Kontzeptua

Euskal noblezia Iparralden

Ez zuten morrontzarik ezagutzen, Nafarroan eta Araban izan ezik, lehenengoa erresuma baitzen eta bigarrena birkonkistaturiko lurraldea.

Askatasun pertsonal horiek idatzitako usadioetan jasota daude, 1514an Lapurdirentzat eta 1520an Zuberoarentzat, baita Bizkaiko 1452ko eta 1526ko foruetan eta 1373ko Aialaren foruan ere, eta geroago, XVII. mendean, Behe Nafarroako foruan.

Iparraldeko hiru probintzietako usadioek atal berezi bat eskaintzen zioten askatasunaren gaiari; Zuberoako usadioetan lehen kapitulua zen, eta honela zioen haren lehenengo artikuluak: "Antzinatik errespetaturiko eta mantenduriko usadioari jarraiki, lurralde honetan jaio eta bizi direnak askeak dira eta ez dute inorekiko betebeharrik edo inori zerbitzurik eman beharrik" (Itzulpen moldatua frantsesetik). Hurrengo lau artikuluetan ere honako pribilegio hauek aipatzen ditu: zerbitzu militarra egitetik salbuetsita, beren gaineko eskubideetatik salbuetsita, ezkontzeko eta oinordekotza egiteko askatasuna, zirkulazio askea, armak eramateko askatasuna, biltzeko askatasuna gai komunez hitz egiteko eta guztientzako arauak egiteko askatasuna. Norbaitek haien eskubideen aurka eginez gero, erregeak defendatu egin behar ditu eta bere babespean gorde . (Itzulpen moldatua frantsesetik).

Eskubide berak zituzten lapurtarrek "Lapurdiko eta lapurtarren frankiziak eta askatasunak" izeneko usadioen azken kapituluan. Horren arabera "Franko guztiek, inori zerbitzurik eman beharrik ez dute, eta beren auzi komunez hitz egin ahal izateko bilerak egiteko eskubidea dute, baita haien artean estatutu eta ordenantza bereziak ezartzeko eta agintzeko ere..." (Itzulpen moldatua frantsesetik). Gainera, pribilegio guztien zerrenda ere biltzen du.

Behe Nafarroako forua 1611. urtekoa da baina haren azken titulua, "Erresuma honetako biztanleen askatasunak" izenekoa, ez da hain esplizitua eta biltzeko askatasuna eta guztientzat bete beharrekoak diren erabakiak hartzeko eskubideak baino ez ditu aitortzen, gainera, zenbait salbuespenekin: "Betiere, ez badoaz erregearen aurka eta haren eskubideen aurka, ezta onura publikoaren aurka ere" (Itzulpen moldatua frantsesetik).