Kontzeptua

Feudalismoa

Testuinguru horretan, ez da harritzekoa gotorlekuak, dorretxeak edo gazteluak gizarte feudalaren eta errege eta bestelako jaunen basailutza horietan ikur garrantzitsu gisa hautematea. Halako eraikinak sarri ugaldu ziren Erdi Aroan zehar Nafarroan, Gipuzkoan, Araban, Bizkaian eta Ipar Euskal Herrian. Zehazki esatera, lurralde horietan oso ohikoak izan ziren dorretxeak eta, baita jauregiak ere, kapare eta nobleen leinuen eta haien ondorengoen botere eta nagusitasuna islatzen zutenak. Ondorengo horiek, azkenik, orube eta eraikin horien titulartasuna eskuratzen zuten maiorazkoaren bidez. Gaztelako Koroako, Nafarroako Erreinuko, Ingalaterrako Erreinuko edo Frantziako Erreinuko mugak defendatzeko eraikin gisa ikusi izan dira ia beti gazteluak. Dena den, eraikin horien zaintza noble edo kapare horien eskuetan uzten zen.

Aldi berean, lurraldeko edo gerrako jaun horiek errenta gehiago batzen zituzten pribilegioei, administrazioetan zuten parte-hartzeari eta eskubide jurisdikzionalei esker, azken horiek erregeak onartu ostean. Modu horretan, bizi ziren edo orubea izaten zuten lurraldeko gizarte osoan beren eragina eta nagusitasuna areagotzen zuten. Horrekin zera esan nahi dut, tokiko elizan jakin batzuetan hamarrenak eskuratzen zituztela, eta baita beste eskubide batzuk ere patronatu laikodun jaun izatetik eratorriak (Lazcanotarrak, Ayalatarrak, etab.). Bestalde, erregearen fiskaltasunaren irabazietan partizipazioak izaten zituzten ere. Hori alkabaletan errentan jasotzearen bidez (Mendoza, Guevara, etab.), burdinoletako eskubideetan (Loyolotarrak 1377an), itsasoko hamarrenetan edota "eskarietan". Horrez gain, Gaztelako erreinuaren gobernu-egituran sartzen ziren, Koroako beste zonalde batzuetan edo Bizkaian (Hurtado de Mendoza familia prestamero modura Behe Erdi Aroan); Gipuzkoan (Ayalatarrak merio modura, etab.); Araban (XIV. mendean Ayalatarrak, alkateak eta Gaonatarrak, merioak, etab.); Donibane Garazin gaztelar gisa (Agaramontarrak, Enriquez de Lacarra familia, Beaumondarrak, Ramirez de Baquedano familia, etab.); Nafarroako Erreinuan eta Pirinioen hegoaldera (besteak beste, Peralta, Medrano, Lacarra, Arellano, Garro eta Navarra familiak, XV. mendean).

Ikuspuntu horretatik, gizarte-sistema feudala, batez ere, ejertzito pribatu txikiak izateko gaitasun ekonomikoa zuten zaldun-elitearentzat zen onuragarri. Araban, Gipuzkoan, Bizkaian, Nafarroan eta Ipar Euskal Herrian zenbait noble, kapare eta ahaide nagusi izan ziren horren adibide gailena. Horiek, denbora batez, Araban antolatzen ziren Arabako Kofradiaren baitan eta, baita Nafarroan ere Obanoseko infantzoien kofradiaren baitan. Zehatzago izatera, aipa ditzakegu, Bizkaiko jauna (Iñigo Lopez XI. mendearen hasieran); Oñatiko kondea eta Lazcanotarrak Gipuzkoan; Aiarako jauna, Mendozatarrak, Sarmientotarrak, Velascotarrak, Rojastarrak eta Gaonatarrak (beste batzuen artean) Araban; Agaramontarrak eta Luxatarrak Ipar Euskal Herrian; eta Nafarroako Erreinuan "gizon aberatsak" momentu ezberdinetan, beste batzuen artean, Almoravit, Aibar, Martinez de Morentin, Beaumont, Agramont edota Medrano familiak.

