Kontzeptua

Euskal noblezia Iparralden

Armak izateko eskubidea zuten, Frantzian, Antzinako Erregimenaren garaian, Rousillonen baino ez zutena. Frantziako erregearen ustez pribilegio hori mugako probintzia horien kokapen geografikoak eragindakoa zen.

Unitate geografiko bakoitzak , hala nola Lapurdik, Zuberoak, Uhartehirik, Arberoak, Izurak eta Donibane Garaziko Châtellenieizeneko banaketak bere milizia zuen. Lapurdin, 1396ko testuetan agertu zen Armandadizenarekin. Lurraldeko biztanleek sortu zuten beren defentsa bermatzeko, Bizkaiko, Gipuzkoako eta Nafarroako Ermandadeak imitatuz. Ingalaterrako erregeak 1400. urtean onarturiko eta 1403an berretsiriko estatutu horien arabera, parrokietako jende onak bildu egiten ziren elkarri eginiko juramentuaren bidez, "gaizkileen, erreboltarien, gerra bultzatzaileen eta harraparien aurka borrokatzeko, izan haiek kapareak ala ez" (Itzulpen moldatua frantsesetik). Lapurdiko eta Zuberoako miliziak 20 konpainiaz eta 50 gizonez zeuden osatuta. Errekrutatzea borondatezkoa zen eta parrokiaren bitartez egiten zen; armak eta ekipamenduak parrokiak berak ematen zituen; ofizialak eta ofizialordeak gobernatzaile militarrak izendatzen zituen probintziako batzar orokorraren proposamenari jarraituta. Bailea zen Lapurdin tokiko armada horren burua. Haren zeregina udaltzaingoak egiten duena zen, baina, erregearentzat, Frantziaren eta Espainiaren arteko muga defendatzea zuen xede. Euskal herritarrak, beraz, erregearen armadan zerbitzu militarra egitetik salbuetsita zeuden. Baina Luis XIV.a errege absolututik aurrera ez zuten pribilegio hori gehiegi errespetatu; soldaduak konfiskatzen zituzten, baita itsasontzietako marinelak eta arotzak ere beren flotarako eta beren ontzioletarako; gizon horiek ausaz aukeratzen zituzten parrokia bakoitzean, ez baitzegoen lan horietarako boluntariorik.

Pribilegio militarrez gain, euskal herritarrek pribilegio finantzarioak ere bazituzten. Lapurdi eta Zuberoa ez zeuden Charles VII.ak 1439an sorturiko zergei lotuta, Frantziako erregeak ez baitzituen bi lurraldeak 1450era arte konkistatu. Zerga berrien mende zeudela, bi probintziek zerga horiek urtesari gisa ordaintzeko pribilegioa lortu zuten; lapurtarrek eta zuberotarrek, beraz, erregearen altxorrari zenbateko itundua ordaintzen zioten, eta beraiek ezartzen zuten zergaren oinarria, baita banaketa eta jasotzeko modua ere. Aurrekontu autonomoa zuten, beraz.

Behe Nafarroa 1620. urtean atxiki zitzaion Frantziari. Estatuz osaturiko lurraldea zen eta erregearen altxorrari monarkiaren gastuen araberako zenbatekoa ordaintzen zion, "Doako dohaintza" izenekoa, pleonasmo benetan adierazgarria. Nafarrak urtero zenbateko bera ez emateaz arduratzen ziren, ohitura bilaka ez zedin. Inguruko probintziek bezala, Nafarroak aurrekontu autonomoa zuen.

Zerga lurraldekoa zen. Eta guztiek ordaintzen zuten, nobleak izan ala ez.

Arlo judizialean ere autonomia horri eusten zioten, Lapurdi eta Zuberoa Frantziako Koroari atxiki zitzaizkion arte, 1451n. Justizia, bertan, herriaren esku zegoen. Lapurdiko biztanleek gaizkileak jazartzeko egin zituzten araudi eta estatutuak onartzeko Ingalaterrako Henrik IV.ak 1400. urtean idatzi zituen patenteetan honako hau irakur dezakegu: : "Lapurdiko aitaren semeren batek edo beste norbaitek lapurreta, ebasketa edo bestelako gaiztakeriaren bat egiten badio Lapurdiko jendeari edo beste nonbaitekoari, bailea hemen izanda edo ez, inguruko jende on guztiak juzkatu ahal izango du gertakaria beren gortean, adierazitako lurraldeko bailearekin edo haren ordezkariarekin, han egoterik badu" (Itzulpen moldatua frantsesetik). Geroago, honako hau dio justizia auzitegiaren osaerari buruz: "Bi bitarteko egoki, parrokia bakoitzetik, bakoitza dagokion parrokiaren barruan aukeratua, bailearen aginduari jarraituta" (Itzulpen moldatua frantsesetik). Auzitegi horrek Biltzarraren arbasoa dirudi, justizia txikiaz arduratzen zena; bailea, erregearen ordezkaria zen aldetik, justizia handiaz arduratzen zen. Uztaritzen bailea buru zuen lehen instantziako erregearen auzitegi bat zegoen. Baina Biltzarrak denbora luzez izan zuen justizia txikiaren ardura. Izan ere, Luis XIV.a Lapurdira etorri zenean Espainiako infantarekin ezkontzera, 1660ko ekainaren 3ko Kontseiluaren eten batean honako hau debekatu zion Biltzarrari: "Kartzela, erbesteratzea, zigor larria edo diruzko zigorra dakarren estatutuak edo ordenantzak egitea eta betearaztea" (Itzulpen moldatua frantsesetik). Hortaz, Biltzarrari uzten zion zeregin bakarra poliziarena egitea eta bere erregelamenduak ez betetzeagatik isunak eta bahiturak ezartzea zen.

