Monarkia eta noblezia

Felipe V

Bilboko eta Donostiako merkatariek, kolonietako produktuek zuten eskari handia ikusita, Amerikarekin zuzenean salerosteko lizentzia lortu nahi zuten. Une hartara arte monarkiak Indiekiko salerosketen monopolio esklusiboa Sevilla eta Cadizen esku (XVIII. mendean) utzia zuen; hortaz, Amerikatik zetozen produktuak zekartzaten eta penintsulara heltzen ziren ontzi guztiek Sevillako Kontratazio Etxetik pasa behar zuten halabeharrez -1717an Cadizera aldatu zuten-.

1728. urte amaieran Errege Zedula batek Gipuzkoako eliteko zenbait gizoni Caracaseko Errege Konpainia eratzeko baimena eman zien. Elkarte horrek Donostian zuen egoitza, eta goraldia izan zuen 1751. urtera arte. Orduan, Ingalaterraren aurkako gerrari aurre egin behar izan zion (1739-1748), bertan parte hartzera ikusi baitzuen bere burua, baita 1749ko matxinada kreolari ere. 1751. urteaz geroztik akziodun kreolak sartu ziren konpainian eta Madrilera eraman zuten. 1778. urtean Amerikarekiko komertzio askea aldarrikatu zen eta horrek konpainiari kalte ekonomikoa ekarri zion; salerosketa askearen kontzesioak, Espainia eta Ingalaterraren artean piztutako gerra berri batekin batera (1780 eta 1783), elkartea krisialdi larri batera eraman zuen. Konpainiak birmoldaketa bat jasan zuen eta 1785ean Filipinetako Konpainia izena hartu zuen.

Bestalde, Bilboko zenbait merkatarik Buenos Aires, Tucuman eta Paraguayko Nabigazio eta Merkataritza Konpainia bat eratzen saiatu ziren Lehendabiziko saiakera 1737. urtean egin zuten, bigarrena 1745 aldera eta hirugarren aldiz ere saiatu ziren Amerikarekiko merkataritza librea aldarrikatu baino urte gutxi batzuk lehenago. Konpainia honen fundazioa ez zen Gortean onetsia izatera heldu proiektuaren aurka, besteak beste, Lima eta Buenos Aires hiriko merkatariak agertu zirelako.