Kontzeptua

Euskal Herriko Historia. Historiaurrea

Euskal Herriko ekosistemen dibertsitateak jendeztatze bizkor bat bultzatu zuen, eta ondorioz, giza taldeak ere ugaritu ziren.

Aztarnategien artean dauzkagu Abauntz, Los Cascajos, La Peña, Padre Areso eta Zatoia (Nafarroa); Santimamiñe, Arenaza, Kobeaga (Bizkaia); Berniollo, Fuente Hoz, La Renke, Los Husos, Peña Larga, Txarratuko Muinoa, (Araba); Marizulo (Gipuzkoa) eta Mouligna (Lapurdi) .

Hileta erritoetan aldaketak sumatzen dira: hildakoak, batez ere, kobetan, trikuharrietan eta tumuluetan ehortzi zituzten, eta horrela, hilotzak leku berean pilatzea ohiko bihurtu zen. Horregatik guztiagatik, eskuraturiko giza aztarnak beste aroetan baino askoz ugariagoak dira; ehunaka aztarnategi dira garai haietako gizakiari buruzko informazioa eskain dezaketenak.

Euskal Herrian neolitizatze prozesua Atlantiko deritzon aldi klimatiko beroagoa eta hezeagoan gertatu zen (K. a. 5.500-2.500). Nekazaritza eta abeltzaintza, Europako beste zenbait eskualderekin alderatuz, beranduago eman ziren hemen. Iberiar Penintsulan lehen urratsak Mediterraneoko Levanten eman ziren, K.a. 5.000 inguruan. Handik zenbat eta barrurago, orduan eta atzeratuago ageri zaigu prozesua. Horrela, Euskal Herrian, nahiz eta bertoko populazioak, Neolitoko teknika batzuk (zeramika, harri leunketa...) lehenago ezagutu, nekazaritza eta abeltzaintza beranduago, Eneolitoan, hasi ziren errotzen (III. milurtekoa). Kobazuloetan bizitzen jarraitu zuten, baina klima bigunagoak hainbat talde kobazuloetatik kanpora, aire zabalean finkatzera, mugiarazi zituen; gainera, ibaien banalerrotik hegoaldera, batez ere, aire zabalean finkatutako populazioak lehendabiziko "herrixkak" sortzen hasi ziren pixkanaka.

Etxekotutako lehendabiziko abereak ardiak, ahuntzak, behiak eta zerriak izan ziren. Zeramikak oboide formakoak ziren, batzuk itxiak eta besteak irekiak, eta ez zuten ez leporik ez eta apainketarik izaten. Horietaz gain, badira bitxikeri gutxi batzuk: zeramika kardialaren agerpenak, esaterako, Mediterraneoko kulturekin nolabaiteko harremanak adierazten ditu. Mikrolito geometrikoen harlanduzko industriak ez zuen garrantzirik galdu, baina harri leunezko lanabesen agerpenak eta ugalketak ekonomia berria adierazten dute.

Metal Aroaren hasiera Eneolitoak (K.a. 2.500 - 1.800) markatzen du. Gaurko klimaren antzekoa (Subboreal aldi klimatikoa) zen, eta landaretzak ere, oraingo berezkoaren antz handia zuen.

Batez ere ibaien banalerrotik hegoalderantz, aire zabalean bizitzeko ohitura guztiz zabaldu zen. Hor eta beste zonaldeetako zenbait ibai handiren arrotan (Ebro, Aturri...) nekazaritzak arrakasta izan zuen, eta bide batez, sedentarizazioa bultzatu. Mendi aldeetan, berriz, abeltzaintzak, batez ere artzaintzak, izan zuen garrantzirik gehiena. Belardiak aurkitzeko helburuarekin artzainek eginiko ibilaldien bitartez harremanak estutu ziren ibarren artean eta Ipar eta Hego Pirinioen artean; horrela aukera izan zuten berrikuntza tekniko eta kulturalak transmititzeko eta merkatal ekintzak burutzeko. Batzuek iradoki dute, harreman haien bidez batasun kulturala eta linguistikoa finkatu eta indartuko zela.

Harri-industriari dagokionez, hegadun gezi-puntak, mikrolito geometrikoak eta igitaien aho-hortzak ugaldu ziren. Harri leunduzko aizkorak ere ugaritu ziren, eta dirudienez, zuhaitzak bota ondoren, beharrezkoak ziren zurezko habeak, zutoinak, e.a., lantzeko erabili zituzten.

Zeramikazko ontziak konplexuago bihurtu ziren, eta ontzien lepoa ohiko bihurtu zen. Apainketa ez zen oso aberatsa izaten: konkor erantsi batzuk eta hatzazalez eginiko inpresioak. Horiekin batera, kanpai antzeko zeramika agertu zen, eta, antza denez, zeramika horren erabiltzaileak Euskal Herri osoan ibili ziren, leku askotan agertzen baita; uste da zeramika hori ekarri zutenak mea-bilatze lanetan ibili zirela. Hala ere, Eneolitoko kobrezko aizkora lauen eskasiak adierazten du gurean metalgintza oso pixkanaka sartu zela.

Ohiko bihurtu zen trikuharriak hilobi kolektibo gisa erabiltzea. Eraikin horiek -Euskal Herrian 800 baino gehiago- forma desberdinak dituzte. Usuenak eta ugarienak trikuharri arruntak dira (ganbara soilik), eta mendi-lepoetan banaturik aurkitzen dira, eta artzaintzarekin loturik. Arkitektura garatuagoak dituztenak (ganbaraz gain, sarbidea) gutxiago izan arren, bikainak dira, esaterako Arabako Lautadakoak (Aitzkomendi), Errioxakoak (San Martin) eta Nafarroa Erdialdekoak (Farangortea). Garai haietan kobazuloak ere erabili ziren ehorzketak burutzeko. Hildakoentzako eskaintzak nahiko pobreak ziren: koilare xumeak, kutunak, harlanduzko aizkoratxoak, suharrizko gezi-puntak..., eta metalezko objektu gutxi batzuk.

Eneolitotik Brontze Garaturainoko epea honakoak azpimarratzen du: megalitismoaren hedakuntzak, kanpai antzeko zeramikaren zabalkuntzak, eta abeltzaintzaren, nekazaritzaren eta metalgintzaren errotzeak. Prozesu horiek aurrera egin zuten heinean, kanpokoarekiko harremanak sumatzen dira gure Lurraldean, hala nola, Iberiar Penintsulako hainbat lurralderekin, eta Europako beste zenbaitekin. Azken Brontze Aroan Europatik zetozen etorkin berri haiek, gure lurraldetik igaro eta batzuk geratu ere egin ziren; haien hizkuntza indoeuroparrak, aurrerakuntza tekniko eta usadioek (hildakoak errausten zituzten) bertakoengan eragin zuten.

Lehen milurtekoa hastear zegoenean, oraindik kobetan bizi zen biztanleriak ere haitzuloak uzteko joera agertu zuen, eta herrixketan hasi zen bizitzen. Bestalde, lehenago sorturiko herrixkak gero eta zabalago izatera iritsi ziren.

Euskal Herrian Brontze Aroa ia 200 aztarnategitan dago ordezkatua.