Kontzeptua

Eragile Politikoak

Jatorria da alderdi politiko ezberdinen ezaugarri adierazgarrienen azterketa egitea zilegitzen duen lehen dimentsioa. Martinez Sospedrak adierazten duenez (1996), jatorria (a) parlamentarioa izan daiteke, interes berak dituzten kargudun hautatuen arteko batasuna, babes jakin batzuk izatea eragin ahal dien oinarrizko gizarte bat bereganatzeko ahaleginean; (b) kanpoaldetiko jatorria, hots, sistema politikoan parte hartzen duten instituzio edo gizarte-taldeetatik eratorria; eta (c) zatiketa edo fusio baten ondoriozkoa. Euskal Herriari dagokionez, ageri diren alderdi gehienek azken bi kategoria horietan dute jatorria.

Eragile kolektibo mota horretako garapen historikoak erakutsi duenez, testuinguru zehatz bakoitzaren, unean uneko lehentasunen eta haiek sustatzen dituztenen eskakizunen baitan profil jakin bat hartu dute (Valles, 2000). Modu horretan, eta barne-egiturari so, Duvergerek (1974) koadro-alderdien, masa-alderdien eta hautetsien alderdien artean egiten duen banaketa tradizionalera hurbil gaitezke.

  • Koadro-alderdiak herritarren gutxiengo hautatu bat bereganatzen saiatzen dira. Horretarako, gorena hautatzeak eta, ondorioz, hura erabakitzeko zirkuluetan barneratzeak komunitatera ekar ditzakeen etekinen inguruan antolatzen du mobilizazioa. Barneko ezaugarriei erreparatuz, instituzionalizazio-maila nahikoa ahula izango da, diziplina eskasekoa, elite hautetsiek autonomia handia izango dute alderdien gainean, eta ideologia funts gutxikoa izango da. Euskal Herrira etorriz, definizio horretara gehien gerturatzen den alderdia UDF izan daiteke; nahiz eta joera horietako batzuk era topa daitezkeen EAJ alderdiaren barnean, jakina ez horren nabariak.
  • Masa-alderdia sozialdemokraziaren egitura politikoaren ondorioz sortzen da eta gerora gainerako ideologia-korronteek egokitu egiten dute. Aurreko ereduan ez bezala, atxikitze-mekanismoak formalagoak dira, ideologia oso zehaztua dago eta zuzendaritza-aparatua oso egituratua eta zentralizatua.
  • Masako hauteskunde-alderdiak, edo hautetsien alderdiak, klase arteko atxikipen bat bilatzen du; horretarako, elementu ideologikoak sendotzen dira, gizarte-sektore berriak atxikitzea ahalbidetzen duen egitura irekia mantentzen da, kargu publikoen posizioa lehenesten da eta lidergoa sendotu egiten da, haren pertsonalizazioa barne (Valles, 2000; Duverger, 1974; Panebianco, 1990).

Aurreikus daitekeen moduan, Euskal Herriko sistema politikoko alderdi gehienak azken bi kategoria horietan kokatu dira historian zehar eta, gainera, masa-alderdia alboratu eta hauteskundeetakoaren ezaugarriak baitaratzeko joera argia azaltzen da. Dena den, alderdi nazionalistetan eta ezkerreko muturreko alderdietan hauteskunde-joera hori ez da horren agerikoa.

Aldi berean, jatorria eta garapena alderdien instituzionalizazio-prozesuarekin lotzen da. Sortze-fasean, (a) buruzagiek balio-ardatzak aukeratzen dituzte, (b) haiek barneratzeko egitura sortzen da, osatzear den taldearen helburu ideologikoak ezarriz, (c) identitate kolektiboa eraikitzen da, eta (d) erakundea helburuak lortzeko instrumentua da. Edozein kasutan, instituzionalizazio-prozesua sendotzen denean, eragileari alderdia sortzea eragin duten balio eta helburuak gaineratzen zaizkio. Modu horretan, erakundeak instrumentu izateari uzten dio eta berezko balioa hartzen du; bertako kideentzako helburu bilakatzen da (Panebianco, 1990).

Prozesu hori aintzat hartuta, instituzionalizazio indartsuko alderdiak eta instituzionalizazio ahuleko alderdiak bereiz ditzakegu.

  • Lehenengoek presentzia handia dute gizartean, antolaketa-egitura sendoa dute, azpiunitateetan homogeneotasun handiagoa ageri dute, identitate indartsua, diziplina nabarmena, oinarri sozial sendoa, ekarpen aldikako eta zentralizatuetan oinarritutako sarrera-sistema, eta alderdiaren nagusitasuna haren inguruan antolatutako erakundeen gainean. Hori da alderdi nazionalisten kasua (euskaldunak, espainiarrak eta frantziarrak) Euskal Herriko sistema politikoan.
  • Aitzitik, bigarrengoetan, alderdiaren identifikazioa (eta diziplina) nahikoa ahula da, horrek antolaketa ahula eta kohesio urrikoa eragiten du. Oinarri sozialaren gaineko kontrolean hutsuneak ageri dira, elkarrekintza eskasa da eta antolatutako azpiunitateek modu autonomo eta heterogeneoan jarduten dute, eta haietako organo nagusiak oso iragazkorrak dira kanpoko eraginen aurrean (Martínez Sospedra, 1996; Matas, 1999). Euskal Herriko sistema politikoaren barnean kasu paradigmatikoena Frantziako kristau-demokraziarena izango litzateke.

