Kontzeptua

Eragile Politikoak

Mendebaldeko gizarteetan gizarte-mugimenduen garapena azaltzeko erantzun akademikoak hiru multzotan bana daitezke: (a) ekintza kolektiboa ikertzeko eredu klasikoak, (b) baliabideen mobilizazioaren teoria eta bere adarrak, eta (c) kultura-hurbilketak.

Lehen hurbilketa klasikoetako bat mobilizazio kolektiboaren fase ezberdinen garapena azaltzen saiatzen dena da (hemeretzigarren mendeko langile-mugimenduen iraultzak 1830-1840 artean eta 1880-1890 artean, klase arteko borroka gerra arteko garaian, 60-70 arteko protesta zikloak). Horretarako, portaera kolektiboaren (collective behavioral) arrazoien azterketari dagokion azalpena abiapuntutzat hartuz.

Eredu hori hainbat premisatan oinarritzen da: (a) portaera kolektibo ez instituzionala indarrean diren gizarte-arau eta testuinguruari aurre egiten saiatzen da, (b) tentsioek eta gizarte-etsipenak ekintza kolektiboan parte hartzera bultzatzen du norbanakoa, (c) ekintza hori bizi-ziklo bati jarraituz garatzen da, eta hor masen ekintza espontaneoak iritzi publikoa eta gizarte-mugimenduak sorrarazten ditu, eta (d) ziklo horren barnean, mugimenduak komunikazio-prozesuen bidez gertatzen dira, esate baterako, zurrumurruen, kutsaduren, erreakzio kulturalen edo hedapenaren bidez (Riechmann eta Fernández Buey, 1999).

Ikuspegi horren arabera, portaera kolektiboak bi ezaugarri nagusi ditu:

  • Izaera gainerakorra: (a) jokabidea espontaneoa da, (b) informala eta ez egituratua, instituzioetako logikaren aurkakoa, (c) bat-batekoa da eta nekez aurreikus daitekeena.
  • Instituzioz aparteko osagaia: (a) ekintzarako arauak ez ditu zertan kultura menderatzaileak zehaztu, (b) ez da konbentzionala, eta ez dator bat ezarritako arauekin, eta (c) arau berriak sorrarazten ditu.

Edozein kasutan ere, eredu horrek hainbat muga ditu, izan ere, gizarte-mugimenduetan parte hartzen duten pertsonak baztertutako eta deserrotutako norbanakoen portaera makurraren irudiarekin lotzen ditu.

Bestalde, pribazio erlatiboaren (edo gabetze erlatibo) teoriei jarraiki, gizarte-mugimenduak fenomeno arrazionalak dira. Ikuspegi psikologista edo konduktista batetik, ekintza kolektiboa gizarteko aurreikuspen jakin batzuen (nahi edo desiotako etekinak) eta zilegitzat jotzen diren aurreikuspenen arteko tentsioaren ondorio modura azaltzeko joera izaten da. Lehenengoak norbanakoen edo kolektiboen ustez izan beharko genituzkeen tasunak dira, eta bigarrenak tasun horiexek dira, baina lortzeko zer gisa ulertuta. Bien artean desfasea ematen denean gabetze erlatiboa daukagu. Modu horretan, ikuskera zehatz bat hartzen da, zeinaren arabera, ondare materialak, kulturalak nahiz bestelako ondareak ebatsi egiten baitzaizkio norbanakoari edo kolektiboari, haiek berez dagozkien ondaretzat hartzen dituzten bitartean. Hala, norbanakoaren gabetze erlatiboa (edo indibiduala) edo gabetze erlatibo kolektiboa bereizten dira. Bigarren kasu horretan zilegiago da erantzukizunak kanpora esleitzea, horren ondorioz, bidegabekeria hautematearen eraginez sor daitezkeen balizko mobilizazioak areagotu egiten dira eta protesta eta, are, indarkeria sortzen dira.

Edozein kasutan, teoria horrek hainbat kritika jaso zituen, bereziki bere aldebakarreko konnotazioak direla-eta (gabetze-oharpenak mugimenduak eragiten ditu), aldebiko dimentsio ahantzi egiten delarik (mugimenduek gabetze-oharpenak ere sortzen dituzte) (Javaloy, 2001).

Era berean, hurbilketa horrek gizarte-mugimenduen eta gizarteko baztertutako sektoreen arteko identifikaziora garamatza, izan ere, gabetze materialera mugatzen da funtsean eta horrek 70eko hamarkadako kolektibo liskartsuen klasearteko ezaugarriak azaltzea ekiditen du. Finean, gabetze erlatiboaren bidez ezinezkoa da, gehienbat, pribilegiatu erlatiboz osatutako gizarte-mugimenduak azaltzea (Riechmann eta Fernández Buey, 1999).

