Historian zehar, II Errepublikaren garaia arte, Estatu Espainiako gizartean, irakasleen lanbidea ez zegoen ondo ikusita. Ez ditugu zergatiak ezagutzen, baina maisu eta andereñoen lan baldintzak ez ziren gizartean erakargarriak eta oraindikan okerrago, irakasleen lanbideak ez zuen gizartearen onarpena jasotzen. Ordea, errepublikanoek boterea hartu bezain laster, Hezkuntzaren arloan oso azkar neurri batzuk martxan jartzen hasi ziren, esate baterako, maisu eta andereñoen soldata ertaina % 50 igo zuten, lanpostu bete gabeak zeudenak handiagotu zituzten eta, beste aldetik, irakasleen ikasketei garrantzi handia eman zizkieten, "Plan Profesional"-a indarrean jartzen, besteak beste. Ondorioz, irakasle gehienak errepublikanoak bihurtu ziren, alabaina, erabaki honek irakaslei ondorio larriak sortu zizkien Gerra Zibila hasi zenean.
Dakigunez, Gerra Zibila 1936ko uztailaren 18an hasi zen eta hasi zenetik Francoren agintariek ez zuten denbora galdu, batez ere Hezkuntzaren arloan. Lehenengo neurri gogorrak eremu honetan hartu zituzten, esate baterako, abuztuaren 19an depurazioaren prozesua martxan zegoen. "Garbiketa-prozesu" hau martxan jartzeko, frankistek herriko alkatei laguntza eskatu zieten eta haiek, egia esan, gogotik bete zuten "lan fina hura". Alkateek irakasleen portaera baiezkoa edo ezezkoa zen aipatu behar zuten txosten batean eta jarraian, txosten hura Unibertsitateko Errektoreari bidali behar zioten. Behin txostenak garatutakoan eta agintari faxistei bidalitakoan, hauek hiru mailatan sailkatzen zituzten:
- Portaera oso kezkagarria erakusten zutenak, kargutik kentzen zituzten eta A taldean sartzen ziren.
- Portaera zalantzagarria bazen, B taldean kokatzen zituzten irakasleak. Zigorra merezia zen, baina A taldekoareana baina baxuagoa izan behar zen
- C taldekoek portaera aldekoa erakusten zuten eta lanpostuan jarraitzea merezi zuten.
Hori dela eta, delituek ere beste sailkapen bat zuten. Larrienak "Frente Popular"-ren afiliatua izatea edo "anti-patriota" izatea ziren eta, azken talde honetan, nazionalista guztiak sartzen ziren. Euskal Herrian, Frente Popular-ren parte hartzea edo nazionalista izatea oso arrunta zen, beraz, "garbiketa-prozesua" izugarria izan zen.
Beste aldetik, Espainiako irakasle guztiei beste sailkapen bat esleitu zieten, hots, lau "Batzorde araztaileak" antolatu zituzten eta batzorde bakoitzak irakasleen portaerak aztertu behar zituen. Horrela, A Batzordeari unibertsitateko irakasleak kontrolatzea egokitu zitzaion, B Batzordeak Ingeniaritza eta Arkitekturako pertsonala behatzen zuen, C Batzordeak Irakasle-eskolak, "Escuelas Normales" deitutakoak, Merkataritza eskolak, "Arte eta lanbide eskolak", Lehenengo Irakaskuntzaren Ikertzaileak eta Administratiboko Sailak kontrolpean izan zituen eta D Batzordeari maisu eta andereño guztiak zelatatzea zegokion.
Azken Batzorde honetan herriko botere faktiko guztiek parte hartzen zuten, hau da, Herriko Alkateak, Herriko Parrokoak, Guardia Zibilaren Komandanteak eta "etxeko nagusi ospetsuak" besteak beste. Lau parte-hartzaile hauek maisu eta andereñoen ibilbide profesionala, soziala eta partikularra aztertzen zituzten. Jarraian, irakasleen jarrera politikoak begiratzen zituzten eta ondoren zigorrak esleitzen zizkieten maisu eta andereñoei. Ikusten dugunez, irakasle guztiak kontrolpean izatea ez zen oso zaila, batez ere herri txikietan.
Lehenago aipatu dugun bezala, hasieran hiru neurri besterik ez zituzten hartzen, hau da, edo haien lanpostuetan jarraitzen zuten, edo lekualdaketa pairatzen zuten, normalean Euskal Herria utzi behar zuten eta Estatuko beste lurralde batzuetara joan behar ziren, edo lanpostuak behin betirako utzi behar zituzten. Ordea, Batzorde Araztaile haiek oso "emankorrak" zirenez, hiru zigor hauek aniztasun zabalagoa behar zuten eta beste neurri berri batzuk asmatu behar izan zituzten, esate baterako, lana eta soldata kentzea hilabete batetik bi urtetara, nahitaezko jubilazioak edo konfiantza eta zuzendaritzako karguetarako gaitasunik gabe uztea. Dirudienez, lekualdaketak neurri erabilitakoa izan zen, eta neurri hark eragin handia izan zuen Euskal Herriko Hezkuntzaren sisteman: irakasle euskaldunak Estatuko beste lurraldeetara joan behar ziren eta horren ondorioz irakasle asko beste probintzietatik Euskal Herrira abiatu ziren.
