Kontzeptua

Forjariak

Usadiozko forjaketan, oinarrizko lanabesak sutegia, matxinoa eta zizaila ziren.

Sutegiak aho bakar bat izaten zuen, era berean aho horretatik keak ateratzeko hargunea ateratzen zen. Hargune hori lantegiko sabaian edo hormetan egindako zulotik kanporaino ateratzen zen, horrela kea behar bezala kanporatu ahal izateko.

Piezak egiteko, burdinazko barra edo totxo bat hartu eta bi trokelen artean jartzen zen, askotan ziri bidez finkatuta. Jarraian, kolpatu egiten zen. Trokelen gainazalean egin nahi zen irudia egoten zen grabatuta. Beheko trokela makinaren oinarrian zegoen kokatuta, eta goikoa, berriz, bertikalean, bere pisuagatik erortzen zen mazo batean. Azken hori bi zutaberen artean zegoen kokatuta, uhal batetik zintzilik. Mazoa makinaren goiko aldean zegoen bolante, engranaje eta arrabola- sistema baten bidez igoarazten zen. Sistema hori forjarietako batek piztu eta kontrolatzen zuen, batez ere kolpeen erritmoa eta mazoaren jausialdiaren altuera.

Aldez aurretik, burdinazko barra edo totxoak sutegian berotzen ziren. Hasiera batean, sutegi horiek berotzeko harrikatza edo egur-ikatza erabiltzen zen. Geroago fuel-olioa erabiltzen hasi ziren erregai gisa, eta 1970ko hamarkadatik aurrera, gasa.

Askotan, forjarako mailuak, batez ere 1950eko hamarkada arte, eskuz egiten ziren. Horretarako, burdinazko habeak hartu eta errematxe bidez lotzen ziren. Lehen aipatu dugun bolante, engranaje eta arrabola sistema hori goiko aldean finkatzen zen.