Euskal behe- edo goi-noblezia horiek erregeen basailu izan ziren bereziki eta, gailenek, aldi berean, maila ezberdinetako basailuak izan zituzten haien baitako. Ezaugarri hori erregimen feudalari atxiki zaio bere zentzu juridiko eta instituzionalean edo politiko eta administratiboan. Feudo eta basailuen harreman horretan leialtasun-omenaldiak ere izan ziren (esate baterako, Luxa, Agramont eta Baigorriko jaunek, Labriteko jaunak eta Tartaseko bizkondeak, Foix eta Bigorrako kondeak, Biarnoko bizkondeak eta Mauleko gazteluan Zuberoako Bizkondea zenak Nafarroako erregeei eskainitakoa). Zenbaitetan, basailu horiek jaun edo monarka bati baino gehiagori zor zieten beren leialtasun, betebehar eta konpromisoak. Horren adibidea XV. mendean ikus dezakegu Beaumondarrekin eta Senpereko jaunekin, zeintzuek, aldi berean, interes nabariak zituzten Ingalaterrako erregearen jabetzakoa zen Gaskonian eta baita Gaztelako Koroan (Gipuzkoa) ere, hurrenez hurren; antzeko zerbait gertatu zen Oñatiko konde ziren Guevaratarrekin XV. mende hasieran, izan ere, Nafarroako erregearen txanbelan ere baziren, eta baita Nafarroako leinu nagusiak aintzat hartzen zituen ezkontza-politikari so eginez. Erregearen basailuei dagokienez, XIII. mendearen amaieran Gaztelako monarka zen Alfontso Jakitunaren (Alfontso X) Partida-liburuan dagoeneko erreferentzia egiten zitzaion gizarte-talde horri, gailentasun jakin bat eskainiz:

"...Defensores son uno de los tres estados por que Dios quiso que se mantuviese el mundo: ca bien asi como los que ruegan á Dios por el pueblo son dichos oradores; et otrosi los que labran la tierra et facen en ella aquellas cosas por que los homes han de vevir et de mantenerse son dichos labradores; et otrosi los que han á defender á todos son dichos defensores: por ende los homes que tal obra han de facer tovieron por bien los antiguos que fuesen muy escogidos, et esto fue porque en defender yacen tres cosas, esfuerzo, et honra et poderio. Onde pues que en el título ante deste mostramos qual debe el pueblo seer á la tierra do mora, faciendo linage que la pueble et labrándola para haber los frutos della, et enseñorándose de las cosas que en ella fueren, et defendiéndola et cresciéndola de lo de los enemigos que es cosa que conviene á todos comunalmente; pero con todo eso á los que mas pertenesce son los caballeros á quien los antiguos decian defensores, lo uno porque son mas honrados, et lo al porque señaladamente son establescidos para defender la tierra et acrescentarla..." ...

(Partidas, II, 197).

XIII. mendetik XV. mendera bitartean Araba, Gipuzkoa eta Bizkaiko kapareak Gaztelako erregearen basailu izan ziren. Dena den, bereziki aipatzekoak dira Gipuzkoako zaldun eta ezkutariak, zeinak, aldi berean, Nafarroako erregeen mertzenario izan ziren Frantziako Erreinuan abiatu zituzten kanpaina militarretan. Trukean diru-errenta handiak (poltsa-feudoak, hau da, erregearen diruzaintzatik eratorritako eskudiruak edo diru-sarrera edo soldata modura jasotzen zirenak), administrazioko dohaintza edo karguak eta nekazari-komunitate jakin batzuen gaineko errenta edo eskubideak (Guevaratarrek edo Nafarroako zaldunek Nafarroan edo "behetriako jaunek" Arabako mendebaldeko eskualdeetan) eskuratzen zituzten. Halaber, Nafarroako gizon aberatsak eta erreinu bereko nobleziaren beste sektore batzuk lehen mailako protagonista izan ziren gizarte feudal horretan jazotako gertaera askotan. Hala, gerretan parte hartuz zuten trukean "poltsa-feudoak" eta bestelako sariak jasoz, beren jende eta konpainia armatuen bidez beren erregeen alde egitearren. Horri dagokionez, Alfontso Jakitunaren (Alfontso X) partida-liburuan monarkaren eta haren basailuen artean ezartzen zen basailutza eta harreman feudala (hala izendatzen zen) aipatzen dira. Harreman horietan Gipuzkoa, Araba eta Bizkaiko leinuek parte hartu zuten:

"...Feudo es bienfecho que da el señor á algunt home porque se torna su vasallo, et le face homenage de serle leal: et tomó este nombre de fe que debe siempre guardar el vasallo al señor. Et son dos maneras de feudo: la una es quando es otorgado sobre villa, ó castiello ; ó otro cosa que sea raiz: et este feudo atal non puede seer tomado al vasallo, fueras ende si fallesciere al señor las posturas que con él puso, ó sil feciese algunt yerro tal por que lo debiese perder, asi como se muestra adelante. Et la otra manera es á que dicen feudo de cámara: et este se face quando el rey pone maravedis á algunt su vasallo cada año de su cámara: et este feudo atal puede el rey toller cada que quisiere..."

(Las Partidas, III, 140).

Horrenbestez, nobleziako zenbait sektore eta, jakina, Ahaide Nagusiak feudoan eta basailutzan oinarritutako harremanen bidez sostengatzen zen politika bateko partaide izan ziren. Harreman horietan errege eta jaunek ordain ekonomikoa eskaintzen zieten beren basailuei, haiek emandako zerbitzuen truke (gehienetan zerbitzu militarrak). Teorikoki, jaun eta basailuek leialtasuna, babesa eta laguntza zor zieten elkarri. Ikusi ahal izan denez, partidetan harreman-mota horiek definitzerakoan feudo, lurra eta ohorea bereizi egiten ziren. Lehenengoan deskribapen honen arabera aipatzen diren zerbitzuak emateko betebeharra ezartzen da: "con cierta contia de caballeros ó de homes, ó servicio señalado, o en otra manera quel prometiese de facer". Beste bi kontzeptuak erregearen sariei dagozkie, trukean zerbitzua eman beharrik gabe, beharrezkotzat jotzen ez delako baztertzen baita.

XIV. mendean Guevaratarrek (Oñatiko jaunak) errentak jaso zituzten Nafarroako (Oko, Etaio, Errezu, Villatuerta, Lerin, Bidaurre) eta Gaztelako (Lenizko harana Gipuzkoan) leku ezberdinetatik, aurrerago, Nafarroa eta Gaztelako monarkei zerbitzu-militarra ematearen truke. Ildo horretatik, Behe Erdi Aroan zehar hainbatetan frogatuta geratu denez, emandako zerbitzu-militar horien ondorio bat euskal leinu nagusiei monasterioak ematea izan zen (Loiola, Balda, Iraeta, Olaso, etab.), modu horretan, patronatuko jaun bilakatzen zirelarik. Horrez gain, onura eliza-eraikin horretako gainerako eliztarrengana ere iristen zen, konpentsazio ekonomiko modura (hamarrenak jasotzeko eskubidea), elizgizonak izendatzeko eskubide jurisdikzional modura eta gailentasun sozial eta erlijiozko modura (haiek elizan hartzeko lekuari eta bakoitzaren leinuaren armarriz inguratuta lurperatuak izateko lekuari dagokienez ere bai). Edozein kasutan ere, XIV. eta XV. mendeetan gertatu zenaren ez bezala, garai batzuetan Araba, Gipuzkoa, Bizkaia eta Nafarroako monasterio-elizetako zenbait jaunek beste monasterio-instituzio batzuei eman zizkieten dohaintza modura. Horren adibide dira Okako San Felix, Cogollako San Millan, Leireko San Salvador, Iratxeko Santa Maria eta San Juan de la Peña, etab. (X-XII. mendeak).

