Kontzeptua

Euskal Herriko Historia. Historiaurrea

Lauzpabost mila urte iraun zuen aroan, giza presentzia frogatua dago, aztarna fisiko eta guzti. Aipamen berezia merezi du Aizpeako (Nafarroa) emakumearen ehorzketa kasuak, ia osorik agertu baitzen. Horretaz gainera, Hondarribiako J3 maskortegikoa aipa daiteke.

Würm bukatu zenean, bi mila urtetan zehar, bilakaera klimatiko eta kultural astiro bat gertatu zen. Aurreboreal eta Boreal aldi klimatikoek erabateko aldaketa ekarri zuten: glaziazioa bukatuta, klima, pixkanaka, gaurkoaren antzekoa izatera iritsi zen; itsas maila ere, igo zen oraingo mailaraino hurbildu arte. Ondorioz, giro hotzeko animaliek (elur-oreina, e.a.) desagertu edo alde egin zuten; beste batzuk urritu (basahuntza, sarrioa, zaldia), eta azkenik, izan ziren antzeko egoeran jarraitu zutenak (oreinak) edo ugaritu zirenak ere (basurdea eta orkatza). Itsas mailaren igoerak, eremu zabalak ureztatuz, eta klima hobekuntzak aldaketak ekarri zituen giza taldeen hedapenean: aurreko aro hotzetan populatzeke zeuden parajeak (Euskal Herriko zonalde menditsu eta barrualdeko paraje garaiak) jendeztatzen hasi ziren, eta, aitzitik, ur azpian geratu zirenak galdu.

Aitzbitarte IV, Ekain, Ermittia, Marizulo, Urtiaga (Gipuzkoa), Abauntz, Aizpea, Berroberria, Padre Areso, Portugain, Zatoia... (Nafarroa), Berniollo, Fuente Hoz, Kukuma, Socuevas, Atxaspe, Kanpanoste, Txarratuko Muinoa, (Araba), Arenaza I, Atxeta, Atxurra, Bolinkoba, Lumentxa, Santa Katalina, Santimamiñe, Silibranka, Tarreron, (Bizkaia), Izturitze (Behe Nafarroa), e.a. dira aldiari buruz eman dezaketen aztarnategi batzuk.

Oro har, bizimoduak gehiegi aldatu ez baziren ere, bada aldaketarik lanabesen teknologian eta tipologian; oro har, Azil aldiko lanabesak Azken Paleolitoko teknologiaren jarraitzaileak dira, baina, klima epelagoak sorturiko premia berriei aurre egiteko, tresneri aproposagoa sortu zuten: aspaldiko mikrolitizatze prozesuak jarraitu arren, pieza geometrikoen erabilera asko zabaldu zen. Bizilekutzat kobazuloak hobetsi zituzten, eta klima biguinak lagunduta haizpeetako babesguneak erabiltzen hasi ziren Arabako eta Nafarroako barrualdeko lurraldeetan. Ehizaz gainera, arrantza eta itsaski-bilketaren ustiakuntza intentsiboa sumatzen dira. Azil aldian, jada desagertutzat ematen dira Goi Paleolitoko arte-agerpenak.