Dantza

Fandangoa - Jota - Orripekoa -Trikitixa

Hala ere, Txistulari aldizkariko bigarren garaiko lehen sei mila partituren orrietan, 1955 eta 1998 artean agerturik (Agirregomezkorta eta Vesga 1998), kontuan hartu gabe suite, rapsodia eta beste obra luzeagoetan agertzen direnak, aurkibideetan berrehun eta hogeita bost daude orripeko kategorian, nahiz eta, egia esanda, jatorrizko aldizkarietan izen horrekin oso gutxitan agertu. Errepertorio orokorraren %10 suposatzen du, generoen artean hirugarrena izanik biribilketen eta zortzikoen atzean. Eta agertzen diren hemezortzi jota gehitzen badizkiegu aldizkariaren generorik ugariena izango litzateke.

Gaur egun, jakina, fandangoa bizirik dago oso. Egitura oso sinplea eta musika eruditoaren parametroetan erabat sarturik, eragin ezberdinak jaso izan ditu historian zehar, eta aski seguru jotarena nabariena izan daiteke, baina jende frankorentzat, arin-arinekin osatzen duen dantza-bikotea euskal dantza askatuaren sinonimoa da.