Zalantzarik gabe, pertsonaia horiek jaurerri txikiak osatu zituzten eta, ziur aski, Asturias eta Leoneko nahiz Iruñeko monarkiekin ongi lotuak. Talde horietako zutabeetako bat miliziena izan zen eta horien artean leinu gutxi batzuk nabarmendu ziren. Horiek, nolabait jaurerri garrantzitsuak osatu zituzten, bai lurralde izaeradunak (bereziki Nafarroan, Gipuzkoa eta Bizkaiko zati handi batean eta baita Ipar Euskal Herrian ere, horien adibide dira, Lazkao, Butroi, Oñatz, Loiola, Ganboa, etab.) eta baita lurralde eta jurisdikzio izaeradunak ere (halaxe gertatu zen Araba, Gipuzkoa eta Bizkaiko zati batzuetan Oñatiko konde ziren Guevaratarren lurrekin; Murgiako jaunen lurrekin 1382an Astigarragan -Gipuzkoa-; Aiarako jaunen eta Aguraingo kondeen lurrekin Araba eta Bizkaian; Sarmientotarren, Rojastarren, Infanterriko dukeen eta Mendozatarren lurrekin Araban -Mendibil, Martioda eta Mendoza, Ibaialde-. Halaber, Luxa eta Agaramontarrek bortuz beste aldean zituzten lurretan lurralde eta jurisdikzio izaeradun lurraldeak ikus daitezke. Gauza bera ikus daiteke, Nafarroako Erreinuko gainerako lekuetan, horren adibide dira hauek: Garro-Ezpeleta jaunek zutena Erroko bizkonderrian (1408); Navarratarrek zituztenak Muruzabaleko bizkonderrian eta Baldizarben, Muru Artederretan, Obanosen, Orendainen, Utergan, Gomazinen eta Añorben; eta Lerineko konde ziren Beaumondarrek hainbat lekutan zituztenak, esate baterako, Santacara eta Murillo el Fruton (1447).

Are, jaun laiko horietako batzuk beren jaurerriko bizilagunei foruak ere onartu zizkieten (Bizkaiko Jaunak sortutako hiribildu berrietako biztanleei eskainitakoak kasu) edo eskualde jakin bateko usadio juridiko eta sozialak idatziz jaso zituzten (halaxe egin zuen Fernan Perez de Ayalak, Aiarako Lurraldearen Jaunak, 1373ko Aiarako Forua). Nolanahi ere, merezi du Bizkaiko Jaurerriko eta Araba edo Arriagako Kofradiaren "jaurerri kolektiboko" bitxikeria jurisdikzionala aipatzea, zeina 1332. urtean desagertu zen. Bestalde, nahikoa da XIII. mendean idatzitako Nafarroako Foru Nagusiari azaletik erreparatzea, oinetxe-nekazariek izan zuten garrantzia berresteko, hots, jaun modura zuten garrantzia berresteko. Euskal Herriko feudalismoa osatzen duten elementu ekonomiko eta sozialak ditugu aurrez aurre. Batez ere Nafarroako Erreinuan "petxero" hitza jaun (eta baita errege) laiko eta eliztarrei "petxak" ordaintzen zizkieten pertsonak izendatzeko baliatzen zen. Petxa edo zerga horiek jaunarekiko mendekotasuna adierazten zuten. Horregatik zenbaitetan errenta-mota hauen ordainketa ukatu egiten zen eta jarrera hori gaizki ikusia zegoen ordainketa egiten zuten nekazarien artean (izan ere, laborari guztiek ez zuten zerga hori ordaintzen). Horri dagokionez, Nafarroako zenbait nekazarik gauza bera ordaintzeko beste kontzeptu bat erabiltzea nahiago izan zuten, esate baterako, zentsua. Nafarroako Foru Nagusiko IX. kapituluko IV. tituluan zera adierazten da oinetxe-nekazari eta haien jaunen inguruan:

"Si el Seynnor solarigo dissiere al villano solarigo, enséyname mi heredat por la quoal me deves peyta, dével enseynnaar cada aynno toda su heredat entegrament, el villamo con yfanzones et con lavradores et vezinos de la villa, dével apear toda la heredat: con tanto si el villano non fuere creydo, el villano teniendo la heredat quel avrá apeado, dével dar ferme yfanzon daqueylla villa dont la heredat es en el portegado de la glesia vezinal, de lo demás que el solarigo fayllare daqueylla heredat. Di adelant, aqueyllo que fayllare daqueylla heredat puede aver yfanzon".

Era berean, beste lurralde batzuetan, herri edo pertsona batzuek zentsu jakin batzuek ordaindu behar zituzten "nekazari-morroi" izateagatik edo infurtzioak ordaindu behar izan zituzten (Araba), edo nekazaritzako zentsuak (Bizkaia) edo ordainketak egin behar izan zituzten "boteya" kontzeptupean (Behe Nafarroa). Errenta horien ordainketek oinetxe-izaeradun jaurerri gisa aitortzea eragiten zuten.

