Kontzeptua

Done Jakue Bidea

Santiago apostolua Galiziara iristea, eskualdea ebanjelizatzea, Jerusalemera itzultzea -bertan burua moztu ziotelarik- eta gaur egungo Konposteraraino "marmolezko kutxan" ekarri zutela jasotzen duen kondairak, musulmanek berriki inbaditutako eta hartutako lurralde penintsularraren Errekonkistako urte ilunetan hondoratzen ditu sustraiak. 785. urteko Dei Verbum ereserkiak Zebedeoren semea mehatxatutako kristandadearen defendatzailea zela zioen. Ehunka urtetan zehar, bestalde, kristau historiografiak Clavijoko batailaren mitoa apaindu zuen, honen arabera garaipena Santiago apostolua zaldi txuri baten gainean agertu zelako lortu zen. Santiago Matamoros "fedegabekoen" kontrako Gurutzada berriaren ikur bihurtu zen. Gauzak horrela, 813. urte inguruan, Pelayo izeneko ermitau batek Iria Flaviako gotzainarekin batera, Santiagoren eta haren bederatzi dizipulu galiziarren gorpuzkiak omen zituzten hilobi batzuk aurkitu zituzten, eta berehala kristandadeari (Asturiaseko Alfontso II.a, Karlomagno eta Aita Santua) aurkikuntzaren berri eman zioten. Gutxira bidaiariak heltzen hasi ziren, ditugun dokumentuen arabera lehena Gotescalco, Puyko gotzaina, izanik, 950. urte inguruan zaldun akitaniarrek osatutako segizioarekin joan zena. IX. eta X. mendeko erromes hauek galtzada erromatarraren edo artzain-bideen zehar ibiltzen ziren, herrialdean Baiona-Oiartzunetik, Gasteiz-Mirandatik, Behe Nafarroatik Orreagatik edo Somport-Irunberritik, Burunda zeharkatuz, eta Bizkaian Burgoseko iparraldetik sartuz.

AAA