Gizarte-mugimenduetara hurbiltzeko hirugarren teoria klasikoa hautaketa arrazionala da. Olson da korronte honetako ordezkari nagusia. Haren ustez, ekintza kolektiboa ez da bidegabekeria edo injustizia sentimenduen ondorio, aitzitik, helburu jakin batzuk lortzeko asmoz egindako hautaketa da. Norbanakoak interesak bultzatuta mugitzen dira gehienetan, hala, ekintza egiteko motibazioa emango dieten pizgarri hautakor batzuk edo ondare kolektibo batzuk daudenean jarduten dute. Azken batean, norbanakoek ekintza kolektiboan parte hartuko dute hartatik eskuratutako etekinak handiagoak direnean ekintza hori burutzeak eragindako kostuak baino, eta hori da ekintza kolektiboari buruzko azalpen arrazionalaren funtsezko elementua (Olson, 1992); antzeko ikuskera sortzen da Dowsek (1973) hauteskundeetako portaerari buruz egindako interpretazioetatik, izan ere, haren ustez, norbanako jakin batek alderdi bati botoa emango dio soilik beste alderdi bati ematea edo botorik ez ematea baino baliagarriago zaiola uste badu.

Eredu horrek hainbat kritika mota ukan zituen: (a) hautaketa arrazionalaren teorien eraginez identitatearen nozioa desagertu egiten da, hots, barne-bizitza desagertzea dakarte, behatutako portaeraren zati izan arren hura bera ez dena, (b), norbanakoaren motibazioak kanpotiko pizgarri eta sarietara mugatzen dira, eta (c) balio indibidualen aldaketan gizarte-mugimenduek duten garrantzia alboratu edo nahasi egiten da pizgarrien kontzeptuzko instrumentuak eraginda.

Azkenik, hirurogeita hamarreko hamarkadaren amaieran aurreko interpretaziozko ereduen eraginkortasuna zalantzan jarri zen, mendebaldeko gizarteetan errepikatzen diren gizarte-mugimendu ugaritan hautematen diren gertakarien ondorioz: (a) parte hartzen zuten norbanakoak ez ziren deserrotuak, zoroak edo eragile irrazionalak, aitzitik, gaitasun kognitibo handiko norbanakoak ziren, gizartean ongi integratuta zeudenak, eta (b) haien ekintza kolektiboa ez zen sistemaren ekonomia-krisi batek eragindako etsipen erlatibo baten ondorioz sortua, bestelako argudioren bat bilatu behar zen ekintza azaltzeko (Casquette, 1996).

Horri erantzunez geografikoki AEB eta Europan, hurrenez hurren, garatzen diren bi hurbilketa teoriko ditugu. Lehenengo teoria gizarte-mugimenduak "nola" sortzen diren azaltzen saiatzen da eta bigarrena "zergatia" justifikatzeko ahaleginean murgiltzen da.

Baliabideen mobilizazioaren ikuspegia gizarte-mugimenduen eraginkortasuna aztertzeko saiakera da, eskuragarri diren baliabideetatik abiatuz helburuak betetzeari dagokiona. Ibarrak adierazten duen moduan (1993:42):

"inplizituki edo esplizituki, korronte akademiko horren arabera, norbanakoek gizarte-mugimendu bat babestea edo hartan parte hartzea erabakitzen dute partaidetza hori alderdi politiko batean garatu beharrean; hori horrela da, funtsean (...) epe luzera haien eskaerak hautatutako mugimenduan hobeto entzungo dituztela uste dutelako, izan ere, mugimenduak, aldarrikapen zehatz bati dagokionez, hura sustatzeko interes gehiago du eta presioa egiteko ere gaitasun handiagoa du agertokian diren alderdi politikoek baino." (itzulpen moldatua gaztelaniatik).

Azken batean, hurbilketa horri jarraiki, arazoa ez da gizarte-gatazkatik, nahigabetik edo etsipenetik eratorritako ahalmen mobilizazio eragile baten ezaugarriak ematea; aitzitik, erakunde jakin batzuek nolatan duten ahalmen hori mobilizatzeko gaitasuna, hori da azterketaren muina. Modu horretan, hurbilketa horren ildotik ezinbestekoa da hauek aintzat hartzea: (a) "enpresari mobilizazio eragileek" elkarte horiek sortu eta zuzentzekoan duten garrantzia, (b) ekintza liskartsuaren eraginkortasunari ahalik eta etekin handiena ateratzea ahalbidetzen duten barne-egiturak, (c) helburuak betetzeko moduari buruzko kalkulu kontzienteetan oinarritutako erakundeko plangintza baten ezaugarriak, eta (d) haiek iraunarazteko mekanismoak (Riechmann eta Fernández Buey, 1999).