Azken finean, alderdi bakoitzaren instituzionalizazio-maila erakundeak ingurunearekiko duen autonomia-mailaren baitan neur daiteke, eta baita hura osatzen dute zatien arteko sistematizazio- eta interdependentzia-mailaren baitan. (Panebianco, 1990).

Pizgarrien barne-sistema da alderdi politiko ezberdinen ezaugarriak aztertzeko baliagarria den beste dimentsio nagusi bat. Pizgarrien sistemak lotura estua du instituzionalizazio-prozesua bizkortzen duten faktoreekin: (a) erakundea mantentzen duten interesen garapena, eta (b) erakundeko leialtasunen hedapena.

  • Lehen elementua erakundearen bizitzako lehen fasean erakundera atxikitako kideen artean hautatutako pizgarriak banatzeko premiarekin lotzen da. Pizgarri mota horien artean (eliteak hautemateko prozesuarekin lotura estua dutenak) erakundean karrera egiteko aukera, zuzendaritza karguen eta kargudun hautatuen banaketan sartzeko aukera, enplegua izateko aukera eta batez ere, boterea eskuratzeko aukera nabarmentzen dira.
  • Aldi berean, erakundeko leialtasunen garapena pizgarri kolektiboen banaketarekin estu lotuta dago eta, horrenbestez, buruzagi, afiliatu eta hautesleek identitate kolektibo bat baitaratzearekin. Modu berean, programak eta ildo politikoa (azken batean, erakunde horien ideologia) pizgarri kolektibo horien zati gisa aztertu behar dira (Panebianco, 1990).

Identitateak norbanakoen arteko liskarren ondorioz sortzen dira, hortaz, indibiduala dena eta kolektiboa dena elkarlotzeari dagokion esparru teorikoan sartzen dira; berdina eta desberdina identifikatzeko oinarriak dira (eta, horrenbestez, haiena eta gurea identifikatzeko oinarriak). Era berean, iraunkortasunean eta iraupen luzean oinarritu daitezke; edota, iraganarekin hausteko borondatean eta, horren ondorioz, ekintzaren dinamika batean funtsatzen dira.

Norbanakook elkarren ondoan lekututako identitate kopuru handi bat aurkitzen dugu, gizakiaren identitateari dagokion dimentsio aniztasuna osatzen dutenak. Identitate politikoa politiko gisa aitortzen den gizarte-identitatearen zatia da eta izaera gatazkatsua ageri du: hautaketa arazoa da.

Ildo horretatik, alderdi politikoen identitatea hainbat elementuren arabera zehaztuko da. Elementu horien bidez (a) indibiduala dena eta kolektiboa dena elkarlotzen da, eta (b) alderdiko kideak identifikatzea eta kolektibo barnean haiek kanpoko "zuek" horrekiko auto-identifikatzea ahalbidetzen da. Alderdi politikoetako identitateak hainbat oinarri izan ditzake: nazionala, liderrarekin identifikatzea, klase batekin identifikatzea... (Letamendia,1997)

Ideologia alderdiko identitatearen beste osagai bat den arren, eta ez ezinbestean garrantzitsuena (Martinez Sospedra, 1996), haren barnean hura nahitaez aintzakotzat hartzea eragiten duten hainbat elementu gordetzen dira: baztertzeko ahalmena, proiektu eta alternatiba politikoak eraikitzeko erraztasuna, eta alderdiko zuzendaritzak hartako afiliatuen aurrean legeztatzeko tresna izaera. Modu horretan, oinarri ideologikoa duten alderdiek soilik lortu dute Europako herrialdeetan finkatzea (Von Beyme, 1986), edo, hala izan da orain gutxi arte bederen.

Euskal Herriari dagokionez, bi elementu horiek, hau da, identitateak eta ideologiak, alderdi ezberdinen arteko itunak baldintzatzen dituzte eta alderdien agertoki korapilatsu bat azaltzen dute, izan ere, alderdiak ezkerra-eskuin ardatzean eta nazionalismo - erregionalismo - zentralismo ardatzean duten posizioaren arabera kokatzen dira.

