Kontzeptua

Euskal nazionalismoa eta europazaletasuna

Euskal alderdi nazionalisten diskurtso ezberdinak errepasatu ostean, Europa "Herrien Europa" bilakatzeko borondatea (Euskal Herria berdintasunean barneratuko zelarik) guztiek partekatzen zuten helburua zela ondoriozta daiteke. Nolanahi ere, joera orokor horren azpitik euskal nazioaren, subiranotasunaren eta Europar Batasunaren hainbat ikuskera ageri dira.

Historikoki, pentsamendu politiko nazionalista elikatzen duten bi iturburu nagusiren arteko bizikidetza (tirabiratsua) ikus daiteke. Alde batetik, tradizio foruzale eta itunen aldekoa, nazioz gaindiko entitate politikoak dituen subiranotasuna libreki ezartzean oinarritzen dena: Lehenik eta behin Espainiako erreinua eta, egun, Europar Batasuna. Hala, ez da harritzekoa, gehienbat EAJ alderdiarekin lotzen den tradizio hori beti Europako pentsamendu federalistarekin lotu izana eta ideologikoki horren erraz egokitu izana egun Europar Batasuneko ezaugarri den subiranotasun lauso eta partekatuzko testuingurura (Filibi 2007). Horrez gain, lehen euskal nazionalismoaren aferak mendebaldeko Europan estatuari beha ez dagoen nazionalismo mota jakin bat izatea iradokitzen du, estatu-nazio menderatzaileen mende izan zena; horren guztiorren harira, azken bi mendetako Europa estatalistan bestelako adierazpen nazionalista batzuk izan direla plantea daiteke, agian sortu zirenetik, ahaztuak edo alboratuak izan direnak (Flynn 2000:157).

Beste alde batetik, nazionalismoari ez dagokion beste adar batek, Frantziako Iraultzarekin abiatutako aro modernoari datxekiona, estatu-nazio berezko eta homogeneo baten sorrera bilatu zuen XX. mendearen erdialdeaz geroztik, bereizi nahi zen haiekiko berdina eta simetrikoa izango zena. Bi zutabe horiek aldi berean garatu izan dira ehun urte baino gehiagoan, eta osagarritasunean eta antagonismoan oinarritutako harreman aldakor eta liskartsuak izan dituzte.

Denboraren poderioz, bi zutabe horiek elkar elikatu dute. Aipatutako azken adar horrek lehenengo adarretik datozen ideia eta indarren eragina du gero eta gehiago, batez ere, subiranotasuna partekatzeari dagokionez; neurri handi batean, supranazionalitatean oinarritutako Europako inguruneak baldintzatuta.

Euskal nazionalismoaren aipatu sektoreari dagozkion ideien eta munduko eta Europako testuinguruari dagozkion ezaugarrien arteko uztartze horri, Espainiako doktrina konstituzionaleko sektore jakin baten gogoetak gaineratu behar zaizkio. Modu horretan, Herrero de Miñonek, Jellineckek irekitako ildotik jarraituz, foru-sistemak "Estatuko atal" gisa definitu ditu, haren errealitate korapilatsua ulertu nahirik. Autore horren arabera, foru-erkidegoek "berezko identitatea" dute eta horrek zera esanahi du, "haien eskumenak ez daudela estatuaren mende, haren alboan ezarriak baizik". Herrero planteamendu hori kritikatzen zutenen (eta oraindik dutenen) aurka oldartzen zen eta alternatiba bat aurkezteko eskatzen zien, izan ere, ezinbestekoa da

"kontrako beste formula bat aurkeztea, honakoak azaltzeko baliagarri izango dena: zergatik betetzen dituzten Bizkaiko Foru Aldundiak edota Nafarroako Gobernu Foralak arlo oso garrantzitsu batzuetan, esate baterako, haziendarekin lotutakoetan, erabat estatukoak diren funtzioak; zergatik funtzio horiek ez diren eratortzen ordezkaritza batetik, izan ere, Estatuaren zerga-eskumenaren printzipio orokorrari aurka eginez (133,1. artikulua) jatorrizkoak dira eta itun bidez betetzen dira; zergatik Arabako, Bizkaiko edo Gipuzkoako instituzioen egiturak ez duen inolako zerikusirik probintzia bati dagokion egiturarekin, izan ere, autonomia erkidego batena irudikatzen du bere neurrian; zergatik Nafarroako Forua hobeagotzeak foruko eta estatuko instituzioen arteko ituna eskatzen duen; eta zergatik Euskadiko autonomia ez den homologagarri Madrileko autonomiarekin ez haren barne-garapenari dagokionez ez esleitzen zaizkion eskumenei dagokienez, ezta, batez ere, bere esanahi politikoari dagokionez. Berez, horiek aparte uzten dituen interpretazio bat funtsik gabea eta alferrikakoa da, ez baitu errealitatea azaltzen." (Herrero de Miñon 1991:72-73)

