Monarkia eta noblezia

Felipe V

1702. urtearen amaieran euskal kostaldeak defentsa-neurriak hartzeari ekin zion, eta etsaiaren eraso bati aurre egiteko prestatzen hasi zen. Lan honetan azpimarragarria da marinako jeneral eta Ozeanoko errege-armadako pilotu izandako Antonio Gaztañetakoa gipuzkoarrak egindako lana. 1702. urtean bertan Gaztañeta kantauriar itsasoko ontziolen superintendente nagusi izendatu zuten.

1705. urtean Aragoiko Koroako lurraldeak Austriako Carlos artxidukearen alde agertu ziren eta hurrengo urteko ekainean artxidukea sartu eta Madrileko hiria hartu zuen bere tropekin. Egoerari aurre egiteko 18 eta 60 urte arteko errekrutatze orokorra deitu zuten hainbat probintziatan, laguntza ekonomikoa eskatu zuten eta Frantziako tropen laguntzaren beharra ere izan zen.

1707ko apirilaren 25ean Felipe V.ak artxidukearen gizonak garaitu zituen Almansako batailan (Albaceten); aldi berean, bere aliatu Luis XIV.ak zenbait ezbehar pairatu zituen Europan. Felipe erregearen tropen artean borrokan aritu zen, urte haietan, Kantabriako Errejimentua; bertan Tomas de Idiaquez, Francisco Jose de Emparan edo Blas de Lezo militarrak nabarmendu ziren, besteak beste.

1710. urtean artxidukearen tropek berriro armaz hartu zituzten penintsulako hainbat puntu eta irailaren 28an bigarren aldiz sartu zen Madrilen. Maria Luisa erreginak Gasteizen hartu zuen babesa. Artxidukeari berriro gailendu zitzaizkion Brihuega eta Villaviciosako batailetan, eta Felipe V.ak, gainera, Carlos Inperio Sakratu Erromatar Germanikoko enperadore izendatu izana lagun izan zuen 1711. urtean. 1712ko urtarrilean Utrecht-eko Bakea negoziatzen hasi ziren, baina oraindik ere gizon eta diru-eskaerekin jarraitu zuten, Kataluniarekin hasitako gerra ez baitzen artean amaitu.

Utrecht-eko Bakeko punturik garrantzitsuenetariko bat, euskal lurraldeei dagokienean, Ternuako bakailao-bankuen afera da. Frantsesek Ingalaterrari eman zizkioten bankuok, euskaldunen interesen kalte. 1714 eta 1715 urteen artean Espainiak negoziazio diplomatikoei ekin zien, Ingalaterrak arrantza-toki horietan arrantza egiteko baimena eman zezan; hala ere, jarduera horrek ez zuen lortu XVI. eta XVII. mendeetan izandako indarrik.

Gerra 1714. urte bukaeran eman zen amaitutzat. Espainiak eta Frantziak, garaile irtendako potentziek, bere nahiak mugatu behar izan zituzten eta herrialde aliatuei Europako hainbat lurralde eman. Penintsularen barnealdean, Felipe V.ak bertan behera utzi zituen Aragoiko foruak (1707), Valentziakoak (1707), Kataluniakoak (1714-1715) eta Mallorcakoak (1716). Hala ere, Nafarroako eta euskal probintzietako foruak eta legeak ez zituen bertan behera utzi; lurralde horiek bere alde borrokatu ziren gerrak iraun bitartean. Gaztelako legeak, gutxika, lurralde guztietan ezarriz joan ziren, Nafarroan eta Euskal Probintzietan izan ezik.