Kontzeptua

Euskal Herriko Hezkuntzaren Historia. Historiografia

Haurtzaroari buruz egin izan diren lanek aintzat hartu izan dute haurtzaroari eta emakumeei zuzendutako asistentzia-bideak eta talde horien inguruko diskurtsoa eta trataerak. Aro garaikidean garrantzia handia izan du Foru Aldundietan benefizentziaren eskuduntza mantentzeak, interesa, gizartearekiko gertutasuna eta ikerketarako bideak piztarazi baititu. Zentzu horretan Gipuzkoako Foru Aldundiak Aurrezki Kutxa Probintzialarekin estu loturik bultzatutako erreformismo sozialerako egitasmoan, haurtzaroari zuzendutako zenbait ekintza aipa daitezke: Gota de Leche izenekoa, Fraisoroko Ama-etxea eta Esposito-etxea, amatasun-asegurua, asistentzia soziala, aurrezkia, etxebizitza, etab. Gai horien inguruan badago lan sistematikorik, baita Bizkaiko lehenengo industrializazio kasuari dagokionez familia estrategiak eta genero harremanak ardazten dituen azterketarik ere (Martinez, 1996; Roquero, 2000; Perez-Fuentes, 1991).

Ume abandonatuez eta ume gaizkileez ari direnak izan ohi dira hasiera bateko historialarien interesa piztu duten lanak, agian hezkuntza-zientzien arloan sortu diren gizarte-hezkuntza eta pedagogiaren zabalkundearen ondorioz. Haurtzaroa ardatz nagusitzat hartzen duen historia hori mentalitateen historian eta historia sozialean kokatzen da eta hospizioen edota adingabetuen epaitegiak bezalako erakundeen analisiez gain, familia, emakumeen egoera eta generoaren eraikuntza sozio-historikoaren aldagai horiekin loturiko lan-harremanen atalak ere uztartzen ditu (Valverde, 1994; Uribe-Etxeberria, 1994; Unda, 1991). Haurtzaroaren ikerkuntzaren ardatz nagusia disziplinartekotasuna dugu; mentalitateen historiaren interesgunetik abiatuta, azpimarratzekoa da Euskal Herrian tradizio zientifiko luzea duen etnografiaren ekarpena, bereziki Etniker taldeak egindako lana (1998). Bestalde, haurtzaro arriskutsuaren inguruan badira hurbilpenak; izan ere Estatu Espainiarreko adingabetuen lehenengo epaitegia Bilbokoa dugu eta industrializazio erritmo azkarraren ondorioak pairatzen zituen populazioaren kontrol sozialerako gizarte hezkuntzak izan zuen garrantzia begiztatzen da (Davila, Uribe-Etxebarria eta Zabaleta, 1991; Salinas, 1971; Gorrochategui, 1981). Haurtzaro elbarriaren historian (gormutuentzako eta itsuentzako erakundeak zein irakas/ikas-metodologiak, haur atzeratuen erakunde espezifikoak, problematika horien inguruan egon den txertaketa soziala eta bilakaera ideologikoa, ...) edo haur literaturan datzan mentalitatearen analisian, oraindik landu gabe daude esparru zabalak (Berruezo, 1991; Calleja eta Monasterio, 1988).

Haurtzaroaren azterketarako ikertzaileak erabiltzen ari diren egitura analitikoetan, aldagai ezberdinak gurutzatzen dira gertakari honek duen konplexutasunari aurre egin nahian. Haurtzaroaren esparrura garamatzan historia sektorial garrantzitsu bat, besteak beste, emakumeen historia da; eta abiapuntu horretatik eta, batez ere, euskal emakume nazionalisten esparrutik, zenbait lan egin dira, bai haurtzaroaz eta hezkuntzaz darabilten diskurtsoaz, baita eraturiko ekintzaz ere (Fernandez, 1994; Fernandez eta beste, 1998).