Ezin dira giro eta testuinguru horretatik at utzi gehienbat Nafarroan, Araba, Bizkaian eta Ipar Euskal Herrian finkatu ziren beste instituzio batzuk, esate baterako, monasterio handiak eta gotzain-elizak. Horietan lurra ekoitzi eta ustiatzeko erabili zen modua erdi aroan, kristautasunaren beste latitude batzuetan, Europan eta Hispanian, jaun handiek erabili zutena da. Besteak beste hauek ditut aipagai: Nafarroari dagokionez, Leireko San Salvador, La Olivako Santa Maria, Iratxeko Santa Maria eta Irantzuko Santa Maria monasterioak, Orreagako kolegio-eliza eta Iruñeko gotzain-eliza; Araban Barriako Santa Maria monasterioa eta Kexaako San Juan Bautista komentua; Baionako gotzain-eliza Ipar Euskal Herrian; eta Ziortzako Santa Maria kolegio-eliza Bizkaian.

Adibide batera, Iratxeko Santa Mariaren monasterio beneditarrean, historiaren une jakin batean, nekazariak izan ziren, oso mugimendu mugatuak zituztenak edo barruti hartan lan pertsonalak egitera behartuta zeudenak XI-XV. mende bitartean. Lan pertsonal horiek, orokorrean, gaizki ikusita zeuden nekazarien artean eta, "morrontza" modura izendatu zuten zalantzarik gabe. Hala, XV. mendearen amaiera aldera Iratxeko Santa Maria monasterioaren mende zeudenak morrontza hori saihestu nahi zuten.

Horrelako lanak Gipuzkoan (Lenizko haranean eta Astigarragan) eta Araban ere izan ziren. Bestalde, Iratxeko Santa Maria monasterioko abadeek eskubide jurisdikzional eta politikoak zituzten hainbat herriren gainean (adibidez, Aiegi Nafarroan). Horrela, horietako bizilagunak epaitu egiten zituzten eta bertako kontzejuetako karguak izendatu. Horrez gain, Goi Erdi Aroko une jakin batzuetan pertsonalki parte hartu zuten Nafarroako Erreinuak alboko beste erreinu batzuekin abiatutako gerretan. Are, komentuarentzat lan egiten zuten ofizial eta profesionalen artean "armiger" delakoa ere izaten zen, hots, armagina.

Bestak beste, Iratxeko Santa Maria monasterioak, Leireko San Salvador monasterioak, Orreagako kolegio-elizak, La Olivako Santa Maria monasterioak, Ziortzako Santa Maria kolegio-elizak eta Kexaako San Juan Bautista komentuak jaurgoen mendekotasunak ukan zituzten eta hori gizarte feudalaren eta feudalismoaren beste elementuetako bat izan zen. Mendekotasun horiek prioretxe, landetxe eta baserrien gaineko kontrolean eta petxa eta enfiteusi-zentsuen (edo enfiteusi izaera zutenen) ordainketan oinarritutako politika ekonomiko baten bidez kudeatu ziren.

Horrenbestez, hierarkia eliztar euskaldunak feudalismoan txertatu ziren erabat. Horrela, hala nahi izanez gero, beren mendeko lurretako lan-indarraren gainean eta basoaren ustiapen eta aprobetxamenduaren gainean "ekonomiaz aparteko" presioa egin zezaketen. Era berean, beste jaun laikoek artzaintzara bideratutako lugorrien usufruktuak bereganatu zituzten eta, are, gero eta indar handiagoa zuen (Behe Erdi Arora gerturatzen garen heinean gero eta handiagoa) mundu hiritarraren aurka borroka isila eta, zenbaitetan, agerikoa egin zuten. Hala, Gipuzkoan, Araban, Bizkaian eta Nafarroan hiri-lurralde horietako antolaketa politikorako lehian murgildu ziren, nahiz eta mekanismo eta jarrera sozial eta politiko ezberdinak erabili.

Araban, Bizkaian eta, batez ere, Gipuzkoan ustez botere feudal horretako "ordezkari" nagusi ziren Ahaide Nagusiak eta haiekin treguan deklaratutako leinu eta familiak elkarren arteko gatazkan egon ziren, bereziki XIV. eta XV. mendeetan, Europako eta Hispaniako gizarte feudalak krisi orokorra bizi zuen garai batean. Horrez gain, ermandadeen botere berriaren aurka agertu ziren. Azken horiek elite hiritarren gidaritzapean garatzen ziren (tartean kapareak eta Ahaide Nagusien senitartekoak ere izan ziren). Zalantzarik gabe, eskualde horietako alternatiba politiko eta instituzionali buruzko ikuskera ezberdina zen lehian zegoena.

