Kontzeptua

Eragile Politikoak

Jordanak adierazten duenez (1999), hasiera batean, demokrazia liberala ordezkatzeko mekanismo formalak agortzen ari dira alderdi eta instituzioetan. Hori dela eta, ez da gizarteko iritzi eta interes guztiak txertatzerik lortzen. Elementu horrek prozesu politikoaren gainean esku-hartzeko bestelako modu batzuekin esperimentatzea ahalbidetzen (eta derrigortzen) du. Ildo horretatik, interes-elkarteek gizarteko sektore jakin batzuetako oharpenak jaso eta birsortzen dituzte eta gizarte-bizitzako, bizitza kulturaleko eta bizitza ekonomikoari dagozkion (finean, interesak ordezkatzeari dagokionez) elementu jakin batzuen gainean dauden lehentasun horien defentsa azpimarratzen dute, jardute espezializatu modura.

Elementu horrekin batera, ezinbestekoa da beste alderdi bat barneratzea interes-taldeetara hurbiltze aldera: legitimitatea. Alde batetik, talde horiek balizko ordezkatuen konfiantza bereganatzeko duten gaitasunaren eta, beste alde batetik, elkarteek ordezkatuen onurei ahalik eta zuku handiena ateratzeko gaitasunari dagokionez ordezkatuek izaten den asebetetzearen artean tentsioa sortzen da eta legitimitatea tentsio hori eraginkortasunez kudeatuz erdiesten da.

Azkenik, Jordanak hirugarren osagai bat eransten du, kolektibo horiek ezaugarritzezko funtsezkoa dena: prozesu politikoaren gaineko esku-hartzearen dimentsioa.

Hiru elementu horiek Jerezek (1997: 295) proposatzen duen definizioan ikus daiteke, izan ere, definizio horri jarraiki interes-taldea:

"gizarte-sistemako eragile bat da, oinarri-oinarrian norbanakoen eta kolektiboen (ordezkaritza) nahimenak artikulatzeko funtzioa garatzekoa, eta haiek gabe, botere publikoen gainean esku hartuko lukete (esku-hartzea), norabide arras ezberdinetan. Talde horiek arrazionaltasuna, kongruentzia eta bideragarritasuna ematen diete gizarte-sistemako beste sektore batzuen aurka iritzi jakin bat partekatzen duten haien eskaerei."; (itzulpen moldatua gaztelaniatik).

Edozein kasutan ere, balioak sustatzea lehenesten duten taldeak, Sustapen Talde izenda daitezkeenak, eta ondare materialak lehenesten dituzten taldeak, benetako interes-talde gisa har daitezkeenak, bereizi behar dira. Lehenengoek gizarte-sistema azpisistema ekonomiko gisa hautematen dute eta ikuspegi horrekin esku-hartzen dute; bigarrengoek gizarte-sisteman hartako dimentsio kulturalaren gainean esku-hartzen dute. Bigarren taldeetan kolektiboko afiliatuak dira ordezkatuak eta, lehen kasuan ordezkaritza horrek sektore zabalagoak hartzen ditu eta, are, gizarte orokorrera ere hedatzen da. Modu horretan, eragile kolektibo mota horren eta gizarte-mugimenduen arteko muga lausoa dela ikus daiteke eta, horregatik, zaila da talde jakin batzuk alde batean ala bestean kokatzea.

Ildo horretatik, nahas-mahas hori argitze aldera, non ekintza kolektiboan gero eta presentzia handiagoa duten kolektiboak (GKEak kasu) barnera daitezkeen, kontzeptu hibrido bat proposatzen da, hots, Interes-talde Publikoena (Von Beyme, 1986). Azken talde horretan interes-taldeen ezaugarriak izanik, beste eragile kolektibo batzuekiko bereizten dituztenak, "helburuen" dimentsioan interes-taldeen eta gizarte-mugimenduen artean kokatzen diren kolektiboak barnera daitezke. Azken finean, funtsezko elementu bereizlea talde-identitatea da, hau da, talde-identitate hori izatea ala ez izatea (Ibarra & Letamendia, 1999).