Gainera, zalantza horiei erantzuna emateko denboraren poderioz izandako aldaketa historiakoak kontuan izan behar dira. Inork ez du eskatzen forua erabat berrezartzea, hartako xedapen asko zaharkituak geratu baitira. Hala ere, "aldi berean, asmo politikoen berrespen bat gertatu da eta horretarako Eskubide Historikoak baliagarri izan dira adierazpide modura, eta hala mugimendu foruzale modernoak nola nazionalismoak berak eskubide horiek aldarrikatu dituzte". Herrero de Miñonek guzti horretatik iradokitzen duenez, "eskubide historikoen esentzia ezin da 'eskumen-multzo' jakin batean topatu (...) Izan ere, Estatuaren aurrean, komunitate historiko eta politikoak berezko nortasuna du, aldagaitza dena". Eta argudio borobiltzeko zera gogoratzen du "Erregimen Zaharrean ere, forua ez zen hainbeste ezohikoa orokortasunaren aurka, baizik eta berezkoa kanpokoaren aurka, hala, baterako ezberdintasuna baieztatzeko pribilegioak orokortzeko aukera hartu zen. (...) Horregatik, erabateko formalizazioak forua, dagoeneko eskubide historiko bilakatuta, komunitate politiko berezituaren titulutzat hartzea ekar dezake" (Herrero de Miñon, 1991:76-77).4 Esparru juridiko batean esandakoa eremu sozialean era baliozkoa izan daiteke, izan ere, ezbairik gabe Euskadi eta Nafarroako lurraldeek unitate bat osatzen dute ikuspegi sozial eta kulturaletik so (eta baita neurri handi batean ikuspegi ekonomikotik so), gizarte-balio eta -jarrerei buruz egindako azterketetan ikus daitekeenez (Elzo 1996:281-282).5.

Modu horretan, "eskubide historikoak Euskal Herriari datxekion subiranotasunaren adierazpide lirateke eta subiranotasun hori bere foraltasunetik bereziki babestutako erregimenaren bidez adierazten da", eta Herrero de Miñonek aurreragoko testu batean gaineratu zuenez, hortik eratorriko litzateke "eskubide historikoak bateragarri liratekeela subjektu beraren autodeterminazioarekin" (Herrero de Miñon, 1998:272).

Argi dago sektore europazale, euskal nazionalista eta konstituzionalista espainiarren arteko nolabaiteko bateratze ideologikoa soilik prozesu politiko handi baten barnean soilik izan dela zilegi, hots, europar integrazioaren testuinguruan, subiranotasuna partekatzeko ideia-indarrean oinarritzen dena. Horixe izan zen Lehendakariak 2004ko abenduan Un nuevo pacto político para la convivencia (bizikidetzarako itun politiko berri bat) izenburupean Eusko Legebiltzarrean aurkeztu zuen proposamenaren ildoa, EAJren pentsamendu politikoaren tradizio historikoari jarraiki, subiranotasuna esparru politiko zabalagotara eramateko lehen aipatutako asmoan oinarritzen zena (Unzueta 2003:107-113; Herrero de Miñon 2003:46). Dena den, Espainiako parlamentuak ezezko borobila eman zion proposamenari eta testua eztabaidatzea ere ukatu egin zuen (2005eko urtarrila). Hura "Espainia pluralaren" proiektuaren amaieraren hastapena izan zen, euskal politikagintzan inflexio-puntu bat izan zen eta Espainiako Estatuaren barnean subiranotasunaren baterako kudeaketaren ideiak gehiago garatzeko aukera oztopatu zuen arras.

Aldi berean, Europa mailan ere zenbait gertakari izan ziren, alderdi nazionalisten diagnosi politikoa aldatzea ekarri zutenak. Horren harira, aipagarria da Europako Konstituzioan ez zela barneratu estaturik gabeko nazioak aitortzearen aldeko xedapen bakarra ere eta, are, eskualdeen botere politikoa areagotzeko aurrerapen aipagarririk ere ez zen izan. Horrez gain, Frantziak eta Holandak Konstituzioko testua berrestearen aurkako botoak eman zituzten eta Europar Batasuna krisi sakonean murgildu zen, gerora, testu leunago bat onartuz, Lisboako Tratatua izango zena, aipatu krisia gainditzeko ahalegina egin zelarik (azken testu hori 2009ko amaiera aldera berretsi zen).

