Kontzeptua

Euskal Herriko Elikadura

Elikagaien produkzioan jauzi kualitatibo handia egin dugu baina, bestetik, paleolitoan segitzen dugu: kontsumo handiko elikagaietan (tomatea, artoa) transgenikoen teknologia eta CO2 ? Ø ametsa eguneroko kontu bilakatu arren, arrantzak lehengo lepotik burua: arraina eta itsaskiak neurrigabe ekarri eta, ordainean, zaborrak itzultzen zaizkio ozeanoari.

Lehorreko hazkuntzan, aldiz, gizakiak neolitora egin du: elikagaiak biderkatzeko eta jangarri iraunarazteko gauza da. Hazi, hainbat urtar klase hazten ditu: itsaski (ostra, almeja, misera...) gutxi eta arrain (lupi, urraburu, erreboilo, zapo, izokina...) gehixeago, gehienak arrainjaleak, oso garestiak naturarentzat.

Larrekoa ia desagerturik, ukuiluko abeltzaintza aurrera doa ardi jendeari esker, gaztak harturiko izenak medio, batik bat. Esne-behia geroz eta urriago dabil, erostea ekoiztea baino merkeago izaki. Horren aurrean, ekoizle batzuek balio erantsia duten produktuak (jogurta, postreak) osatu eta merkaturatzeari ekin diote.

Urdeekin ere, beste horrenbeste: ekoizle txikiak nahiago du txerria maneiatu eta produktu bukatu (saltxitxoi, hirugihar, solomoa) gisa komertzializatzea; areago, batzuk aukeraz baliatu dira kalitate on-oneko produktu ekologikoak erdiesteko.

Azienda "berriak" agertu dira euskal ukuiluetan: bufaloa, basurdea (txerriarekin nahasteko), oreina, etc. Hegazti batzuk ere ugalduz doaz: ahatea (ez horrela antzara baliokidea) bertan ere merkatu polita duelako, ostruka, emua eta, nola ez, tradizio luzeko oilo-barietate gutiziatsuak, lau izarreko belazeetan. Erostunak badu horrelakoak eskuratzeko baliabiderik.

Izaki "ezezagunak" ere ugalduz doaz: onddo eta perretxiko exotikoak, barazki eta fruta tropikal eta subtropikalak, etc., oraingoz, behintzat, euskal herritarrak ateak ixten ez dizkiolako jangai berriari. Euskal Herrian mende erdia betea duen kiwiarekin batera, arabarba, babakoa, bergamota, karanbola, kiwanoa, krosnea, kumkuata, lima, litxia, mandioka, mangoa, marakuia, naxia eta beste hainbat loratu dira, globalizazioaren konpasean.

Egoera hori ekarri duen faktore bat baserria izan daiteke: XVI. mendean baserria familia ugariaren bizileku, fabrika, tenplu, tradizioen gordailu eta jatetxe autarkikoa zelarik, horietako askok gutxi eboluzionatu dute lau mende honetan eta, kinka larrian, bi irtenbide izan dituzte biztanleek: baserrian (morroi) eta fabrikan (peoi) jardun edo kontzeptua gaurkotzea: horra hor jauzia. Batzuek (nekazari, artzain), lehengaia ekoizteari aski ez iritzita, eraldatu eta merkaturatzea ere erabaki dute. Produktuen kalitatea, noski, ez da inondik ere uniformea, indarreko legeek jangaiaren kalitate organoleptikoa zaindu ordez, burokraziak kontrola ditzakeen alderdiak soilik arautzen baitituzte.