Kontzeptua

Euskal alfabetatzearen eredu historikoa

Informazio osagarria



Euskal Herriko alfabetatze prozesuaren ereduak ezaugarri propioak dauzka, ekoizpenerako baldintzak eta herrialdeak berak dituen ezaugarri kultural zein sozialak direla eta. Horrela, hiru alfabetatze eredu aipa ditzakegu, biztanleak zein hizkuntzatan alfabetatuak izen diren kontutan hartuta, hau da, gaztelera, frantsesa edo euskara. Kasu honetan, euskarazko alfabetatze prozesua aztertuko dugu, duela gutxi gertatu baita. Berez, gizarte mailan ez zuen indarra hartu XX. mendeko hirurogeita hamarreko hamarkadara arte, hogeigarren hamarkadan zehar abertzaleek zenbait auzunetako eskoletan bideratutako ekimenak edota hamarkada berean sortu ziren lehendabiziko ikastolak alde batera utzita, eskolarekin zerikusi zuzena ez zuten bestelako esperientziekin batera. Kontutan izan behar dugu eredu horrek, gaztelerazkoa eta frantsesezkoarekin batera, ezaugarri nagusia duela, hau da, alfabetatze prozesuan eragile berbera daukate, eskola.

Eredu honetan euskara eskoletan txertatzen da (hezkuntzaren inguruko hizkuntza eredu ezberdinen arabera). Beraz, xede nagusia, biztanleen euskalduntzea da. Euskarazko alfabetatzea bi talde ezberdinetara zuzentzen da, batetik gazteleraz ikasi duten euskaldunak ditugu eta bestetik gaztelerazko hiztun helduak. Esan genezake ingelesez biliteracy esaten dioten fenomenoa gertatzen dela, hau da, ama hizkuntza eta bigarren hizkuntza ia aldi berean bereganatzen direla. Bietan ahozko zein idatzizko trebezia batera ikasten dira, betiere baldintzak, baliabideak, norbanakoaren izaera eta gizartea bera aintzat hartuz. Dena den, euskarazko alfabetatze prozesua testuinguru elebidunean gertatzen dela azpimarratzea garrantzizkoa da, fenomenoa bera baldintzatzen duen osagaia izanik.

Beraz, euskarazko alfabetatze ereduaz hitz egiterakoan, gizarte elebidunean bestelako alfabetatze prozesuek duten eragina eta ondorioak aztertzea dakar. Aldi berean, kontutan izan behar ditugu euskarazko alfabetatzeak berez dituen ezaugarri propioak. Horrela, esanguratsua da Euskal Herriko lurralde historikoetan gaztelerazko alfabetatzea oso hedatuta dago, Estatuan ematen denarekin konparatzen badugu behintzat. Horren arrazoiak bi lirateke, batetik Gipuzkoa eta Bizkaian eman ziren modernizazio eta industrializazioa eta bestetik, Araba eta Nafarroan Udalen esku zeuden eskola eta maisuak bere horretan mantendu izana. Iparralden frantsesezko alfabetatze ereduak ez zuen hainbesteko hedapena eta eragina izan, landa gunea zelako. Kasu guzti horietan Estatuko hizkuntza eskoletan hezkuntzarako hizkuntza bezala erabiltzeak, horrela alfabetatzea bideratzeko hizkuntza ere izanik, euskara pixkanaka alde batera uztea dakar, gizarte mailan eta familiarteko zenbait egoeratan izan ezik.