Kontzeptua

Euskal noblezia Iparralden

Euskal herritarrek pribilegio horiez gozatzen zuten, askatasuna eta eskubide guztiak izatea nobleen gauza esklusiboa zen garai batean. Noblezia, zalduntzaren edo basailutzaren sinonimoa baino gehiago askatasunaren sinonimoa bada, orduan zenbait egilek euskal herritarren nobletasunaren gainean egiten duten baieztapena, esaterako Sanadon Baionako gotzain konstituzionalarena (SANADON, Don Barthélémy, Jean-Baptiste: Essai sur la noblesse des Basques..., Paue, 1785) egia da. "Haiek bakarrik zeharkatu dituzte Erdi Aroko mende luze eta mingarriak morrontzaren desohorea jasan beharrik izan gabe... eta egiaz, euskal herritar guztiak ziren nobleak, Frantziako eta Espainiako gorteetako baroi altuenak bezain nobleak, alegia, beren legeak ez baitzeuden nagusi baten mende" (Elisée RECLUS); (Itzulpen moldatua frantsesetik).

Bestalde, askatasun pertsonalaren irizpide hori izan zen Gaztelako erregeak argudiatu zuena euskal herritarrei kaparetasun unibertsala aitortu zienean. Haren hitzetan: "Gizon zintzo eta tolesgabe izaera hori, inongo morrontzari lotzen ez zaiena, nobleziaren baliokide juridikoa da" (Itzulpen moldatua frantsesetik). Nobletasun edo kaparetasun hori jaiotzakoa zen, eta ez geroago eskuratua, eta gainera egiazko kaparetasuna zen, etxeari loturikoa baitzen eta ez pertsonala. Gaztelako erregeak kaparetasun unibertsala 1314an aitortu zien Arabako biztanleei, 1394an Bizkaikoei eta 1476an Gipuzkoakoei. Euskal herritarren kaparetasunaren aitorpen hori berritu egin zuten Fernando katolikoak 1480an, Karlos V.ak 1527an, Filipe III.ak 1608an eta Fernando VI.ak 1754an. Nafarroako lau haranetako biztanleak ere kapare izendatu dituen Nafarroako erregeak XV. mendean. Baztango haraneko biztanleak ere noble izendatu zituzten 1366ko eta 1427ko suteen edo etxeetako liburuen arabera. 1437tik 1440ra egin zen prozesu batek honako hau zioen beren kaparetasuna arriskuan ikusi zuten haraneko biztanleen inguruan: "Nobleak, zintzoak, tolesgabeak dira, eta edozein morrontzatik aske daude" (Itzulpen moldatua frantsesetik). Ondorioz, 1440an Nafarroako erregeak bertakoen kaparetasuna onartu zuen.

Kaparetasun hori ere hainbat aldiz frogatuta geratu zen Bizkaiko foruan (Foru Berriaren 1. tituluko XVI. legea). Erregearen agenteak kexu ziren ezin zietelako bizkaitarrei inolako torturarik eragin, proba hori plebeioentzako neurria baitzen. Bizkaitarrek hainbat aldiz egin zuten hainbestetan mehatxaturiko beren kaparetasunaren alde. Ermandadeko kaierek eta Gipuzkoako foruek ere gipuzkoarren kaparetasuna aitortzen zuten (1397ko Cuaderno de Hermandad de Guipuzcoa eta Nueva recopilación izenekoaren 2. tituluko II. kapitulua).

Erregeak, Euskal Herriko biztanle bat kapare izendatu nahi zuenean, emandako zerbitzuengatik edo finantza onak zirela eta, haren lurrak egiten zituen noble, eta ez pertsona bera. Artxiboetan adierazitakoari buruzko adibide ugari aurkituko dugu. Zenbait etxe nobletzat hartzen ziren, baita hala izendatu ere. Baina ez ziren beste etxeengandik desberdinak, hau da, etxe frankoak eta landetxeak bezalakoxeak ziren, eta ez zen oinordekotza kontuetan gizonezkoen pribilegio bat edo ohorezko pribilegio huts bat ere. Eta geroago, 1789ko Estatu Orokorretan Hirugarren Estatuko diputatua izango zenak, Garatek, honela adierazi zuen Bordeleko Akademian emandako hitzaldi batean, 1784. urtean: "Baserritarra harro dago eman diogun titulu horrekin eta okasio guztietan erabiltzen du ohorezko titulu gisa, eta kaparearen mahaian esertzen da eta bere lekuan dagoela uste, eta kapareak ere hark bezala pentsatzen du" (Itzulpen moldatua frantsesetik).