Kontzeptua

Desamortizazioa

XIX. mendeko 30eko hamarralditik aurrera aldatu ziren desamortizazioaren ezaugarriak Euskal Herrian. Ordura arte udalak eta beren lurren salmenta izan ziren prozesuaren elementurik garrantzitsuenak. 1836. urteaz geroztik, berriz, gobernu liberalek onetsiriko legeak eta Elizaren ondasunen besterentzea izan ziren protagonista nagusiak. 1836ko otsailean Juan Alvarez Mendizabal Ogasun Ministroak bultzaturiko errege-dekretuak behin betiko bultzada eman zion Eliza-desamortizazioari. Horren arabera, klero erregeladunaren ondasunak salgai jarri behar ziren. 1841ean beste lege batek elizjende sekularraren lurren salmenta ere agindu zuen.

Kronologiari dagokionez, guda karlistak atzeratu zuen prozesua Euskal Herriko lurralde batzuetan behintzat. Batez ere 1840 eta 1843 bitartean burutu zen Mendizabalen desamortizazioa, hots, liberal aurrerakoiak agintean zeudela, Esparteroren erregeordetzaren garaian. 1844ean moderatuek boterea berreskuratu zutenean berriro ere gelditu zuten prozesua.

Desamortizazio honen garrantzi ekonomikoa Elizaren aberastasunaren araberakoa izan zen. Nafarroan, esaterako, lur ugari desamortizatu ziren. 1836tik 1850era 5.600 hektarea baino gehiago saldu ziren enkantean, Iruñako barrutian eta hegoaldean batik bat. Araban ere garrantzitsua izan zen Eliza-desamortizazioa garai horretan. 1843. urterako 111 herritan salduak ziren elizaren hainbat jabego. Gipuzkoan, berriz, Mendizabalen desamortizazioa eskasa izan zen: saldutakoaren balioa 1,5 milioi erreal ingurukoa izan zen, hau da, Espainiako probintzien artean herrialde honetan gutxien saldu zen. Erosleei dagokienez, Nafarroako kasua ondo ezagutzen dugu, Javier Donézar-en ikerketei esker. Bere datuen arabera erosle gehienak goi-mailako funtzionarioak, Armadako goi-karguak, ogibide liberalekoak, nobleak edo Iruñako burgesak izan ziren.