Bi dimentsio horiek erabakigarriak dira alderdi bakoitza alderdi-familia jakin batean kokatzerakoan. Horri dagokionez, Rockan (1970) eta Seilerrek (1980), eta Letamendiak (1997), modernitateak, (a) jatorriaren arabera (industria-iraultza edo iraultza nazionala) eta lurralde-ardatzean edo ardatz funtzionalean duten kokapenaren arabera, eragindako lau hausturak erakusten dituen eskema bat garatu zuten:

  • Eliza/Estatua cleavage delakoak kleroaren aldeko alderdiak eta kleroaren aurkakoak jartzen ditu aurrez aurre, izan ere, lehenengoak elizaren eragin politiko eta soziala sendotzearen alde agertzen diren bitartean, bigarrengoek elizaren eta Estatuaren arteko bereizketa proposatzen dute, gizarte-bizitzaren sekularizazioa eskatzeaz gain. Bereizketa horren ondorioz bi alderdi-familia sortzen dira: (a) kleroaren aldeko eremuan kristau-demokrazia kokatzen da, iraganeko erlijio-borroken oinordeko dena eta, (b) kleroaren aurkako eremuan laiko edo sekular gisa defini daitezkeen alderdi-familia kokatzen da.
  • Zentro/periferia cleavage delakoak (aurrekoak bezala, jatorri kulturala duena), alde batetik alderdi-familia zentralistak eta, beste alde batetik, erregionalistak, autonomistak, federalistak edo independentistak jartzen ditu aurrez aurre (Seiler, 1990). Edozelan ere, lehia horretatik, Estatuaren deszentralizazioaren alde agertzen diren taldeak eta administrazio-sisteman edozein aldaketa egitearen aurka agertzen diren alderdiak bereiz ditzakegu.
  • Lehen sektore/bigarren eta hirugarren sektore cleavage delakoak, alde batetik, hirigintza-, merkataritza- eta industria-interesak eta, beste alde batetik, nekazarien interesak jartzen ditu elkarren aurka. Azken horrek familia bakarra sorrarazten du, landa-munduko interesen defentsan oinarritzen dena: nekazarien alderdiak.
  • Azkena jabedun/langile cleavage delakoa da, produkzio-bideen eta langileen interesak ezberdintzen dituena. Modu horretan, Europan diren bi alderdi-familia garrantzitsuenak sortzen dira. "Jabedunen" aldean industria-, finantza- edo merkataritza-zirkuluetako borondate politikoa baldintzatzen duten alderdiak lekutzen dira (bertan, ortodoxia liberalaren defentsa funtsezkoa da); aitzitik, "langileen" alderdi-familiek lan-munduko borondate politikoa baldintzatzen dute eta, bereziki, sindikatuen mugimenduari dagokiona (Seiler, 1980, 1990).

Azpiko taulan aipatu lau hausturen arabera egindako alderdi-familien banaketa agertzen da:

Hausturaren ildoak alderdi-familiatan
Iturria: Seiler (1980)
IraultzaNazionalaLurralde-ardatzaZentroa/periferia
Ardatz funtzionalaEliza/Estatua
IndustrialaLurralde-ardatzaLanda/Hiria
Ardatz funtzionala Jabedunak/langileak

Interpretazio-eskema horretan aurrez aipatutako dimentsio ideologiko eta identitatezkoa bi aldaeren arabera aztertzea ahalbidetzen du Frantziako euskal sistema politikoan.

  • Hala, Frantzian euskal ekintza-sistema kolektiboan barneratzen diren alderdi handien identitatea partekatu egiten da zentro-periferiaren gatazkari dagokionez duen posizioaren eraginez (zentzu hertsienean ulertuta). Hala ere, alde oso nabarmenak antzematen dira Estatuaren deszentralizazioari dagokion ikuspegi irekitik (gutxi gorabehera) begiratzen badugu.
  • Aitzitik, ideologiari so bi familia bereizten dira, kapital/lana cleavage delakotik abiatuz adierazten direnak.
  • Era berean, Frantziako euskal sistema politikoan alderdi nazionalistek gero eta garrantzia gehiago dutela ikus daiteke, izan ere, Europako azken hauteskundeetan gehiengo historikoak ukan dituzte.

Espainiako euskal sistema politikoari dagokionez, kapitala/lana eta zentroa/periferia hausturetatik eratorritako lau familietako alderdi ugarik duten posizioaren arabera, bereizketa argi bat hautematen da. Horiei azken haustura bat gaineratu behar zaie, alderdi horiek indarkeriaren erabilerari buruz duten iritziarekin lotuta. Haustura hori berriki sortu da Batasuna eta Aralarren arteko zatiketaren ondorioz.

Azkenik, Nafarroan, zentro/periferia ardatzak profil berezia hartzen du, Linzi (1986) jarraiki, UPN alderdiko nafartasuna periferiako periferiaren erreakzio modura ulertzen den heinean. Jarrera horrek euskal sistema politikoa hartako nortasun ikur berezkoak indartuz erreakzionatzea eskatzen duen zentro modura identifikatzen du.