Kontzeptua

Eguzki Amandrea

Erreferentzia ezagunen eta komentatuenak Barandiaranek jasotako hainbat albiste dira, bertan argi eta garbi adierazten delarik , eguzkia sartaldean sartzen denean, Lurraren baitan sartzen ari dela sinesten dutela albiste emaileek. Albiste horietatik ondorioztatzen da halaber amona dela Eguzkia, eta Lurra duela ama:

"Baskoniako zenbait eskualdetan, eguzkia ezkutatzerakoan, honela hasten den agurra zuzentzen diote: "Eguzki amandrea badoa bere amangana..." honela adieraziz Eguzkia Lurraren baitara erretiratzen dela (Elosua, Plentzia, Arratia). Eguzkia , Lurraren alabatzat jotzen da.Nafarroako mendialdeko hainbat lekutan ere, "amona" esanez agurtzen dute. Beste leku batzuetan (Gernikako eskualdean)izaki sakratutzat jotzen dute, santu eta bedeinkatu izenlagunak erantsiz: "Eguzki santu bedeinkatue, zoaz zure amagana", esaten diote, mendebaldean ezkutatzera doanean. Mañarian eguzkia sartzerakoan, "agur" esaten diote. Hori egin ezean negarrez erretiratzen omen da amarengana, han Amabirjina edo Andra Mari delarik, delako ama hori. Andra Mari da halaber, nafar mendialdeko eta Goiherriko hainbat lekutan Lurraren jainkozkoa den Mari-ren izena" (Barandiaran, 1972).

Otoitz kutsuko agurtze horiek iradokiko lukete eguzkiak gauez eguneko ortzi-gangako alderantzizko bidea egiten duela lurpean zehar, sartaldetik sortalderakoa alegia, esate baterako Egiptoko mitologian egiten duen bezala. Zehaztapen hau ez dago honela esplizituki jasoa euskal dokumentu etnografikoetan, baina bai edozein zalantza uxatzeko moduko argitasunez Ataungo ipuin batean. Kasu bitxia da, "ipuin harrigarri" motako kontakizun bati, albiste etnografiko bat erantsi zaiolako hibrido arraroa sorraraziz: Narrazio nagusiak ez du denbora edo kokapen zehatzik, ipuin harigarriei dagokien modura, baina bertan txertatzen da ezin zehazkiago kokaturiko albiste etnografikoa. Ipuinak hiru anaien gorabeherak kontatzen digu, bakoitza zera harrigarri baten jabe delarik (katua, oilarra, igitaia). Hemen axola zaigun detailea oilarra duen anaiaren inguruan ageri da:

"Oilarduna (bigarren anaia) Altzaniara iritsi omen zen gauez, eta Atabotik aurrera zihoala, Ezkuden aldean,gizon sail bat bilatu omen zuen makilaz mailo bat jotzen.-"Zer egiten duzue hor?"- galdetu omen zien. -"Eguna zabaldu, mundua beroturik eguzkia itzuli dakigun"- erantzun omen zioten.-"Zoazte lotara, nik daramadan ehiza honek eguna zabalduko dik eta. Honek kukurruku egiten duenean jaiki denok eta ikusiko duzue nola eguna argi dagoen."

Haren esana egin omen zuten eta hala gertatu: Oilarrak kukurruku jo zuenean eguna zabaldurik omen zegoen.

Huraxe zela ihizi ikusgarria eta, ea salduko zien imia bat bete urreren alde. Baietz, bada, eta oilarduna ere sekulako aberastu omen zen" (Estornés Lasa, 1981).

Eguzkia iratzarri eta egunero bezala mundua argitu eta bero dezan lortzeko mailoa makilka jotzen duten gizaki horien irudi harrigarriak ez du zalantzarako zirrikiturik uzten atzean dagoen sineste kosmologikoari buruz: Eguzkiak lurpetik egiten du gauez eguneko bidaiaren alderantzizkoa. Beraz eguzkia zera zen aspaldiko euskaldunentzat, amon bat, egunez ortzi-gangan sortaldetik sartalderako bidaia egiten duena, gero zuloren batean barrena bere ama den Lurraren baitan sartzen dena eta Lurpeko bideetan barrena gauero alderantzizko bidea egiten duena, sartaldetik sortaldera, beste zuloren baten bidez berriro irten eta ortzi-gangara igoz, hurrengo eguna zabaldu aurretik.

Halere, Barandiaran berak jasotako beste albiste batek aurrekoa ez bezalako kosmologia baten aztarnak gordetzen dituela ematen du. Eta horren lagungarri gertatzen da halaber eguzkia adierazten duten terminoen azterketa etimologikoa. Barandiaranek argitaratutakoaren arabera:

"Euskal Herriko hainbat eskualdetan "eguzki" egun-argiari esaten zaio, eta "eguzki-begi" eta "Jainkoaren begi" eguzki-diskoari (Ataun, Berastegi)" (Barandiaran, 1972).

