Kontzeptua

Desamortizazioa

Euskal Herriko udalak XVIII. mendearen azken hamarkadatik hasi ziren beren ondarea salgai jartzen sistematikoki eta XIX. mendearen lehenengo hamarkadetan jarraitu zuen prozesu horrek. Bi ondasun mota desamortizatu ziren. Batetik, udal-ogasunarentzat diru-sarrerak ekartzen zituztenak, "propioak" izenekoak, eta, bestetik, herri-lurrak. Salmenta ugari hauen zergatia udal-ogasunaren egoera larria izan zen. Udal-ogasunen porrotaren eragile nagusia Frantziaren kontrako gerrak izan ziren, hau da, Konbentzioko gerra (1793-1795) eta batez ere Napoleonen kontrakoa (1808-1814). Biok oso ondorio larriak izan zituzten Euskal Herrian bere kokapen geografikoarengatik, Frantziako mugatik gertu. Frantziako armadak hainbat euskal lurralde okupatu zituen eta beren gastuak ordainarazi zizkien udalerriei. Beraz, gerrek udal-ogasunaren porrota ekarri zuten eta honek udal-ondasunen desamortizazioa eragin zuen.

Ez da erraza lehen desamortizazio horretan saldutakoaren zenbatekoa zehaztea, prozesu sakabanatua izan baitzen eta sarri askotan herrian herriko erabakiak hartu ziren. Gipuzkoako kasua ondoen ezagutzen dugu. Probintzia osoko lurrazalaren %10 inorenganatu zen 1808 eta 1814 bitartean. Bizkaiari dagokionez, Napoleonen gerraren garaian udal-lurren salmenta ohikoa izan zen eta gerra amaitutakoan, 1814eko irailaren 6an, Batzar Nagusiek ordura arte egindako salmentak berretsi zituzten, eta etorkizunean egingo zirenak ere onartu zituzten. 1817 eta 1818ko Nafarroako Gorteek ere Independentziako Gerraren ondorioz egindako salmenten legezkotasuna berretsi zuten. 1808ko otsailean Arabako Batzar Nagusiek gerraren gastuak finantzatze aldera udal-lurrak besterenganatzea baimendu zuten. Geroago Thouvenot jeneral frantziarraren dekretuek, 1811 eta 1813an, desamortizazio zibila ezarri zuten. Hemen ere Independentziako Gerraren ostean Arabako foru-erakundeek udal-ondasunen salmentak legeztatu zituzten. Beraz, XVIII. mende bukaeran hasi eta XIX. mendearen lehen hamarkadetan luzatu zen desamortizazio zibil goiztiar honen garrantzia eta zenbatekoa oso handia izan zen, udal lurrik onenak eta gehienak orduan besterendu baitziren. Prozesu honek ondorio larriak izan zituen laborarientzat zein udalentzat. Herri-lur eta basoak salduta, baserritar askok etxeko ekonomiak behar zituen hainbat baliabide (egur, belar, abereentzako bazka eta abar) galdu zituzten. Udal-ogasunari dagokionez, propioen ondasunen salmentak kalteak ekarri zituen, diru-sarrerak zein maileguak lortzeko hipoteka-bermeak murriztu baitziren.

Elizaren ondasunen lehen neurri desamortizatzaileak garai honetan ere onetsi ziren. 1798an Estatuaren finantza-larrialdiei aurre egite aldera Godoy-ren desamortizazioa onetsi zen. Orduan salgai jarritako ondasunak honako hauek izan ziren: 1767an kanporatutako Jesusen Lagundiaren jabegoak, ospitale eta ongitzako ekintzen (obras pías) lurrak. Bizkaian saldutakoaren balioa txikia izan zen, 8 milioi erreal ingurukoa (Espainia osoan 1.500 milioi erreal balio izan zuen saldu zenak). Nafarroan, berriz, Olite, Tutera, Lizarra edo Iruñean ospitale, kofradia eta ongintzako ekintzen lur ugari saldu ziren. Independentziako Gudaren garaian Jose I.aren administrazioak zein Cadiz-eko Gorteek neurri desamortitzaileak onetsi bazituzten ere, bere aplikazioa eskasa eta behin behinekoa izan zen. Hirurteko Liberalean (1820-1823) hainbat komentu eta monasterio (Fitero, Urdazubi, Leire, Iratxe, Olibakoa, Martzilla) deuseztatu baziren ere, 1823ko berrezarkuntza absolutistak berriz jarri zituen. Desamortizazioa, Espainiako iraultza liberala bezala, behin eta berriro eten egindako prozesua izan zen. Erregimen liberala finkatu arte ez zen Eliza-desamortizazioa modu iraunkor eta orokorrean burutu.