Kontzeptua

Euskal nazionalismoa eta europazaletasuna

Europar Batasunaren sorrera ekarri zuen Maastrichteko Tratatuaren aurreko negoziazioek gogoeta sakona eragin zuten Iparraldeko (Ipar Euskal Herria) gizartean. Mugan izanik, barne-merkatuaren eraikuntzak eta Batasunaren barneko mugen desagerpen saihestezinak arrisku eta abagune handiak ekartzen zituzten. Alde batetik, muga ardatz zuen ekonomia-sare osoa ezerezean geratu zen; horren ondorioz, langabezia sortu zen eta ehunka pertsonak hutsetik hasi behar izan zuten. Beste alde batetik, Schengen akordioaren bidez ezarritako pertsonen joan-etorri askeari esker, Euskal Herriko bi aldeen arteko harreman pertsonalak erraztu egin ziren erabat. Abantaila hori, gainera, sendotu egin zen moneta bakarra, euroa, indarrean jarri zenean, modu horretan, trukeak egiteko baldintzak hobetu baitziren.

Aldaketa handi horien azterketaren ondorio izan zen "Pays Basque 2010" dokumentu estrategikoa. Dokumentu horretan Frantziako euskal lurraldea sortzen ari zen merkatu berriaren periferian isolaturik geratzearen arriskuaz ohartarazten zen, baldin eta behar bezalako garapena izaten ez bazuen, berezko instituzioak ezartzen ez baziren eta lurraldearen nortasun bereizgarria garapen endogenoaren baliabide garrantzitsu gisa erabiltzen ez bazen (Ahedo 2002). Dokumentua 1992ko otsailean kaleratu zen, hain zuzen, Maastrichteko Tratatua sinatzen zen une berean. Horrek, dokumentua aipatu tratatua gauzatzeko hasitako negoziazioekin batera taxutu zela adierazten du.

Dokumentu horrek euskal departamenduaren aldeko mugimendu indartsu bat eragin zuen. Horrela, 80ko hamarkadan departamenduaren alde agertzen zirenak eta benetako autonomia izango zuen departamendu bat nahi zutenak batu egin ziren. Lorpen handienetako bat Iparraldeko ehunka pertsona ezagun "Euskal Herriko -Pays Basque- arazo ekonomiko, lurraldeko, sozial eta kulturalari buruzko definizio partekatu baten inguruan" batzea izan zen (Ahedo 2002:217-221: 246 eta 585; Ahedo 2005). Estrategia orokor horren barnean, mugaz gaindiko lankidetza oso elementu interesgarria izan zen.

Aldi berean, Hego Euskal Herrian, Euskal Autonomia Erkidegoko eta Nafarroako Foru Erkidegoko gobernuak ekonomia eta politika arloko lankidetza-eremu handiagoak sortzeko premiaz jabetu ziren; dena den, Nafarroako gobernuak hiruren arteko lankidetza utzi egin zuen Eusko Jaurlaritzarekin zituen ezadostasun ideologikoak zirela medio. Modu horretan, Euskal Herriaren eta Akitaniaren arteko mugaz gaindiko lankidetzak bultzada nabarmena jaso zuen 90eko hamarkadan, gero eta baliabide komunitario handiagoak izan dituen Europaren joera orokorraren barnean (De Castro 1994; Letamendia 1998; Bray 2004; Filibi 2008). Lankidetza horren azken ekarpena Eskualdeen Konferentziaren (Conferencia Euro-regional) sorrera izan da. Bertan, Iparralde eta Hegoaldeko eragile instituzional eta politiko guztiek parte hartzen dute, bi aldeetako gaitasun politikoaren eta instituzioetan eskuragarri dauden baliabideen asimetria sakona gainditzeko bide bakarra delakoan.

Horri dagokionez, europar integrazioak eragin erabakigarria izan zuen Iparraldeko euskal nazionalismoan, izan ere, bere estrategia eta diskurtsoa aldarazi zituen, indarrak batzeko eta, hein batean, gutxiengoa izan arren, mekanismo instituzional berriak ezartzea eta garapenerako funtsezko tresna modura euskal nortasuna berrabiaraztea eskatzen zuen aldaketa-prozesuko sustatzaile izateko.