Egun-argia eta eguzki-diskoaren arteko bereizketa honek zera adierazten duela ematen du, hots, eguzkia, ortzi gangan atzean dagoen su handi baten ikuspegi mugatua litzatekeela, zulo txiki batetik ikus daitekeena, alegia. Barandiaranek jakinarazten digun eguzki eta eguzkibegi terminoen arteko bereizketa honek, berehala eta ezinbestean dakar gogora erredundantziazko bereizketa pleonastikoa ez ote den izango, eguzki hitzan bertan aurrez badagoena, egu+uzki bezala aztertzen badugu. Kontuan hartuta , albiste horiek gorabehera, eguzki dela, bere aldaera dialektalekin, berbarik ohikoena eguzki-diskoa izendatzeko, egu-k egun-argia eta sua adiera bikoitza duela, eta uzkia-k, hesteen amaiera ez-ezik, "orratz- begia" adiera ere baduela, ez du ausartegi ematen iradokitzea, eguzki/eguzkibegi dikotomia, egu/eguzki bikotean jadanik ageri dela. Beraz, eguzki/eguzkibegi bereizketa ez litzateke Ataun eta Berastegiko lokalismo bat, Euskal Herrian garai batean zabal hedaturiko ezaugarri bat baizik.

Bestalde, Barandiaranek eguzkibegi-ren sinonimotzat jotzen duen Jainkoaren begi horrek agian kristau interpretazio bat baino gehiago izan liteke. Izan ere, Jainkoa tartean ikusteak gogora ekartzen baitu, i-z hasitako eta lehen kontsonantea zalantzazkoa duten eguzki hitzaren hainbeste aldaera dialektalen presentzia. Hor baitaude iruzki, iduzki, ihuzki, iuzki, bai eta iluzki ere, baina ez ordea eruzki, ehuzki edo eluzki. Honen argigarri gerta daiteke jatorri bikoitza dagoela irudikatzea: batetik gorago iradoki dugun egu+uzki, eta bestetik *in+uzki, aipatu ditugun aldaera ugarien sorburuan legokeena.

*In erroa, ortzi-gangaren izen zaharra litzateke, horren aztarna ugariek gaurko euskaran oraindik erakusten duten modura. Inhazi, inhar edo inusturi bezalako tximistaren izenak, edo jainkoaren izena bera, X-XI. mendean dokumentaturiko jauninco batetik datorrena, egungo jaun zeruko terminoaren sinonimoa litzatekeena. (Ikus Jainko). Hipotesi honi jarraiki, eguzki-diskoaren izena bi sorburutatik eratorria litzateke: *egu+uzki, "suaren zuloa" adierarekin, eta *in+uzki, "ortzi-gangaren zuloa" adierarekin, ideologikoki elkarren oso hurbilekoak. Jainkoaren begi beraz, kristautasunaren aurreko ere izan liteke jainkoaren izena eta ortzi-gangaren arteko identifikazioa kontuan hartuta, eta "ortzi-gangaren zuloa" adiera berekoa izan liteke.

Piztietan eta gorputz ataletan oinarrituriko mitologiek Neolito aitzineko usain ukaezina dute, eta uzki horren presentziak mota horretako ortziaren irudikapen bat egitera eraman gintzake. Halere, batetik uste horiek eustera eraman ditzaketen igergarriak ez dira inon ageri, eta bestetik, ortzi-gangako zuloen motiboa hainbat nekazari kulturetan ezagun da. Ipar Amerikako Hopi herriaren mitologian ageri da, esate baterako, ihi erraldoi bat etengabe hazi eta ortzi ganga zulatzen duenean, gizakiei uholdetik bizirik ihes egitea ahalbidetuz, ihian gora igotzen baitira eta ortzi gangaren atzeko munduan babestu. Gaian eta geografian hurbilago, Bibliako kosmologian ere ageri da, bertan eguzkiaren gaueko alderantzizko bidea ez baita lurpean gertatzen ortzi-gangaren atzetik baizik. Izan ere, Egipto zaharrean ez bezala, eguzkia sartaldean ezkutatzen deneko eta goizean irteten deneko zuloak ez daude Lurrean, Lurpeko munduko bideei lotuta, ortzi-gangan baizik. Horietako batean ezkutatzen da eguzkia eta ortziaren atzetik egiten du gauez alderantzizko bidea, hurrengo goizean sortaldean beste zulo batetik atera eta eguna zabalduko duen arte.

Dena den, eguzki/eguzkibegi bereizketaren azpian dagoen kosmologiak ez du besterik gabe ortzi-gangan hainbat zulo egotea eskatzen. Ortzi-ganga bera lurraren inguruan biraka higitzea eskatzen du, zulo horiek sortaldetik sartaldera mugitzen ikusi ditzagun, atzean dagoen su handiaren une diferenteak erakutsiz une bakoitzean. Bada, horixe da hain zuzen ere, Kristo aurreko VI. mendeko Miletoko Anaximandro greziar filosofoaren kosmologiak erakusten duena: Hainbat esfera erdikide, bata bestearen barrenean airean zintzilik, guztien erdigunean Lurra dagoelarik. Lurraren inguruan biraka dabilen hurrengo esfera gure ortzi-ganga da, eta hainbat zulo ditu, atzean dagoen suzko zirkuluaren unetxo bat ikusten uzten dutena.

