Kontzeptua

Forjariak

Lana oso gogorra zen, lantokian beroa eta kea baitziren nagusi. Horrez gain, maneiatu behar zuten materiala oso pisutsua zen. Forjatu behar zen piezaren arabera alda bazitekeen ere, gehienetan 200 eta 500 kg artean maneiatu behar izaten zituen gizon bakoitzak lanordu bakoitzeko.

Horrez gain, 3.000 kilo pisatzera iritsi zitezkeen mazoek oinarriaren kontra erortzean sortzen zuten zarata ere kontuan izan behar da, orduko 200 eta 1.000 kolpe artean ematen baitzituzten.

Lanaren ezaugarrien ondorioz, langile indartsuak behar izaten ziren, esfortzu handiak egitera ohituta zeudenak. Horren ondorioz, 1980ko hamarkadan, zaila zen lan horretan jardun nahi zuenik aurkitzea, nahiz eta orokorrean antzeko lanetan baino soldata askoz ere hobea irabazi.

Gehienetan somara egiten zen lan. Eskuratu beharreko ekoizpena edo pieza bakoitzaren prezioa zehazterako orduan, askotan eztabaida eta liskarrak izaten ziren. Ekoizpen-arduradunak edo kronometratzaileak ekoizpena zehaztu behar zuenean, oso ohikoa zen sutegian pieza berotzeko ohikoa baino denbora gehiago behar izatea, pieza egiteko kolpe gehiago behar izatea, edo pieza estanpetan trabatuta geratzea, horrela lan-erritmoa mugatzeko. Hala ere, soma zehazten zenean, inork ez zekien nola eta zergatik, baina arazo haiek guztiak berehala desagertzen ziren. Horren ondorioz, lortu beharreko ekoizpena, gehienetan, metodo teknikoak erabili ordez, negoziazio eta eskarmentu bidez zehazten zen.

Lanbidean nolabaiteko trebezia eskuratzeko, hainbat aste eta hilabeteetako ikastaldia bete behar zen. Forjari adituek bezalaxe lanbidea menderatzeko, berriz, askoz ere denbora gehiago behar zen.

Gaur egun, askotan antzeko sistemak erabiliz egiten da lan, nahiz eta lan-baldintzak nabarmen hobetu diren: sutegiak eta mailuak automatizatu dira, erregai gisa gasa erabiltzen hasi dira, konbustioa kontrolatu egiten da, eta materiala elektrizitate bitartez berotzen da. Hala ere, zarata handia jasan eta pisu handiko materiala maneiatu behar izaten dute forjariek. Horren ondorioz, lana oraindik ere oso gogorra da.