Bestalde, eta nahiz eta zigor guztiak desproportzionatuak izan, gure ustez, desproportzionatuagoa zen Batzorde Araztaileen jarrera, hots, Batzordearen edozein susmoa nahikoa zen zigortzeko eta horrela milaka irakasle errudun bihurtu ziren. Testuinguru honetan Euskal Herriko eskolak andereño eta maisu gabe geratzen ari ziren eta frankismoaren agintariei egoera larri bat sortu zitzaien. Egoera hartatik ateratzeko zerbait asmatu behar zuten eta, dirudienez, azkar, oso azkar, aurkitu zuten irtenbidea: lehenengo lanpostuak "maisu jabeek eskolarik gabe" bete zituzten, nahiz eta behin-behinekoak izan. Bigarren lanpostuak ikastaroak egiten zituztenei eman zizkieten, "Cursillistas" deitutakoei, eta hauen baldintzak "maisu jabeenak" bezalakoak izango ziren. Azken lanpostuak erregimen berriaren lagunek eta laguntzaileek hartu zituzten, ordea, esleipen horretarako beste sailkapen bat prestatu zuten:
Lehenengoak lanpostu bat hartzeko Gerraren elbarriak izango ziren baina ezin zuten ezintasunik izan irakaslearen lana garatzeko. Hurrengo lanpostuak borrokalari-ohiei esleitzen zizkieten. Hildakoen edo elbarrien gerraren senitartekoek bazuten beste lanpostu batzuk betetzeko aukera. "Gorriek" izugarrizko basakeriak egiten zituztenez, "los nacionales" galera larriak pairatu zituzten, beste lanpostu batzuk hartu zituzten eta, bukatzeko, falta ziren lanpostuak betetzeko beste lagun eta laguntzaile batzuek hartu zituzten.
Hauek izan ziren Euskal Herriko andereño eta maisuen ordezkapenak egitera etorri zirenak, eta ikusten dugunez, erregimen berriaren irizpide pedagogikoak ez ziren, hain zuzen ere, garrantzitsuenak esleipenak egin behar zituztenean. Hala eta guztiz ere, agintari frankistek "itxura aldaketa" egin behar zuten eta eskaintza zabaldu zioten herriari. Alegia, Irakasle-eskolako ikasketak bukatuak zeuzkatenak lanpostu bete gabeak bete zitzaketen hurrengo deialdian, beharrezkoak zirenak, betetzen bazituzten: Irakasle-eskolako titulua izatea, zerbitzuaren lana eta soldata bertan behera ez izatea, berme moralak eta "patriotikoak" izatea, aurrekari penalaren agiria zigorrik gabe izatea, jaiotzaren agiria aurkeztea, Mugimendu Nazionalaren atxikimenduaren agiria,...beraz, aipatu dugun bezala irizpide pedagogikoak ez ziren oraindik inondik ikusten. Ikuspegi honekin lehenengo ondorioak denbora gutxitan agertu ziren: irakasleen antolaketa hondamen handia bihurtu zen, irakasleen baldintzak penagarriak bueltatu ziren, lanbideak feminizazioaren prozesua pairatu zuen eta hizkuntzak arazo larriak sortu zituen. Ikus dezagun:
Francok eta bere jarraitzaileek gerra irabazi zutenetik bi Lege indarrean jarri zituzten Heziketaren sisteman: "Lehenengo Hezkuntzari buruzko Legea", edo "Nacional-catolicismo"-aren legea deitutakoa 1945eko uztailaren 17an sortutakoa eta "Hezkuntzaren Orokor Legea", 1970eko abuztuaren 4an sortutakoa. Bi lege hauen artean, 1965ean erreforma egiten saiatu ziren eta artikuluren bat aldatu zuten, baina aldaketak neurtezinak izan ziren eta bost urte gehiago itxaron egin behar zen, beste lege berri bat indarrean jartzeko.