Arbitrajezko laudoak ugari dira artxibo notarialetan, eta horien arabera, XVIII. mendearen amaierara arte, lapurtarrek erregearen justiziari ihes egiten zioten. Zuberoan, bertakoek beren justizia auzitegia izan zuten, Lextarreko Gortea izenekoa, hura desegin zuten arte, 1730. urtean. Gorte horren erabakiak, Uztaritzekoarenak bezala, Baionan zegoen Lanneseko seneskalaren ordezkariaren auzitegira eramaten zituzten Lapurdiren kasuan, eta Akizera Zuberoaren kasuan, eta ondoren, azken auzialdi gisa, Bordeleko parlamentura.

Baina Bordeleko parlamentuko artxibo judizialek ez dituzte Uztaritzekobailliage(banaketa administratibo, finantzario eta judiziala izendatzeko erabilia) deiturikoaren auzitegiko erabaki gutxi batzuk baino biltzen. Gehienak zuzenbide penalari buruzkoak dira, dela zigor mingarri eta zitala jaso duen omisso mediodeituriko apelazio bategatik, dela buhame bat tartean delako. Badirudi tokiko etxeko jaunek beren arteko liskarrak modu adiskidetsuan konpontzen zituztela.

Euskal Herriko zuzenbide penalak askatasunarekiko eta pertsonekiko errespetu handia zuen, eta horrela erakusten digute, batez ere, Bizkaiko foruek (Foru ZaharrarenLXIII kapitulua eta Foru Berriaren11. tituluko XXVI. legea). Euskal herritarrek, Ingalaterrako 1679ko legea baino askoz ere lehenago, baita Frantziako eta Ameriketako Estatu Batuetako gizakien eskubideen aldarrikapenak baino lehenago ere, Habeas Corpussistema bat ezagutzen zuten; horren bitartez, akusatu guztiei askatasuna bermatzen zitzaien haiei egotzitako krimena edo delitua benetan hark egin zuela frogatzen zen arte, eta aske uzten zituzten fidantza bat ordaintzen bazuten. Eta seguruenik, Iparraldean ere hala izan zen euskal probintziak Frantziako koroari atxiki zitzaizkion arte. Lapurdiko biztanleek ezarritako eta Ingalaterrako erregeak 1403. urtean onartutako estatutuetan honako hau irakur dezakegu: "Lapurdiko biztanle bat krimena egiteaz akusatzen dutenean eta baileak espetxean sartu nahi duenean, adostu dugu fidantza ordaindu ahalko diola baileari eta kaltetutako alderdiari. Kasu horretan adierazitako baileak aske utzi beharko du eta baileak ez badu kasurik egin nahi, Ermandadeak babesa eman beharko dio akusatuari" (Itzulpen moldatua frantsesetik). Horixe berme judizial garrantzitsua zen bailearen balizko erabaki bidegabeen aurka. Baina, Frantziako monarkiaren mende, euskal herritarrek zituzten berme judizial horiek ahaztu egin zituzten. Esaterako, honako hau irakur dezakegu Lapurdiko Usadioetan "kriminalei" eskainitako XIX. tituluko 1. artikuluan: "Erregearen prokuradoreak hala eskatuta edozein krimenagatik edo delitugatik auzitara eramaten duten inor ezin izango dute epaiketan akusatu delitu horien gainean lehenago dekretaturiko aurreko informaziorik jaso gabe" (Itzulpen moldatua frantsesetik). Zuberoan (Usadioaren XXXV. tituluko 1. artikulua) eta Behe Nafarroan (Foruaren XXVIII. tituluko 63. artikulua) gauza bera gertatzen zen. Inor ezin zuten frogarik gabe akusatu.

Euskal herritarrentzat heriotza zigorra ez zen urkatzea, baizik eta, nobleen modura, burua moztea.

Nobleek bezala, ehizatzeko eta arrantzan egiteko eskubidea zuten, usategiak izatekoa, beren ogia beren labean egitekoa, beren mahastietako fruituak zapaltzekoa beren dolareetan eta biztanleen komunitatearen jabetzakoa zen errota izatekoa.