Iparraldeko frontea erori ostean Errepublikak izandako porrotaren ondoren, milaka euskaldun erbesterako bidea hartzera behartu zituzten.
Lehenengo etapa Frantzia izan zen, errepresio frankistatik ihesean zebiltzan gainerako errepublikanoek bezala. Baina bertako harrera ez zen espero zutena izan. Frantziako gobernuak "centres d'accueil" guneak antolatu zituen, hau da, bat-batean egindako kontzentrazio esparruak, esaterako, Argéles-sur-Merrekoa, hondartzan bertan ezarria eta Senegaleko soldadu beldurgarri eta basatien zaintzapean zegoena. Bertan ia 5.000 euskaldun zeuden "Gernika-berri" izenez ezagutzen zen "herrixkan" antolatuta.
Bitartean, 1939ko martxotik aurrera, Orthezeko barrutian, Biarnon, Gurs izenez ezagutzen zen leku urrun batean kontzentrazio-esparru berri bat eraikitzen hasi ziren. Apirilean dagoeneko eraikitze-lanak amaituta zeuden. Zuberoako mugan kokatuta zegoen, Oloroe-Donamariatik 17 km ingurura. Aurki Argéletik eta beste kontzentrazio-esparru batzuetatik etorritako euskaldunak bertan bildu zituzten. 1939ko maiatzaren 10ean, guztira, 18.985 preso zeuden, eta horietatik 6.555 euskaldunak ziren.
Euskaldunak nazio gisa antolatuta zeuden eta Eusko Jaurlaritzarekin harremanetan jarri ziren Telesforo Monzonen eta esparru horretako kolonia euskaldunarentzako kapilau lanak egiten zituen Iñaki Azpiazu apaizaren bitartez. Berehala euskaldunak esparrutik ateratzeko plana osatu zuten, eta gerraren deklarazioa gertatu zenerako, 1939ko irailean, ia-ia euskaldunen erdiak askatu zituzten.
Defentsa Ministerioak langileak behar zituen eta Frantziako armagintzaren sektorean euskaldunen lankidetza izateko negoziazioak izan zituen Eusko Jaurlaritzak aipatu ministerioarekin. Modu horretan, euskaldun ugari hasi ziren Pariseko enpresetan lan egiten eta beste zenbait Tarbe eta Lannemezaneko armategietan edo Baionako Breguet-Latecoere hegazkin-fabriketan.
Hala ere, gobernu frankistak, Parisen bertan zegoen Lequerica enbaxadore berri eta frankista bilbotarraren eta eskuin muturreko diputatu Jean Ybarnegaray baxenabartarraren laguntza zituela, presioa egin zuen errefuxiatu errepublikanoen kontrako errepresio neurriak har zitezen eta euskaldunak ez ziren libratu. 1940ko maiatzaren 20an gobernu frantsesak Eusko Jaurlaritzaren lokalak eta LIAB (Euskaldunen Lagunen Nazioarteko Liga) itxi zituen eta Behe Pirinioetan bizi ziren euskaldunak Gurseko kontzentrazio-esparrura edo Loiratik aurrera, lurralde urrunetara, bidali zituen. Ybarnegarayk J.A. Agirre salatu zuen, esanez "alemaniarrekin lankidetza estua" zuela eta "inteligentzian" zegoela.
Urte horretako ekaina heldu orduko 800 euskaldun zeuden Gurseko esparruan. Bertan alderdi politiko euskaldun guztietako arduradunak giltzapetuta zeuden: EAJko EBBko kideak, esaterako Luis Arredondo, Luis Arregui, Andres Bereziartua; Manu Eguilleor alderdi bereko idazkaria; Jose Lecaroz El Día argitalpenaren zuzendaria; Isidoro Fagoaga tenorea; eta baita zenbait euskal komunista ere, adibidez Cecilio Arregui, Euskadiko AK-ko zuzendaria barne, Celestino Uriarte arrasatearra, etorkizunean gerrilla mugimenduko zuzendaria izango zena edo Lasarteko Victorio Vicuña, "Julio Oria" ezizenez ezaguna, erresistentzia frantsesaren heroi bilakatuko zena eta Bizkaiko inguruetako gerrillaria. Felix Liquiniano gipuzkoarra edo Vicente Moriones Belzunegui nafarra ere, anarkistak, Gursen izan ziren. Halaber, Pepe Mitxelenaren buruzagitzapean zegoen euskal "Zerbitzu sekretuaren" taldea ere bertan sartu zuten, baina Iñaki Azpiazuk Frantziako armadak Baionan zuen Deuxieme Bureau-ko ordezkari Simon kapitainarekin egindako negoziazioei esker, aurki askatu zuten eta harentzat lan egin zuen taldeak.
Preso euskaldunen egoera larria zen; izan ere, alemaniarren aurreratze geldiezina ikusita bi aukera baino ez zeuden, nazien preso bihurtzea edo frankisten esku gelditzea. Zorionez, ekainaren 21ean lehenengo preso euskaldunak aske utzi zituzten eta Venezuelarako bidea hartu zuten. Aste batean, euskaldunak giltzapetzeko erabilitako "C" uhartetxoa hutsik gelditu zen. Zaindarien nahasmen eta etsipen egoera, bertan sartuta zeuden azkeneko preso euskaldunen askatzean lagungarri gertatu zen. Batzuk Iparraldera alde egin zuten, beste zenbait Latinoamerikara joan ziren eta gutxi batzuk Londresera. Horrela hasi zen erbestean zeuden euskaldunentzat lehenengo mundu gerra eta horrekin batera, haien bizitzetako aro berri bat: batzuentzat erbestealdi luzea Amerikako zenbait herrialdetan, beste zenbaitentzat okupazio amaiezina, arriskuz eta debekuz betea, Espainiako poliziaren edo Frantzia okupatuan haiekin lankidetza estuan ziharduten nazien errepresio indarren etengabeko mehatxupean.