Finean, ikuspegi horren arabera, gizarte-mugimendua hainbat faktoreren ondorioa da, esate baterako, eskuragarri diren baliabideena, antolaketa-ereduena eta ekintza kolektiboan parte hartzeko abaguneena. Estrategia, baliabideak eta antolaketa; horiek dira hurbilketa horretako ardatzak (Tejerina, 1998).

Aurreko hurbilketetan gertatu bezala, baliabideen mobilizazioaren teoriak ere jaso ditu Olsonen ereduaren kritikak: (a) logika utilitarista batetik ez da inolako azalpenik ematen talde sortu berriek ekintza kolektiboan duten partaidetzari dagokionez, (b) gatazkaren dimentsio kulturalak azterketatik kanpo geratzen dira, (c) gizarte-mugimendua mugimenduarekin lotutako erakundeekin identifikatzen da, baina, berez, lehenengoa hura barneratzen duten erakundeena da, eta (d) hainbat gauza ahaztu egiten dira, esate baterako, mobilizazioaren edukiak, ideologiekin duten lotura edota haiek kulturan garatzeko moduak (Riechmann & Fernández Buey, 1999).

Bestalde, Ibarraren (1993: 43) aburuz, interpretazio hori muturrera eramanez, gizarte-mugimenduak behin-behineko eragile modura agertzen dira, alderdi politikoen araberako edo ordezko modura.

"Interpretazio horri jarraiki, gizarte-mugimenduak ez dira alderdi politikoaren aurkakotasun gisa agertzen. Gizarte-mugimenduak (...) botere politikoa bere interes eta proiektuen alde erabiltzeko deieraz sortzen dira. Pertsonak (...) gizarte-mugimendutan antolatzen dira (...) alderdiak ez daudelako esklusiboki (haien) eskaeratan interesatuta (...), eta horrenbestez, herritar horiek ordezko gisa hautematen den instantzien bidez ebatzi behar dituzte haien arazoak ezinbestean, hala nahi ez arren. (itzulpen moldatua gaztelaniatik).

Baliabideen mobilizazioaren ikuspegiek jasotako kritikak gainditzeko asmoz, sareetan oinarritutako ereduaren arabera, gizarte-mugimenduak indarrean diren network sozial eta espazialen adierazpide gisa hautematen dira, balio-komunitateak direlarik hartako elementu bateratzaileak.

Diani ere iritzi berekoa da (1998: 244). Hark gizarte-mugimendua hala definitzen du:

"identitate kolektibo zehatz baten oinarriaren gainean eratutako eta gatazka politiko edo kulturalekin konprometitutako norbanako, talde edo erakundeen pluraltasun baten arteko elkarrekintzarako sare informalen multzoa".

Haren ustetan, definizio horri eutsiz, gizarte-mugimenduak ezin dira soilik protesta-ekintza, erakunde politiko edo koalizioetara mugatu edo hala identifikatu.

  • Mugimenduak ezin dira protesta-ekintzekin lotu, izan ere, lotura hori gauzatzeko eragileak behar dira, gertakari horiei zentzua emango dien errealitatearen definizioekin batera.
  • Gizarte-mugimenduak ez dira soilik helburu partekatuak erdiesteko asmoz elkarren eskuragarri baliabideak jartzen dituzten eragileen arteko koalizioak; ez, behintzat, identitate kolektiborik ez badago.
  • Halaber, ez dira nahastu behar mugimenduan sar daitezkeen erakundeekin, izan ere, lehenengoek kontrol handia ezartzen dute hartako kideen artean eta sarea harreman informaletan oinarritzen da.

Azken finean, Dianik (1998) ekintzaren ondorioz eta, batez ere, eragileen hautaketaren ondorioz, sortzen diren loturak azaltzeko aipatzen ditu mugimendu-sareak, eta ikuskera horretatik abiatzen da bere ikuspegia. Ildo horretatik, ikuspegi tradizionalari eutsiz, ekintza kolektiborako aurrebaldintzatatik abiatuz egiten da mugimendu-sarerako hurbilketa. Mobilizazioak denboran zehar eraginkortasunez mantentzeko ezinbestekoa da eragile ezberdinen artean lotura sendoak izatea. Edo beste modu batera planteatuta:

"eragile ezberdinen arteko harremanaren tamainak eta hura gauzatzeko moduak bideratuko du ekintzarako funtsezkoak diren baliabideen zirkulazioa eta ekintzarako abaguneak eta loturak baldintzatuko ditu" (Diani, 1998: 247); (itzulpen moldatua gaztelaniatik)

Esate baterako, behin-behineko loturak, gerora, bestelako mugimendu batzuk sortzeko balia daitezke, aurretiko harremanak bestelako testuinguru batzuetan sendotu daitezke...