Dena den, Europar Batasunaren eraketak estaturik gabeko nazioen eta eskualdeen artean Europako politikan toki bat aurkitzeko sorrarazi zituen itxaropenak (Keating 1996; Rojo 1996) neurri handi batean zapuztu egin zirela esan daiteke, izan ere, 90eko hamarkadaren erdialdera integrazio politikoa geratzean, estaturik gabeko eskualde eta nazioek Europar Batasunaren barnean esparru politiko bat izatera bideratutako balizko aurrerapenak ere zapuztu egin ziren. Alain Lammassourek egindako proposamena asko eztabaidatu zen. Hark Europar Batasunak demokratikoki aukeratutako parlamentua duten eskualdeentzat "asoziazio" erako status berezia aitortzearen aukera aipatu zuen. Hala ere, saiakera asko egin ziren arren, Konbentzio konstituzionalak eztabaida hori saihestu zuen, funtsean estatu askok egindako aurkako presioagatik, bereziki, Espainiako gobernuak Jose Maria Aznar buru zela.

Europar Batasuna sortu eta hamabost urte baino gehiago igaro ostean, eskualdeek duten partaidetza txikiaren eta Europar Batasunaren barnean estaturik ez duten nazioen aitorpen politiko eskasaren eraginez (eremu urriko hizkuntza batzuen erabilpenaren aldeko keinu txiki batzuk salbu, baina aitorpen ofizialik eman gabe), eskualde dinamikoenek eta nazionalismo ezberdinek beren estrategiak berrantolatu eta beren diskurtsoak egokitu behar izan dituzte (Hepburn 2008). Finean, XXI. mendeko lehen urteetan alderdi nazionalista gutxituek eta alderdi erregionalistek, hein handi batean, integrazio-prozesuak emandako itxaropena galdu dutela ikus daiteke (Elias 2008).

Testuinguru horretan, alderdi nazionalista askok beren estrategiak birplanteatu dituzte eta Europar Batasunean ordezkaritza politikoa izatea bermatzeko berezko estatuak sortzearen egokitasunari buruzko erreferendumak eta kontsultak egitea proposatzen dute. Aipagarriak dira Eskoziako Alderdi Nazionalistak 2010ean independentziari buruzko erreferenduma egiteko luzatu duen proposamena, hauteskundeetan ukandako garaipenaren ondotik sendotu dena, edo 2009ko azken hiruhilekoan Katalunian izandako kontsulta ofizialak, lehenengo Arenys de Munt herrian (2009ko irailak 12) eta ondoren Kataluniako 166 udalerritan (2009ko abenduak 13). Kataluniako kontsulta horietan egiten zen galdera esplizitua zen, bai berezko estatuari dagokionez bai Europar Batasunaren barnean sartzeari dagokionez. "Ongi deritzozu Katalunia Europar Batasunaren barneko Zuzenbidezko Estatu independente, demokratiko eta sozial bilakatzeari?" Badirudi, Herrien Europa baten ametsa suntsituta, edo, behinik behin herri horiek aitortuko dituen Europa politikoaren ametsa puskatuta (estatuek kontrolatutako Europa bat agertzen delarik), Europa osoko alderdi nazionalista guztiak berriro ere berezko estatua lortzearen aldeko borrokan abiatu direla. Gainera, Europar Batasunean estatu ertain eta txiki ugari daude, zenbaitetan estaturik gabeko nazio batzuetan baino hiztun gutxiago dituzten hizkuntza ofizialen jabe direnak. Egoera horrek, estrategia horren bideragarritasun ekonomikoa eta egokitasun politikoa bermatzen dituela dirudi. Edozein kasutan ere, hala eskualdeek nola estaturik gabeko nazioek dimentsio politiko erabakigarria osatzen dute eta Batasunak nolabaiteko erantzun instituzional eta politikoa eman behar die, Eskualdeetako Batzordeak askitasunik ez duela frogatu ostean.

4Komunitate politiko "izate" hori Konstituzioaren aurrekoa da eta, beraz, ez hartatik eratorria. Hori horrela izanik, Herrero de Miñonen iritziz, eskubide historikoak "eraginik gabeak dira konstituzioaren berrikuspenari dagokionez" (Ibid., 80. or.).

5Gainera, zientziaren literaturan eragina izan duten klixe batzuen bidez baieztatutakoaren aurka, ikerketa horrek azaltzen duenez, euskal nazionalisten sektorea da balio postmaterialisten eragin handiena erakusten duena.