Monarkia eta noblezia

Gartzia V.a Ramirez "Berrezarlea"

Hiru erregeak adiskidetu ostean, Ramon Berenguer eta Gartzia Ramirez Andaluziara zuzendu ziren haien tropekin Alfontso VII.ari Andaluzia birkonkistatzen laguntzeko. Zehazki, Almeriaren kontrako kanpainan parte hartu zuten; piratek hartutako hiria zen gainera. 1147ko abuztuan, iruindarrek eta gaztelauek Baeza hartu zuten, eta urte bereko urriaren 17an, Almeria. Gaztelauek eta iruindarrek hiria lurrez eraso zuten bitartean, kataluniarrek, genoarrekin eta pisatarrekin batera, itsasoz eraso zuten.

Almeria hartu ostean, Iruñeko eta Bartzelonako erregeen jarrerak hurbiltzen hasi ziren. 1149ko uztailaren 1ean adiskidetasun- eta bake-ituna izenpetu zuten berriz ere. Itun horren arabera, Berenguerrek konpromisoa hartzen zuen Blanka andrearekin ezkontzeko, Iruñeko erregearen alabarekin alegia, eta konde kataluniarrak 12 gaztelu emango zizkion gutxienez ezkonsari gisa. Alabaina, ezkondu baino lehen hil zen Blanka. Itun berean adostu zuten etorkizunean musulmanei konkistatuko zizkieten lurrak banatuko zituztela. Berenguerrek eta Gaztelako erregeak asmo bera zuten: bakea mantentzea Iruñarekiko mugetan, lurralde musulmanen kontra borroka egin ahal izateko.

1150eko ekainean, Gartzia Andaluziara itzuli zen, enperadorearen espedizioetako batean. Urte horretako azaroaren 21ean hil zen Lorkan, Lizarrako merindadean, eta Iruñeko katedralean ehortzi zuten.

Vadoluengoko akordiotik 50 urte pasa zirenean, honela abesten zuen Bertran de Born olerkariak:

Lo bos reis Garsia Ramitz
cobrera, quan vida. lh safrais,
Arago, que.l monges l'estrais,
el bos reis navars, cui drechs es,
cobrara ab sos alaves,
sol s'i atur.

Aitan com aurs val mais d'azur,
val mielhs e tan es plus complitz
sos pretz que del rei