Hau esanda, eta irakasleen sailkapenari dagokionez, 1945eko legea erokeria zen. Hori dela eta, irakasleak "jabeak", "ordezkoak", "bitartekoak", "herritar irakasleak", "bolanteak", "supernumerarioak", eta abar izan zitezkeen. Are gehiago, Hezkuntzaren sistemaren agintari frankistek ez zuten nahikoa hamaika eredu hauekin, beste sailkapen bat behar zuten eta horretarako mailen sailkapena erabiltzen jarraitu zuten, alegia, lehenengo mailatik zazpigarren mailara irakasleak kokatzen zituzten, beraz, lanpostuan denbora gehiago zeramatenek, lehenengo mailak betetzen zituzten (lehenengo mailan irakasle oso urriak ziren). Aitzitik, irakaskuntzara iritsi berriak azken mailetan zeuden. Beste aldetik, antzinatasunean ez ezik, desberdintasun nagusia soldatan ere nabaritzen zen nahiz eta kasu honetan gizon eta emakumeen arteko desberdintasunik ez izan, irakasle guztiek soldata bera zeukatelako.
Irakasleen soldatei kasu egiten badiegu, irakasleek beste arazo larri batzuk izan zituzten. Adibidez, soldata oso eskasak eskuratzen zituzten, -edozein funtzionario, polizia edo guardia zibilak haiek baino heren bat gehiago irabazten zuen-, nahiz eta hauen soldatak ere oso baxuak izan eta agian baldintza ekonomiko horiengatik, betidanik lelo ospetsu bat entzun dugu "eskola maisu batek baino gose gehiago pasatzen duzu". Gainera, baldintzak nahiz eta onartuak izan, ez ziren beti betetzen, adibidez: funtzionario batzuek, irakasleek eta guardia zibilek, esate baterako, etxebizitzarako eskubidea zeukaten. Guardia zibilak "Casa-cuartel"-etan bizi ziren eta eskubide honi probetxua ateratzen zioten, baina irakasleek, berriz, ezin zuten etxebizitza duin bat eduki, hots, batzuetan eskola berean ezinezko baldintzetan bizi ziren, baina gehienetan lan egiten zuten herrietan pisuren bat aurkitu behar zuten bizitzeko. Arazo hau Gipuzkoan larritzen zen, salmenta edo alokairuko prezioak ordainezinak zirelako hurrengo adibideak erakusten digun bezala: 60. hamarkadan herrialde honetan alokairu pisu batek bi mila eta bostehun pezeta balio zuen eta irakaslei kontzeptu horrengatik hirurehun pezeta besterik ez zieten ematen, beraz, suposatutako etxebizitzaren eskubideak ez zuen existentziarik.
Hasieran aipatu dugunez, irakasleen egoerak ez zeukan etorkizun erakargarririk, aitzitik, ilun samarra zen, eta egoera ilun horri buelta emateko, maisu eta andereño batzuei ideia bat bururatu zitzaien, hau da egonaldiak edo "permanencias" antolatzea. Hauek, egonaldiak, herri txikietan handiagoetan baino hobeto funtzionatzen zuten. Ordea, asmakizun berri honek bi iruzur txiki zeramatzan honekin, alegia, egonaldiak eskola bukatu ondoren martxan jartzen ziren, nahiz eta beharrezkoak ez izan. Boluntarioak ziren arren, ia-ia ikasle guztiek hartzen zuten parte, ordu bat gehiago eskolan geratzen ziren errefortzu gisa eta kontzeptu horrengatik ordaindu behar zuten, nahiz eta eskola dohainik izan. Printzipioz, diru hura banatu behar zen irakasle eta Ministerioaren artean, hau da, ikasle bakoitzak berrogeita hamar pezeta ordaindu behar zituen eta diru hartatik irakasleek berrogei pezeta jasotzen zituzten. Soberan geratzen zena Ministerioarentzat zen. Eta bigarren iruzurra hauxe zen: batzuetan irakasleek ez zioten benetako ikasleen kopurua esaten Ministerioari eta honek diru gutxiago jasotzen zuen. Egia esan, Ministerioak nahiz eta egoera hau ezagutu, begiak ixten zituen eta ez zuen kasurik egiten egoera honen aurrean. Edozein kasutan, irakasleek egonaldietatik ateratzen zuten dirua ez zen hainbesterako, zertan garai hartan garbikuntzan ibiltzen ziren langileak orduko hogeita hamabost pezeta irabazten zituztelako.
Ikusten ari garenez maisu eta andereñoen bizitza ez zen erraza eta testuinguru hartan irakasleek beste irtenbideren bat aurkitu behar zuten, eta lortu zuten: eskola amaitutakoan, negozio txikien edo etxebizitzen ekonomiak, administrazioak, eraman zituzten eta trikimailu hauekin bizitza duina lortzen saiatzen ziren. Alabaina, jarduera guzti hauek ondo eramateko denbora dezente behar zuten eta, zoritxarrez, denbora hura irakaskuntzari kendu behar zioten, alegia, ikasgaiak ez ziren ondo prestatzen eta eguneroko lanbidea atzealdean geratzen zen.
