Kontzeptua

Euskal Herriko Historia. Historiaurrea

Hasiera hartako giza presentzia antzemateko, aztarna arkeologikoak bakarrik ditugu, giza aztarna fisikorik ez baitago. Dirudienez, ezagutzen dugun lehen gizakia orain dela 200.000 urte inguru azaldu zen, baina Euskal Herritik gertuko hominizazio prozesu aurreratuagoak kontuan izanik, gure lurraldeko zenbait eremutan gizakia agertzeko prozesua lehenagokoa ere izan zitekeen.

Gure Historiaurreko arorik ezezagunena dena aztarna arkeologiko oso gutxiren bidez ezagutzen dugu: suharrizko edo kuartzitazko bifazak. Horiek, gehienetan, ibai-terrazetako gainaldean aurkitzen dira, eta hiru multzotan bil daitezke: Gipuzkoan eta Bizkaian jasotako aztarna isolatuak (Irikaitz izan ezik), Ebroren ibaiadarretako terrazetan aurkitutako ebidentzi isolatuak eta multzo trinkoagotan aurkitzen direnak (Iruñea arroko multzoa, Urrunaga urtegikoa eta Urbasakoa), eta azkenik, Lapurdiko itsasaldekoak eta Aturriren ibaiertzetakoak.

Europan Behe Paleolitoa bi etapa zabaletan banatu ohi da: Behe Paleolito Arkaikoa (gure inguruan ezezaguna) eta Acheul Aldia.

Europako beste lekuetan Acheul Aldiak hirurehun mila urtetik gora iraun bazuen ere, Euskal Herrian bere azken etapak bakarrik ezagutzen ditugu, eta Riss glaziazioaren amaieran eta Riss-Würm glaziazio-tartearen hasieran luzatu ziren.

Garai hartako giza taldeek ekintza harrapariak (ehiza eta basa-emaitzen bilketa) burutzen zituzten bizirauteko. Bi ekintzok burutzeko talde nahiko mugikorretan biltzen ziren. Ehizaturikoen artean ugarienak uroak, zaldiak eta oreinak dira, eta noizbehinka elefanteak. Berotzeko eta jakiak prestatzeko sua erabili zuten. Bizilekuak aire zabalean zituzten gehienbat: hondartzetan, ibai-terrazetan, eta mendixketan edo ibar itxiak menderatzen zituzten gain-maldetan.

Trebetasun berezia zeukaten tresnak egiteko, suharria eta beste harkaitz gogorrak landuz. Lanabesik bereziena bifaza da, eta horrekin batera, beste hainbat: karraskailuak, puntak, diskoak, e.a. Lanabes haiek erabili zituzten animaliak akabatzeko eta zatitzeko, larrua eta egurra lantzeko, hezurrak arrakalatzeko, zulatzeko, e.a.

Aztarna arkeologikoak ugaritzen direlako Moustier Aldia hobeto ezagutzen da. Gainera, Euskal Herriko hainbat aztarnategitan aurkitu dira garai hartako Neanderthal gizakiaren aztarna fisikoak: Axlorren, Arrillorren, Olhan, Izturitzen eta Lezetxikin (hain ezaguna den emakumearen humeroa).

Moustier Aldia Riss-Würm glaziazio-tartearen amaieran eta Würm glaziazioaren lehen etapetan hedatu zen (Würm I eta II).

Aztarnategi garrantzizkoenen artea Murba, Urbasako hainbat, Axlor, Amalda, Lezetxiki, Olha I eta II, Izturitze eta Gatzarria daude.

Garai hartako gizakiak, oro har, bi motako bizilekuak zituen: kobak, haizpeetako babesguneak eta aire zabaleko lekuak (itsasertzetan, ibai-terrazetan...). Bizileku batzuk leku zelaitsu eta paraje irekietan zituzten (Izturitze eta Murba), eta beste zenbait, paraje malkartsuetan, arro estuetan eta inguru menditsuetan (Lezetxiki, Axlor, Arrillor, Amalda...).

Suharria eta kuartzita ziren lehengai usuenak lanabes txikiagoak eta tipologia aldetik ugariagoak egiteko. Lanabesak ehizarekin erlazionatu behar dira: animalia suntsitu, larrutu, zatikatu, larruak gantzgabetu eta ebaki, hezurrak pitzatu, zura landu, e.a. Puntak, karraskailuak, ganibetak, horztunak, eta beste lanabesak lan horiek burutzeko erabiltzen ziren. Ehiza taldeka burutzen zen; bestela, ulergaitza da jende hura errinozeronte, mamutak, bisonte eta antzerako animalia indartsuak hiltzeko gai izatea. Ehizatzerako orduan, paraje bakoitzeko baldintzek (arro estu eta itxiak, padurak, malkarrak...) garrantzi erabakigarria izango zuten. Zenbaitetan bizilekua ehiza-leku bikainetan egon ohi zen kokatua (Lezetxiki, Axlor, Gatzarria, e.a.).

Garai honetako aztarnategi asko baditugu ere, gutxi dira giza aztarna fisikoak gorde dituztenak. Izturitzeko estratigrafia aberatsean aurkiturikoak dira ugarienak. Horietaz guztietaz gainera, Errallan aurkiturikoak. Aipaturiko guztiak Homo Sapiens Sapiens delakoarenak dira (Cro-Magnonarenak).