Hala ere, autore horren iritziz, mugimendu-sareak ekintzaren ondorio gisa ere azter daitezke: aliatuen edo kideen hautaketaren ondorio modura.

"Neurri batean, sarearen egitura lankidetzarako edo trukerako, edo aurkakotasunerako eta gatazkarako harremanak abiatzeko subjektuen hautaketaren baitan dago" (Diani, 1998: 248); (itzulpen moldatua gaztelaniatik).

Hautaketa horiek baldintzatuta daude hainbat elementu direla medio, esate baterako, kidego-taldea, lurralde-egoera edota ahaidetasuna; eta hautaketa-prozesu neketsu (networking) baten ondorioz gauzatzen dira. Prozesu horretan, zilegi da talde batetik bestera baliabideak eta informazioak zirkulatzea eta, horrez gain, ekintzarako ordezkaritza partekatuak eraikitzen dira:

"networking prozesuaren bidez bestela bata bestearekiko independente eta isolatuta mantenduko liratekeen praktikei zentzua ematen zaie eta aurrez ezagutzen ez ziren eragileen artean elkartasunezko sentimendu espezifikoak garatzen dira"; (itzulpen moldatua gaztelaniatik).

Horrenbestez, elementu horrek Dianiren definizioko gakoetako batera garamatza, ikuspuntu hori aurreko eskola teorikoetatik bereizten duena, bereziki, baliabideen mobilizaziotik: identitate kolektiboa, mugimenduko eragileak kanpoko aliatuetatik eta aldizkako laguntzetatik bereizteko funtsezkoa dena. Ildo horretatik, badirudi instrumentu bidezko ikuspegiak oinarritzat hartuz eragile ezberdinen arteko elkarrekintza ahalbidetzen duten kalkulu estrategikoak ez direla aski; hori dela eta, ezinbestekoa da aldez aurretik partekatutako identitate bat egotea edo eraikitzea, elkarrekintza horiei jarraipena eman eta horien arrakasta bermatzeko, eta mobilizazioa aktibatzeko instrumentu gisa baliagarri izan dadin.

Ikuspuntu horretatik ikuspegi osagarri bat sortzen da, gizarte-mugimendu berriena, testuinguru jakin bat duena aztergai: mendebaldean bigarren mundu-gerraren ostean eta, zehatzago esatera, 60ko hamarkadatik aurrera sortzen diren kolektiboak. Hortaz, egoera historiko jakin batetik eratortzen diren gizarte-mugimendu espezifikoak dira.

Modu horretan, gizarte-mugimenduen eta gizarte-mugimendu berrien arteko bereizketa ezartzen da. Hala, XX. mendearen bigarren erdialdean sortutako kolektibo batzuk mugimenduekin lotutako aurretiko esperientzia batzuetatik bereizten dituzten elementu berezi batzuk hautematen dira: a) Haien abiapuntua molde kultural, politiko edota ekonomiko jakin batekiko ukoa da; b) Balio berriak dituzte, post-materialistak, ezkerraren eta eskuinaren arteko zatiketa tradizionala alboratu eta balioekin lotutako gatazketan jartzen dutelarik arreta; c) Mugimendu horietako subjektua dagoeneko ez da langile-klasea, aitzitik, ongi bereizitako segmentu ugariz osatzen da. (a) erdi mailako klase berriak, gizarte zerbitzuekin edo eremu publikoarekin lotutakoak, (b) erdi mailako klase zaharreko elementuak, (c) lan-merkatutik aparte kokatzen diren sektoreak. d) Egitura informala, eredu deszentralizatuetan eta sarean oinarritzen direnak, horietako antolaketaren eskutik aurkako gisa hautematen duten gizarte-egitura gainditzeko xedea dutenak. e) Errepertorio ez konbentzionaletara eta, are, bortitzetara hedatzen den ekintza kolektiboko dinamika. Azpiko koadroan paradigma zaharraren eta berriaren arteko aldeak zehazten dira:

Gizarte-mugimenduak azaltzeko paradigmak
Paradigma berriaParadigma zaharra
Iturria: Javaloy, 2001.
Oinarri ideologikoaKultura eta modernizazioa kritikatzea
Demokrazia ordezkatzailea kritikatzea
Balio orokorretara eta helburu zehatzetara orientatzea
Konformismo kulturala
Konformismoa demokrazia ordezkatzailearekin
Orientazio ideologikoa zentzu tradizionalean (ezker/eskuin, kontserbadore/liberal).
BalioakAutonomia pertsonala eta identitatea
Post-materialismoa
Ondasun kolektiboetara bideratutako motibazioa
Askatasuna eta segurtasuna kontsumo pribatuan eta aurrerabide materiala
Materialismoa
Norbanakoaren interesera bideratutako motibazioa
Oinarri sozialaKlase-egituratik apartekoa; dena den, erdiko klasekoak nagusitzen diraKlase bidezko egitura. Gizarte-egoera ahuleko taldeak
AntolaketaSare informalak
Egitura deszentralizatua, asanblada bidezkoa
Elkarte horizontalak, demokrazia zuzena
Egitura formalak
Erakunde zentralizatua, hierarkikoa
Ekintza-moduakProtestan oinarritutako politika
Hedabideetara bideratutako bitarteko ez konbentzionalak
Alderdien arteko lehia, gehiengoaren araua
Ekintza zuzenaren aurkako jarrera