Beraz, euskal mitologian bi teoria kosmologiko ezberdinen aztarnak gorde dira. Ezberdinak eta kontrajarriak gainera. Euskal mitologiari buruz dakigunagatik, bere erdigunea neolitoko nekazari kulturatik dator eta bere kosmologia ekialdeko jatorri horri lotzen zaiola ematen du, ekarpen paleoeuropar berezirik gabe. Nola argitu bada azaldutakoak bezalako bi teoria kontrajarrien presentzia hori? Egunero amaren baitara sartzen den Eguzki amandreak adierazten du badela izar bat, eguzki-disko bat, baina eguzki/eguzkibegi dikotomiak gezurtatu egiten ditu eguzki-diskoa eta bere lurpeko bidaia, eta esfera erdikidez, suzko zirkulu izugarri batez eta ortzi ganga zulatuaz osatutako kosmos bat iradokitzen digu. Eta dikotomia hau lokalismo bat ez, baizik eta Euskal Herrian zehar zabal hedaturiko sinestea dela onartzen badugu, proposatutako azterketa etimologikoan oinarrituta, orduan onartu beharko da halaber bi kosmologia kontrajarriok hedadura zabala izan zutela noizbait, biek ala biek euskaldunen artean.

Hipotesien errepasoa eginez, Anaximandroren kosmologiaren jatorri indoeuroparraren hipotesia bertan behera utzi daiteke lehenengo. Modu orokorrean, greziarrena hizkuntza eta zibilizazio indoeuroparrak diren arren, indoeuroparretik gutxien duten indoeuroparretakoak dira, eta euren mitologia, esate baterako, indoeuroparren mitologia bateratua aztertzeko garaian laguntzarik txikiena ematen duena da, adituek ondo dakiten bezala. Seguru asko inguruan topatu zituzten herrietan zibilizazio aurreratu samarrak zeudelako, greziarrek hauen aspektu anitz berenganatu zituzten eta euren lehengusu eta jatorri indoeuroparretatik dezente aldendu ziren. Indoeuropar mitologian, Eguzkia ume bat da, egunero bere ama Egunsentiak goxoki ortzian ipintzen duena. Hau da indoeuroparren eguzkiaren mito jatorra, Dumézil-ek maisuki aztertu zuenez hainbat herri diferenteetako bertsioak bilduta. Zer ikusirik ez beraz, euskaldunen artean ageri diren bi kosmologiekin.

Neolitoko nekazari zibilizazioarekin, eguraldia kontrolatu eta landareen zikloak aztertzeko premia sortzen da. Hor hasten dira ortziaren behaketa eta egutegiaren kontzeptua. Eta teoriak hasieran era mitologikoan formulatzen badira ere, zibilizazio honen ezaugarri diren behatze-zaletasuna eta gogo enpirikoa hortxe daude beti. Izan ere uste da lehen filosofo greziarren teoriak kosmosaren lau ezaugarriei buruz (lurra, ura, sua, airea), mito zaharretan oinarrituriko espekulazioak direla. Anaximandroren kosmologia ere, multzo horretan sar liteke. Nekazaritza neolitikoaren aroa, aro luze eta naroa da, behatze eta gogoeta aldi luzeak eman zituena, eta eskala horretan begiratuta ez litzateke harrigarri iritzi behar teoria kosmologiko bat baino gehiago aurkitzeari. Aurkakoa litzateke harrigarri. Euskal Herrian aurkitzen dugun kontraesan berbera, Egipto Zaharra eta Bibliako Israel bezain leku hurbilen artean aurkitzeak, bidea ematen du uste izateko bi kosmologiok indoeuroparren etorrera aurretik ere zabalduta egon zitezkeela euskaldunen artean. Azken iruzkin modura, espekula daiteke amaren baitara sartzen den eguzki amandrearen kosmologia egokiago litzatekeela agian hildakoen ehorzketan eta kultuan oinarritutako erlijio baten testuinguruan, egiptoarren hobespenak erakutsiko lukeenez.

Eguzkiaren gainerako euskal izenei dagokienez azkenik, eguzki amandrea gogorarazten duen Santa Clara kristauaz aparte, eki substantibo jatorra azpimarra dezakegu,- Xiberuko euskeran erabiltzen den bakarra-, garai batean Euskal Herri osoan zabaldutakotzat jo daitekeena toponimiako ekiza eta eizagirre bezalako eguzkitza adierazten duten terminoei erreparatu ezkero. Eki litzateke izen jatorra beraz, eta Anaximandroren kosmologiara bidaltzen gaituzten egu+uzki eta*in+uzki metaforetatik eratorritakoak berriz, gainerako guztiak.