monarkia eta noblezia

Gartzia V.a Ramirez "Berrezarlea"

1140ko otsailaren 22an, Nafarroako lurraldeak banatzeko akordioa adostu zuten aragoiarrek eta gaztelauek. Akordio horren bidez, Gaztelako erregearentzat izango ziren Marañon eta Ebroren ezkerraldeko lur nafarrak, haren aitona Alfontso VI.arenak izandakoak, eta Ramon Berenguerrentzat, berriz, Antso Ramirezen eta Pedro I.aren garaietan Aragoirenak izandako lurrak. Nafarroako konderria ere banatuko zuten; aurreko errege aragoiarrek omenaldia egin zioten Afontso VI.ari lurralde horrengatik. Konderri horri zegokionez, Alfontso VII.arentzat izango zen heren bat, haren jabetzako lurretatik hurbilen zegoena, eta gainerako bi herenak, Iruñea hiria barne, Berenguerrentzat. Kataluniarrak omenaldia egin behar zion errege gaztelauari lur horiengatik. Lurra banatzeaz gainera, elkarren artean adostu zuten bietako inork ez zuela bere aldetik bakerik edo su-etenik izenpetuko Gartziarekin.

Dirudienez, Alfontso VII.ak eta Gartzia Ramirezek akordio hori lortzearren burututako negoziazioetan, 1140an zera adostu zuten: haien seme-alabak elkarrekin ezkonduko zirela, hau da, Blanka Nafarroakoa, Iruñeko erregearen alaba, eta Antso Gaztelakoa, gerora Antso III.a "Desiratua" erregea izango zena. Urte batzuk beranduago, Alfontso VII.ak Naiarako erresuma sortu zuen Errioxan haren seme Antsorentzat. Eraketa horren xede bakarra zen aurrez Iruñeko erregetzari lotutako lur horien konkista finkatzea.

Ramon Berenguer IV.aren gerrak bere bidea jarraitu zuen, eta mugako higadura eragin zuen. Iruñeko erregea, Gaztelarekin mugan zituen lurraldeez kezkatu beharrik gabe, Jakaraino iritsi zen, eta hiria eraso eta erre zuen (1141). Artean, Bartzelonako kondea Nafarroako erreinurantz abiatu zen, eta Iruñean ere sartu zen. Gartziak erasotzen jarraitu zuen Zaragozako ateetara heldu arte, eta Tarazona ere konkistatu zuen (1142). Gerora, Berenguerrek hiri hori berreskuratu zuen, eta Sause konkistatu (1143).

Azkenik, Iruñeko eta Aragoiko erregeen arteko bakea heldu zen Gaztelako erregeak babestuta. Alfontso VII.aren asmoa zen bi erregeen jarrerak hurbiltzea, islamaren kontra egin ahal izateko. 1146ko azaroan, Alfontso VII.ak elkarrizketa bat izan zuen Gartziarekin Tudejenen (Fitero). Gaztelako erregeak bultzatu zuen elkarrizketa, haren alaba Urraka ikusteko aitzakiarekin, Iruñeko erregearekin ezkonduta baitzegoen bi urte lehenagotik. Hilabete bat geroago, Gartzia eta Aragoiko erregea bildu egin ziren San Esteban de Gormazen. Toki horretan izenpetu zuten bakea, baina argitu gabe geratu ziren bien arteko auzi batzuk.