Bukatzeko, teknologia berrien bilakaerak eta globalizazioak eragindako testuingurura egokitutako kultura-ikuspuntu batetik, eta gizarte-mugimenduen dinamikan sare-formako dimentsioa bereziki azpimarratuz, Castellsek (2000) gizarte-mugimendu ezberdinak birkokatzen ditu, haiek identitatearekin lotutako hiru moduren inguruan duten jarreraren arabera:

  • Identitate legitimista, egungo gizartean menderakuntzan oinarritutako egiturak eta harremanak mantendu nahi dituena.
  • Erresistentziazko identitatea, "erresistentziazko eta biziraupenerako lubakiz" osatzen dena, normalean gizarte-erakundeek dituzten printzipioen alderantzizkoetan oinarritzen direnak.
  • Proiektu-identitatea, eskuragarri diren balio kultural batzuetatik abiatuz identitate berri bat eraikitzean oinarritzen dena, hura baliatuz gizarte-egitura eraldatzeko xedez.

Lehenengoek gizarte zibileko identitate legitimistak sortzen dituzte, bigarrenek komunitate itxiak eta erreakziozko mugimenduak sortzen dituzte eta, hirugarrenek, bestelako bizi-proiektu bat duten subjektuak sortzen dituzte. Eta, hain zuzen, hirugarren dimentsio horretan kokatzen dira (edo kokatu beharko lirateke) ekintzaren aldeko gizarte-mugimendu berriak, (a) dimentsio profetiko bat baitaratzen dutenak "egiazko sinbolo" batzuen bidez. Sinbolo horiei esker, zilegi da identitate-proiektu autonomoetan oinarritutako balio alternatiboei eta kodeei "aurpegiera" bat ematea. Orobat, (b) sare-formako antolaketa bat baitaratzen dute, elkarlotutako eta deszentralizatutako erakundeen artekoa, botere-harremanetatik at (Castells, 2000).

Azken finean, gizarte-mugimenduen azterketan zatiketa handia nabari da, hala, interpretazio-eskema anitza aurkeztu da, itxura batean loturarik gabea dena eta arreta hiru puntutan jartzen duena: (a) erakunde kolektiboen barneko norbanakoen jokabidea azaltzeko dimentsio psikologistan; (b) ekintza kolektiboaren eredu ezberdinak azaltzeko barneko antolaketa-ikuspuntuetan; eta (c) funtsean liskartsu gisa hautematen den ekintza baten zergatiak justifikatzeko egitura- eta kultura-dimentsioetan.

Gizarte-mugimenduak aztertzeko hurbilketa bateratu bat balizko aldaera guztiak barneratzetik hasi beharko litzateke:

"egiturazko krisi jakin batzuek nola aurrezartzen dituzten baliabide-hautaketa jakin batzuk; edo taldearen kontzientzia kolektiboak nola eragiten duen antolamoldeetan; edo testuinguru politikoak nola baldintzatzen dituen mugimenduen idealak eta haietako eguneroko jardueren normaltasuna edo ezberdintasuna; edo, azken batean, nola, beti, hala taldearen interesak nola taldearen identitate kolektiboa aintzat hartu behar diren" (Ibarra; 2000: 275) (itzulpen moldatua gaztelaniatik).

Ildo horretatik, eredu berrietan integratzeko egindako ahaleginei esker (McAdam, Tilly & Tarrow, 1996; McAdam, McArthy & Zald, 1999; Diani & Della Porta, 1997; Klandermans & Tarrow, 1998), 3 aldaera motatan oinarrituko den azterketa-eredu bat ezar daiteke: (a) abagune politikoaren egitura, (b) antolaketazko errepertorioak, eta (c) diskurtsoaren eta identitate kolektiboaren azterketa.