Beste aldetik, ia irakasle euskaldun guztiak desagertu zirela aipatu dugu hasieran eta desagerpen horri lotuta beste fenomeno bat suertatu zen, hots, maisuak, gizonak, geletatik desagertzen ziren eta haien ordez agintari frankistek emakumeak jartzen zituzten. Gipuzkoaren kasuan oso argi ikus dezakegu fenomeno hau: II Errepublikaren garaian, 1933an, hain zuzen ere, % 54 maisuak ziren eta % 46 andereñoak, hau da, 97 maisu eta 83 andereño. Ordea, 1946an, maisuen kopuruak izugarrizko aldaketa pairatu zuen eta % 10ko jaitsiera izan zuen, 176 maisu eta 214 andereño. Datu hauek, ordea, susmagarriak dira zatzorde Araztaileek, batez ere lehenengo urtetan, Gerra Zibila bukatu ondoren, lan fina egin zutelako. Beraz, gure iritziz, datu hauek agintari frankistek puztu egin zituzten erregimen berriaren irudi on bat emateko. Hau esanda eta ikusten dugunez, feminizazioaren prozesua martxan zegoen eta urte gutxitan, Euskal Herriko eskola guztiak emakumez bete ziren.
Fenomeno honi lotuta, beste gertakizun bat gertatu zen Euskal Herrian. Gerra bukatu bezain laster, Gipuzkoa eta Bizkaiak oso azkar hasi ziren industrien berrikuntza eta denbora gutxitan per-capita errenta lehenengo postuak berreskuratu zituen. Hori dela eta, enpresek oso ondo ordaintzen zuten, Administrazioak baino gehiago, eta Euskal Herriko gizonek enpresa pribatuak aukeratzen zituzten lan egiteko. Gainera, irakaslea izateko irakasleek beste baldintza bat bete behar zuten, lehen aipatu dugunez: "Mugimenduko Printzipioak" zin egin behar zituzten eta hori ez zen beste baldintza bat, oztopo bat baizik.
Ikusten ari garenez, depurazioaren ondorioak ez ziren zigor gogor haiek bakarrik. Nahiz eta lehenengo zigorrak gogorragoak izan, "garbiketa.prozesua" ez zen zigor haiekin bukatzen. Depurazioak beste ondorio latzak ekarri zituen, ikusitakoak, eta haien artean, ezin dugu ahaztu beste bat, agian larriena: gure hizkuntza, euskara. Arazo honek ez zeukan zerikusirik ekonomiarekin ezta irakasleen sailkapenarekin edo feminizazioarekin ere, baizik eta ikasle eta irakasleen harremanekin. Euskaldun eremuetan umeek ez zekiten euskaraz, baina irakasleek ezta euskaraz ere; beraz, gatazka mahai gainean zegoen eta agintari frankistek ez zuten jarrerarik erakusten arazo honi irtenbide bat emateko. Are gehiago, "en cristiano" hitz egin behar zen eta horrela hitz egiten zuten umeek, nahiz eta gaztelaniaz ez jakin. Horretarako, "en cristiano" hizkuntza ikasteko Estatuko beste lurraldeetatik etorritako irakasleek "eraztun metodo pedagogikoa" erabili zuten, alegia, ikasle batek eskola barruan euskaraz hitz egiten bazuen, irakasleak eraztuna ematen zion. Ikasle hark beste lagun bati euskaraz berbetan entzuten bazion, eraztuna pasatzen zion eta horrela jarraitzen zuten egun edo aste osoa bukatu arte. Momentu hartan, eguna edo astea bukatzen zenean, eraztuna zeramanak zigorren bat jasotzen zuen. Zigorrak desberdinak ziren: egun batzuetan, zigortuek eskola garbitu behar zuten, beste batzuetan jai egunetan joan behar ziren eskolara, beste batzuetan isun ekonomikoren bat ordaindu behar zuten eta, bukatzeko, umeek maisu edo andereñoaren iritziaren arabera tratu txarrak jasotzen zituzten eskolan euskaraz hitz egiteagatik.
Amaitzeko lan honekin eta laburpen erara Gipuzkoako datu batzuk emango ditugu: 60 emakumeetatik 16k kargua utzi behar zuten, 7k lekualdaketa, baina probintziatik barne, pairatu zuten, 20k lekualdaketa Estatuko beste lurraldeetara joan behar zuten eta 17 behin-behikotasun kargutik bananduak izan ziren eta 66 gizonetatik 38k kargua utzi zuten, 7k lekualdaketa, baina Gipuzkoan geratu ziren, 18 beste probintzietara joan ziren eta 13 behin-behikotasun kargutik bananduak izan ziren.