Gipuzkoako ermandadeen arteko ezinikusia nagusi zen giro horretan, gizarte feudal zaharkituaren adierazle ziren Ahaide Nagusiei debekatu egin zitzaien Gipuzkoako Batzar Nagusietan parte hartzea, baldin eta leinu horiek ez baziren egokitzen garai horretan garapenean zen errealitate politiko eta administrazio berrira, bandoen sistema eta treguatze zaharkituak alde batera utzita. Araban eta Bizkaiko Jaurerrian ere antzeko zerbait gertatu zen. Orobat, Ipar Euskal Herrian XIV. mende amaiera eta XV. mende hasiera bitartean, Ingalaterrako Enrike IV. errege zelarik, hainbat herritar ermandadetan batu ziren arazoak ebatzi eta gaizkile eta haien ustezko babesleen aurka defendatzeko. Babesle horien artean nobleak eta gotorretxeetako jabeak aipatzen ziren (Lapurdi). Zonalde horretan Senpere eta Urtubiako bandoetako leinuen arteko areriotasuna irmoa izan zen.

Edozelan ere, XV. mendean jaun batzuek oraindik beren jaurgoa mantendu zuten herrialdean: egun Gipuzkoak marrazten duen probintzian Oñatiko konde ziren Guevaratarrek; Bizkaiko Jaurerrian, Orozkoko harana salbuetsita, Ayalatarren jaurgoa, ez zen beste jaun handirik izan Bizkaiko Jauna salbu, zeina XIV. mendearen amaieratik Gaztelako errege ere bazen; eta Arabako probintzian Sarmiento, Guevara, Mendoza, Ayala eta Rojastarren jaurgoak. Hala ere, horietako bakarra ere ez zen pertsonalki lurralde horietako ermandadeetako kide izan. Nafarroako Erreinuan gizon aberatsek eta kapareek osatzen zuten Erdi Aroko Gorteetako hiru zutabe politikoetako bat (kleroa, nobleak eta hiribildu onak). Hori dela eta, lurralde horretako organigrama politiko eta administratibotik at ez geratzeaz gain, merkatarien taldearekin batera, egiteko garrantzitsua ukan zuten erregearen administrazioko sektore ezberdinetan (Erreinuaren Kontseiluan, ejertzitoan eta Gorteetan).

XV. mendearen erdialdera arazo larri batek astindu zuen Gipuzkoako Probintzia. Orduan Ahaide Nagusi batzuek zenbait hiribildu erasotzea erabaki zuten eta ermandadeek kontraerasoa antolatu zuten beren indar militarrak leinu haietako botereko agintari nagusien aurka erabiliz, eta baita haien dorretxeen aurka ere. Eraikin horiek ziren kanpora begirako bastioi nagusiak eta, aldi berean, jaurgoen eraginaren adierazle nagusia. Enrike IV erregearen aginduz dorretxe horiek eraitsi egin ziren. Urte batzuk lehenago Ayalatarrek setiatu egin zituzten Aguraingo hiribilduan (Araba) eta XVI. mendearen hasieran Orozkoko dorretxean eraso zituzten, jaurgoaren aurkako mugimendu batzuetan. Lehen kasuan Arabako Lautadako kapareak izan ziren erasoa bultzatu zutenak eta, bigarrengoan, Arabako Ermandadeak, haietako Ahaldun Nagusia zen Diego Martinez de Alavaren gidaritzapean. XV. mende amaieran Urduñako herria ere Ayalatarren jaurgoaren aurka agertu zen, horretarako Bizkaiko Ermandadeen laguntza izan zuelarik. Garai haietan, XV. mende erdialdera, gerra zibil gogor batek astindu zuen Nafarroako Erreinua. Agaramontarren eta Beaumondarren aldekoen arteko gatazka horren ondorioz, monarkiaren botere zentralaren egitura ahuldu egin zen. Modu horretan, nobleziako eta jaurgoetako leinuek gidatutako auzi bakoitzaren inguruan batutako hainbat botere sortu ziren.