  • Abagune politikoaren egituran inguruneak gizarte-mugimenduan duen eragina agerrarazten da: "gizarte-mugimenduek forma bat jakin bat hartzen dute, haiek barneratzen diren testuinguruan (nazionala) ageri diren abagune eta konstrikzio aukera zabal baten arabera" (McAdam, McArthy & Zald, 1999: 24); (itzulpen moldatua gaztelaniatik).
  • Mobilizazio-egituretan gizarte-mugimenduen antolatzeko dinamika aztertzeko ahalegina egiten da; horretarako, antolaketazko azpiegituren azterketa konparatua egiten da, mobilizazioaren patroi historikoak ulertzea ahalbidetzen duena, gizarte-mugimenduak sortzeko aukera gehiago dauden lekuak igartzearen bidez. Aldi berean, antolaketa modu baten eta mugimendu mota baten arteko harremanean ageri diren ezaugarrietan jartzen da arreta. Eta mugimenduetan estatuko egiturek eta antolaketa-kultura zehatzek duten eragina zehaztea ahalbidetzen da.
  • Azkenik, ezaugarritze-prozesuaren azterketaren bidez ekintza kolektibo mota hori azaltzeko beharrezkoa den hirugarren dimentsioa jorratzen da. Horretarako, mugimenduan parte hartzen duten norbanakoak elkartzea ahalbidetzen duten identitateak sortzeko, mantentzeko, ingurunera egokitzeko eta errotik aldatzeko moduetan jartzen da arreta, izan ere, identitate horiek dira ekintza kolektiboa egitea eragiten dutenak, zenbaitetan era liskartsuan.

Laburbilduz, gizarte-mugimenduen mikro dimentsioak (norbanakoen motibazioen esparrua), meso ikuspuntuak (antolaketa eta barne-egitura) eta makro elementuak (egiturazko alderdiak) lotzea ahalbidetzen duen hurbilketa baten aurrean gaude.

Proposatzen den bateratze-metodologiatik abiatuz, Akitaniako euskal lurraldetan mugimendu liskartsu bat gauzatu nahi duten eragileen ekintza aztertzeko baliagarri izango zaigun definizio bat ematen saiatuko gara. Eragile horien funtsezko helburua Pays Basque herrialdearen instituzionalizazioa gauzatzea da, departamendu espezifiko bat erdietsita.

Letamendia eta Ibarrak (1999) gizarte-mugimenduen, interes-taldeen eta alderdi politikoen arteko kontzeptuzko bereizte bat egin zuten. Bereizte horretan lehenengoen ezaugarriak bereizten dira hainbat faktoreren arabera: botere politikoarekiko orientazioa, alderdiekiko harremanak, antolaketa, ordezkatzen diren interes eta taldeak, ordezkaritza hori islatzeko bitartekoak, ekintza kolektibo mota, estrategia eta azken helburuak. Hala, gizarte-mugimenduak honela definitzen dira:

"agintari politiko, elite eta aurkariekin elkarrekintza gatazkatsu iraunkor eta ohiko batean, boterea gauzatzeko edo birbanatzeko moduan publikoki aldaketak (sistemaren aurkakoak soilik) eskatzen dituzten norbanako, talde edota erakundeen elkarrekintzarako sare informalak (jatorrian berezia den identitate kolektibo bat partekatzen dutenak baina "kanpoko munduko" identitate konbentzionalekin nahasteko joera duena). Aldaketa horiek gizarteko kolektibo edo kategoria zehaztugabe eta zehatzezinen interesen aldekoak izanik." (Letamendia & Ibarra, 1999: 400); (itzulpen moldatua gaztelaniatik).

Bestalde, Riechmann eta Fernandez Bueyek (1999: 61-67) gizarte-mugimendu berri modura definitu ditugun gizarte-mugimenduen familia bereiztea ahalbidetzen duten hainbat ezaugarri aurkeztu zituzten: (a) emantzipaziorako deiera, (b) boterera so eta kulturari so dauden mugimenduen arteko kokapena, nahiz eta esfera soziokultural horretan lekutzeko joera ageri duen, (c) modernismoaren aurkako jaidura, izan ere, ez da historiaren ikuskera linealaren aldekoa eta aurrerabidea material eta moral zehaztugabeen garapen gisa ulertzen du, (d) bere gizarte-osaketa heterogeneoa, (e) helburu eta ekintza-estrategia oso deszentralizatuak, (f) antolaketa-egitura deszentralizatu eta ez hierarkikoa, (g) egunerokotasunaren eta eremu pribatuen politizazioa, eta (h) ekintzarako metodo ez konbentzionalak.

Ekarpen teoriko horiek oinarritzat hartuz Euskal Herrian gizarte-mugimenduek izan duten bilakaerari errepara diezaiokegu, bere ezaugarri eta bereizgarri nabarmenenak islatzen dituzten elementu batzuk azpimarratuz.