Ikusi dugun moduan, kolektibo hauek gizartearen esparruan esku-hartzen dute (azpisistema ekonomiko gisa ulertzen delarik interes-taldeen arabera, edo azpisistema kultural gisa sustapenekoentzat). Hala ere, sarritan, litekeena da esparru hori ez aski izatea haietako interesak asetzeko. Hori dela eta, arlo politikora jo behar izaten dute haien helburuetan arrakasta erdiesteko. Jerezek adierazten duen moduan (1997), hori da interes-taldeak eta presio-taldeak bereiztea ahalbidetzen duen elementua: Elkartea gizartearen esparruan mantentzen den artean interes-taldetzat hartuko da: Aitzitik, esparru politikoan zuzenean esku-hartzeko ahalegina egiten duen unetik presio-taldetzat hartuko da, hau da:

"nagusiki politikan eragiten saiatzen den edo ideiak testuinguru ekonomiko eta politiko jakin baten barnean sustatzen saiatzen den erakunde edo pertsonez osatutako kolektiboa, botere exekutibo, legegile edo judizialaren gainean esku-hartzearen bidez erabakiak hartzeko prozesuan eragiten duelarik (zuzenean edo iritzi publikoaren bidez), politika publikoen planteamenduak moldatzeko edo haien ezarpena baldintzatzeko xedez" (Jerez, 1997: 297); (itzulpen moldatua gaztelaniatik).

Kolektibo horien gaineko hurbilketa teoriko bat egiteko, ezinbestekoa da balizko presio-talde (edo interes-talde) motak aztertzea: Hala, balizko bost eredu bereiz ditzakegu (Jerez, 1997):

  • Enpresarien eta inbertitzaileen erakundeak: merkatu-ekonomian oinarritutako sistema honetako presio-talde garrantzitsuenetakoa osatzen dute eta, hasiera batean erabaki politikoetan eragiteko xedez sortu baziren ere, gaur egun, sindikatuen presioak bultzatuta, funtzio hori betetzeaz gain, lan-harremanak finkatzerakoan sindikatuen bitarteko gisa aritzera bultzatuak izan dira. Euskal Herrian Confebask konfederazioak garrantzia berezia dauka, baina baita Euskal Enpresarien Zirkuluak ere.
  • Sindikatuak: Sindikatuen egiturari dagokionez, hiru eredu ditugu ideologiako eta antolaketako irizpideak aintzat hartuz: (a) antolatutako lankidetzarako nahiz elkarren arteko enpresa-kudeaketarako prestutasun urria duten eta arras zatituta ageri diren elkartez osatutako eredu pluralista; (b) eredu korporatiboa, enpresa arloan elkarren arteko kudeaketarako eta instituzioetako organoekin lankidetzan aritzeko prestutasuna ageri duten sindikatu unitarioz osatzen dena; eta (c) eredu sindikalista, antolaketari dagokionez banandurik dauden eta ideologikoki batzen diren gunez osatzen direnak, statu quo kapitalistan oinarritutako enpresa-partaidetza oro ukatzen duena, lan-harremanaren arloan nahikoa pragmatiko azaldu arren. Lehen eredua EAEn dagoena izango litzateke, ELA eta LAB sindikatuak indartsu daudelako. Iparralde eta Nafarroan, aldiz, bigarren eredua da nagusi.
  • Profesionalen eta langile independenteen taldea: horien artean nekazari- eta abeltzain-elkarteak, profesional liberalak, burokratak, edo militarren kolektiboa barnera daitezke.
  • Interes publikoen aldeko taldeak: izendapena engainagarri samarra izan daiteke eta nagusiki joera materialista duten elkarteak nahiz joera ez materialista duten elkarteak barnera daitezke. Elizak azpimarra ditzakegu hemen, duten garrantzia dela-eta.
  • Azkenik, zenbait tipologiatan herri-administrazioak ere aipatzen dira beste instituzio batzuei presionatzeko asmoa dagoenean. Hori da eskualde batzuek egiten dutena estatuz gaineko instantziekin, esate baterako, Europar Batasunarekin. Berez, duela gutxi arte Estatu-nazio mugen barnean jarduten zuen ekintza kolektiboaren Europako marko hori krisi egoeran dago bere subiranotasuna higatzen duen hiru norabideko prozesu baten ondorioz: (a) goitik, eskumen asko erkidegoko organoei lagatzera derrigortuta dagoelako, (b) behetik, izan ere, estatuz azpiko unitateek botere-maila batzuk bereganatzen dituztelako deszentralizazio-prozesuen ondorioz, eta (c) albotik, estatua legezkotasunaren barneko mugak baldintzatuta dagoelako (Keating, 1996). Azken batean, ekintza kolektiboko esparru berri bat daukagu aurrean, egun maila ezberdinetan (Europakoa, estatukoa, eskualdekoa eta tokikoa) ageri den gobernu arteko harreman-esparru berria duena ezaugarri, eta horrek eskualdeei bidea erraztu die nazioarteko esparrura jotzeko (Morata, 1999).

