Kontzeptua

Demokrazia

Azken urteotan Euskal Herrian partaidetzazko demokrazia bultzatzeko esperientzia ugari abiarazi dira, zalantzarik gabe. Udalerrietan herritarren partaidetza bultzatzeko prozesu anitz garatu dira. Prozesu horiei esker, Udal-agintariek hartutako azken erabakietan herritarren iritzi eta erabakiak barneratu dira nolabait, nahiz eta barneratzeko moduak oso ezberdinak izan batean zein bestean eta, horrenbestez, eraginak ere oso ezberdinak izan. Ikus dezagun esperientzi horien deskribapen labur bat.

A) Esperientzia kopurua

1999-2005 bitartean Euskal Autonomia Erkidegoan eta Nafarroan egindako ikerketa batean ageri denez, 64 udalerritan 243 mekanismo edo esperientzia aktibo hautematen dira. Kopuru oso altua da hori (udalerri bakoitzeko ia lau batez beste), Euskal Herria herritarren partaidetzari dagokionez Kataluniarekin eta Estatuko beste zonalde batzuekin alderatuta oso atzeratua zegoelako ustea ezerezean uzten duena. Aipagarria da zenbaketa horretan kanpoan utzi ditugula tokiko instituzioen eta herritarren arteko aldebiko komunikazioa inplikatzen ez duten ekimenak (zundaketak edo iritzi-inkestak, jardunaldiak, asanbladak eta informaziorako bilkurak, etab.), derrigorrez betetzeko prozedurak (hiri-antolamenduari eta lurralde-erabileraren definizioari dagokionez herritarrek egindako informazio-eske eta alegazioak, herritarren txanda osoko bilkuretan eta udal batzordetan, etab.), interes sektorialetako elkarrizketarako esparruak, esate baterako, merkataritzako mahai edo kontseiluak, edo arreta pertsonaleko moduak (kexak eta iradokizunak, alkatetza-hitzorduak, herritarren babesa, etab.).

Beraz, herritarren partaidetza Euskal Herrian ongi barneratutako errealitatea dela esan dezakegu. Are gehiago: identifikatutako mekanismo eta esperientzien erdia baino gehiago (%54) azken legealdian abiarazi dira (2003-2007 bitartean); aurreko legealdian, ordea, (1999-2003) laurdena abiarazi zen (%27) eta aurrekoetan batez beste %4.

B) Partaidetza motak

Jarraian Euskal Herrian identifika daitezkeen herritarren partaidetzarako estilo eta ereduak ikusiko ditugu, bakoitzaren garrantzia erlatiboa ere adieraziz. Atxikitako irudietan ikus daitekeenez, batzorde eta kontseilu sektorialak oso hedatuak dira: 2.000-10.000 biztanle arteko udalerrien %74k gutxienez batzorde sektorial ireki edo parte-hartzaile bat dute, eta 50.000 biztanletik gorako udalerrien %83k gutxienez kontseilu sektorial bat dute. Halaber, oso ohikoak dira Tokiko Agenda 21 diagnosirako tailerrak (udalerri handietan foroekin ordezkatzen direnak), izan ere, udalerriz gaineko instantziek horiek ahalbidetzeko sustapena eta finantzazioa bermatzen dute.

Bigarren lerro gisa, %15-20 bitarteko portzentajeekin, partaidetzazko tailerrak, lurralde-kontseiluak, herri-kontsultak, herri-asanbladak eta udalbatza irekiak ageri dira; argi dago udalbatza eta asanbladak udalerri txikietan ageri direla sarrien, eta tailerrak, kontseiluak eta kontsultak udalerri handitan ohikoagoak direla. Hirugarren tokian demokraziako webguneak eta partaidetzazko plan eta aurrekontuak ageri dira. Azkenik, garapen komunitarioko esperientziak eta hiri-kontseiluak oso urriak dira.

Herritarren partaidetzarako mekanismo hauek baitaratzen dituzten udalerriak.