Horrela, gabetze erlatiboaren teoriak frankismo geldoan sortutako gizarte-mugimendu ugariak azaltzeko elementu gisa aplikatu izan dira. Hala, hurbilketa horiei so, 60ko hamarkadako erregimenaren liberalizazio ekonomikoarekin ez zela zabaltze politikorik jazo ulertzen da; modu horretan, lehen zantzu horiek, hasiera batean abagune gisa interpretatu zirenak, erregimenaren errealitate zapaltzailearekin egin zuten topo. Hala, herritarren mugimenduen gorakada azaltzen da eta, batez ere, mugimendu nazionalistena eta langileena trantsizioan.

Azalpen horrek zerikusi zuzena du gizarte-mugimenduak barneratzen dituen egiturazko marko politikoarekin. Hala, gaitasun urriko erregimenetan, izan demokratikoak ala ez demokratikoak, "jokoan dagoenaren" kontzientzia handiagoa da eragileentzat. Horren ondorioz, bi erregimenetako gaitasun urriaren eraginez, agintariek joera zabaltzaile baten zantzuak ematera derrigortuta daude, eragileek erregimenaren ahuldade gisa interpreta dezaketelarik.

Hori guztiori hautaketa arrazionalaren teoriaren ekarpenetara gaineratu behar da. Horrela, trantsizio garaian, Euskadin mekanismo hori baliagarri izan zitekeen, eragile liskartsu horiek erregimenaren ahuldadea ekintza kolektiboaren etekinak areagotzeko abagune gisa interpretatzen zuten heinean. Bada, lehenik eta behin diktadurazko erregimen bat bertan behera uzteko parada izanik, edo aipatu demokraziaren ezaugarriak parametro berri batzuetara eramateko parada izanik; hau da, aurreko garaiekin konparatuz kostu nahikoa mugatu batekin etekin handiak erdiesteko aukera izanik, ekintza kolektiboa lehertu egin zen. Horren adibide paradigmatikoa da auzoetako mugimenduaren bilakaera diskurtsiboa edo mobilizazio nazionalistaren susperraldia trantsizioan.

Mobilizazio nazionalista handi hori, era berean, baliabideen mobilizazioak egindako ekarpenekin azal daiteke; baina, kultura-ikuspuntuetatik ere azalgarri da. Hala, mugimendu nazionalistak eraginda egitura paralelo bat sortu zen, Estatuaren mimesia. Egitura berri hori sektoreko erakundeak dibertsifikatu zirenean gauzatu zen, gerra zibilaren aurreko unetik abiatuta, Emakume Abertzale Batza, mendigoizaleen mugimenduaren edo ELA-STV sindikatuaren eskutik. Nolanahi ere, erakundeen dibertsifikazio-prozesu hori areagotu egin zen trantsizioan, ETA erakundearen barneko zatiketa ugariek lehenengo (muturreko ezkerrarekin lotutakoak), eta ezker abertzalearen barneko zatiketek geroago, eragindako gizarte-mugimendu indartsuak garatzearen ondorioz.

Modu berean, ekarpen nazionalista horrekin azal daiteke nola identitatearen dimentsioak mugimendu horiei "guaren" definizio argi bat eman zien, hasiera batean, zentzu nazionalean interpretatu zena. "Gu" horri bestelako sektoreko "gu" batzuk gainjartzen zaizkio, ekintza/eskaria eremuen bidez definitzen direnak: ekologismoa, feminismoa, antimilitarismoa eta internazionalismoa, besteak beste. Aldi berean, dimentsio nazionala bigarren mailan kokatzen duten zenbait kolektibok izandako erreakzioen bidez azal daiteke aipatu eremuetan sektoreko mugimenduak agertu izana, zentzu nazional gisa definitutako gizarte-mugimenduekin lehian direnak eta, zenbaitetan, haiekin lankidetzan aritzen direnak.

Era berean, gizarte-mugimenduetako azterketaren kultura-dimentsioan erreparatuz gero, bere egokitasuna ikus daiteke Euskal Herriko ekintza kolektiboaren funts erabat soziala aintzat hartuz. Euskal Herrian kapital sozial garrantzitsua dago. Horri izaera publikoko harreman informalen sare trinkoa, funtsean tokikoa, eransten badiogu, harreman zuzena ahalbidetzen da, ekintza kolektiborako aurrebaldintzak ematen dituena. Beste modu batera esanda, Euskadin gizarte-mugimenduen sarearen egituraketa zilegi da ez soilik nazio mailako "gu" bat dagoelako; tokiko bizitza publiko oso indartsua ere badago, auzo-, landa- eta hiri-identitateak sorrarazten dituena. Eta bizitza publiko hori euskarri sendoa da, besteak beste, kultura-mugimenduak, hiri-mugimenduak edo mugimendu ekologistak sortzeko.