Goi Paleolitoa Würm glaziazioaren bigarren zatian (Würm III eta Würm IV ) luzatu zen. Ondorioz, klima, oro har, hotza eta lehorra izan zen, nahiz eta aldi epelak eta hezeak tartekatu. Ikerketen arabera, garai hotzenetan (Würm III.aren bukaeran), bataz besteko tenperatura egungoa baino 12ren bat gradu baxuagoa izango zen, eta itsas maila 120ren bat metro beherago egongo. Ondorioz, hotz izugarria zela eta, giza taldeen hedakuntzak oztopoak izan zituen garaiera handiko eta barrualdeko zonaldeetan; aitzitik, kostaldea egungo baino zabalagoa zenez, giza taldeek han izan zuten bizitzeko eremua aproposa (garai hartako aztarnategi asko itsaspean daude, gaur egun). Hotzak jota, flora eta fauna aldatu ziren. Europan iparralderago bizi zen fauna periglaziarra (mamuta, errinozero iletsua, elur-oreina...) Euskal Herriko zenbait lekutara heldu zen, batez ere, Iparraldekoetara. Hala eta guztiz, hemen zeuden animalia ugarienak basahuntzak, sarrioak, bisonteak eta oreinak ziren.

Goi Paleolitoko sailkapena. Aztarnategi esanguratsuak:

  1. Goi Paleolitoaren hasiera edo Auricnac-Gravette Aldia (K.a. 35.000 - 18.000): Aitzbitarte IV, Amalda, Labeko Koba, Lezetxiki, Bolinkoba, Laperrako Benta, Lumentxa, Santimamiñe, Mugarduia Hegokoa, Alkerdi, Izturitze, Gatzarria eta La Basté dira aztarnategi esanguratsuenak.
  2. Goi Paleolitoaren erdialdea edo Solutre Aldia (K.a. 18.000 - 15.000): Aitzbitarte IV, Amalda, Ermittia, Antoliña, Bolinkoba, Santimamiñe, Koskobide, Izturitze, Haregi...
  3. Goi Paleolitoaren azkenaldia edo Magdalen Aldia (K.a. 15.000 - 8.500): Antoliña, Lumentxa, Santimamiñe, Aitzbitarte IV, Ekain, Ermittia, Erralla, Urtiaga, Abauntz, Berroberria, Zatoia, Izturitze, e.a.

Horietaz guztietaz gainera, aztarnategi gehiago dira. Guztien artean Izturitze gailentzen da; zenbaitentzat Europako garrantzizkoenetarikoa da.

Harlanduzko tresneria gero eta lerdenago eta arinago egiten zen, eta hezur-lanabesen ugalketa handia eman zen (azagaiak, hagaskak, jostorratzak, arpoiak...).

Bizilekutzat kobak eta haizpeko babesguneak hobetsi zituzten; baina horien artean bada bereizketarik: batzuk bizileku finkoak dira (oinarrizko kanpamenduak) eta beste batzuk aldikakoak (ehiza lekuetakoak).

Euskal Herriko paisaia eta ekosistema desberdinek baliabide ugari eskaintzen zituen ustiatzeko: ibar ireki eta zabal ugari, mendixka leunak, inguru malkartsuak, itsasaldeak, e.a. Aroan zehar, ehizak espezializatze prozesu bat ezagutu zuen: Goi Paleolitoaren denboraldi luzeenean "oportunistatzat" har daiteke (parean tokatzen zen guztia ehizatzen zen); aitzitik, Magdalen Aldian, aukeratutako espezieak ehizatzen zituzten. arrantzaren eta basa-emaitzen bitartez osatu zuten euren dieta, eta kostaldean itsaski-ustiakuntzak bere garrantzia izan zuen. Ekintza horiek elikatze arazoa konpontzeaz gain, jantziak, oinetakoak, zintzilikariak eta beste apaingarriak egiteko balio zuten.

Arte alorrean, hogei mila urte inguruko epe zabal batean hasi, bilakatu eta garatu ziren aro honetako artelan desberdinak. Gurean bi sail zabaletan banatzen dira arte-agerpenak: labarretakoa eta higigarria.

Labarretako artearen baitan, haitzuloaren barruan, gehienbat bertoko labarretan agertzen diren bi arte-agerpen sartzen dira: pintura eta grabatua. Halakoak ageri zaizkigu Bizkaian (Arenaza, Santimamiñe, Laperrako Benta eta El Rincón), Gipuzkoan (Ekain eta Altxerri), Nafarroan (Alkerdi), Nafarroa Beherean (Izturitze, Haristoi -Otsozelaia- eta Erberua) eta Zuberoan (Etxeberri, Xaxixiloaga, Sinhikole). Aparteko garrantzia dute Santimamiñen, Ekainen, Altxerrin eta Erberuan agertzen diren Magdalen aldiko agerpenek.

Arte higigarriaren sailean, barietateari eta ugaritasunari dagokionez, saldo bikaina eskaintzen du Izturitzek. Hain deigarriak ez izan arren, oso garrantzizkoak dira Haregin, Urtiagan, Lumentxan, Abauntzen, Berroberrian, Torren, Ekainen, eta beste zenbait lekutan azaldutako artelanak.