Monarkia eta noblezia

Gartzia V.a Ramirez "Berrezarlea"

Aragoiko eta Iruñeko errege Alfontso I.a "Batailatzailea" 1134ko irailaren 7an hil zen zuzeneko ondorengorik utzi gabe. Tronurako legezko ondorengo hurbilenak ziren Gartzia Ramirez eta Alfontso hilaren anaia bat, Ramiro "Monjea". Alabaina, erregeak testamentu-xedapenean, ondare osoaren oinordeko izendatu zituen, zati berdinetan, Jerusalemgo Hilobi Santuaren, Jerusalemgo Pobreen Ospitalearen eta Salomonen Tenpluaren ordena militarrak. Baina testamentua ez zen onartua izan. Aragoiko nobleziak Ramiro II.a Aragoikoa erregetzat onartu bazuen ere, Gartzia Ramirezek iruindarren erregetzat aldarrikatu zuen bere burua Iruñeko Garcia de Larrosa apezpikuaren eta Iruñeko jaun nagusien babesarekin. Jaun horien artean aurkitzen zen Ladron kondea, Gipuzkoako, Arabako eta Bizkaiko jauna.