Beste ikuspuntu batetik behatuz, gizarte-mugimendu berri eta zaharraren bereizketa lagungarri da 70eko hamarkadaz geroztik mugimenduen panoraman ageri den nahas-mahas gero eta handiagoa argitzeko. Horri dagokionez, berriz ere, garrantzitsua da auzoetako mugimenduen bilakaera aztertzea. Auzoetako mugimendu hori paradigma zaharrari atxikita sortu zen, argi eta garbi. Dena den, auzoetako mugimendu horren bilakaerak argi erakusten du bertako batzorde asko gerora paradigma berriaren ardatzaren gainean finkatutako gizarte-mugimendu indartsuak izango direnen aurrekari izan zirela. Horrela, gizarte-mugimenduetako emakume-, kultura-, haurtzaro- edota ekipamendu-batzordeetatik, 80ko hamarkadan mugimenduak lehertu ostean, ehunka tokiko talde sortu ziren, esate baterako, feministenak, ekologistenak edota okupenak.

Paradigma aldaketa horrek, halaber, gizarte-mugimendu bakezale indartsuen sorrera azaltzen du, izan ere, post-modernitatea sartzearekin batera balio berriak azaleratu ziren, horien artean bizitzeko eskubidea. Hala ere, adierazpen hori groteskoa litzateke 80ko hamarkadaren erdialdera sortutako mugimendu horien ugalketa ikuspuntu bateratu batek egindako ekarpenaren azalpenarekin osatzen ez bada. Bestela esanda, abaguneen egitura indarkeriari ixtea, ezker abertzalearen defizit diskurtsiboak eta, batez, ere, euskal gizarteak ekintza kolektiboaren errepertorioetako bati (indarkeriazkoari) adierazitako ukoa, lagungarri dira Gesto por la Paz taldea eta bestelako kolektibo bakezale batzuen sorrera azaltzeko. Alderantziz, goran aipatutako elementuei, Hego Euskal Herria 80ko hamarkadaren amaieran gaitasun handiko Estatu batean barneratzen dela (non Estatuak eragile liskartsuen eskumenak eta, batez ere, haiek legeztatzeko bideak mugatzen baititu) eransten badiogu, modu batera edo bestera ezker abertzalearekin lotutako gizarte-mugimendu jakin batzuen eragiteko gaitasuna mugatzen duen indarkeria gero eta gehiago ukatzen dela ondoriozta daiteke.

Aldi berean, paradigma zaharretik berrirako iragaite horrek zentralitatea sendotzen du, 80ko hamarkadaz geroztik gizarte-mugimenduen ugaritzea sorrarazten duten haustura-ardatz berriek baitaratzen dutena. Balio post-materistagoekin lotutako haustura-ardatz horiekin batera irekitze- eta ixte-zikloak ematen dira, arlo bakoitzean. Horixe gertatzen da mugimendu internazionalistarekin, elkartasunaren balioan finkaturik dagoena eta 80ko hamarkadako Latinoamerikako mobilizazio-zikloan sostengatzen dena; gauza bera esan dezakegu mugimendu ekologistaren inguruan, euskal itsasertzean zentral nuklearrak irekitzearen mehatxuari aurre egiteko sortzen dena; antzekoa adieraz dezakegu, mugimendu antimilitaristari dagokionez, bakezaletasunaren eta autoritarismorik ezaren balioekin lotzen dena eta ejertzitoari egindako gero eta uko handiagoan sostengatzen dena; okupen mugimenduarekin ere gauza bera gertatzen da, kultura berri baten eta autonomia pertsonalaren balioak aldarrikatzen dituena, eta "Euskal Rock Erradikalaren" fenomenoak eragindako kultura-berrikuntzaren zikloan sostengatzen dena.

Azkenik, gaur egun euskal gizarte-mugimenduak globalizazioaren testuinguruarekin lotura zuzenean direla azpimarra dezakegu. Hori dela eta, euskal kolektiboak munduko mundu arteko sareetan parte hartzen dute, baina baita kolektibo horien jardunetan ere. Iparralden proiektu-identitate bat duten gizarte-mugimenduak aurki ditzakegu, bereziki, Euskal Herriko Laborantza Ganbararen inguruan edo bestelako kolektibo batzuen inguruan, horien artean, Piztu aipa dezakegu, egun mundu arteko jaialdietan nazioarteko erreferentzia bilakatu den Euskal Herria Zuzenean Jaialdiaren sustatzailea dena. Erresistentziazko identitatearen adibideak tokiko hainbat kolektibotan aurki ditzakegu, Nimby (ez nire etxe atzeko atarian) logikatik abiatuz erreakzionatzen dutenak eta bereziki ingurumenarekin zerikusia duten gatazketan ageri direnak. Dena den, berrindartutako erresistentziazko mugimenduak ere badira. Horien adibideak bizi dugun kultura anitzeko testuinguru berriarekin lotutako auzo arteko gatazketan topa ditzakegu.