Kontzeptua

Frantziako Iraultza

Frantziako Iraultza, 1789 eta 1799 urteen bitartean Frantziak bizi dituen aldaketa politiko eta sozial sakonen garai gatazkatsu eta korapilatsua da. Prozesu honetan, Frantzian dagoen egitura politikoa irauli egingo da modu azkar batean. Monarkia abolituko da, harreman sozial berriak eratuko dira eta kultura politiko berria sortuko da, hala nola nazioarekiko lotura eta errepublikanismoa. Gizakiaren eta hiritarren eskubideak izango dira oinarrizko printzipioak eta burgesia izango da prozesu osoaren aitzindaria.

Frantziako Iraultza Estatu Orokorren ekimenarekin hasten da 1789ko maiatzean eta ekainaren 17an Estatu Orokorrek organo autonomo bat eratzen dute Biltzar Nazionala deituko dutena. Botere legitimoa ez dago jada erregearen esku nazio ordezkaria den Biltzarraren esku baizik. Data horretatik aurrera esan daiteke Iraultza garaian gaudela. Era berean iraultza amaitutzat jotzen da Napoleon Bonapartek estatu kolpea egiten duenean 1799ko azaroan Kontsulatua eta Inperioa deituriko erregimenak indarrean ezartzen dituenean.

Aldaketa sakon hau Europan eta Ipar Ameriketan ematen den korronte orokorraren lehen kate-begia da. Azpimarratu behar da biolentzia handiko garaia dela, aldaketa oro bortizkeria askorekin garatzen baita. Sarraskiak, exekuzioak, estatu kolpeak, konplotak, intrigak, iraultzaile eta kontra iraultzaileen artean baina baita ere iraultzaileen baitan ugariak izango dira. Hamar urteko garai gatazkatsu hau tendentzia berak markatua dago hau da, sistema politiko berri baten sorrera eta frantziar nazioaren indartzea.