Kontzeptua

Feudalismoa

Ondoren, historialariek feudo izenarekin ezagutzen den esparru juridiko eta administratiboaren sorrera ahalbidetu zuen harreman sozioekonomikoa adierazteko baliatu zuten feudalismo hitza. Dena den, XXI. mendearen hastapenean jarrera historiografiko eta ideologiko ezberdinak nabari dira eta horrek feudalismo eta feudal gisa ulertu behar duguna baldintzatzen dute. Badira oraindik feudalismo eta feudaltasun hitzak bereizten dituztenak. Lehenengo hitza alderdi sozioekonomikoak adierazteko baliatzen da eta bigarrena feudo eta basailutzan oinarritutako instituzioak aipatzeko.

Bestalde, zenbait autorek jaurgoan oinarritutako erregimena eta erregimen feudala bereizi egin behar direla diote, esate baterako Marc Blochek. Autore horiek diotenez, bigarrenean jaun eta basailuen arteko harreman espezifikoagoak barneratzen dira, jauntza jakin batzuen (eta ez beste batzuen) lagapenean oinarritzen direnak eta, neurri batean, botere publiko eta jurisdikzionalaren eskualdatzea barnera dezaketenak.

Edozelan ere, historiografia garaikidean "gizarte feudal" hitza baliatu da, gutxienik, Europako Erdi Aroko kristautasuna aipatzeko, hauek direlarik hartako funtsezko ezaugarriak: nekazaritza eta abeltzaintzaren garrantzi gailena jarduera ekonomiko nagusientzat hartuta, landa-lanean aritzen diren eta jaunen lurrak lantzen dituzten langile kopuru handia (laborari eta nekazariak), sarritan milizien (zaldunak) alde aritzen direnak eta basailutzan oinarritutako harremanak direla medio erregearen boterearekin lotzen direnak. Basailu horiei urteko errenta bat eskaintzen zien erregeak espezietan, dirutan edo lan-pertsonal modura ordainduta, emakida horren errenta orokorra errenta feudal gisa ezagutzen dena delarik.

Argi dago gizarte horrek gogo-imaginario oso bat zuela, nagusiki hiru ordenen (bellatore, oratore, laboratore) balizko ideologian oinarritzen zena eta, baita Erdi Aroko kristautasunean nagusi ziren ildoetako ideia eta balio erlijiozko eta sozialetan ere. Lurraldeko eta gerrako jaun horiek, aldizka, hainbat monopolioren jabe izan ziren edo, besteak beste, errota eta burdinolen gaineko monopolioa izaten ahalegindu ziren. Halaber, legez eratutako jaurerrien buruzagitza eskuratu zuten (esate baterako, Bizkaian, Oñatin, Aiaran, Laudion, Kuartangon, Orozkon edo Baigorrin) eta, horrez gain, eskumen jurisdikzional eta politikoak eskuratu zituzten eta, apika, egoera jakin batzuetan monarkiaren boterea zatikatzeko elementu gisa erabili zituzten aipatu buruzagitza eta eskumenak, nahiz eta hari zintzotasuna zor. Horrenbestez, noble-titulua izatea ez da aski pertsona hori jaun feudalen multzoan sartzeko. Bestalde, multzo horretan badira ezberdintasun interesgarriak ere.

Erdi Aroan aurrera goazen heinean, erregearen pribilegio indibidual edo kolektiboari esker pertsona askok kaparetasuna erdietsi zutela ikus dezakegu. Hala ere, ez zioten utzi laborari izateari eta, normalean, sekula ez zuten menpeko nekazaririk izan beren lurrak ustiatuko zituztenak jaurgoaren ikuspuntu batetik.

Haatik, oso zaila da Araba, Gipuzkoa, Bizkaia, Nafarroa eta Ipar Euskal Herriko gizarteetako feudalizatze-prozesuaren kronologia zehaztea. Egiaz, izaera feudal eta basailutzakoa zuten formalismo eta instituzioetara jotzea litzateke, feudal kontzeptua gizarte hori osatzen zuten gainerako elementuei aplikatu ahal izateko oinarria. Penintsulako iparraldeko edo Frantziako hegoaldeko beste zonalde batzuetan bezalaxe, batez ere, X. eta XII. mendeen artean abiatu eta garatzen den fenomeno bat da ziurrenik, XIII. mendetik XV. mendera bitartean bestelako forma edo eduki batzuk baitaratu zituenak. Prozesu horretan erregeek ziurrenik zerikusi handia izango zuten, izan ere, historiako uneren batean, lurralde horien gainean nolabaiteko nagusitasuna izan zuten.

Bestalde, are zailagoa da feudalizatze-prozesu hori "eite zaharreko" gizarte batetik abiatuz gauzatu zela orokortzea, hau da, esklaboetan oinarritutako gizarte batetik, (Juan Jose Larrearen arabera horixe da Nafarroaren kasua), edo esklabotzaren aurreko gizarte-antolaketa batetik, zeinetan haraneko eta herrixketako komunitateak egongo liratekeen, Bizkaia eta Gipuzkoako zati handi batean bederen (hori da Jose Angel Garcia de Cortazarrek irizten duena).