Partaidetzarako mekanismoak

C) Protagonistak

Herritarren partaidetzarako esparru horiek nork osatzen dituzten ere kontuan hartzeko alderdia da. Orokorrean, mekanismo eta esperientzia horien %82an ordezkari politikoak ageri dira, %77an teknikariak, %84an elkarte edo antolatutako herritarren ordezkaritza eta %71n pertsonalki identifikatzen diren pertsona edo herritarrak. Ondorioz, hasiera batean, balizko eragile mota guztiak behar bezala ordezkaturik daude. Dena den, udalerriaren tamaina handiagoa den heinean pertsonalki ageri diren herritarren portzentajeak behera egiten du (espazio gutxiago betetzen du), eta normalean toki hori antolatutako herritarrek hartzen dute, baina baita ordezkaritza politikoak ere. Hau da, inplikatutako politika publikoaren dimentsioak eta ondorioak areagotzen diren heinean, herritarren ordezkaritza eredua lehenesten da, eta talde politikoek ere presentzia (eta kontrol) handiagoa izaten dute. Mugimendu hori ohikoa da kontseilu eta batzorde sektorialetan, Tokiko Agenda 21eko foroetan eta, orokorrean, partaidetzarako mekanismo orokor guztietan. Adibide argiena hiri handietako lurralde-kontseiluetan topatzen dugu; esate baterako, Bilboko distrituko kontseiluetan 13 kontseilari politiko daude (hitza eta botoa dutenak) herritarren ordezkariak, aldiz, lau baino ez dira (hitza bai baina botorik ez) eta ez dago bakarkako herritarrik. Beste muturrean partaidetzarako tailer eta planak eta garapen komunitarioko planak daude, izan ere, horietan bakarkako herritarren partaidetza handia izaten da eta antolatutako herritarrek ere protagonismo handia izaten dute, ordezkaritza politikoaren kaltean.

Biztanle kopuru handiaren, nahasitako politika publikoaren garrantziaren edo partaidetzaren emaitzaren araberako konpromiso politikoaren irtenbide gisa ordezkaritza lehenesteko aukera horrek bi arazo handi ditu. Alde batetik, herritarrez osatutako erakundeek ordezkaritzari dagokionez azaltzen duten ahultasuna: ordezkariak berritzen ez dituzten bizilagun-elkarteak eta beren jarrerak kontrastatzen ez dituztenak, oinarri nominalak soilik izanik. Eta ez bakarrik herritarren erakundeetan, arlo politikoan ere ordezkaritza urria hauteman dugu; oso maila apala eta konpromisorako gaitasun are urriagoa duten politikariak ordezkari gisa bidaltzea da partaidetza-esparrua murrizteko modu bat.

D) Partaidetzaren funtzioa politika publikoen prozesuan

Partaidetzaren emaitzak abiapuntutzat hartutako instituzioek erakutsitako konpromiso-maila erakusten duten datuetan kontsulta ez lotesleak protagonismo handia du ia loteslea den kontsultarekin edo elkarrekin erabakitzeko kontsultarekin alderatuta; botere publikoek, ahal duten neurrian, konpromisoa hartzen dutenean edota herritarren partaidetza-esparruan adostutako akordioak edota erabakiak ezartzeko benetako ahalegina egiten dutenean ia loteslea den kontsulta dela esaten dugu. Azkenik, partekatutako kudeaketaren (partnership) edo kudeaketa autonomoaren errealitatea oraindik oso urria da Euskal Herrian. Hori herritarren partaidetzarako mekanismo berritzaileenak edota komunitarioenak oso gutxi garatu direlako gertatzen da; dena den, ez da ahaztu behar, kopuruari dagokionez behinik behin, gaur egun aldizkako partaidetzarako edo partaidetza oso mugatuko mekanismoak nagusitzen direla partaidetza egonkor eta iraunkorraren aldean.

Ikuspegi kuantitatibo batetik so, garapena ikusgarritzat jo behar da. Hala ere, prozesuen kalitatean eta bat-etortzeari dagozkion baldintzetan gabezia batzuk nabari dira, eta horiek ere aipatu egin behar dira.

Ildo horretatik, agerian dago instituzioek partaidetza-esparru horretan eztabaidatutako eta adostutako guztia baitaratzeko hartu duten konpromisoa oso ahula dela oraindik. Kontsultakotzat jotako prozesuen sektore zabalean, organo aholku-emailean erabakitakoa kontuan hartuko delakoari buruzko diskurtso instituzional guztiak erretorika hutsa ez diren arren, konpromiso horien eraginkortasuna oraindik oso ahula da.

Halaber, azpimarragarria da, hala gizarte-eragileen ordezkaritzan, nola deliberazioen kalitatean hainbat gabezia hautematen direla. Egon behar dutenak ez daude beti edo ez daude ordezkatuta, eta guztientzat ez dira beti baldintza eta jarrera berdinak izaten gobernarien partaidetzari dagokionez.

Espazio egonkorretan garatzen diren partaidetzazko praktikek ez dute beti kalitate demokratikoa sorrarazten. Gehiegitan gertatzen da tokiko foro horiek gobernarien legitimitatea areagotzera baino ez direla bideratzen. Hala, deitutako herritarrak, aldez aurretik administrazioak hartutako erabakiak txalotzera mugatzen dira. Halako esperientziak gehiegi hedatzeak etsipena ekarriko luke eta, azken buruan, herritarren mesfidantza areagotu egingo litzateke halako prozesuetan parte hartzeari dagokionez.