Modu horretan, Europar Batasunean, estatuz azpiko unitateek partaidetzarako eta interesak ordezkatzeko bide berriak dituztela ikus daiteke: (a) zuzenak, Eskualdeetako Batzordea, Ministro Kontseilua, Europako Batzordea; horiek guztiak zentroko agintarien borondatearen baitan izango dira, lehenengoa salbuetsita; (b) zeharkakoak, estatuko borondatearen eraketan parte hartzeari dagozkionak; (c) mekanismo horietatik haratago, nazioaz gaindiko erabakien zentroetan izaera informaleko beste batzuk ezartzen dira, arreta lobbying zuzenean jartzen dutenak; eta azkenik (d) eskualdeen arteko, estatu barneko edo arteko lankidetzarako mekanismoen garrantzia azpimarratu behar da (De Castro, 1994). Jakina denez, Europan presentzia izateko gogo hori behin eta berriz adierazi die EAEko arduradunek estatuko agintariei. Era berean, Kanpo Harremanetarako Idazkaritza Lehendakaritzaren baitan egon da zuzenean eta azkenaren ekimenak oso garrantzitsuak izan dira (Euskal Etxeak edota Enbaxadak koordinatzea, etab.). Horrek agerian uzten du gai horri zer-nolako garrantzia eman zaion duela gutxi arte.

Bestalde, Vallesek (2000) beste tipologia bat ezartzen du, aurrekoaren osagarri dena: (a) interes-talde (edo presio-talde) ekonomikoak, (b) ezaugarri zehatz batzuen arabera (generoa, adina, bizitokia, etab.) gizarte-kolektibo jakin batzuk barneratzen dituztenak, kulturarekin edo ideologiarekin (zentzu zabalean) zerikusia duten kausa jakin batzuk sustatzen dituzten interes-taldeak, eta (d) helburu politiko jakin batzuk lortu nahi dituztenak, baina gobernuko proiektu orokor bat egiteko asmorik gabe.

Azkenik, kolektibo horien jardute-errepertorioak zabalak dira, hala konstituzionala dena eta inkonstituzionala dena baitaratzen dute, legezkoa eta legezkoa ez dena: (a) limurtzea, (b) hauteskunde-presioa, (c) presio mediatikoa, (d) mehatxua edo larderia, (e) botere ekonomikoaren erabilera, (f) auzi judiziala, (g) orotariko sabotajea, eta (h) ekintza zuzena modu anitzetan, hau da, konbentzionala, disruptiboa edota bortitza.