Dantza

Fandangoa - Jota - Orripekoa -Trikitixa

Fandangoaren lehendabiziko erreferentziak XVIII. mendearen hasierakoak dira (Nuñez 1999), El novio de la aldeana entremesean lehena izanik une honetan dakigunaren arabera. Diccionario de Antigüedades delakoak, 1735ean modu honetan deskribatzen du: Indietako erresumetan egon direnek sarturiko dantza, oso doinu alai eta jai-girokoa egiten dena. Ameriketekiko erlazioa eta izaera alaia, izan ere, lehen momentutik azpimarratzen ziren. Zentzu horretan ngo hondarkia afrikarraren edo afroamerikarraren jatorriko frogatzat hartu izan da batzuetan. Lehen fandango hau kantaturik omen zen, eta eskema oso zehatza zuen, gaur egun gutxi gorabehera mantendu egin zena: kopla kantaturik bat maior moduan eta lelo instrumental bat mi moduan kadentzia andaluziarrarekin. Azken lelo horiei buruz XVIII. mendean musikagile ospetsu batzuek fandango oso ezagun batzuk egin zituzten, Scarlattik, Boccherinik eta aita Solerrek hain zuzen. Gai hori oso ezaguna izan behar zen Euskal Herrian ere: 1885ean sinaturiko Fernando Ansorena Izagirren danbolinteroaren koadernoan bost bertsio daude. Oso fandango ezaguna da txistularien artean, eta gaur egun Lizarrako Larrain dantzan ere parte hartzen du. Hona hemen bere hasiera:

Partitura

Fandango mota hau oso erraz erlazionatu daiteke Penintsulako XVII. mendeko beste dantza batzuekin, eta bereziki ostinato harmonikoak erabiltzen zituztenekin, hala nola folia, kanarioak edo, zarabandarekin (azken hau batez ere aipatuta Euskal Herrian). Deskribapen batzuen arabera, bereziki bidaiari atzerritarrek, askotan frantsesek, egindakoak, dantza hau oso lizuna omen zen bere mugimendu sentsualengatik. Agian horregatik Iztuetak hartzen du Zamakolarengandik bere fandangoaren jatorriaren teoria. Bere ustez Ekialdeko eragina oso handia zen fandangoan, amodioaren alde ausartena azaltzen zuela eta. Kartagotik etorrita, Erromako ohitura zaharrak erorarazi zituen, eta arabiarren bidez Espainian mantendu egin zen (1824:146). Frantzian bereziki famatua egin zen fandangoaren sentsualitatea, eta 1809an Parisen estreinatu zen Le Procès du fandango vaudevillea, Donibane Lohitzudunen girotua, non deskribatzen zen nola Espainatik ekarritako dantza saiatu zen debekatzen bere izaera lizunagatik (Batcave 1914).

Hala ere, fandango mota hau, ezagunena mundu mailan, ez du zerikusi handirik Euskal Herrian gaur egun jo eta dantzatzen denarekin. Frai Bartolome Santa Teresakoarentzat (1816:137), adibidez, pandangua oso lizuna zen, baina bere deskribapenak beste ñabardura batzuk ere adierazten ditu: arazoa kontaktu fisiko handia da nos arpeguijaquin, nos besuaquin, nos sabeleequin, nos albuaquin. Humboldten hitzetan, bere 1801eko egunkarian (1923:207), mota guztietako zakarreriak, jauziak, mugimendu lotsagabeak, baina sentsualitaterako erabat suspergarririk gabe. Gure ikuspuntutik, hots, lizunagoak baino, bortitzak eta baldarrak. Honek seguruenik justifikatzen du Victor Hugoren etsipena euskal fandangoa ikusi zuenean: dantzariak arintasun harmoniatsuaz mugitzen ziren, baina inspiraziorik gabe, surik gabe, estasirik gabe, haragikoitasunik gabe... (Martínez Salazar 1995): Hala ere, zati hauetan zentratu ziren XVIII. mendeko iskanbilak eta debekuak. Eta, jakina, erreforma ilustratuak.

Iztuetaren arabera, izan ere, Hondarribiako eta Hernaniko alkateek debekatu zuten fandangoa haien herrietan (1824:144). Hala ere, momentu batean aitortzen du soka-dantzaren ostean egiten zela Gipuzkoako leku batzuetan (1824:230). Fandangoa, beraz, aski arrunta izan omen zen XVIII. mendean Euskal Herrian. Eta bai frai Bartolome bai Iztuetak bai Humboldtek arin-arinekin erlazioatzen dute iadanik XIX. mendearen hasieran. Nabaria da, adibidez, 1745ean Larramendiren Diccionario Trilingüen agertzen dela fandango hitza, euskaraz eta gastelaniaz modu beran esan arren, baita kontradantza ere, baina ez duela jota aipatzen.

Antza denez, jota fandangoa baino geroago sortu zen, eta herri batzuetan, bereziki Penintsulako Iparraldean, berarekin nahasteko joera du. Erritmoa hirutarra da bere ezaugarri komun nabariena, eta Miguel Manzanoren ustez (1995), esana dagoen bezala, idazteko modurik hoberena ez da 3/4 edo 3/8 konpas ohikoak, 6/8 konpasa baizik, 6/8 konpas bakoitzak 3/8 edo 3/4 bina konpas adieraziz. Sei kortxea horiek normalean hiru biko taldetan antolatzen dira, 2+2+2 moduan, 3/4 bezala alegia, baina maiz agertzen da kontrako antolaluntza, oso ezaugarrizkoa genero honetan, bi hiruko taldetakoa 3+3. Errepertorioa batez ere ahozkoa da, oktosilabikoen kopletan oinarriturik, eta adibide instrumentalak, gutxi izanik ere, ahozko erreferentziak badituzte.

Ikustekoa denez, jota definitzeko irizpide hauek, fandangokoek bezala, ez dute oso ongi funzionatzen euskal kasuan. Hemen errepertorio gehiena instrumentala da eta hemioliak edo polirritmo horiek nekez erabiltzen dira.