Kontzeptua

Euskal nazionalismoa eta europazaletasuna

2004ko martxoaren 14an Rodriguez Zapatero Espainiako gobernuko presidente izendatu zuten hauteskunde orokorrak irabazi ostean. Bere inbestidurako diskurtsoan "Espainia pluralaren" kontzeptua funtsezko elementua izan zen. Kontzeptu hori Espainiako Estatuan nazio euskalduna eta katalana barneratzeko modua berrikustea proposatzen zutenen aldeko keinua zen, argi eta garbi. Halaber, bere gobernuaren jarrera europazalea sendotzearen alde egiten zuen, Jose Maria Aznarren aurreko gobernuak zituen lehentasunak aldatuz. Estatua barrutik berritzea eta Europaren aldeko apustua egitea izan ziren bere legealdiko esparru politikoaren osagaiak, hori guztiori Europako Konstituzioa onartzen zen une berean.

Hainbat urtez Euskadiko (Imaz), Kataluniako (Carod Rovira) eta Espainiako (Rodriguez Zapatero) buruzagien hurbilketa bat eman zela irudi zuen. Profil ideologiko ezberdina izanik ere, beren diskurtsoetako kutsu nazionalista murriztu egin zuten eta, itxura batean, Espainiako Estatua nazio anitzeko estatu bilakatzeko aukera zabaldu zela zirudien. Horren harira, lorpen handiena Kataluniaren izaera nazionala aitortzea izan zen bere Autonomia Estatutua proposatu zuenean, zeina ia aho batez onartu baitzen Kataluniako parlamentuan. Alabaina, hainbat gertaeren ondorioz legealdi hori ireki zuen espiritua bertan behera geratu zen, horien artean azpimarragarriak dira Espainiako parlamentuan testuari egindako mozketak, eta hura Katalunian erreferendum bidez onartu ostean (2006), hainbat xedapenei Auzitegi Konstituzionalean jarritako errekurtsoak edota Euskadin Josu Jon Imazek emandako dimisioa, bizitza politiko aktiboa utzi zuelarik.