Kontzeptua

Frantziako Iraultza

Iraultza kontraesan eta hausturen kateaketa bat bezala ulertu beharra dago gertakari batek bestea aktibatzen duelarik. Botere borrokak, haserre eta altxamenduak herritar guneetan, prentsa eta propagandaren indarra, guztiak ideologia berriei baturik eragina izango du gertakarien kateaketan. Halere Iraultza ahalbidetu duten faktore objektibo batzuk aipatu ditzakegu.

Hierarkia soziala hiru ordenu edo estamentuen arabera antolatua dago. Noblezia eta kleroa dira ordezkaritza politikoa duten bakarrak. Beraiek dituzte pribilegioak justizian eta arlo militarrean eta ez dute zergarik ordaintzen. Hirugarren ordenuan, Heren estatuan, Noble eta Eliz gizon ez diren gizarteko beste jende oro daude, txiroak, lur bajeak baserritarrak, merkatariak, burgesia ... jende mota oso ezberdina eta botere ekonomiko eta kultural oso ezberdinarekin. Burgesiak gero eta garrantzi ekonomiko handiagoa hartzen du bere eskuetan baitaude finantzak, merkataritza eta produkzio bideak. Nobleziak kezkaturik ikusten du burgesiaren de facto-zko boterea. Gainera, haiek dira ikasketak egiten dituztenak eta berdintasun politikoaren eta gobernu eta gizarte arrazionalen ideiak garatzen dituztenak. Duten lekuaren kontzientzia hartzen hasten dira eta oraindik ez duten ordezkapen politikoa eskatzen hasten dira.

Egoera intelektuala erabat aldatuta dago. Iritzi publiko bat sortu eta garatzen da. Gizarteak irizten du gai sozial eta politikoen inguruan, eztabaida librerako ohitura txertatzen ari da, pentsamendu korronteak martxan daude, absolutismoa eta feudalismoa kritikatzen dira. Amerikako Estatu Batuen sorrerak eztabaidak pizten ditu esklabutzaren zilegitasunaren inguruan, Eliza eta Nazioaren izaeraz eta konstituzio baten beharraz mintzatzen da.

Frantziak kapitalismo merkatari politika espantsionista indartsua garatzen du. Baina garapen hau Frantzia iparraldean ematen da bereziki eta klase sozial batek soilik eskuratzen ditu onurak. Gizartea eraldaketa sakon batean murgildurik dago, kontraesanak bizi biziak daude eta estatuaren krisia oso sakona da. Uztak txarrak dira eta Estatuko kutxa hutsik dago. Ondorioz, irtenbide fiskalak aurkitu behar dira. Finantza egoera hobetzeko modu bakarra klase pribilegiatuek ere zergak ordaintzea litzateke. Baina Erregeak eta estatu gizonek ez diote irtenbide argirik bilatzen eta egoera ezegonkortzen da. Gainera, krisi ekonomiko sakon hori are larriago bihurtzen da Frantziak AEBen independentziako gerraren alde egiten duelarik, gastu asko eta onura gutxi ekartzen baitio ekimenak.

Maiatzaren 4 eta 5ean Versaillesen hasten dira Estatu Orokorrak baina Erregeak ez ditu biltzarkideen esperantzak asetzen eta ez dago barne arau definiturik. Bozka sistema nola egin ez da adosten eta poliki-poliki korronte politiko ezberdinak finkatzen dira. Maiatza eta uztaila bitartean bi iritzi korronte nagusi agertzen dira Aristokratak eta patriotak. Azken hauek bere garrantzia eta tokia politikan aldarrikatzen dute.

Apertura de los Estados Generales

Hilabete bateko eztabaiden ondotik, Heren estatuak indarra hartzen du eta biltzarreko kideak Nazioaren ordezkari izendatzen dute beren burua. 1789ko ekainaren 17an, Estatu Orokorrak Biltzar Nazionalaren izaera izango duela erabakitzen dute. Beste bi estamentuei bat egiteko gonbitea luzatzen zaie, eta ekainaren 19an, apaiz zenbaitek eta nobleziako 47 kidek bat egiten dute Heren estatuarekin. Ekimen horrek estatuko sistema guztia kolokan jartzen du, Biltzar horrek ordu-arteko estatu ereduari aurre eginez, egoera irauli eta zilegitasun osoa aldarrikatuz estatu eredu berri bat eratze bidean jartzen du. Iraultza egoeran gaudenaren kontzientzia gero eta errotuagoa dago gizartean. Erregea eta Estamentuka antolatutako gizartea ez da mugi ezina, are gehiago beste gizarte mota bat posible da.

Ekainaren 20an, erregeak biltzeko lekua itxi egiten du ekimena ekiditeko asmoz. Hala ere, Biltzarra aldameneko pilotaleku batean biltzen da eta zin egiten dute bildurik jarraituko dutela herriak konstituzio bat eduki arte. Ekimen honi Pilotalekuko zina deitzen zaio eta herriaren botere, eskubide eta zilegitasunaren ikur bihurtzen da.