Finean, Araban, Gipuzkoan, Bizkaian, Nafarroan eta Ipar Euskal Herrian izandako feudalismoaren eta gizarte feudalaren ezaugarri orokorrak bertan finkatu ziren edo lurralde horiekin lotura izan zuten beste marko politiko batzuetako ezaugarrien antzekoak izan ziren. Nolanahi ere, etengabe eraldatzen zen feudalismoa zen. Hala, gizartearen jarraibideak zehaztuz joan ziren eta haien funtzio eta protagonismoa aldatuz joan zen Erdi Aroan zehar. XIV. mendean Europako mendebalde osoa krisi batek jo zuen eta argi dago krisi horren ostean lurralde horietako indar ekonomiko, sozial eta politikoak berreraiki egin behar izan zirela. Modu horretan, Araban, Gipuzkoan eta Bizkaian, bereziki XV. mendearen bigarren erdialdetik aurrera, nabariagoa zen elite hiritarren jarduera politiko eta administratiboa aspaldi bandoen eta taldeen sistemaren bidez antolatutako landa-leinu zaharrena baino. Aitzitik, Nafarroako Erreinuan itxura batean fenomeno hori jaunen aldekoa izan zen, mendearen bigarren erdialdean zehar nabari zen ezegonkortasun politikoa zela medio (agaramontarrak eta beaumondarrak). Dena den, beranduago Gaztelako Koroako ejertzitoak lurraldea konkistatzean, kanpoko leinuak sartu ziren bertan, protagonismo politiko handia izan zutenak.

Ildo horretatik, Errege Katolikoen garaian Araban, Gipuzkoan eta Bizkaian elite sozial, ekonomiko eta politikoak gero eta fiskalizazio handiagoa erakusten zuen botere zentral baten inguruan antolatu ziren. Beranduago Nafarroako Erreinua ere botere horretara batu zen. Gizarte feudal zaharra eraldatu egin zen eta leinu zaharrak inoiz baino indar handiagoz sartu ziren erregearen administrazioaren egituran. Hala, mekanismo berrien bidez, egitura horretan errenta handiak eskuratu zituzten.

Hala ere, gizarte hiritarrak gizarte feudalari zegozkion zenbait usadio eta portaera hartu zituen. Horien artean kapareak aipatu behar dira (haietako asko inguruko landa-oinetxeetatik etorriak), garai batean Gaztelako goi-nobleziaren ingurune politikoan ibili ziren bandoetako leinuetan antolatu zirenak (Ayalatarrak, Guevaratarrak, Manriquetarrak, Velascotarrak, etab.). Zenbait hiri "jaurerri kolektibo" bilakatu ziren erabat, haietako jurisdikzio-hiribilduekin (adibidez Gasteiz). Horrez gain, han bizi ziren noble eta kapareek goi-nobleziaren bizimodua imitatu zuten eta "kaparetasun unibertsal" izeneko aldarrikapena (Gipuzkoa eta Bizkaiko Forua, 1525) zuzendu zuten. Are, maiz gertatzen zen hiribildu eta hirietan erregearen eskutik pribilegioak eskuratzea, titulu hau bereganatzeko: txit noble eta leial. Horrek agerian uzten zuen herritarrek "gizarte hiritarra nobletzeko" zuten nahia.

Horrenbestez, Erdi Aroan zehar gizarte feudala definitzeko baliatzen ziren osagaiak eraldatu egin ziren. Zalantzarik gabe, gizarte horretan aldaketa erabakigarriena zera izan zen: Erdia Aroaren amaieran hura eta, horrenbestez, feudalismoa ez zirela definitzen soilik edo nagusiki jaun eta nekazarien arteko harreman sozial eta ekonomiko modura. Nolanahi ere, feudalismo hitza erabiltzen jarraitu zen Europako herrialde ugaritan Frantziako iraultza hasi ondorenean ere. Azken herrialde horretan hitzak bestelako adiera bat hartu zuen, hots, jauntxoen ustiapena eta jazarpena adierazteko erabiltzen zen, Julio Valdeon Baruquek erakutsi duenez. XIX. mendean, zalantzarik gabe, feudalismoa (bere zentzu zabalean ulertuta) desagertu egin zen Europako lurraldeetatik. Baina errealitate feudalak berezko espezifikotasuna izan zuen Erdi Aroan zehar.